Castellano | Euskara | Français | English
(1993ko 95. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 4an. Aldaketak: 85/1995 Foru Dekretua)
Atarikoa
Administrazio Publikoetako Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Arruntari buruzko azaroaren 30/1992 Legeak arautu ditu, bere IX Tituluan, Administrazio Publikoak zehatzeko duen eskumenaren erabilpena zuzendu behar duten oinarrizko printzipioak. Zehapen prozeduren erregularizazioak bere eskumenetan aritzen den Administrazio Bakoitzera igortzen du. Arlo horretan zehapen prozedura oro zuzendu behar duten printzipioak ezarri baizik ez du egiten.
Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, bada, lurraldearen antolamendu, hirigintza eta ingurugiro alorreko eskumenetan, baita administrazio prozeduraren arabera ere, hirigintzaren eta ingurugiroa babesteko iharduera sailkatuen kontrolaren alorreko arau-hausteak zehatzeko prozedura ezartzea. Foru Dekretu honen xedea zehapen prozedura bat burutzea da, aipatu diren printzipio-jarraibideetara egokituta, zehapen espedienteak modu arin eta eraginkorrean izapidatzeko, beharrezkoa den kontraesan printzipioa deustan ere galarazi gabe.
Hori horrela, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko uztailaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
Foru Dekretu honek hirigintzaren eta ingurugiroa babesteko iharduera sailkatuen kontrolaren alorreko arau-hausteak zehatzeko prozedura arautzen du, Nafarroako Administrazio Publikoek aplikatzekoa.
2. artikulua
1. Hirigintza alorrean, Udalak izanen dira eskudun zehapen espedienteei ekiteko.
Halarik ere, zehapen espedienteari ekiteko, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilaria eskudun izanen da, kasu hauetan:
a) Udalak, zehapen espedienteari ekin dakion eskatuta, hilabeteko epean izapidatzen ez duenean edo hiru hilabete baino gehiago geldiarazten duenean.
b) Lurraldea babestu eta erabiltzeko Hirigintza Arau Erregionalei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legean aipatzen diren baimenak gabe edo baimen horien xedapenen kontra lurzoru ez urbanizagarrian izandako egite edo ez-egiteak zehatzeko, Foru Lege hark aurrikusitako kasuetan.
c) Lurzoru eta etxebizitza alorretan esku sartzeko neurriei buruzko ekainaren 8ko 7/1989 Foru Legearen 47. artikuluaren 3. atalean aurrikusitako kasuetan.
2. Ingurugiroa babesteko iharduera sailkatuen kontrolaren alorrean, bai Alkateak, bai Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilaria izanen dira eskudun zehapen espedienteari ekiteko. Zehapen espedienteari dakion organoak berehala eskudun den beste organoari jakinaraziko dio, zehapen espedienteen instrukzioa birritan egin ez dadin.
3. artikulua
1. Prozedurari eskuden organoaren ebazpenaren bidez ekinen zaio, ofizioz edo salaketaren bidez burutzen diren iharduketen arabera.
2. Espedienteari ekin baino lehen, gertaerak argitzearren, aldez aurreko eginbideak burutu daitezela agintzen ahalko du. Epe hori hertsia izaten ahalko da eta gehienez ere hamabost egun iraunen du.
3. Ebazpenak kasuan kasuko iharduketa Instruktorea izendatuko du eta ustez arduradun denari jakinaraziko zaio.
4. artikulua
1. Instruktoreak kargu plegua prestatuko du, gertaerei dagokien arau-haustea aipatuz, baita bidezko izan daitekeen zehapena eta hori ezartzeko eskudun den organoa ere. Horren berri jakinaraziko zaio ustez arduradun den subjektuari. Horrek bere eskubidearekin bat datozen alegazioak aurkezteko hamar egun izanen ditu.
2. Aurreko zenbakian aipatzen den kargu pleguan adieraziko dira:
a) en den Administrazioak kausitzen dituen gertaerak, nabariak azpimarratuz, arau-haustea sailkatzeko eta zehapena mailakatzeko.
b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako prezeptuak adieraziz.
c) Halakorik balitz, bidezko den zehapena, horren maila eta zenbatekoa adieraziz.
d) Prozedura ebazteko eskudun izan litekeen organoa eta eskumenak ematen dion araua.
3. Iharduera sailkatuen kontrolaren alorreko kargu plegua idaztean, Instruktoreak ustea izanen balu, arau-haustearen larria ikusita, zehatzeko eskumena ez dagokiola agindu zuen organoari, horrek eskudun denari igorriko dizkio eginbideak eta honek ekinen die dauden prozedura momentutik abiatuta.
5. artikulua
Ofizioz eginen dira edo administratuko, ustezko arduradunak proposaturik, gertaerak eta izan litezkeen erantzukizunak argitzeko behar diren proba guztiak. Gertaerei lotuak izateagatik azkeneko ebazpena ustezko arduradunaren alde ezin aldatu dutenak baizik ez dira ez-bidezkotzat hartuko.
6. artikulua
1. Alegazioak aurkezteko eta, halakorik balitz , probak egiteko epea bukatuta, beharrezkotzat hartzen diren eginbideak eginda, Instruktoreak, kargu pleguari jakinarazi bezala eusten badio, eskudun den organoari igorriko dio espedientea eta horrek behar den ebazpena emanen du edo, hala balitz, agindu eginen dio Instruktoreari beharrezkotzat hartzen dituen eginbide osagarriak burutu ditzala.
2. Alegazioetatik eta egindako probatik beste egiterik edo kargu pleguan aurrikusia baino larritasun handiagoa duen sailkapenik ondorioztatuko balitz, Intruktoreak doakionari beste kargu plegu bat jakinaraziko lioke, baita bidezko den zehapena ere, hamabost eguneko epearen barrenean, egokitzat hartzen duen guztia alegatu dezan.
7. artikulua
1. Hirigintza alorrean, zehapenak eta isunen gehieneko zenbatekoak ezartzeko eskudun organoak, hauexek dira:
a) 25.000 bizilagunetik beheitiko udaletako Alkateak, 10.000.000 pezeta egin arte; 100.000 bizilagunetik beheitiko udaletan, 100.000.000 pezeta egin arte; 100.000 bizilagunetik goitiko udaletan, 400.000.000 pezeta egin arte.
b) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilaria, 1.200.000 pezeta egin arte.
c) Nafarroako Gobernua, 2.000.000.000 pezeta egin arte.
2. Iharduera sailkatuen kontrolaren alorrean, zenbatekoen arabera, zehapenak ezartzeko eskudun organoak hauexek dira:
a) Alkatea, 2.000.000 pezeta egin arte.
b) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilaria, 10.000.000 pezeta egin arte.
c) Nafarroako Gobernua, 100.000.000 pezeta egin arte.
2. Isun guztien zenbatekoa kasuan kasuko Udalei dagokie, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak zehapen espedienteari ekin izan balio eta hori izapidatu. Kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.
8. artikulua
1 Zehapen prozedurari bukaera ematen dion ebazpenak arrazoitua izan beharko du eta espedientean jasotzen diren arazo guztiak konpondu beharko ditu.
2. Ebazpenean prozedura bitartean ezarritako egiteak baizik ez dira onartuko, balorazio juridikoa kontutan hartu gabe.
3. Ebazpenean, beti ere, exekutiboa ez den bitartean haren eraginkortasuna bermatzeko behar diren xedapenak emanen dira.
4. Ebazpena administrazio bidea agortzean izanen da exekutiboa.
9. artikulua
Zehapen prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedienteari ekiteko ebazpena ematen denetik hasita. Erabaki arrazoituaren bidez, gehienez ere, beste sei hilabetez luzatzen ahalko da.
10. artikulua
Administrazioko kideek luzatzen dituzten ikuskaritza aktak, bertan aipatzen diren gertaerei buruz, ziurtasun usteaz eta proba balioaz hornituak izanen dira, kontrakoa frogatzen bada ezik.
11. artikulua
Ezarritako isuna ehuneko hogeita hamar gutxituko dira, betebehar hauek biltzen badira:
a) Isunaren gainerakoa gehienez ere hilabeteko epearen barrenean ordaintzen duenean, zehapena ezartzen duen ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Arau-hausleak aurreko atalean aipatzen den epean berari egotzitako kalteengatik sortutako kalteordain guztien zenbatekoa ordaintzen duenean.
c) Arau-hausleak idatziz adierazten duenean ezarritako zehapena eta erreklamatzen zaion kalteordaina onartzen dituela eta epe hartan inpugnazio ekintza orori espreski uko egiten dionean.
Xedapen Iragankor Bakarra
Foru Dekretu hau ez zaie aplikatuko indarra hartu aitzin hasitako zehapen prozedurei, horiek aitzineko legeen arabera arautuko baitira.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.