(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ingurumen Integrazioa :
      • 128/2008 Foru Agindua, apirilaren 4koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko 2008ko Programa onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

128/2008 Foru Agindua, apirilaren 4koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko 2008ko Programa onesten duena

 

(2008ko 64. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 23an)

Atarikoa

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, 2001eko apirilaren 4an, gomendio bat eman zuten (2001/331/EE) estatu kideetan ingurumen ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruz; gomendio horretan ezartzen da, ikuskapenen plangintzari dagokionez, ingurumen ikuskapenak aldez aurretik planifikatu behar direla, eta horretarako ingurumen ikuskapenen programa bat edo batzuk ezarri behar direla, estatu kide osoa eta bertan dauden instalazio kontrolatu guztiak barne hartzen dituztenak.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak ezartzen duenez, urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumeneko ingurumen ikuskapenak planifikatu beharko dira. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru agindu honen xedeak dira Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2001eko apirilaren 4an emandako gomendioa, estatu kideetan ingurumen ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruzkoa, (2001/331/EE), praktikan jartzea eta 93/2006 Foru Dekretuan industrien jarduerei buruz ezartzen dena betetzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko 2008ko Programa onestea. Haren testua foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea.

4. Foru agindu hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura igortzea.

INDUSTRIEN JARDUERAK INGURUMENAREN ALDETIK IKUSKATZEKO 2008KO PROGRAMA

1.-Eremu geografikoa.

Programa Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko da.

2.-Indarraldia.

Programaren indarraldia 2008. urtea da.

3.-Instalazio kontrolatuak.

3.1.-Ohiko ikuskapenak.

Aurreikusitako ikuskapen programaren barruan egiten dira, eta instalazio eta jarduera kontrolatuek ingurumen neurriak betetzen dituzten aldiro ikuskatzea dute helburu, hala gomendatzen baita, haien iraupena dela eta.

3.1.1.-IPPC jarduerak: Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko 16/2002 Legearen aplikazio esparruan eta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2. eranskinean jasotako instalazioak.

Ikuskapenen xedea aplikatzekoa den legeria betetzen dela egiaztatzea da eta irekitzeko baimenak eman baino lehenagoko ikuskapenekin batera eginen dira.

16/2000 Legeak ukitzen dituen jardueretako ikuskapenak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eginen dituzte beti. Aurreikusitakoari jarraikiz, urtean bi ikuskapen eginen dira 9 instalaziotan eta ikuskapen bakarra 66 instalaziotan. Hortaz, 84 ikuskapen eginen dira guztira.

Sektore hauetako jarduerak ikuskatuko dira:

-Errekuntza instalazioak.

-Metalak ekoitzi eta eraldatzea.

-Mineralen industriak.

-Industria kimikoak.

-Paper eta kartoi industriak.

-Ehungintza.

-Nekazaritzako elikagaien industria.

-Disolbatzaile organikoen kontsumoa.

-Karbono industria.

3.1.2.-Hondakinak kudeatzeko instalazioak.

Hondakinei buruzko 10/1998 Legearen aplikazio esparruan jasotako instalazioak. Instalazio horietan hondakin arriskugarriak zein arriskugabeak kudeatzen dituzte.

Ikuskapenen helburua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emandako kasuan kasuko kudeaketa baimenetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea da.

Ikuskapenak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eginen dituzte beti. Aurreikusitakoaren arabera, urtean bi ikuskapen eginen dira 7 instalaziotan (hondakin arriskugarriak kudeatzeko 6 instalaziotan eta hondakin arriskugabeak kudeatzeko instalazio batean) eta ikuskapen bakarra 52 instalaziotan (hondakin arriskugarriak kudeatzeko 21 instalaziotan eta hondakin arriskugabeak kudeatzeko 31 instalaziotan). Hortaz, 66 ikuskapen eginen dira guztira.

Instalazio mota: hondakin arriskugarrien kudeatzaileak. 33 ikuskapen.

Instalazio mota: hondakin arriskugabeen kudeatzaileak. 33 ikuskapen.

Guztira: 66 instalazio.

Hondakinak kudeatzeko jarduerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek ikuskatuko dituzte.

3.1.3.-Hondakin arriskugarriak sortzen dituzten instalazioak.

Hondakinei buruzko 10/1998 Legearen aplikazio esparruan jasotako instalazioak. Hondakin arriskugarriak sortzen dituzte eta, gehienetan, Jarduera batzuen disolbatzaileak erabiltzeagatik konposatu organiko hegazkor gutxiago aireratzeari buruzko 117/2003 Errege Dekretuaren aplikazio esparruan jasotzen dira.

Instalazio mota: hondakin arriskugarrien sortzaileak. 15.

Guztira: 15.

Jarduera horien ikuskapenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eginen dituzte.

3.1.4.-Hondakin urak isurtzea.

Instalazio mota: hondakin uren isurleak. 146.

Guztira: 146.

Saneamenduko kolektore publikoetara eta emari publikoetara hondakin urak isurtzen dituzten 146 enpresa ikuskatuko dira. Kasu batzuetan, hondakin urak sortzen dituen jarduera ikuskatuko da eta, kasu gehienetan, lagin konposatuak hartuko dira.

Nafarroako Industria Ingurumena, S.A. enpresako langileek eginen dituzte ikuskapenak. Ikuskapen entitate bat da, ENACek ur arloan kreditatu duena.

3.1.5.-Aireratzeak.

Instalazio mota: aireratzeak egiten dituztenak. 15.

Guztira: 15.

Aireratzeak egiten dituzten 15 enpresa ikuskatuko dira, aireratzeen gehieneko mugak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ikuskapen horietako batzuk IPPC jardueren bidez eginen dira.

Nafarroako Industria Ingurumena, S.A. enpresako langileek eginen dituzte ikuskapenak.

3.2.-Ohiz kanpoko ikuskapenak.

Ohiz kanpoko ikuskapenak istripuen, aparteko gorabeheren eta salaketen ondorioz egiten dira. Halako 15 ikuskapen egitea aurreikusten da.

Ikuskapen mota: salaketak eta gorabeherak. 15.

Guztira: 15.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa