(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Arau orokorrak :
      • 132/2013 Foru Agindua, apirilaren 15ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Lur-ondasunen Erregistroan inskribatzen ahal diren eraikuntzen bolumenaren araberako karakterizazio sistema onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

132/2013 Foru Agindua, apirilaren 15ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Lur-ondasunen Erregistroan inskribatzen ahal diren eraikuntzen bolumenaren araberako karakterizazio sistema onesten duena

 

(2013ko 80. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 29an)

Atarikoa

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 15.1 artikuluak aurreikusten du ondasun higiezinen karakterizazioa modu normalizatuan eginen dela, erregelamenduz ezarriko diren kategoriak eta aldagai kuantitatiboak erabiliz, horrela helburu publikoak egoki betetzeko garrantzizkoak diren ondasunaren berezitasunak zehazteko; hala nola, ondasunaren izaera, izaten ahal duen aprobetxamendua edo erabilera, kontserbazio egoera, egiazko aprobetxamendua edo hura deskribatu eta baloratzeko komenigarria den beste edozein. Bigarren idatz-zatiak eransten du ondasun higiezinen karakterizazioan sartuko direla haiek osatzen dituzten higiezin-unitateen datu oinarrizkoak eta osagarriak, eraikuntzako elementuak eta azpian duten lurra argi eta garbi aipatzeko. Beraz, erregelamenduzko zenbait zehaztapen behar dira higiezinen karakterizazioa egiteko.

Alde horretatik, irailaren 22ko 100/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsitako foru lege horren garapeneko erregelamenduak karakterizazio sistemak aipatzen ditu, higiezin-unitateak zehazteko. Horrela, lehendabizi, eta lurzoruko higiezin-unitateei dagokienez, “Erregelamendu honetan jasotako lurzoruaren karakterizazio sistemaren aldagaiak” aipatzen dira 6.3 artikuluan. Bigarrenik, hegalkineko edo zorupeko higiezin-unitateei buruz, karakterizazio sistemak ezarriko direla aurreikusten du 14.2 artikuluan, Nafarroako Zerga Ogasunak inskripzioaren xedetzat jotzen dituen ezaugarri homogeneoetako elementuei aplikatzeko.

Higiezin-unitateen karakterizazio sistemak ezaugarri multzoak dira, zeinek, kategoria edo aldagai kuantitatibo gisa hartuta, bide ematen baitute aipatu foru legearen 13.1. artikuluan aipatzen diren elementu higiezinak, lurzorukoak, hegalkinekoak edo zorupekoak, deskribatu eta baloratzeko behar diren oinarrizko datuak higiezin-unitateei esleitzeko.

Azken xedapenetako lehenean (Higiezin-unitateen karakterizazio sistemen aldaketa), aipatu foru dekretuak zera xedatzen du: “Lurzoru eta eraikuntzetako higiezin-unitateen karakterizazio sistemak, erregelamendu honetan jasotakoak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emandako foru agindu bidez aldatzen ahalko dira.”

Aurreko lerroaldean xedatutakoa aplikatuz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 22ko 21/2010 Foru Aginduaren bidez aldatu zen eraikuntzen karakterizazio sistemaren araudia, aipatu erregelamenduaren 17.3 artikuluko aurreikuspenak eraginik gabe utzita eta sistema berriak (bat baino gehiago) ezarrita. Aurreikusitako sistema bakarraren ordez, hiru sistema desberdin ezarri ziren “eraikuntzazkoak” diren higiezin-unitateen ezaugarriak emateko eta, aldi berean, zabalik utzi zen beste karakterizazio sistema batzuk (zerrenda irekia) onesteko aukera, horren beharrik balitz bestelako higiezin batzuk deskribatzeko, batez ere gaur egun duten balorazioa edo ondasun berezi gisa izan dezaketeena normalizatzeko.

Arau esparru horretan, karakterizazio sistema berri bat ezarri gogo da, “bolumenaren araberako karakterizazio sistema” deitua, eraikuntzako higiezin-unitateei aplikatuko zaiena bolumena denean haien dimentsioa hobekien definitzen duen ezaugarria eta haien guztirako kostuarekin zerikusi handiena duena.

Horren arabera, eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen irailaren 22ko 100/2008 Foru Dekretuaren azken xedapenetan lehenak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat, agindu dut:

1. artikulua.

Eraikuntzen bolumenaren araberako karakterizazio sistema onetsi da, eraikuntzen karakterizazio sistema berri gisa, eta eraikuntzako higiezin-unitateen karakterizazio sistemak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren (irailaren 22ko 100/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 17. artikuluan jasotakoak, aldatzen dira. Sistema hori higiezin-unitateei aplikatuko zaie, eraikuntzen dimentsioa bolumen unitatetan neurtzen denean.

2. artikulua.

Honako hau da eraikuntzen bolumenaren araberako karakterizazio sistema berriaren edukia:

A.–Aplikazio eremua.

Eraikuntzen bolumenaren araberako karakterizazio sistema aplikatuko da haien ordezpen kostua bolumenari bereziki lotua dagoenean.

Eraikuntzako elementu beteen kasuan edo, hutsak izanik, itxiak badira, okupatzen duten espazioa izanen da haien bolumena. Solteko material solidoak edo fluidoak biltzeko diseinatutako eraikuntza elementu irekien kasuan, eraikuntza elementuaren eta edukiaren multzoak hartutako espazioa izanen da bolumena, hark edukiera osoa betea duenean. Ez da kontuan hartuko eusteko dauden elementu osagarriek edo bildutako materialak garraiatzekoek hartzen duten bolumena.

B.–Lurzoruarekiko harremana:

Sistema honen bidez deskribatzen ahal diren eraikuntzak lurzati baten edo batzuen barnean egon daitezke, edo lurraren gainean edo azpian egon daitezke, azpian edo gainean dituzten lurzatietako lurzoruarekiko lotura bakarra hartan eusteko edo hari lotzeko puntu bat edo gehiago besterik ez dutela.

C.–Grafikoki nola irudikatu:

Eraikuntzen bolumenaren araberako karakterizazio sistemaren oinarria haien krokis baten gaineko adierazpidea da, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 49.3 artikuluari jarraituz. Krokisak hiru dimentsiokoak izanen dira, baina hainbat planotako proiekzioak sortzen ahalko dira haien adierazpide grafikoa egiteko edo bi dimentsioko krokisetan integratzeko. Haietatik, lurzatiaren planoaren gaineko proiekzio horizontala gehituko zaio planoari.

Krokis bakoitzaren barrenean ezaugarri hauetako baten bidez bereiziko diren eraikuntza elementuak mugatuko dira.

1.–Eraikuntza tipologia, sistema orokorreko balio-tipoen taulen araberakoa edo eraikuntzen karakterizazioko hiru dimentsioko sistemaren araberakoa.

2.–Eraikuntza mota ren barnean duen kategoria.

3.–Eraikuntza data.

4.–Erreformak egin bazaizkio, horietako bakoitzaren data eta norainokoa.

D.–Higiezin-unitateak finkatzea.

Eraikuntza elementuak C) letran ezarritakoaren arabera krokisean mugatuta direla, eraikuntza bateko aipatu ezaugarrien arabera homogeneoak diren elementu batek edo gehiagok higiezin-unitate bakar bat osatzen ahalko dute, baldin eta titulartasun bera badute. Higiezin-unitateak esparru desberdinei atxikiz gero, haiek bereizteko arrazoia izaten ahalko da. Higiezin-unitate bakoitzari dagozkion elementuak adieraziko dira krokisean, unitatearen identifikatzailearen bidez.

E.–Oinarrizko datuak.

C) letran aipatutako aldagaiez gain, higiezin-unitate bakoitzerako honako oinarrizko datu hauek jasoko dira:

1. Dimentsioak: bolumena eta lurzati planoaren gaineko proiekzioaren azalera islatuko dira.

2. Eraikuntza kostuaren koefizientea, honela kalkulatua: eraikuntza kostua zati balorazio parametro orokor gisa onetsitako oinarrizko modulua. Eraikuntza higiezin-unitate batean baino gehiagotan banatuz gero, unitate guztien artean banatuko da guztirako kostua, dimentsioaren arabera.

3. Erregistro-balioa.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa