Castellano | Euskara | Français | English
344/1990 FORU DEKRETUA, abenduaren 20koa, zentrale hidroelektriko txikien proiektuetan jaso beharreko ingurugiroari buruzko xehetasunak zehaztu eta, ingurugiroa babesteko beste neurri batzuekin batera, ukitutako ibai arroetan gorde beharreko ur emari gutxienak zein diren ezartzen dituena
(1991ko 6. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 14an)
Atarikoa
Energia Berriztagarrien Plana, ur korronteen energia potentziala probetxatzen duten zentrale txikiak ezarri eta haunditu daitezen bultzatzen ari da, energia elektrikoa lortzeko.
Zentrale horiek, gauza badira ere kutsadurarik gabeko prozesuen bidez energia berriztagarria lortzeko, kaltea ekar dezakete natur ingurunean, bai ingurugiro aldetik haien kokaera gaizki aukeratzeagatik, bai ingurunearen dinamikarekin bat ez datozen funtzionamendu baldintzak dituztelako, eta horrela, kokatuak daudeneko ibai ekosistemen osotasuna hondatu.
Beharrezko da beraz, zentrale hidroelektriko txiki horiek eta ur korronteen eta hauen bazterretako natur balio nagusien iraupena elkar uztartzeko baldintzak taiutzea, halako moduan non energi iturri horien garapena balio ekologiko handikotzat hartua izan ahal dadin, energia garbikoa eta ingurugiroa begiratzen duen ekoizpen baldintzak izateagatik.
Foru Dekretuak definitzen du zer den zentrale hidroelektriko txiki bat (ezarritako potentzia gehienez ere 5.000 Kw-takoa duena), bai eta hura tramitatzeko jarraitu behar den administrazio prozedura ere (Herrialdeko Hirigintz Arauei buruzko 6/1987 Foru Legera eta Ingurugiroa babesteko Iharduera Sailkatuen Kontrolari buruzko 16/1989 Foru Legera loturiko espedientea), ingurugiroaren gaineko ukipenen aginduzko azterketak behar duen edukina zehaztuz, bai eraikuntza fasean nola ustiapenekoan.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamarreko abenduaren hogeian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua
1. Zentrale hidroelektriko txikitzat hartuko da energia elektrikoa lortzeko ibai arroaren tarte batean egiten diren obra eta instalazioen multzoa, beti ere, ezarritako potentzia gehienez ere 5.000 kw-takoa baldin bada.
2. Eraiki berriak diren zentrale hidroelektriko txikiak, bai eta gaur egun haunditutakoak ere, lurraldea babestu eta probetxatzeko, Herrialdeko Hirigintz Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legera, eta Ingurugiroa babesteko Iharduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 25eko 16/1989 Foru Legera loturik daude. Hori dela eta, aldez aurretik haiendako baimena eskuratu beharko dute Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentutik, aipatu Foru Lege horietan xedatutakoari jarraituz.
2. artikulua
Zentrale hidroelektriko txiki baten proiektuak, nahiz berria izan nahiz lehendik dagoen bat haunditzeko izan, iharduerarako lizentzia eskatzerakoan, ingurugiroan haren obra eta instalakuntzek eragindako kalteen azterketa eramanen du, bai eraikitzen denean bai ustiatzen denean ere, ondoko edukin honekin:
a) Proiektuaren deskribapen orokorra, zehaztapen teknikoak eta denborarekin uraren erabilpenaz eskatzen ahal zaizkion zera guztiak.
b) Proiektuak ekar ditzakeen eragin zuzeneko nahiz zeharkakoen ebaluazioa, eraikuntza eta eraikinak, ubide eta hodiak, ibilgailuendako sarbideak, linea elektrikoak, soberakinen zabortegiak eta instalazio osagarriak barne direla, ondoko alderdi hauen gainean:
-Ingurune fisikoa, obrarekin egindako arroaren aldaketa eta lur pilaketak barne direla.
-Ur eta lurreko landaretza eta fauna.
-Uraren kalitea eta erregimen hidrologikoa.
-Paisaia.
-Ondasun materialak, ondare historiko-artistikoa barne dela.
c) Ingurunean eragin kaltegarri garrantzitsuak gutxitu, ezabatu edo konpentsatzeko aurrikusitako neurriak.
d) Ingurugiroa zaintzeko programa.
3. artikulua
1. Kokaerari dagokionez, zentrale txiki berriak ezin izanen dira era honetako lekuetan kokatu:
a) Erreserba Integral eta Natural edo Lekune Natural deklaraturikoetan.
b) Fauna eta landare espezien txoko bakanak diren haietan, desagertzear daudela edo beren habitateko aldaketen aurrean sentiberak direla katalogatuak direnean.
2. Zentrale txiki berri baten instalazioa debekatu ahalko da, ezarri nahi diren neurri zuzentzaileek ingurugiroaren gaineko eragin kaltegarri garrantzitsuak ezabatzen ez dituztenean, ondoko era honetako zonaldeetan:
a) Baldintza ekologikoengatik interesgarritasun bereziko ibai tarteak dituztenak.
b) Topografia zaileko oihan interesgarriak osatzen dituztenak.
Ur probetxamendurako kontzesioa izapidatu aurretik, (probetxamendu berrien edo lehendik daudenak haunditzeko kasuetan), eta beti ere, iharduerarako lizentzia izapidatu aurretik, eskatu ahal izanen zaio txostena Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuari, kokaleku jakin batean zentrale elektriko txiki bat ezartzeko aukerari buruz. 30 egun iraganik txosten hori jaso gabe, aldekotzat hartuko da, leku hartan kokatu ahal izateko.
4. artikulua
Ukitutako ibaian edozein zentrale hidroelektriko txikik, funtzionamenduan dagoela, errespetatu behar duen gutxienezko ur emaria, nahiz berria nahiz lehendik dagoen bat haunditutakoa izan, era honetan zehaztuko da:
a) Izokin esparruetan: Ibaian errespetatu beharreko gutxienezko emaria, daraman urak horren bide ematen duenean, Q330-takoa izanen da. Q80-tik gorako kontzesio emariei ez zaie aldeko txostenik ema- nen.
Q80 = Urte ertain batean 80 egunez gaindituriko emaria.
Q330 = Urte ertain batean 330 egunez gaindituriko emaria.
Derrigorrezkoa izanen da zentralearen funtzionamendua gelditzea 12 ordu segidan, aurreko 15 egunetan, ibaiak, errespetatu beharreko gutxieneko emaria edo gutxiago besterik ez badu eraman.
b) Ziprinido esparruetan: Urtean zeharreko batazbesteko emariaren % 10a urte guztian. Hala ere, modulua 50 m³/seg. baino gehiagokoa denean, balio txikiagoak onartu ahalko dira emari ekologikorako ekainetik urrira arte, bi hilabete horiek barne, inoiz ere ez delarik izanen urtean zeharreko batazbesteko emariaren % 5a baino gutxiagokoa.
Salbuespen bezala, aipatutakoez bestelako emariak finkatu ahalko dira, probetxamendu bakoitzak ukitutako ibai tartearen ezaugarrien arabera.
Izokin eta ziprinidoen esparruak Foru Dekretu honen I. Eranskinean definiturikoak dira.
Gutxieneko emariak kontuan hartuko dira aginduzko txostenak eman behar zaizkienean Konfederazioei kontzesio tramitean eta lotesleak izanen dira Iharduerarako Lizentziari dagokionean.
5. artikulua
Zentrale hidroelektriko txikiek, bai eraiki berriek nola lehendik daudenek, funtzionamenduan ondoko manu hauek bete beharko dituzte:
a) Errespetatu beharreko gutxieneko emaria bermatu beharko da egitura hidrauliko egokiaren bidez, berori hartuneko presan uren deribazio emaritik aparte eraikiz.
b) Ukitutako ibai tartean arrain espezie migratzailerik dagoenean, hau da, izokin edo amuarrainen esparruetan, ura hartzeko presan, espezie migratzaileendako egokiak diren pasabideak egin beharko dira.
c) Izokin esparruetan, ura sartu eta ateratzeko erretenek behar den egitura eraman beharko dute arrainak instalazioetara sar ez daitezen.
d) Mendi aldeetan, deribazioko ubideek arrapala batzuk eraman beharko dituzte, gehienez ere 500 m-tako tarteak utziaz, haietan eroritako animaliak atera ahal daitezen, eta bai eta aipatu ubide horien tunel-tarteetako sarreran ere.
Gainera, alde horietan deribazioko ubideen gaineko pasabideak eraiki beharko dira, metro t'erdiko zabalekoak, 200 m-tako tarteak utziaz.
6. artikulua
Zentrale txikien titularrek erregistro liburu bat eduki beharko dute edo bestela, egunean turbinaz pasatako emarien erregistro grafikoen liburua. Liburu hori beti egonen da Ingurugiro Zerbitzuko ikuskatzaileen eskura.
Lehenbiziko Xedapen Iragankorra
Arauteri honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak zehaztu eginen ditu erreferentziko emariak ibai-tarte guztientzat.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Arauteria honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, gaur egun dauden zentrale hidroelektriko txikiak egokitu egin beharko dira Foru Dekretu honen 5. artikuluko a), b), c) eta d) ataletan ezarritakora. Epe hori, behar bezala frogaturiko salbuespen kasuetan luzatu ahal izanen da.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Ahalmena ematen zaio Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta handik hogeitamar egunen buruan hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Izokin esparruen mugak
Errespetatu beharreko gutxieneko ur emariak zehaztearren, ondoko hauek izanen dira Nafarroako ibaien izokin tarteak:
Mediterraneo isurikoak:
-Ezka ibaia: Burgiraino.
-Aragoa ibaia: Zangozaraino.
-Irati ibaia: Agoitzeraino.
-Erro ibaia: Iratirekin elkartu arte.
-Zaraitzu ibaia: Iratirekin elkartu arte.
-Urrobi ibaia: Iratirekin elkartu arte.
-Areta ibaia: Iratirekin elkartu arte.
-Arga ibaia: Uharteraino.
-Ultzama ibaia: Soraurenaino.
-Mediano ibaia: Ultzamarekin elkartu arte.
-Larraun ibaia: Arakilekin elkartu arte.
-Ega ibaia: Urederrarekin elkartu arte.
-Urederra ibaia: Egarekin elkartu arte.
Gainera izokin esparruaren barnean daude tarte horien goiko ibaiadar, ibai edo errekak ere.
Kantauri isurikoak:
Kantauri isuriko ibai eta erreka guztiak izokin esparruaren barnekotzat hartuko dira.