Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 62. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 29an)
Atarikoa
Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du aurrekontuen kudeaketa eta kontrola etengabe hobetzeko eta informazioa gardentasunez emateko, eta horrek berarekin dakar ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen eboluzioari buruzko informazioa maizago eman beharra.
Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 59. artikuluak Gobernuaren ekintzaren aurrekontu egoerari buruzko informazioa hiru hilean behin eman behar dela jasotzen badu ere, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aurrera egin nahi du aipatu diren helburuetan, informazioa hilean behin emanez.
Kalitateko hileroko informazioa emateak eskatzen du epe labur batean zenbait jarduketa egitea kontabilitateko euskarri informatikoaren sistema itxi ahal izateko, ixten den aldiari egotzi behar zaizkion eragiketak jasota.
Kontabilitateko erregistroko eginkizunak banatuak direnez, eta eginkizun horiek ezin direnez bereizi kontabilitateko idazpenei dagozkien jarduketa administratiboetatik, beharrezkoa da prozedura bat ezartzea kudeatzaileen jarduerak koordinatzeko, aldi jakin bakoitzari egotzi beharreko eragiketen kontabilitateko erregistroa azkartzeko; horri esker, berehala eskuratu ahal izanen da hileko aurrekontu exekuzioari buruzko informazio oso eta behin betikoa.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio erregelamendu ahalmena erabiltzea, kontuen nahiz kontabilitate publikoari buruzko gainerako agirien egitura, justifikazioa, tramitazioa eta errendatzea zehazteko.
Horrenbestez, agindu dut:
1. artikulua. Aurrekontu kontabilitatearen hileko itxiera.
1.-Aurrekontu kontabilitatea hilabete natural bakoitzean itxiko da eta, hala, hilabete bakoitzari buruzko aurrekontu exekuzioari buruzko informazio egonkorra eman ahal izanen da.
2.-Hilabete bateko aurrekontua itxitakoan, ez da hilabete horri egotzi ahal zaion inolako gastu eta diru-sarrerarik kontabilizatuko.
2. artikulua. Aurrekontu gastuen aldi bateko egozpena.
1.-Aurrekontu gastu bat zein aldiri egozten zaion, aldi horrek bat etorri beharko du betebeharra aintzat hartzen duen ebazpenaren datarekin, administrazio egintzarekin edo organo eskudunaren onespenarekin.
2.-Aurretiazko kontabilitate oharrak dagokien aldiari egotziz erregistratuko dira, kontabilitate sistemako erregistroko benetako dataren arabera. Horrenbestez, hilabete bakoitzeko lehen egunetik hasita, aurreko hilabeteari egotzitako gastu espediente gehiago sartzeko aukera itxiko da kontabilitate sisteman.
3. artikulua. Eragiketak kontabilizatzeko epeak.
1.-Hilabete bakoitzeko 10era bitarte behin betiko kontabilizatu ahalko dira, aurreko hilabeteari egotzita, aurreko hilabete horretan sortutako aurretiazko oharrei dagozkien gastuen aurrekontuko eragiketak.
2.-Hilabete jakin bati egotzi beharreko gastuak kontabilizatzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak gastuaren egozpena jasoko duen hilabetea bukatu baino lehen egin beharko dira, eta aldaketaren kontabilizazioak errespetatu egin beharko du aurreko atalean aipatutako epea.
3.-Data horretatik aurrera, Kontabilitate Zerbitzuak aurreko hilabeteko gastuak kontabilizatzeko sistema ireki ahalko du, datuak zabaldu aurreko egiaztatze prozesuan agertzen diren informazioko akatsak eta funsgabetasunak zuzentzeko.
4. artikulua. Eragiketen erregistroaren jarraipena.
1.-Kontabilitate Zerbitzuak jarraipen berezia eginen die baldintza hauetakoren bat betetzen duten kontabilitate sistemako idatzoharrei:
a. Bat etorri behar dute edo koherentzia izan, aldi berari dagokionez, diruzaintzako benetako egoerarekin edo kasuan kasuko aldian egindako eragiketak izateagatik data bera izan behar duten beste idatzohar batzuekin.
b. Garrantzizkoak izan behar dute aldien arteko konparazioak egiteko eta kasuan kasuko tamainaren eboluzioaren bide errealista bat ezartzeko.
2.-Eragiketen erregistroaren jarraipena egitean zilegi izanen da unitate kudeatzaileei eskatzea beharrezkoak diren jarduketak egin ditzatela, aldi bati dagokion kontabilitate informazioak zehatz azal ditzan aldi horretan egindako jarduketak, hau da, aurrekontuan eragina dutenak. Eragiketa horiek 3. artikuluan aipatu den epean erregistratu beharko dira.
5. artikulua. Administrazio jarduketen kontabilitate tramitazioa.
1.-Idazkaritza Tekniko Nagusiek eta departamentu edo erakunde autonomo bakoitzean administrazio kudeaketako eskumenak dituzten unitateek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte, ondorio ekonomikoa duten administrazio egintzak beren dataren hilabeteari egozten zaizkiola bermatzeko, foru agindu honetan aipatzen diren epeetan betiere.
2.-Aurrekontu aldaketak, aurretiazko fiskalizazioa eta, oro har, eragiketen aldi bateko egozpen zuzena baldintzatzen duen edozein administrazio jarduketa presakoak izanen dira.
Azken Xedapenetako Lehena
Foru agindu honetan ageri diren arauak ez dira aplikatuko urte bakoitzeko abendua ixtean, izan ere, ekitaldia ixteko ezartzen diren arauak aplikatuko zaizkio hilabete horri.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.