(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Arau orokorrak :
      • 19/2014 Foru Dekretua, otsailaren 12koa, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutu berriak onesten dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

19/2014 Foru Dekretua, otsailaren 12koa, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutu berriak onesten dituena

 

(2014ko 35. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 20an)

Atarikoa

Irailaren 13ko352/1999 Foru Dekretuaren bidez xedatu zen Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomo gisa eratzea.

Erakunde publiko hori zerga sistema aplikatu behar duen antolaketa administratiboa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren izenean eta haren kontura. Lan hori garatzean, beharrezko jarduketa guztiak bete behar ditu tributuak zuzen eta eraginkortasunez kudeatu eta biltzeko, bai eta haiei buruzko arauen zorroztasuna eta errespetu orokorra bermatzeko ere.

Gaur egun, Nafarroako Zerga Ogasunaren antolakuntza eta funtzionamendua irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Estatutuek gobernatzen dituzte.

Tributuen kontrola eta iruzur fiskalaren kontrako borroka sustatu eta bultzatzeko helburuarengatik, erabakiak hartzeko azterlanak eta aurreikuspenak taxuz planifikatzearengatik eta zergadunei kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzearengatik gomendagarria da zenbait aldaketa egitea Nafarroako Zerga Ogasunaren egituraren erregulazioan, estatutu berriak onetsiz. Aldaketa horiek beharrezkotzat jotzen dira behar bezala aurre egiteko, egungo testuinguru konplexuan, haien garrantzia dela-eta hurrengo urteetan seguruenik Foru Komunitatearen etorkizuna baldintzatuko duten jarduketei eta erreformei.

Hitz batean, helburua da erakunde autonomo horri tresna hobeak ematea esleiturik dituen eginkizunak eraginkortasun handiagoz betetzeko.

Horiek horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Onespena.

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onestea. Haien testua osorik ondotik erantsi da.

Lehen Xedapen Gehigarria. Araudiko aipamenak.

Tributuei buruzko legeetan aurreko egituraren arabera eratutako unitate organikoak aipatuz gero, ulertuko da foru dekretu honen ondorioz beren eginkizunak bereganatu direnak direla, nahiz eta beste izen bat hartu.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Izendapenak.

1. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

a) Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuko zuzendaria, Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuko zuzendari.

b) Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendaria, Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuko zuzendari.

c) Finantza eta Tributu Analisien Ataleko burua, Azterlan, Txosten eta Estatistiken Ataleko buru.

d) Tributuen arloko Doktrina, Dokumentazio eta Zabalkunderako Ataleko burua, Tributuen arloko Aholkularitza, Dokumentazio eta Zabalkunderako Ataleko buru.

e) Informazioaren Analisirako Ataleko burua, Informazio Sistemen Analisirako Ataleko buru.

2. Berretsi egiten dira, egin ziren baldintza berberetan, foru dekretu honetan izena aldatzen ez duten Zerbitzuko zuzendarien eta atalburuen izendapenak.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Baldintzak berrestea.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen behin-behineko plantilla organikoa aldatu zuen abenduaren 13ko 380/1993 Foru Dekretuaren artikulu bakarreko lehenengo puntuan xedatua Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendariari aplikatzen zaio, haren izendapenaren egunetik aurrera.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Zerga Ogasunaren estatutuak onetsi zituen irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetan Lehena. Garapena eta betearazpena.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO ZERGA OGASUNA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

AURKIBIDEA

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izaera.

2. artikulua. Atxikipena.

3. artikulua. Eskumenak.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

1. atala. Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Gobernu Kontseiluaren egitura.

6. artikulua. Gobernu Kontseiluaren eginkizunak.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluaren idazkaria.

8. artikulua. Saioak.

9. artikulua. Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

10. artikulua. Aholkularitza.

2. atala. Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Izendapena eta ordezkapena.

12. artikulua. Eginkizunak.

13. artikulua. Eginkizunak beste norbaiten esku uztea.

II. KAPITULUA. Egitura

14. artikulua. Unitate organikoak.

1. atala. Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzua

15. artikulua. Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuaren eginkizunak.

16. artikulua. Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuaren egitura.

17. artikulua. Tributu Sistemaren Fiskalitate eta Garapenerako Atalaren eginkizunak.

18. artikulua. Tributuen arloko Aholkularitza, Dokumentazio eta Zabalkunderako Atalaren eginkizunak.

2. atala. Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzua

19. artikulua. Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuaren eginkizunak.

20. artikulua. Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuaren egitura.

21. artikulua. Koordinazio Informatikoaren Atalaren eginkizunak.

22. artikulua. Informazio Sistemen Analisirako Atalaren eginkizunak.

23. artikulua. Identifikazioaren eta Eredu Informatiboen Atalaren eginkizunak.

24. artikulua. Segurtasun eta Berrikuntza Atalaren eginkizunak.

3. atala. Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzua

25. artikulua. Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuaren eginkizunak.

26. artikulua. Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuaren egitura.

27. artikulua. Diru-bilketaren Aplikazio eta Kontrolaren Atalaren eginkizunak.

28. artikulua. Azterlan, Txosten eta Estatistiken Atalaren eginkizunak.

4. atala. Administrazio Atala

29. artikulua. Administrazio Atalaren eginkizunak.

5. atala. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzua

30. artikulua. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuaren eginkizunak.

31. artikulua. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuaren egitura.

32. artikulua. Ez-egoiliarren Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen Atalaren eginkizunak.

33. artikulua. Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalaren eginkizunak.

34. artikulua. Zehapen eta Errekerimendu Atalaren eginkizunak.

6. atala. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzua

35. artikulua. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren eginkizunak.

36. artikulua. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren egitura.

37. artikulua. Enpresa Handien Atalaren eginkizunak.

38. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Atalaren eginkizunak.

39. artikulua. Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atalaren eginkizunak.

7. atala. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzua

40. artikulua. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren eginkizunak.

41. artikulua. Bulego Teknikoaren Atalaren eginkizunak.

8. atala. Diru-bilketa Zerbitzua

42. artikulua. Diru-bilketa Zerbitzuaren eginkizunak.

43. artikulua. Diru-bilketa Zerbitzuaren egitura.

44. artikulua. Gerorapenak Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

45. artikulua. Derrigorrezko Diru-bilketaren Atalaren eginkizunak.

46. artikulua. Prozedura Berezien Atalaren eginkizunak.

9. atala. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzua

47. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren eginkizunak.

48. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren egitura.

49. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atal Tekniko eta Kontrolekoaren eginkizunak.

50. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalaren eginkizunak.

10. atala. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzua

51. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren eginkizunak.

52. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren egitura.

53. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren Atalaren eginkizunak.

54. artikulua. Tasazio Atalaren eginkizunak.

11. atala. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzua

55. artikulua. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuaren eginkizunak.

56. artikulua. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuaren egitura.

57. artikulua. Zergadunari Laguntza Emateko Atalaren eginkizunak.

58. artikulua. Argibideetarako eta Eskualdeko Langelen Atalaren eginkizunak.

59. artikulua. Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalaren eginkizunak.

III. TITULUA. ONDAREA, LANGILEAK ETA ARAUBIDE JURIDIKOA

I. KAPITULUA. Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola

60. artikulua. Ondarea.

61. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

62. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

63. artikulua. Kontu-hartzearen araubidea.

64. artikulua. Kontabilitate araubidea.

II. KAPITULUA. Langileak

65. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasuneko langileak.

66. artikulua. Zuzendaritza langileen ordainsariak.

67. artikulua. Atalen mendeko administrazio-unitateak.

68. artikulua. Zenbait administrazio-unitatetako burutzak.

69. artikulua. Langileriaren arloko eskudantziak.

III. KAPITULUA. Araubide juridikoa

70. artikulua. Administrazio-egintzen araubide juridikoa.

71. artikulua. Ebazteko gaitasuna.

72. artikulua. Errekurtsoak eta erreklamazioak.

73. artikulua. Defentsa juridikoa.

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoak nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko. Izan ere, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko titularraren planifikazio, zuzendaritza eta babespean, eta indarra duten legeekin bat, departamentu horren eskumenak erabiliko ditu, zuzenbide publikoko tributuak eta sarrerak kudeatu, ikuskatu eta biltzeko, haien titulartasuna Foru Komunitateari baitagokio.

2. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Zerga Ogasuna, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuak eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak plangintza eta politika orokorrari dagozkionean ematen dituzten aginpideen menpean dago. Bestalde, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari atxikirik dago, eta departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatzeko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazio antolamendu juridikoan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Eskumenak.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ardura da, Administrazioaren izenean eta hark aginduta, Nafarroako Ogasun Publikoko tributu sistema aplikatzea.

Nafarroako Zerga Ogasunaren lana da baliabide pertsonal, material eta tekniko guztiak behar bezala koordinatzea, tributuen kudeaketa eta bilketa zuzen eta eraginkorra lortze aldera. Izan ere, azken helburua zerga arloko araudia orokorrean zehatz-mehatz betetzea da, alde batera utzi gabe zergadunaren segurtasun juridikoa, eta araudi horrek sorrarazten duen zeharkako presio fiskala gutxituz. Xede horrekin, Nafarroako Zerga Ogasunak bere esku dauden jarduera guztiak burutuko ditu.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Zuzendaritza organoak hauek dira:

–Gobernu Kontseilua.

–Zuzendari kudeatzailea.

1. atala. Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Gobernu Kontseiluaren egitura.

Gobernu Kontseilua kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontseilaria.

Batzordekideak:

–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea.

–Aurrekontuaren zuzendari nagusia.

–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia.

–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

–Informatika eta Telekomunikazio zuzendari nagusia.

–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia.

Eritasunagatik edo beste arrazoi batzuengatik kanpoan denean, kontseilariaren ordez Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea arituko da.

Nafarroako Zerga Ogasuneko arduradunak Gobernu Kontseiluaren bilkuretara joaten ahalko dira, hitzarekin baina botorik gabe.

Zuzendaritza Nagusiko karguren bat, Gobernu Kontseiluan egon beharrekoa, hutsik baldin badago, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko titularrak haren ordez aritu beharreko batzordekidea izendatuko du behin-behinekoz, harik eta behin betiko izendapenak egin arte.”

6. artikulua. Gobernu Kontseiluaren eginkizunak.

Gobernu Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Urtero, erakundearen aurrekonturako aurreproiektuaren proposamenaren berri ematea.

b) Erakundearen zuzendaritza lanak kontrolatu eta gainbegiratzea.

c) Erakunde autonomoaren planak eta jarduketa programak onestea.

d) Nafarroako Zerga Ogasuneko ondarea administratzea.

e) Ondasun higiezinak dela-eta, haiek erostea edo haien gaineko edozein egintza egitea proposatzea.

f) Kontseiluburuak presaz emandako ebazpen eta probidentzien berri izatea.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluaren idazkaria.

1. Gobernu Kontseiluko idazkaria Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko idazkari tekniko nagusia izanen da, hitzarekin baina botorik gabe.

2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen jarraibideen arabera, eta erabakiak betetzeko izapideak egitea.

b) Akta egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

8. artikulua. Saioak.

Gobernu Kontseilua, bilkura arruntean eta nahitaez, urtean behin bederen bilduko da. Halaber, bilera berezia eginen du, Kontseiluko lehendakariak horretarako dei eginez gero.

9. artikulua. Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

Antolamendu eta funtzionamenduaren araubidea eta gobernu batzordekideen estatutu pertsonala, organo kolegiatuentzat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

10. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du zenbait jenderen aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla medio haien partaidetza egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

2. atala. Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Izendapena eta ordezkapena.

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea Nafarroako Gobernuak izendatuko du, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontseilariak proposaturik.

Eritasunagatik edo beste arrazoi batzuengatik kanpoan denean, zuzendari kudeatzailearen ordezpena araudi indardunari jarraikiz eginen da.

12. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak bete eta betearaztea eta presako kasuetan, beharrezkoa bada, behar diren probidentzia eta ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Kontseiluari horren berri ematea.

b) Nafarroako Zerga Ogasuneko jardueren eta organoen zuzendaritza, kudeaketa integratua eta barne antolaketa, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatekoak eskaintzearren.

c) Erakundearen ohiko ordezkapena.

d) Erakunde autonomoari atxikitako langileen burutza.

e) Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontseilariak espedienteen gainean ebazteko proposamenei buruz txostenak egitea.

f) Beste entitate eta erakunde batzuekin hitzarmenak eta itunak izenpetzea.

g) Nafarroako Zerga Ogasunaren urteko memoria eta jarduketa planak prestatzea.

h) Erakunde autonomoaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontuen aurreproiektua prestatzea.

i) Nafarroako Zerga Ogasuneko kontratu publikoak egitea eta kontratazio administratiboari buruzko lege indardunek erakunde autonomoetako ordezkariei ematen dizkieten kontratuak egiteko gainerako ahalmenak erabiltzea.

j) Gastuak egiteko baimena eman eta xedatzea eta ordaindu beharrak onartzea.

k) Erakunde autonomoaren ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

l) Lan metodoak hobetu, berrikuntza teknologiko egokiak sartu, irudi korporatiboa zaindu, zentroak, instalazioak eta ekipoak zaindu eta diru-sarrera eta gastuak hobetzeaz arduratzea.

m) Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzuko langileen lan eta administrazio kontratuak egitea, baldin eta horretarako langileak eta baliabide materialak badaude.

n) Nafarroako Zerga Ogasuneko plantilla organikoko lanpostuen zerrendak eta enplegu publikoaren eskaintza proposatzea, ondotik Nafarroako Gobernuak onets dezan.

ñ) Erakunde autonomoko unitate organikoen burutzak betetzeko lehiaketetarako deialdiak proposatzea eta, hala behar denean, bitarteko izaeraz edo jardunean aritzeko izendapenak egitea, erregelamenduzko sistemaren bidez betetzen diren artean.

o) Nafarroako Zerga Ogasuneko plaza eta lanpostuak bete, lekuz aldatu eta txandaz igotzeko deialdietako oinarri, arau eta merezimendu orokorren baremoak proposatzea.

p) Hutsegite oso larriak egiteagatik diziplina espedienteak irekitzea eta horien ebazpen proposamena Nafarroako Gobernuari igortzea.

q) Hutsegite arin edo larriengatik irekitako diziplina espedienteak ebaztea.

r) Urteko oporren plana, lanaldiak eta ordutegiak onestea, Nafarroako Gobernuak onesten duen araubide orokorrarekin bat.

s) Nafarroako Zerga Ogasuneko Atal, Bulego edo beste unitate batzuetako buruen bitarte baterako izendapena.

t) Langileei lanpostu bat esleitzea eta, lanpostu bete edo hutsei dagokienez, aldaketak egitea.

u) Oporrak, erregelamenduak ezarritako lizentziak eta baimenak ematea, bai eta aparteko orduak egiteko baimena ematea ere, arauetan ezarritako baldintzekin bat.

v) Erakunde autonomoko langileen lanaldia murrizteko eskabideen gainean ebaztea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren, hala behar bada.

x) Langileei helmugakoa ez beste herri batean bizitzeko baimena ematea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren.

y) Auzibide zibilera eta lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileen arloko erreklamazioak izan ezik.

z) Kargua dela-eta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontseilariak edo Gobernu Kontseiluak esleitzen dion beste edozein.

13. artikulua. Eginkizunak beste norbaiten esku uztea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskurantza batzuk zerbitzuko zuzendarien edo atalburuen esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

II. KAPITULUA. Egitura

14. artikulua. Unitate organikoak.

Nafarroako Zerga Ogasuna zuzenean zuzendari kudeatzailearen mende dauden unitate organiko hauetan dago egituraturik. Hona hemen:

a) Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzua.

b) Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzua.

c) Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzua.

d) Administrazio Atala.

e) Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzua.

f) Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzua.

g) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzua.

h) Diru-bilketa Zerbitzua.

i) Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzua.

j) Lurralde Aberastasunaren Zerbitzua.

k) Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzua.

2. Aurreko unitate organikoetako titularrek elkarrenganako laguntzatik abiatuta beteko dituzte beren eginkizunak, gainerako unitate organikoetako titularren eskudantziak galarazi gabe.

3. Unitate horien titularrek Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen planifikazio, zuzendaritza eta koordinazioaren pean beteko dituzte beren eginkizunak.

1. atala. Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzua

15. artikulua. Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuaren eginkizunak.

Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

–Tributu sistemaren azterketa, Nafarroako Gobernuak politika orokorrean ezarritako helburuak lortzeko egokitasunari dagokionez.

–Tributu arloko xedapenetarako proiektu eta aurreproiektuak prestatzea.

–Departamentuak zerga arloan emandako arautegia tramitatu eta haren jarraipena egitea, osorik aldarrikatu eta argitaratu arte.

–Erakunde autonomoarentzat interesgarriak diren arautegi, epai, kontsultak eta argitalpenak bildu, sistematizatu eta hedatzea.

–Hitzarmen Ekonomikoaren aplikazioaren jarraipena eta azterketa egitea, tributuen arloari dagokionez.

–Hitzarmen Ekonomikoan ezartzen den Arbitraje Batzordearen mende dauden aferak aztertzen eta tramitatzen laguntzea.

–Erakunde autonomoko organo eta unitateei aholkularitza juridikoa ematea tributuen arloan.

–Tributu arloko kontu juridikoak interpretatzeko proposamenak prestatu eta bertan parte hartzea.

–Nafarroako Zerga Ogasunari atxikitako langileen Prestakuntza Plana prestatu, proposatu eta gauzatzea, gainerako zerbitzuekin koordinatuta.

–Europar Batasuneko arautegia eta jurisprudentzia aztertu eta begiratzea eta Nafarroako tributu arloko arautegian duen eragina ebaluatzea.

–Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Txosten juridikoak luzatzea, aginduzkoak direnean edo, kontu bereziki konplexuak direnean zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkionean.

–Indarra duten xedapenek eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

16. artikulua. Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuaren egitura.

Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Tributu Sistemaren Fiskalitate eta Garapenerako Atala.

b) Tributuen arloko Aholkularitza, Dokumentazio eta Zabalkunderako Atala.

17. artikulua. Tributu Sistemaren Fiskalitate eta Garapenerako Atalaren eginkizunak.

Tributu Sistemaren Fiskalitate eta Garapenerako Atalak eginkizun hauek ditu:

–Tributu arloko xedapenetarako proiektu eta aurreproiektuak prestatzea.

–Tributu arloko xedapenak onesteko aginduzko txostenak prestatzea. Zerga politikaren arloko proposamenak, neurri fiskal instrumentalak eta zergei buruzko aurreproiektu eta proiektu arau-emaileak idazteko irizpideak prestatzea.

–Zergak aitortzeko ereduei buruzko arauak eta aurkezteko modalitateei buruzkoak prestatzea.

–Erakunde autonomoak zerga arloan emandako arautegia tramitatu eta jarraipena egitea, aldarrikatu eta argitaratu arte.

–Fundazioei haien tributu araubide berezia aplikatzeari buruzko ebazpen-proposamenak prestatzea.

–Fundazioekin eta ondorio fiskaletarako parekatutako entitateekin lotutako tributu arloko kontsultak aztertzen eta ebazten parte hartzea.

–Udalei konpentsazio ekonomikoa emateko proposamenak prestatzea, fundazioei eta ondorio fiskaletarako parekatutako entitateei toki-tributuetan hobari fiskalak aplikatzearen ondoriozkoak.

–Erakunde autonomoko organo eta unitateei aholkularitza juridikoa ematea tributuen arloan, bereziki zuzenbideko txostenak luzatzea, aginduzkoak direnean, edo kontu bereziki konplexuak izateagatik erabaki behar duen agintari edo funtzionarioak eskatzen dituenean.

–Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko eta Administratiboaren ordezko kide izatea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

18. artikulua. Tributuen arloko Aholkularitza, Dokumentazio eta Zabalkunderako Atalaren eginkizunak.

Tributuen arloko Aholkularitza, Dokumentazio eta Zabalkunderako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

–Erakunde autonomoaren gainerako zerbitzuekin koordinaturik arauen interpretaziotik sortzen diren irizpideak aztertu eta proposatzea.

–Zerga arloko kontsultak eta beste espediente batzuk aztertzen eta ebazten laguntzea.

–Azaldu diren eginkizun horiei buruzko txostenak egitea.

–Tributu arloko arautegi eta argitalpenak begiratu eta zabaltzea, zergadunen artean oro har eta erakunde autonomoaren barruan. Erakunde autonomoko organo eta unitateekin parte hartzea eta elkarlanean aritzea, arlo horiei loturiko proiektuak garatzen.

–Erakunde autonomoarentzat interesgarriak diren arautegi, epai, kontsultak eta argitalpenak bildu, sistematizatu eta hedatzea.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren liburutegia eratu, mantendu eta kudeatzea.

–Nafarroako Zerga Ogasunari atxikitako langileen Prestakuntza Plana egin eta gauzatzen parte hartzea, gainerako zerbitzuekin koordinatuta.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

2. atala. Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzua

19. artikulua. Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuaren eginkizunak.

Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

–Tributuetarako eragina duen informazioa lortu, mantendu eta zaintzeko modua planifikatu eta koordinatzea.

–Zerga Ogasunaren modernizazioa bultzatzea, prozedura eta tresna berriak diseinatuz eta ezarriz, zerga arloko betebeharrak betetzeko bide ematen dutenak, eta betebehar horiek berrikusteko prozedura berriak ere bai.

–Datuak babesteko xedapenak Nafarroako Zerga Ogasunean betetzen direla begiratzea.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren artxibo administratibo eta informatikoak kudeatzea.

–Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Indarra duten xedapenek eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

20. artikulua. Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuaren egitura.

Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Koordinazio Informatikoaren Atala.

b) Informazio Sistemen Analisirako Atala.

c) Identifikazio eta Eredu Informatiboen Atala.

d) Segurtasun eta Berrikuntza Atala.

21. artikulua. Koordinazio Informatikoaren Atalaren eginkizunak.

Koordinazio Informatikoaren Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinatuta, eginkizun hauek ditu:

–Nafarroako Zerga Ogasuneko sistema informatikoen koordinazioa.

–Egin beharreko funtzio-analisiak egiterakoan unitateei laguntza ematea.

–Aplikazio guztiak kudeaketa prozesu bakar batean elkartzeko, proiektuen funtzio-analisiak gainbegiratzea.

–Unitate organiko erabiltzailearekin batera, abian jartzeko fasean diren aplikazio informatikoak ongi dabiltzala egiaztatzea.

–Kudeaketa-aplikazioak nola eta zertan erabil daitezkeen zabaltzea erabiltzaileen artean.

–Aldizkako informatika-lanak programatu eta nola egiten diren kontrolatzea.

–Elementu informatikoen inbentarioaren kudeaketa, beharren azterketa eta erosketa berrien proposamena.

–Informazio-sistemako edozein elementuren funtzionamenduan gerta litezkeen arazoak konpontzeko laguntza teknikoa.

–Zerbitzu informatikoak kontratatzerakoan, hala bada, kontuan hartu beharreko baldintza teknikoak proposatu eta idatziz ematea.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkionak.

22. artikulua. Informazio Sistemen Analisirako Atalaren eginkizunak.

Informazio Sistemen Analisirako Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinatuta, eginkizun hauek ditu:

–Zergekin zerikusia duen infomazioa aurkitu eta aztertzea, salbu utzirik legez eska daitezkeen informazio-ereduetan dagoena.

–Datu-baseetako informazioaren koherentziaren azterketa.

–Jarduera ekonomikoei buruzko azterlanak, analisia, indizeak eta moduluak prestatzea.

–Fitxategietako informazioaren egoerari buruzko txostenak prestatzea.

–Zergadunen egoera fiskalaren azterlana eta diagnostikoa.

–Tributuen Kontrolerako Urteko Plana prestatzen laguntzea.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkionak.

23. artikulua. Identifikazioaren eta Eredu Informatiboen Atalaren eginkizunak.

Identifikazio eta Eredu Informatiboen Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinaturik, eginkizun hauek izanen ditu:

–Zergadunen fitxategi nagusia mantentzea.

–Zergen kudeaketan zergadunek aurkezten dituzten agirietan jasotako informazioa eskuratzea.

–Zerga arloko informazio guztia bildu eta kargatzea.

–Aitorpenen eta tributuetarako bestelako informazioaren titularrak identifikatzea.

–Aitorpen informatiboak kudeatzea.

–Beste administrazio batzuekiko informazio-trukeak bultzatu eta koordinatzea.

–Gainerako unitateek eskatzen duten informazioaz arduratzea.

–Zerga arloko informazioa eskuratu eta ateratzeko baimena ematea.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko artxiboa kudeatu eta zaintzea.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkionak.

24. artikulua. Segurtasun eta Berrikuntza Atalaren eginkizunak.

Segurtasun eta Berrikuntza Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinaturik, eginkizun hauek izanen ditu:

–Nafarroako Zerga Ogasunean datuak babesteko xedapenak betetzen direla bermatu eta begiratzea, hala nola: Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa, datu pertsonalak dauzkaten fitxategi automatizatuen segurtasun neurriei buruzko erregelamendua eta segurtasun agiria, besteak beste.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren Segurtasun Planaren idazketan eta proposamenean kolaboratzea.

–Informazioaren erabiltzaileak erabaki eta, sarbidea behar bezala kontrolatuz, konfidentzialtasuna bermatzea.

–Ondoren, informaziorako sarbidea zuzen erabiltzen dela kontrolatzea, prestatu zen eginkizunetarako alegia.

–Segurtasunaren arloko auditoretzak egitean kolaboratzea.

–Sortzen ari diren teknologia eta zerbitzuak identifikatu eta onestea, tributu arloan aplikatu ahal izateko.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko unitateei laguntza teknikoa ematea informazio eta komunikazio teknologiak zuhurtasunez erabiltzeko.

–Prozedura administratiboak arrazionalizatu eta erraztea, prozesuen arabera kudeatzeko tekniken bidez.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko Jakintza Kudeatzeko Sisteman edukiak biltzen eta mantentzen laguntzea.

–Jakintza Kudeatzeko Sistemaren banaketa korporatibo hoberenaren bidez, informazioa ekoizten eta jakintza sortzen laguntzea.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren webguneak kudeatu eta administratzea, gainerako zerbitzuekiko elkarlanean.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkionak.

3. atala. Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzua

25. artikulua. Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuaren eginkizunak.

Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

a) Ordainarazpena erakunde autonomoaren eskumenekoa denean, diru-sarreren aurreikuspenak prestatu, aztertu eta jarraipena egitea, erakunde autonomoaren gainerako zerbitzuekin elkarlanean eta koordinaturik.

b) Diru-sarreren eta itzulketen kontrola ekonomiaren eta kontabilitatearen aldetik, haien kudeaketa Nafarroako Zerga Ogasunari baldin badagokio.

c) Hirugarrenen kontabilitate osagarriaren prozesuen administrazioa, kudeaketa, garapena eta eguneraketa.

d) Diru-bilketarako eragiketen kontabilizazioa kontabilitate orokorraren sisteman.

e) Harremana finantza entitate laguntzaileekin diru-bilketaren arloan.

f) Tributuen arloko neurrien eragina diru-bilketaren gainean ebaluatzeko simulazioak egitea.

g) Txostenak, analisiak eta azterketak egitea tributuen eta diru-bilketaren arloan.

h) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkionak.

26. artikulua. Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuaren egitura.

Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Diru-bilketaren Aplikazio eta Kontrolaren Atala.

b) Azterlan, Txosten eta Estatistiken Atala.

27. artikulua. Diru-bilketaren Aplikazio eta Kontrolaren Atalaren eginkizunak.

Diru-bilketaren Aplikazio eta Kontrolaren Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinatuta, eginkizun hauek ditu:

–Atalaren jardueren kudeaketaren kontrolerako beharrezkoak diren estatistikak egitea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zor eta zordun guztiak, Hirugarrenen Kontabilitate Lagungarrira eskualdetuak eta Diru-bilketari buruzko Araubide Orokorra aplikatzen zaienak ekonomia eta kontabilitatearen aldetik kontrolatzea.

–Bidezko diren tributuak eta bidezko ez diren dirusarrerak ofizioz itzultzeko prozesuak kudeatu, kontrolatu eta beteraztea eta beste administrazioekiko harremanez arduratzea.

–Hirugarrenen Kontabilitate Lagungarrian idatzi zorrak kobratzeko prozesuak kudeatu, kontrolatu eta gauzatzea.

–Beste administrazioetan sartutako tributu-zorren jarraipen eta kontrola.

–Finantza-entitateen jarduketak garatu eta kontrolatzea, Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketan laguntzaile direnean.

–Tributuen itzulketetan edo bidezko ez diren diru-sarrerengatik sor daitekeen atzerapena dela-eta eskatutako berandutza interesen likidazioa.

–Tributuen bilketari buruzko informazio eta azterketak prestatzea.

–Hirugarrenen Kontabilitate Lagungarriko parametroen erabilpen eta eguneratzea.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

28. artikulua. Azterlan, Txosten eta Estatistiken Atalaren eginkizunak.

Azterlan, Txosten eta Estatistiken Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

–Erakunde autonomoaren jarduerari buruzko txosten eta estatistikak egitea.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren urteko memoria prestatzea.

–Sarrera fiskalei buruzko aurreikuspen eta estatistikak egitea.

–Gastu fiskalak aztertu eta arrazionalizatzeko proposamenak egitea.

–Tributuen arloko neurrien eragina diru-bilketaren gainean ebaluatzeko simulazio eta azterketa zehatzak.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

4. atala. Administrazio Atala

29. artikulua. Administrazio Atalaren eginkizunak.

Administrazio Atalak eginkizun hauek ditu:

–Aurrekontuei buruzko aurreproiektua prestatzeko laguntza tekniko eta administratiboa.

–Aurrekontuen kudeaketa eta gauzatzearen jarraipen eta kontrola, bai eta haien gaineko informazioa prestatzea ere.

–Erakunde autonomoaren kontratu administratiboen sustapena eta kudeaketa.

–Erakunde autonomoaren eskumeneko langileen kudeaketa koordinatu, jarraitu eta kontrolatzea.

–Zuzendari kudeatzaileari dagozkion langileriaren arloko espedienteak tramitatzea.

–Funtzio publikoaren arloan eskumena duten organoetan tramitatzea erakunde autonomoari atxikitako langileen gai guztiak.

–Lanaren etekinari eta langileen motibazioari buruzko azterlanak eta proposamenak egitea.

–Langileen lanera etortzeak kontrolatzeko sistema kudeatzea.

–Zuzendari nagusiak ematen dizkion gainerako eginkizunak, bai eta indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak ere.

5. atala. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzua

30. artikulua. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuaren eginkizunak.

Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak, sozietateen gaineko zergari, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari eta oinordetzen eta dohaintzen, ondare eskualdaketen, egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergei, saltoki handien gaineko zergari eta kudeaketa esleiturik dituzten guztiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Tributu-kudeaketaren zuzendaritza teknikoa.

–Tributuak egiaztatu eta likidatzeko irizpideak prestatu eta proposatzea, Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

–Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinaturik, eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

–Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

–Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

–Zerbitzuaren egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoen tramitazio eta ebazpena, baita autolikidazioen eta atxikipenen edo konturako sarreren inpugnazioena ere; zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

–Zerbitzuaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3. artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

Zehapenei eta errekerimenduei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Tributuen arloko arau-hausteak direla-eta, zehapenak likidatzea bere eskumenen esparruan eta Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren esparruetan. Halaber, zehapenen kontra jarritako berraztertze errekurtsoak ebaztea, salbu eta zergei buruzko zehapen prozeduren kasuan, baldin eta haien kudeaketa Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atalaren ardura bada.

–Tributudunek aurkezten ez dituzten aitorpenen erreklamazio orokorra, bai eta egindako errekerimenduei ez erantzuteagatik eragindako zehapenen likidazioa ere.

Horrez gain, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga dela-eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari esleitutakoak.

–Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Tributuen kudeaketa eta egiaztapenerako urteko plana prestatu eta proposatzea, bere eskumenen esparruan, gainerako zerbitzuekin koordinaturik.

–Tributuen kontrolerako urteko plana prestatzen laguntzea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo Nafarroako Zerga Ogasuneko goragoko organoek agintzen dizkiotenak.

31. artikulua. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuaren egitura.

Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Ez-egoiliarren Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen Atala.

b) Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atala.

c) Zehapen eta Errekerimendu Atala.

32. artikulua. Ez-egoiliarren Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen Atalaren eginkizunak.

Ez-egoiliarren Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen Atalak, zerga horiei eta kudeaketa esleiturik izanen dituen beste guztiei dagokienez, eginkizun hauek ditu:

–Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

–Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

–Atalaren egintzen aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoen tramitazio eta ebazpena, baita autolikidazioen eta atxikipenen edo konturako sarreren aurkaratzeena ere; bidezko diren zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

–Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

–Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3 artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

–Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

–Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

–Entitateen Erroldan gertatzen diren altak, aldaketak eta bajak kudeatzea, Zergadunari Laguntza eta Argibideak emateko Zerbitzuarekin koordinatuta.

–Fundazioei eta ondorio fiskaletarako parekatutako entitateei beren zerga-araubide berezia aplikatzearen ondoriozko jarduketak egitea, eta beren betebehar formalak betetzen dituztela jarraitzea.

–Indarra duten xedapenek edo Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendariak haren esku uzten dituzten gainerako eginkizunak.

33. artikulua. Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalaren eginkizunak.

Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalak, zerga horiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

–Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

–Atalaren eta likidazio-bulegoen egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea, eta gauza bera autolikidazioen inpugnazioen kasuan; zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

–Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3. artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

–Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

–Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

34. artikulua. Zehapen eta Errekerimendu Atalaren eginkizunak.

Zehapen eta Errekerimendu Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinatuta, eginkizun hauek izanen ditu:

–Tributudunek aurkezten ez dituzten aitorpenen erreklamazio orokorra.

–Egindako errekerimenduei ez erantzuteagatik zehapenak jartzea.

–Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko prozedurak tramitatzea, betiere, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 70.1 artikuluaren arabera, eskumen hori Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuari, Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari badagokie. Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atalaren eskumeneko kudeaketa duten zergen gaineko arau-hausteak, berriz, salbuetsi eginen dira.

–Bere eskumeneko zehapen egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoen tramitazioa, bai eta egintza horiekin lotutako gainerako espedienteen tramitazioa ere.

–Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

–Zerga arloan, bere eskumeneko zehapenen gaineko kontsultei arreta ematea eta, batez ere, idatzizko kontsultak ebaztea.

–Jarduera Ekonomikoen Erregistroa eratu eta mantentzea.

–Udalek jakinarazitako zentsuen aldaketak gainbegiratu eta egiaztatzea.

–Zentsuen aldaketak aurkez ditzatela eskatzea udalei.

–Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako salbuespenak eman edo ukatu aurreko txosten teknikoa egitea.

–Jarduera ekonomikoen erregistroan ofizioz egin behar diren sartze eta ateratzeak.

–Saltoki handien gaineko zerga kudeatzea, errolda prestatzea eta likidazioen jakinarazpen kolektiboa egitea barne.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

6. atala. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzua

35. artikulua. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren eginkizunak.

Enpresa handien sozietateen gaineko zergari dagokionez, arau honetan zehazten den bezala, Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak ondoko eginkizun hauek izanen ditu balio erantsiaren gaineko zergari, alkoholaren eta edari alkoholdunen gaineko zergari, aseguruetako primen gaineko zergari, zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari, hidrokarburoen gaineko zergari, zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zergari, tabakogaien gaineko zergari, elektrizitatearen gaineko zergari, jokoaren jarduerarekin erlazionatutako tributuei, energia elektrikoa sortzearen balioaren gaineko zergari, energia nukleoelektrikoa sortzearen ondoriozko hondakin erradiaktiboak eta erregai nuklear gastatua sortzearen gaineko zergari, erregai nuklear gastatua eta hondakin erradiaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zergari, meategien azaleraren kanonari eta kudeaketa esleiturik dituen beste tributuei dagokienez:

–Tributu-kudeaketaren zuzendaritza teknikoa.

–Tributuak egiaztatu eta likidatzeko irizpideak prestatu eta proposatzea, Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

–Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinaturik, eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

–Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

–Zerbitzuaren egintzen aurka aurkeztutako berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea, eta gauza bera autolikidazioen inpugnazioen kasuan; zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

–Zerbitzuaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3. artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

–Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

–Enpresa handiei dagokienez, aipatu direnez gainera, Sozietateen gaineko Zergari, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Ondarearen gaineko Zergari dagozkien eginkizun berberak, araudiaren irizpide interpretatzaileak prestatu eta proposatzea izan ezik.

–Enpresa handien arloan beste zerga administrazio batzuekin izaten diren harremanen koordinazioa.

–Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko zehapenak ezartzea, haien kudeaketa Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atalari dagokion kasuetan, bai eta berraztertze errekurtsoen eta zehapen prozedura horiekin loturiko beste espedienteen gainekoak direnean ere.

–Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Tributuen kudeaketa eta egiaztapenerako urteko plana prestatu eta proposatzea, bere eskumenen esparruan, gainerako zerbitzuekin koordinaturik.

–Tributuen kontrolerako urteko plana prestatzen laguntzea.

–Tributudunak ukitzen dituzten onura fiskalak eta araubide bereziak ebatzi, baimendu edo ematea, bere eskumeneko tributuetan.

–Indarra duten xedapenek edo Nafarroako Zerga Ogasuneko organo goragokoek haren esku uzten dituzten beste eginkizun batzuk, tributuen kudeaketaren alde teknikoen ingurukoak.

36. artikulua. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren egitura.

Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Enpresa Handien Atala.

b) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Atala.

c) Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atala.

37. artikulua. Enpresa Handien Atalaren eginkizunak.

Enpresa Handien Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

–Enpresa handien zentsua osatu eta mantentzea. Enpresa handien zentsua ondokoek osatuko dute: Hitzarmen Ekonomikoaren arabera zergak zenbait zerga administraziotan ordaindu behar dituzten zergadunek, betiere lurralde bakoitzean egindako eragiketa kopuruaren arabera, Sozietateen gaineko Zergan zergak finkapen fiskalaren araubide berezia dela-eta, edo Balio Erantsiaren gaineko Zergan entitate taldeen araubide berezia dela-eta, Enpresak Sustatzeko Sozietateek, eta aurreko urte naturalean 9.000.000 eurotik gorako fakturazioa izan dutenek, Balio Erantsiaren gaineko Zerga arautzen duen 19/1992 Foru Legean agertzen diren irizpideen arabera zehaztuta. Arrazoi bereziak direla medio, beste zenbait enpresa ere sar daitezke zentsu horretan, nahiz eta baldintza orokorrak ez bete, enpresa handien artean sailkatu behar direla uste baldin bada.

–Zerga arloko laguntza eta informazioa ematea enpresa handiei, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinaturik.

–Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Atalari, Ez-egoiliarren Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen Atalari eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalari enpresa handien arloan esleitutako eginkizunak garatzea, atal horiekin koordinaturik.

–Enpresa handiei dagozkien informazio-aitorpenen kudeaketa.

–Enpresa handiek zerga aldetik dituzten betebeharrak nola betetzen dituzten kontrolatzea.

–Enpresa handiei buruzko zerga arloko harremanen eta informazioaren koordinazioa.

–Hitzarmen Ekonomikoa enpresa handietan nola aplikatzen den jarraitzea.

–Txosten eta proposamenak egitea eta enpresa handiek zerga aldetik duten egoeraren bilakaerari buruzko azterlan eta proiekzioak egitea, baita beren betebehar fiskalen zenbatekoari eta aurreikus daitekeen betetze mailari buruz ere.

–Enpresak berrantolatzeko operazioekin erlazionatutako gaiei buruzko espedienteak aztertu, tramitatu eta ebaztea, enpresa handien zentsuan dagoen pertsona bat edo entitate bat, gutxienez, ukituta gelditzen denean.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

38. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Atalaren eginkizunak.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Atalak, tributu horri dagokionez, eginkizun hauek ditu (Enpresa Handien Atalari esleitutakoak izan ezik):

–Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

–Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

–Zerbitzuaren egintzen aurka sartutako berraztertze-errekurtsoak tramitatu eta ebaztea, eta gauza bera autolikidazioen eta atxikipen edo konturako sarreren inpugnazioen kasuan; likidazioak ere bertan eginen dira.

–Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

–Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3 artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

–Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

–Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

39. artikulua. Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atalaren eginkizunak.

–Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atalak ondoko eginkizun hauek izanen ditu alkoholaren eta edari alkoholdunen gaineko zergari, aseguruetako primen gaineko zergari, zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari, hidrokarburoen gaineko zergari, zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zergari, tabakogaien gaineko zergari, elektrizitatearen gaineko zergari, jokoaren jarduerarekin erlazionatutako tributuei, energia elektrikoa sortzearen balioaren gaineko zergari, energia nukleoelektrikoa sortzearen ondoriozko hondakin erradiaktiboak eta erregai nuklear gastatua sortzearen gaineko zergari, erregai nuklear gastatua eta hondakin erradiaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zergari, meategien azaleraren kanonari eta kudeaketa esleiturik dituen beste tributuei dagokienez:

–Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

–Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

–Zerbitzuaren egintzen aurka sartutako berraztertze-errekurtsoak tramitatu eta ebaztea, eta gauza bera autolikidazioen eta atxikipen edo konturako sarreren inpugnazioen kasuan; likidazioak ere bertan eginen dira.

–Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

–Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3 artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

–Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

–Fabrikazioko zerga berezien kontu-hartzailetza, kudeaketa hutsa edo egiaztapen laburtua denean.

–Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

–Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak zerga arau-hausteengatik ebatzi behar dituen espedienteak instruitu, tramitatu eta ebazpen proposamena ematea.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

7. atala. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzua

40. artikulua. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren eginkizunak.

Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

–Tributu ikuskapenerako planak prestatu eta proposatzea, Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuarekin koordinaturik.

–Tributu ikuskapenerako planak betearaztea.

–Tributuen kontrolerako urteko plana prestatzea gainerako zerbitzuekin elkarlanean.

–Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo Nafarroako Zerga Ogasuneko goragoko organoek agintzen dizkiotenak.

41. artikulua. Bulego Teknikoaren Atalaren eginkizunak.

Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuak Bulego Teknikoaren Atala edukiko du, eginkizun hauek burutuko dituena:

–Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren aholkularitza juridikoa eta Zerbitzuarentzat interesgarriak diren arau, epai, kontsulta eta argitalpenak zabaltzea.

–Tributu Ikuskapenerako planak diseinatu eta prestatzeko aholkularitza eta parte-hartzea.

–Ikuskapen-egintzen normalizaziorako irizpideak, jarraibideak eta zuzentarauak proposatzea.

–Zerbitzuan instruitzen diren espedienteen ebazpen-proposamenak egiten laguntzea, bereziki desadostasunean sinatutakoen kasuan, eta bai aktuarioek arauz eman behar dituzten txostenen kasuan ere.

–Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko langileen prestakuntza berariazko plana egitea.

–Xedapen orokorrak aztertu eta proposatzen eta espedienteak ebazten lan egitea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkion gainerako eginkizunak edo Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

8. atala. Diru-bilketa Zerbitzua

42. artikulua. Diru-bilketa Zerbitzuaren eginkizunak.

Diru-bilketa Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

–Nafarroako Zerga Ogasunaren zuzendaritza teknikoa eta diru-bilketaren kudeaketaren kontrola, Tributuen eta Diru-bilketaren arloko Azterlanen Zerbitzuari esleitutakoak izan ezik.

–Zorrak geroratzeko baimena eman edo tramitatzea, indarra duten xedapenek esleitu eskumenen arabera.

–Diru-bilketaren prozedurako egintzen kontra jartzen diren errekurtsoetan irizpideak koordinatzea eta, hala behar denean, ebaztea.

–Konkurtso prozeduretan edo prozedura berezietan egin beharreko ekintzak zuzendu eta, hala behar denean, ebatzi eta kudeatzea.

–Jarduteko edo ekintzak gauzatzeko irizpideak finkatzea, egiturazko edo abaguneko zailtasunak dituzten sektore ekonomikoetako pertsona edo entitateen zorrak biltzeko kudeaketan, pertsona edo entitate horiek Nafarroako Ogasun Publikoarekin dituzten betebeharrak bete ditzaten.

–Zorrak biltzeko kudeaketan beste entitate publiko batzuekin koordinatzea eta, hala behar denean, lankidetza itunak prestatu eta proposatzea.

–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen arabera, diru-bilketaren bidez kalkulatu behar diren errekargu eta interesak likidatzea.

–Beharrezko jarduketak egitea kasuan kasuko berandutza interesak ordaintzeko.

–Zorrak konpentsatzea, indarra duten xedapenek esleitu eskumenen arabera.

–Ofizioz preskribatzeko espedienteak instruitzea.

–Tributuak Biltzeko Urteroko Plana prestatu eta proposatzea, beste zerbitzuekin koordinaturik.

–Tributuen Kontrolerako Urteko Plana prestatzen laguntzea.

–Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo Nafarroako Zerga Ogasuneko goragoko organoek agintzen dizkiotenak.

43. artikulua. Diru-bilketa Zerbitzuaren egitura.

Kudeaketa Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Gerorapenen Kudeaketarako Atala.

b) Derrigorrezko Diru-bilketaren Atala.

c) Prozedura Berezien Atala.

44. artikulua. Gerorapenak Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

Gerorapenen Kudeaketarako Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinatuta, eginkizun hauek ditu:

–Atalaren jardueren kudeaketaren kontrolerako beharrezkoak diren estatistikak egitea.

–Gerorapen edo zatiketak onartu aurretik arriskuak aztertzea.

–Zorrak konpentsatzeko espedienteak tramitatzea, ordaindu behar duenak eskaturik.

–Zorpeko gerorapen edo zatiketetarako eman diren bermeen azterketa, balorazio eta kontrola.

–Borondatezko aldiko zorrak geroratu edo zatitzeko eskaerak aztertu, horren gainean txostena eman, proposatu, kudeatu, tramitatu eta kontrolatzea edo nahitaez pagatu beharreko aldian egonik ere premiamendu prozedura hasi gabe daukatenak, organo eskudunek emanak.

–Diru-bilketaren prozedura etenda uzteko eskaeren kudeaketa eta haien jarraipena eta kontrola.

–Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko zergen aitorpenetako kuotak helbideratzeen bidez kobratzeko izapideak egitea.

–Entitate publikoen zorren kobrantza kudeatzea.

–Premiamendu-biderako igorpenen tramitazioa eta gauzatzea.

–Bermeak aurkeztean sortutako gastuen onarpenaren arloan aurkeztutako eskaeren tramitazioa eta kontrola.

–Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkionak.

45. artikulua. Derrigorrezko Diru-bilketaren Atalaren eginkizunak.

Derrigorrezko Dirubilketaren Atalak eginkizun hauek ditu:

–Premiamendu-bidean sartuak dauden zorren gerorapen eta zatiketak, organo eskudunek baimenduak, aztertu, proposatu, kudeatu eta kontrolatzea.

–Nafarroako Foru Komunitatearenak edo haren erakunde autonomoenak diren zuzenbide publikoko diru-sarrerak kontrolatu eta premiamenduko bide administratiboan biltzeko kudeaketa lana, legez ezarritako ahalmenen bidez eta erabili behar diren prozedura administratiboen arabera; salbuespen da Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen Ebazpen bidez Prozedura Berezien Atalaren esku uzten den diru-sarrera edo zorren diru-bilketa, diru-sarrera edo zor horien zenbatekoak, izaerak edo prozedurak horretara behartzen duenean.

–Indarra duten xedapenek edo Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak haren esku uzten dituzten gainerako eginkizunak.

46. artikulua. Prozedura Berezien Atalaren eginkizunak.

Prozedura Berezien Atalak eginkizun hauek ditu:

–Zenbateko, izaera edo prozeduragatik agintzen zaizkion zorrak premiamendu-bidean kontrolatu eta diru-bilketari dagokionez kudeatzea.

–Konkurtso-prozeduretan sartuta dauden zordunen zor guztien diru-bilketa kudeatu eta kontrolatzea eta, behar denean, Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkari izatea bilkura, batzorde, konkurtso administrazio eta antzeko kudeaketa organoetan.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideak defenditzeko beharrezkoak diren jarduketak kontrolatu eta burutzea, eskubide horien kalterako izan daitezkeen desegite eta likidazio prozesuetan edo merkataritza konpainiek har ditzaketen horrelako beste erabaki batzuetan.

–Erantzukizuna bideratzeko prozedurak tramitatzea.

–Diru-bilketa organoek proposatutako kaudimengabezien aitorpenak tramitatzea.

–Ofizioz preskribatzeko espedienteak tramitatzea.

–Diru-bilketa Zerbitzuko organoen egintzen kontra ezarritako errekurtsoak tramitatzea, jabari edo eskubide hobearen hirugarrengotzak barne direla.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren berandutza-interesak aztertu, kalkulatu eta haien ordainketa tramitatzea.

–Diru-bilketa organoek proposatutako espedienteak aztertu eta tramitatzea, betiere haiei buruzko egintzak Aholkularitza Juridikoaren eskumenekoak badira.

–Zerbitzuko zuzendariak eskatzen ahal dituen txosten juridikoak eta irizpenak luzatzea.

–Indarra duten xedapenek edo Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak haren esku uzten dituzten gainerako eginkizunak.

9. atala. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzua

47. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren eginkizunak.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuak, zerga horiei dagokienez, eginkizun izanen hauek ditu:

–Tributu-kudeaketaren zuzendaritza teknikoa.

–Errentaren kanpaina zuzendu, antolatu eta koordinatzea, kanpainari buruzko berariazko publizitatea diseinatzen laguntzea barne, bai eta autolikidazioari eta ordainketa zatikatuei buruzko proposamenak, autolikidazioak eta konturako sarrerak egiteko lanena ere.

–Prestaketan, egiaztapenean eta likidazioan aplikatu beharreko irizpideak sortu eta proposatzea, Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

–Zerga arloko kontsultak eta zerga onurak aztertu eta ebaztea, Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

–Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinatuta.

–Tributuen eta konturako sarreren behin-behineko likidazioak egitea, legez aplikatzen ahal diren berandutza-interesak eta errekarguak barne.

–Zerbitzuaren egintzen aurka jarritako inpugnazioen eta administrazio errekurtsoen tramitazio eta ebazpena, baita atxikipenen edo konturako sarreren egintzena ere.

–Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

–Nafarroako Gobernuak hartzen dituen erabakien tramitazioa.

–Eskatzen zaizkion azterlanak eta proposamenak egitea.

Horrez gain, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Bikote iraunkorren erregistro fiskalaren kudeaketa integrala, gai horrek ukitzen dituen gainerako zerbitzuekin elkarlanean.

–Tributuen kudeaketa eta egiaztapenerako urteko plana prestatzea bere eskumenen esparruan.

–Helburuak eta emaitzen adierazleak prestatu eta kontrolatzea, baita Zerbitzuaren urteko memoria ere.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo Nafarroako Zerga Ogasunaren goragoko organoek agintzen dioten beste edozein.

48. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren egitura.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren egiturak honako atal hauek ditu:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atala.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atala.

49. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atal Tekniko eta Kontrolekoaren eginkizunak.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko aitorpenak eta gainontzeko dokumentazioa aztertu, berrikusi eta egiaztatzea, dokumentu bidezko justifikazioa eskatzea eta zergaren likidazioak egitea, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoari jarraituz.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruz gaur egungo araudiak ezarritako berandutza-interesen eta errekarguen likidazioa egitea.

c) Agintzen zaizkion egiaztatze laburtuak egitea.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketak gainbegiratu eta kontrolatzea, bidezko diren likidazioak eginda.

e) Behar diren lanak egitea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioen proposamenak sortzeko eta igortzeko.

f) Atalak agindutako egintzen aurkako inpugnazioak eta berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea.

g) Kontsulta fiskalei alde teknikotik erantzutea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

h) Bere eskumenaren arloko Nafarroako Gobernuaren erabakiak eta ebazpen judizialak tramitatzea.

i) Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

j) Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

k) Ondarearen gaineko zergarekin zerikusia duten a), b), c), f), g), h), i) eta j) letretan adierazitako eginkizunak.

l) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

50. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalaren eginkizunak.

Bere eskumeneko zerga eremuan, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Pertsona fisikoen errentaren eta ondarearen gaineko zergen kanpainako datu-orri eta inprimakiak, aitorpenak egiten laguntzen duten programak eta gainontzeko zerbitzuak diseinatu eta prestatzea.

b) Aitorpenak betetzen dituzten langileentzako prestakuntza ikastaroak antolatzea.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kanpainan laguntzen duten entitateek antolaketan jarraitu beharreko irizpideak ematea.

d) PFEZren autolikidazioen proposamenak sortzeko eta igortzeko lanak egitea, baita, zergapekoek eskatuta, aitorpenak haien aurrean egitea ere.

e) Pertsona fisikoen errentaren eta ondarearen gaineko zergei buruzko aitorpenak eta gainontzeko dokumentazioa aztertu, berrikusi eta egiaztatzea, dokumentu bidezko justifikazioa eskatzea eta zergaren likidazioak egitea, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoari jarraituz.

f) Atalak agindutako egintzen aurkako inpugnazioak eta berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea.

g) Kontsulta fiskalen alde teknikoei erantzutea, zerbitzuko gainontzeko unitate administratiboekin koordinatuta.

h) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

10. atala. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzua

51. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

–Lurralde Aberastasunaren Erregistroa zaintzeko Nafarroako Zerga Ogasunari dagozkion jarduerak garatzea, bereziki, oinarrizko datuak ikuskatu eta eguneratzea eta funtzio publikoak ongi garatzeko behar diren datu osagarriak biltzea.

–Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren datuak Udalei jakinaraztea, bereziki, erregistro administratibo hori eta katastroak zaintzeko behar diren argibideak haiei ematea.

–Ondasun higiezinak karakterizatu eta baloratzeko jarduketak egitea, bereziki, Nafarroa osoan koordinatzea, Batzorde Mistoen balorazio ponentzien edukia finkatzen parte hartzea, balorazio ponentziak onestea eta karakterizatu eta baloratzeko orotariko xedapenen proiektuak eta orotariko parametroak prestatzea.

–Ondasun bereziak kalifikatu eta deskalifikatzeko prozedurak instruitzea.

–Zehapen espedienteak instruitzea.

–Lurralde Aberastasuneko Artxibo Historikoa zaintzea.

–Nafarroako Desjabetze Epaimahaiari laguntzea, sostengu administratibo gisa.

–Egintza juridiko dokumentatuen, ondare-eskualdaketen, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak likidatzeko ondasun higiezinak eta ondasun higiezinak baloratu beharra daukaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketak baloratzeko irizpenak egitea eta aurkezten diren errekurtsoen gainean txostenak prestatzea.

–Ondasun higiezinen balio eta prezioak bildu, baloratzeko irizpideak ezarri eta zenbatesten diren balioak finkatu eta hedatzea.

–Baloratzeko aldez aurreko akordioak lantzea.

–Helburuak finkatzea, jarduerak adieraztea eta zerbitzuari dagozkion emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo Nafarroako Zerga Ogasuneko goragoko organoek agintzen dizkiotenak.

52. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren egitura.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren Atala.

b) Tasazio Atala.

53. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren Atalaren eginkizunak.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

–Lurralde Aberastasunaren Erregistroa zaintzeko Nafarroako Zerga Ogasunari dagozkion jarduerak garatzea, bereziki, oinarrizko datuak ikuskatu eta eguneratzea eta funtzio publikoak ongi garatzeko behar diren datu osagarriak biltzea.

–Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren datuak Udalei jakinaraztea, bereziki, erregistro administratibo hori eta katastroak zaintzeko behar diren argibideak haiei ematea.

–Ondasun higiezinak karakterizatu eta baloratzeko jarduketak egitea, bereziki, Nafarroa osoan koordinatzea, Batzorde Mistoen balorazio ponentzien edukia finkatzen parte hartzea, balorazio ponentziak proposatzea eta karakterizatu eta baloratzeko orotariko xedapenen proiektuak eta orotariko parametroak prestatzea.

–Ondasun bereziak kalifikatu eta deskalifikatzeko prozedurak instruitzea.

–Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren Atalaren informazio babestua eskuratzeko baimena onartu edo ukatzea.

–Ereduaren araberako agiriak eta informazioaren ziurtagiriak, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren Atalean daudenak, aurkeztea eta, bereziki, lurzatietako zedula, ondasun higiezinetako unitateak eta Lurralde Erregistroan inskribatuak koordinatu ahal izateko.

–Eraldatzeko proposamenak eta informazio babestugabea hirugarrenen esku uzteko baimenak aurkeztea.

–Zehapen espedienteak instruitzea.

–Lurralde Aberastasuneko Artxibo Historikoa zaintzea.

–Nafarroako Desjabetze Epaimahaiari laguntzea, sostengu administratibo gisa.

–Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak, bere eskumenen barruan.

54. artikulua. Tasazio Atalaren eginkizunak.

Tasazio Atalak eginkizun hauek ditu:

–Egintza juridiko dokumentatuen, ondare-eskualdaketen, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak likidatzeko ondasun higiezinak eta ondasun higiezinak baloratu beharra daukaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketak baloratzeko irizpenak egitea eta aurkezten diren errekurtsoen gainean txostenak prestatzea.

–Ondasun higiezinen balio eta prezioak bildu, baloratzeko irizpideak ezarri eta zenbatesten diren balioak finkatu eta hedatzea.

–Baloratzeko aldez aurreko akordioak lantzea.

–Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak, bere eskumenen barruan.

11. atala. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzua

55. artikulua. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuaren eginkizunak.

Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

–Nafarroako Zerga Ogasunak ordainarazten dituen zergei buruzko kontsulta eta erreklamazioen gainean, administrazio arloari dagokionez, zergadunari laguntza eta argibidea ematea.

–Zergadunei aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz laguntza ematea, haiek Nafarroako Zerga Ogasunaren eskumeneko zerga kontuetan iritsarazten dizkioten kontsulta teknikoetan, gainerako zerbitzuekin koordinatuta eta zuzendari kudeatzaileak zehazten dituen irizpide eta mailen barnean.

–Nafarroako Zerga Ogasunak ordainarazten dituen zergen prozeduraren ondoriozko egintza administratiboen jakinarazpenak kudeatu eta kontrolatzea.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren aldian aldiko publizitatea planifikatu eta programatzea, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainari dagokiona salbu. Zehazki, zerga arloko zabalkunde-kanpainak diseinatu eta gauzatzea.

–Aitorpenerako inprimakiak aldian-aldian bidaltzea.

–Zergadunari ematen zaion laguntza hobetzeko prozedura-proposamenak prestatzea eta zergadunen eta Nafarroako Zerga Ogasunaren arteko harreman-bide berriak abiarazi eta bultzatzea.

–Zergadunari Laguntzeko Urteroko Plana prestatu eta proposatzea, beste zerbitzuekin koordinaturik.

–Aitorpen-inprimakiak diseinatu eta prestatzea, gainerako zerbitzuekin elkarlanean.

–Helburuak finkatzea, jarduerak adieraztea eta zerbitzuari dagozkion emaitzak ebaluatzea.

–Zerbitzuaren memoria prestatzea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo Nafarroako Zerga Ogasuneko goragoko organoek agintzen dizkiotenak.

56. artikulua. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuaren egitura.

Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzuak atal hauek ditu:

a) Zergadunari Laguntza Emateko Atala.

b) Argibideetarako eta Eskualdeko Langelen Atala.

c) Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atala.

57. artikulua. Zergadunari Laguntza Emateko Atalaren eginkizunak.

Zergadunari Laguntza Emateko Atalak eginkizun hauek ditu:

–Nafarroako Ogasunak ordainarazten dituen zergei buruzko kontsulta eta erreklamazioen gainean, administrazio arloari dagokionez, zergadunari laguntza eta argibideak zuzenean ematea.

–Zerga aitorpenak jasotzea, inprimakiak saldu eta ematea.

–Ziurtagiriak luzatzea. Dokumentuak kautotu eta konpultsatzea.

–Pertsona fisikoen, pertsona juridikoen eta entitateen alta, aldaketa eta bajak, kontsulta administratiboen ondoriozkoak, fitxategietan eta Entitateen Erroldan sartzea.

–I.F.Z. eta I.F.K. txartelak luzatzea.

–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauetan eskatzen diren erregistro liburuen eginbideak egitea.

–Inprimakien biltegia hornitu eta kontrolatzea.

–Aitorpenerako inprimakiak aldian-aldian bidaltzea.

–Ziurtapen digitaleko zerbitzuetarako identitatea kreditatu eta erregistratzea, sinatzen diren hitzarmenen arabera eta, betiere, zerga arloko sinadura digitalaren zerbitzuentzat ezarritako legezko betebeharrak betetzen badituzte.

–Indarra duten xedapenek bere gain uzten dituzten eginkizunak eta Zergadunari Laguntza eta Argibidea emateko Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

58. artikulua. Argibideetarako eta Eskualdeko Langelen Atalaren eginkizunak.

Argibideetarako eta Eskualdeko Langelen Atalak eginkizun hauek ditu:

–Nafarroako Zerga Ogasunak ordainarazten dituen zergei buruzko kontsulta eta erreklamazioen gainean, administrazio arloari dagokionez, zergadunari laguntza eta argibidea ematea telefono bidez.

–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan sartzen diren dokumentuak jaso eta erregistratzea, inprimakiak saldu eta ematea.

–Zergadunari argibide orokorrak ematea.

–Eskualdeko Bulegoen zuzendaritza.

–Eskualdeko bulegoei dagokienez, Nafarroako Zerga Ogasunak ordainarazten dituen tributuei buruzko kontsultei eta erreklamazioei arreta ematea beren alde teknikoetan, gainerako zerbitzuekin koordinatuta, eta zuzendari kudeatzaileak zehazten dituen irizpide eta mailetan, eta orobat Zergadunari Laguntza emateko Atalari dagozkion guztiak eta artikulu honetako lehen eta bigarren idatz-zatietan adierazitakoak, alde batera utzi gabe Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko zergen kanpainak burutzeko behar den koordinazioa.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko atalak elkarrekin koordinatzea irizpideak batzeko eta prozedurak finkatzeko.

–Indarra duten xedapenek bere gain uzten dituzten eginkizunak eta Zergadunari Laguntza eta Argibidea emateko Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

59. artikulua. Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalaren eginkizunak.

Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalak eginkizun hauek ditu:

–Zergadunei aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz laguntza ematea Nafarroako Ogasunaren eskumeneko zerga kontuetan iritsarazten dizkioten kontsulta teknikoetan, gainerako zerbitzuekin koordinatuta eta zuzendari kudeatzaileak zehazten dituen irizpide eta mailen barnean.

–Nafarroako Zerga Ogasunari posta elektronikoz iritsarazten zaizkion zerga arloko kontsulta teknikoei erantzutea, gainerako zerbitzuekin elkarlanean eta zuzendari kudeatzaileak zehazten dituen irizpide eta mailen barnean.

–Tributu arloan kudeaketa-zerbitzuak egiten dituzten Ekonomia eta Ogasun kontseilariak onetsitako foru aginduz lankidetza-hitzarmenari atxikiak diren profesionalei eta entitateei laguntza berariazkoa ematea.

–Zergadunari Laguntza emateko Ataleko langileei eta Argibideen eta Lurralde Bulegoen Atalekoei aholkularitza teknikoa ematea eta haren etengabeko prestakuntzaz arduratzea.

–Aitorpen-inprimakiak diseinatu eta prestatzea, gainerako zerbitzuekin elkarlanean.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko atalak elkarrekin koordinatzea irizpideak batzeko eta prozedurak finkatzeko.

–Indarra duten xedapenek bere gain uzten dituzten eginkizunak eta Zergadunari Laguntza eta Argibidea emateko Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak.

III. TITULUA. ONDAREA, LANGILEAK ETA ARAUBIDE JURIDIKOA

I. KAPITULUA. Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola

60. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ondarea, Nafarroako ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearekin bat, mota guztietako ondasunek eta eskubideek osatzen dute, Nafarroako Foru Komunitatearen ondarekoak badira eta erakunde horri atxikitakoak badira horrek bere helburuak bete ditzan, ondare horretako ondasunak izateagatik dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoari eusten diotela, hori guztia aipatutako foru lege horren 75. artikuluaren eta hurrengoen irismenarekin.

61. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Honako baliabide hauek osatuko dute Nafarroako Larraldietako Agentziarenak:

a) Eskura jarritako ondasun eta eskubideak.

b) Ondasun eta eskubide horien ondoriozko produktu eta errentak.

c) Kobratzen ahal dituzten ohiko eta ohiz kanpoko diru-sarrerak, arautzen dituzten xedapenen arabera.

d) Transferentziak, ohikoak edo kapitalekoak, Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorretan esleiturik dauzkatenak.

e) Administrazioen edo entitate publikoen diru-laguntzak, ohikoak edo kapitalekoak.

f) Entitate pribatuen eta norbanakoen dohaintzak, legatuak eta bestelako ekarpenak.

g) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

62. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren kudeaketa Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko aurrekontuarekin batera Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sarturik dagoen urteko aurrekontuaren araubidearen mende dago.

2. Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

3. Aurrekontu hauen likidazioa eta exekuzioa Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arau orokorrei jarraikiz eginen da.

63. artikulua. Kontu-hartzearen araubidea.

Nafarroako Zerga Ogasuneko kudeaketa ekonomikoa –hots, eduki ekonomikoko betebehar eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak– Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.

64. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Nafarroako Zerga Ogasuna kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuak ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurreikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

II. KAPITULUA. Langileak

65. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasuneko langileak.

Nafarroako Zerga Ogasuneko langileak:

a) Izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario eta lan-kontratudunak, Nafarroako Zerga Ogasunari edo hori osatzen duten unitate organikoei atxikiak.

c) Erakunde Autonomo haren lan kontratudunak.

66. artikulua. Zuzendaritza langileen ordainsariak.

Zuzendari kudeatzailearen ordainsariak Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu, eta Nafarroako aurrekontuei buruzko foru legeetan jasoko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

67. artikulua. Atalen mendeko administrazio-unitateak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren foru agindu baten bidez eginen da, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

Sortzen diren unitate administratiboek bulegoek dituzten lansari osagarriak eta maila berbera izanen dituzte.

Atxikipena aldatzen duten zerbitzu eta ataletatik beherako unitate administratiboek organikoki eta funtzionalki organo administratibo berberen mende jarraituko dute, orain arte bezala.

68. artikulua. Zenbait administrazio-unitatetako burutzak.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari eta Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari atxikiriko unitate organikoetako burutzak Foru Komunitateko Administraziokoak eta haren erakunde autonomoetakoak diren edo haiei atxikita dauden funtzionarioek betetzen ahalko dituzte edo, bestela, zerbitzu horietako bakoitzari atxikitako lan-kontratudunek, kasuan-kasuan.

69. artikulua. Langileriaren arloko eskudantziak.

Zuzendari kudeatzaileari, zerbitzuetako, ataletako eta bulegoetako buruei edo ataletik beherako unitateetako buruei dagozkien eginkizunak galarazi gabe, beren kargura dauden langileei buruzko eskudantzia hauek izanen dituzte:

a) Absentismoa kontrolatzea eta ordutegiaren, dedikazioaren eta errendimenduaren inguruko beharkizunak betearaztea.

b) Unitateari atxikitako langileen baimen, lizentzia, opor eta joan-etorriak baimentzea.

c) Langileen komunikazioa eta partaidetza erraztu eta bultzatzea eta lan giroa, errendimendua eta produktibitatea sustatzea.

d) Bere unitateari atxikitako langileen jarduerak, lanak eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea.

III. KAPITULUA. Araubide juridikoa

70. artikulua. Administrazio-egintzen araubide juridikoa.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren egintza administratiboen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko VIII. Tituluko I. Kapituluan eskuarki erakunde autonomoendako ezartzen dena da, foru lege hartako bigarren xedapen gehigarrian tributu arloko prozedura administratiboei dagokienez eta zehapen araubideari dagokionez xedatua deusetan galarazi gabe.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

71. artikulua. Ebazteko gaitasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 104.b) artikuluan xedaturikoarekin bat, ebazteko gaitasuna, nor bere eskumenen eremuan, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileari ez ezik, ondokoei ematen zaie, beren eskumenen esparruan: zerbitzuei eta Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko, Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko eta Diru-bilketa Zerbitzuko atalei.

72. artikulua. Errekurtsoak eta erreklamazioak.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek tributu arloan ematen dituzten egintza eta ebazpen administratiboak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legean eta hori garatzen duten xedapenetan xedaturikoaren arabera aurkaratzen ahalko dira.

2. Aurreko 1. lerroaldean aipatzen ez diren egintza eta ebazpen administratiboen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua.

73. artikulua. Defentsa juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedatuari jarraikiz, Nafarroako Zerga Ogasunaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren Lege Aholkularitzak lege aholku ematen ahalko dio Nafarroako Zerga Ogasunari. Hori dena, Aholkularitza Juridikoa arautzen duen urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuan xedatu bezala.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa