(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ingurumen Integrazioa :
      • 143/2007 Foru Agindua, irailaren 11koa, Osasun kontseilariak emana, Iruñeko Udalaren esku uzten duena Osasun Departamentuak jarduera sailkatuei buruz egin beharreko txostenak egitea

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

143/2007 Foru Agindua, irailaren 11koa, Osasun kontseilariak emana, Iruñeko Udalaren esku uzten duena Osasun Departamentuak jarduera sailkatuei buruz egin beharreko txostenak egitea

 

(2007ko 122. NAOn argitaratutako testua, urriaren 1ean)

Atarikoa

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 1. ataleko 72. artikuluak ezartzen du jarduera sailkatua zein udalerritan dagoen udalerri horri eskatuko zaiola 4D eranskinean azaltzen diren jardueretarako (Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenik behar ez dutenak) udalaren lizentzia. Foru Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onesten du.

Bere aldetik, aipatutako artikuluaren 3. idatz-zatiak xedatzen du udalek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Publikoaren Institutuaren bidez eskatzen ahalko dutela jardueraren osasun alderdiei buruzko txostenak egitea. Artikulu bereko 4. idatz-zatiak ezartzen duenez, alkateak pertsonen osasunerako edo pertsonen edo ondasunen segurtasunerako eta osotasunerako arriskutsuak diren jarduerak, erregelamendu honen 5. eranskinean azaltzen direnak, jendaurrean paratu eta horien eskaera eta proiektu teknikoa igorriko dizkio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, arloan eskumena duten departamentuen txostenak biltzeko.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 81. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta, halakorik bada, baimena emateko tramiteetan esku hartzen duten beste departamentuek, jarduera sailkatuen arloko txostenak egitea udalen esku uzten ahal dute, baldin eta zerbitzu tekniko egokiak badituzte eta aldez aurretik eskaera espresua egiten badute, eskuordetzeko egintza administratiboan espresuki zehaztutako jardueretarako eta funtzionamendu baldintza eta arauekin.

Horretaz gainera, aipatzen da ezin izanen dela txosten eginkizuna eskuordetu Ingurumen eraginaren adierazpena beharrezkoa edo aukerakoa duten jarduera sailkatuen kasuan.

Iruñeko Udalak, 2007ko apirilaren 19ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatu zion bere esku uzteko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 4D eranskinean jasotzen diren jarduera sailkatu zehatzei buruzko txostena egiteko eskumenak, foru dekretu horren 81. artikuluan ezarritakoarekin bat; izan ere, udalak jarduera zehatzei buruzko txostenak egiteko zerbitzu tekniko egokiak ditu.

Osasun Departamentuko Osasun Publikoko Zerbitzuak, 2007ko maiatzaren 16an, aldeko txostena eman zuen Iruñeko Udalak aipatutako erabakian egindako eskumenak eskuordetzeko eskaerari buruz, bai eta udalak eskuordetzearen xede diren eginkizunak behar bezala betetzeko dituen bitarteko teknikoen gainean ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren (Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onesten duena) 81. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.n) artikuluak eman dizkidan eskurantzak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Iruñeko Udalaren esku uzten da Osasun Departamentuak abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 4D eranskinean aipatutako jarduera sailkatuei buruz, salbuespenak salbuespen, egin beharreko txostena egitea, foru dekretu horren 72. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onesten du. Salbuespenak jarduera hauek edo ondoko ekipamendu edo instalazio hauek dituzten jarduerak dira:

a) Legionelosiari aurrea hartu eta hura kontrolatzeko higiene eta osasun irizpideak ezarri zituen uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren esparruaren barruan dauden instalazioak:

-Hozte-dorreak eta lurrun-kondentsadoreak.

-Ur bero sanitarioko sistemak, ur baino gehiagoko edukierako metagailua eta itzulera zirkuitua dituztenak.

-Ur klimatizatuko sistemak, etengabeko irabiatzea eta abiadura handiko zurrusta bidezko birzirkulazioa edo aire injekzioa dituztenak (spak, jakuzziak, igerilekuak, ontzi edo bainuontzi terapeutikoak, hidromasaje bainuontziak, presiozko zurrusta bidezko tratamenduak, beste batzuk).

b) 4D eranskineko C) ataleko ("Abeltzaintza intentsiboko ustiategi txikiak") jarduera eta instalazio guztiak.

c) 4D eranskineko D) atalean ("Elikadurarako ez diren merkataritza jarduerak") jasotzen diren jardueren artetik, hauek gelditzen dira eskuordetzetik kanpo: txakurrak hazi eta zaintzeko instalazioak, hiru hilabetez gorako 10 txakurrentzako tokia dutenak (D ataleko 4. paragrafoa).

d) 4D eranskineko K) atalean ("Industriak, besteak beste ondoko zerrendetakoak, haien azalera erabilgarriak edo gutxiago baditu edo potentzia 250 KW-koa edo gutxiagokoa bada") aipatzen diren ezaugarriak dituzten jardueren artetik, eskuordetzetik kanpo gelditzen dira haragi industriak eta hiltegiak.

e) L) atalean aipatzen diren ezaugarriak biltzen dituzten jardueren artetik:

-Osasun jarduerak, ospitaleratzea dutenak edo/eta batez ere beren buruaz baliatzen ez diren pertsonek egiten dituztenak.

f) Osasun Departamentuari telekomunikazioetarako antenen eta horien sarbideen gainean kontsultatu eta gero, erregelamenduaren beste eranskin batzuetan jasotzen ez direnak.

Bigarrena

Foru agindu honen aurreko atalean aipatzen diren jarduera sailkatuetan (93/2006 Foru Dekretuaren 4D eranskinean jasotzen direnak), ezinbestean eduki beharko da Osasun Departamentuaren txostena, udalaren jarduera sailkatuko lizentzia eman baino lehen.

Txosten hori Iruñeko Udalak Osasun Departamentuko Osasun Publikoko Zerbitzuari zuzenean eskatuko dio.

Hirugarrena

Iruñeko Udaleko zerbitzu teknikoek eskuordetze horren xede diren jarduerei buruz egindako txostenek inguruabar hori espresuki adieraziko dute eta Osasun Departamentuak egiten dituen txostenen balio eta eraginkortasun berberak izanen dituzte.

Laugarrena

Eskuordetze horrek ez du ekarriko Nafarroako Gobernuak bitarteko pertsonalak, materialak edo ekonomikoak eskualdatzea Iruñeko Udalari.

Bosgarrena

Foru agindu honetan aipatzen den eskuordetzea edozein unetan bota dezake atzera Osasun kontseilariak, utzikeria nabarmena atzematen bada eskuordetu diren eginkizunak gauzatzean edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluan aipatzen den beste edozein kasutan.

Seigarrena

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea eta adieraztea argitaratu eta biharamunetik sortuko dituela ondorioak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa