(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Arau orokorrak :
      • 10/2012 Foru Legea, ekainaren 15ekoa, Diru-sarrera publikoak handitzeko zenbait tributu-neurri ezartzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

10/2012 Foru Legea, ekainaren 15ekoa, Diru-sarrera publikoak handitzeko zenbait tributu-neurri ezartzen dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2012ko 118. NAOn argitaratua, ekainaren 20an. Aldaketak: 38/2013 Foru Legea, abenduaren 28koa)

Atarikoa

Ikusirik Nafarroako aurtengo ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan diru-sarreren betetzeari dagokionez aurreikusitakotik desbideratze nabarmenak gertatu direla 2012ko lehen hiruhilekoan, Nafarroako Gobernua beharturik dago presako neurriak hartzera, desbideratze horiek zuzentzeko. Arlo ekonomikoan, batetik, atzeraldian gaude, eta bestetik, 2012rako defizit helburua ezinbestez bete beharra dugu, Estatuarekin adostutakoarekin bat eta egonkortasunerako plan nazionalaren barruan. Neurriok esparru askotan eraginen dute, eta haien xedea da bai diru-sarrera publikoak handitzea bai gastuak gutxitzea, Nafarroako Gobernuak ez baitu atzera eginen bi asmo hauek gauzatzeko: defizit publikoa murriztea eta aurrekontu egonkortasunaren helburua betetzea. Konstituzioaren testuan berariaz jasota dagoen egonkortasun hori, Europar Batasuneko araudiak ere eskatzen duena, lehendabiziko urratsa izan behar da, Nafarroako ekonomian hazkunde ekonomikoa eta enpleguak sortzea bultzatuko dituzten beste neurri batzuk hartu aurretik. Helburu horien guztien oinarrian sektore publiko sendo eta orekatua behar dugu, finantzabide egoki eta behar bestekoa duena, kalitatezko zerbitzu publikoak emateko modua izan dezan.

Jomuga horiek erdiesteko, nahitaezkoa da azkar jokatzea eta, arau honen bitartez, Foru Komunitateko legeriari eranstea diru-sarrera publikoak handitzeko lagungarri izanen diren zenbait tributu-neurri, 2012ko aurrekontu-ekitaldi honetan bertan hasita.

Foru dekretu honek lau artikulu eta azken xedapen bat ditu.

Lehen artikuluak zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zergarako karga-tasa autonomikoa ezartzen du Foru Komunitatean. Estatuarekin izenpetutako Hitzarmen Ekonomikoaren 36.2 artikuluak Nafarroaren esku uzten du ahalmen hori, baimena ematen baitio zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zergarako karga-tasak ezartzeko, estatuko lurraldean unean-unean indarra duten mugen eta baldintzen barruan, betiere. Testuinguru horretan, aukeratutako karga-tasa, Foru Komunitatean aplikatuko dena, Estatuko arauetan aipatzen den tartearen erdian dago. Horrela, gasolinetan, erabilera orokorreko gasolioan eta kerosenoan, 24 eurokoa da mila litroko. Erabilera berezietarako eta berokuntzarako gasolioan, 6 eurokoa izanen da mila litroko, eta fuel-olioan euro batekoa tona bakoitzeko. Bestalde, Foru Komunitateak ez du karga-tasa autonomiko hori aplikatuko erabilera profesionaleko gasolioaren kasuan, hau da, motordun ibilgailu hauen titularrei: errepideko salgaien garraioan baizik aritzen ez direnak, bidaiarien garraioan aritzen direnak, eta bidaiarien zerbitzu publikoan udal lizentziarekin eta taximetroa jarrita aritzen diren taxiak.

Tributudunek betebehar fiskalak beren borondatez egunean jartzeko pizgarri bat ezartze aldera, eta Nafarroako Ogasunarekin dituzten betebehar fiskalak ongi betetzeak diru-sarrera publikoak handitzea ekar dezan, Foru Legearen bigarren artikuluak hamalaugarren xedapen gehigarria erantsi dio Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari, foru lege horren 52.3 artikuluaren aplikazioak dakartzan errekarguetan eta berandutza interesetan zenbait murriztapen ezartzeko, aldi baterako eta izaera bereziaz. Agindu horrek izaera orokor eta iraunkorrez arautzen ditu borondatez egindako tributu erregularizazioak, hau da, Tributu Administrazioak aurretik horren eskaerarik egin gabe egiten direnak.

Borondatezko erregularizazio horiek aldi baterako errazteko, eta horri esker zerga kuoten bidez biltzen dena handitzeko, Foru Legeak xedatzen du ehuneko 90eko jaitsiera aplikatuko zaiela Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52.3 artikuluaren ezarritakoaren aplikazioak dakartzan errekarguei, epez kanpoko aitorpenak, aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak aurkezten badira foru lege honek indarra hartzen duen egunetik 2012ko abenduaren 31ra bitarte; egoera eta baldintza berberetan sortzen diren berandutza korrituek, berriz, ehuneko 20ko jaitsiera izanen dute. Beraz, ulertzen da borondatezko erregularizazioa eginda ere, zerga kuotak ez duela inolaz ere murrizketarik izango, eta, egiaztapenak egiteko edo ikuskatze prozedura bat hasteko, Tributu Administrazioaren errekerimendua jaso duten tributudunek, berriz, ez dutela murrizketarik izanen errekarguetan eta berandutza interesetan.

Horrez gain, aurreko neurriarekin lotuta, eta beren zerga betebeharrak lehenbailehen egunean jartzen ez dituzten iruzurgileentzako ohar gisa, aurrerantzean diruzko isunak askoz handiagoak izanen dira zerga arloko arau-hauste larriei ezarri beharreko zehapenetan; izan ere, ordaindu ez diren zenbatekoen ehuneko 75etik 180ra bitartekoak izanen dira. Arauak argiro zehazten ditu zehapen berrien ondorioak: Foru Legeak indarra hartzen duenetik aurrera egindako zerga arloko arau-hausteei aplikatuko zaizkie.

Hirugarren artikuluak aldaketak ezartzen ditu sozietateen gaineko zergan, diru-bilketa emendatzeko eta enpresen kapitalizazioa sustatzeko helburuekin, estatuko eta gure inguruko beste herrialde batzuetako legeriak hartutako neurrien ildo berean. Azken urteotan, enpresa handietan operazio ekonomiko batzuk egin dira, gehienbat finantza-gastuen, merkataritza-funtsaren eta bat-egitearen diferentzia izenekoaren kenkariekin lotutakoak; itxuraz legezkoak eta bidezkoak izanik ere, operazio horiek higadura handia eragin dute sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarrietan. Zerga Ikuskaritza saiatu den arren, zenbaitetan, operazio horiek tributuen arloan dituzten ondorioak erregularizatzen, zailtasun handiak topatu ditu, gehienetan legeak dioena dutelako babes. Hori dela eta, egokitzat jo da horietako zenbaiti, legeetan aldaketak eginez, muga jartzea.

Lehenengo eta behin, finantza-gastuen kenkarirako mugak ezarri dira, bi esparru berariazkotan. Alde batetik, xedatu da ez direla kenkariaren xede izanen sozietate talde baten barruan sortutako finantza-gastuak, enpresa talde bereko entitateekin operazio zehatz batzuk egiteko erabiltzen direnean: zehazki, edozein entitate motaren kapitalaren edo funts berekien partaidetzak erostea taldeko beste entitate batzuei, edo taldeko beste entitate batzuen kapitalari edo funts berekiei ekarpenak egitea. Nolanahi ere, arauak dio finantza-gastu horiek kengarriak izan ahalko direla baldin eta subjektu pasiboak frogatzen badu operazio horiek egiteko arrazoi ekonomiko onargarriak daudela.

Horrez gain, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 38. artikuluari testu berria eman zaio. Arauak dioenez, aplikatzekoa den kasuetan, finantza-gastu garbiak kengarriak izanen dira, ekitaldiko mozkin operatiboaren ehuneko 30eko mugarekin, eta kontuan hartuta, betiere, gehienez ere milioi bat euroko zenbatekoari aplikatuko zaiola kenkaria. Horrenbestez, finantza-gastu guztiak ez dira beti kengarriak izanen. Finantza-gastuen kengarritasuna mugatzea baino gehiago, halere, aldi baterako egozpen-arautzat hartu da, gaur egun kengarria ez dena hurrengo eta segidako 15 urteetan amaitzen diren zergaldietan kengarria izan daitekeelako, kasuan kasuko zergaldiko finantza-gastuekin batera, baina, aurreikusi bezala, ekitaldiko mozkin operatiboaren ehuneko 30eko mugarekin.

Sozietateen zergaren esparruan orobat, mugak ezarri dira enpresak birmoldatzeko operazioen ondorioz -bat-egiteak, zatiketak eta antzeko ondorioak dituzten operazioak- zerga-oinarrian aplikatzen diren kenkarietan. Aldi baterako neurriak dira, 2012. eta 2013. urteetan hasitako zergaldietan soilik izanen baitute eragina. Halatan, zerga honi buruzko foru legearen 21. artikuluan aipatzen den merkataritza-funtsari dagokion kenkariak, aurrerantzean, ehuneko 2ko gehieneko muga izanen du urtean, orain arte izan duen ehuneko 10aren ordez. Era berean, kenkariaren xede izanen da bat-egitearen diferentzia izenekoa, hau da, entitate eskuratzaileak partaidetza eskuratzean ordaindutako prezioaren eta entitate eskualdatzailearen funts berekien arteko aldea, zergaren foru legearen 139.3 artikuluan aipatzen dena egin ezean, hau da, ondasun eta eskubide eskuratuei egozten ez bazaie, baina, betiere, ehuneko 2ko gehieneko mugarekin urtean, orain arteko ehuneko 10aren ordez.

Azkenik, diru-bilketa ageriko xede duela, ehuneko 8ko karga berezi bat ezarri da aldi baterako, Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateen funts berekiak ordezkatzen dituzten baloreak eskualdatzetik datozen atzerriko dibidendu eta errenten gainean, betiere dibidendu edo errenta horiek 2012an sorraraziak badira. Karga horri esker, sozietate partizipatuetako bat tributazio apaleko herrialde batean egoteagatik, atzerriko dibidendu eta errentetarako aurreikusitako salbuespenaz baliatzerik izan ez duten entitateei funtsak kostu txikian aberriratzea errazagoa eginen zaiela espero da.

Laugarren artikulua, Foru Legearen eztabaidan onetsia, parekatu egiten ditu langabeziagatiko prestazioen atxikipenak eta atxikipen orokorrak.

Xedapen gehigarri bakarrak, azkenik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari zerga-informazioa helaraztearren, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan egokitzapen bat sartzen du, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Nafarroako araudiari jarraituz aurrezkirako zehazturiko likidazio-oinarri orokor eta bereziaren eta araudi estatalari jarraituz zehazturiko likidazio-oinarri orokor eta bereziaren artean.

Azken xedapen bakarra indarra hartzeari buruzkoa da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean gertatuko baita hain zuzen ere, baina kasu bakoitzean aurreikusitako ondorioekin.

Lehenengo Artikulua (indargabetua).

Bigarren Artikulua. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren aldaketak.

Kasu bakoitzean adierazten diren ondorioekin, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean aldaketa hauek egin dira:

Bat.-76.1 artikuluko lehenbiziko lerroaldea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, zerga arloan egiten diren arau-hausteetan ondorioak izateko.

"1. Zerga arloko arau-hauste larriengatik, 69.1 artikuluan aipatzen diren kopuruen ehuneko 75etik ehuneko 180ra bitarteko diruzko isun proportzionala jarriko da, salbu eta idatz-zati honen bigarren lerroaldean eta hurrengo artikuluan xedatutako kasuetan, eta deusetan galarazi gabe 71.3. artikuluan finkatutako murriztapena egitea".

Bi.-105.1.c) artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako eraginekin.

"c) Elkarlana, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin eta Gizarte Segurantzako Entitate Kudeatzaileekin eta zerbitzu komunekin, Gizarte Segurantzako kotizazioan eta kuoten bilketan gertatzen den iruzurraren kontrako borrokan, eta, orobat, sistema horrexen kargurako prestazioen eskuratze eta erabileran gertatzen den iruzurraren kontrakoan; elkarlana, halaber, erabiltzaile bakoitzak Osasun Sistema Nazionaleko prestazioetan egin beharreko ekarpenaren maila zehazteko."

Hiru.-Hamalaugarren xedapen gehigarria gehitzea.

"Hamalaugarren Xedapen Gehigarria. Epez kanpo aurkeztutako aitorpenak, aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak, aldez aurreko errekerimendurik gabe.

1. Foru lege honen 52.3 artikuluan ezarritakoaren aplikazioak eragindako errekarguek ehuneko 90eko murriztapena izanen dute, baldin eta epez kanpoko aitorpenak, aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak aurkezten badira Diru-sarrera publikoak handitzeko zenbait tributu-neurri ezartzen dituen foru lege honek indarra hartzen duen egunetik 2012ko abenduaren 31ra bitarte.

Aurreko lerroaldean ezarritako egoera eta ezaugarri berdinetan sorrarazten diren berandutza-interesek, berriz, ehuneko 20ko murriztapena izanen dute.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren murrizketak, aurkezteko epearen amaiera 2012ko apirilaren 1a baino lehenagokoa zuten epez kanpoko aitorpen, aitorpen-likidazio edo autolikidazioei aplikatuko zaizkie.

3. Aurreko idatz-zatiak aplikatuta, exekuzio-epea hastearen ondorioz sorraraz daitezkeen errekarguek eta berandutza interesek ez dute inolako murrizketarik izanen.

4. Gainerako guztian 52.3 artikuluan xedatutakoa beteko da."

Lau.-Hamabosgarren xedapen gehigarri bat eranstea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako eraginekin.

"Hamabosgarren Xedapen Gehigarria. Tributu-informazioa lagatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Administrazioak, ekitaldi bakoitzean, asegurudunaren edo haren onuradunaren izaera aitortzeko eta kontrolatzeko Administrazio Publikoko organo arduradunari emanen dizkio haren errenta-mailei buruzko datuak, beharrezkoak diren neurrian zera zehazteko, Osasun Sistema Nazionaleko ekarpenari loturik dauden zerbitzu-zorro komuneko prestazioen ordainketan parte hartzeko portzentajea.

Datu horien tratamenduan, Administrazio lagapen-hartzaileak izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko arauak bete beharko ditu."

Hirugarren artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen aldaketak.

Kasu bakoitzean adierazten diren ondorioekin, Sozietateei buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legean aldaketa hauek egin dira:

Bat.-24.1 artikulua, g) letra gehitzea. 2012ko urtarrilaren 1ean hasitako zergaldietan ondorioak izateko.

"g) Zergaldian sorrarazitako finantza-gastuak, taldeko entitateekiko zorretatik heldu direnak, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, zein den ere egoitza, eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra ezertan galarazi gabe, baldin eta operazio hauetarako erabili badira: taldeko beste entitate batzuei edozein entitate motaren kapitalaren edo funts berekien partaidetzak erostea, edo taldeko beste entitate batzuen kapitalari edo funts berekiei ekarpenak egitea, salbu eta subjektu pasiboak frogatzen badu operazio horiek egiteko arrazoi ekonomiko onargarriak daudela."

Bi.-IV. tituluko IX. kapituluaren izena. 2012ko urtarrilaren 1ean hasitako zergaldietan ondorioak izateko.

"IX. kapitulua. Finantza-gastu kengarrietarako arauak".

Hiru.-38. artikulua. 2012ko urtarrilaren 1ean hasitako zergaldietan ondorioak izateko.

"38. artikulua. Zenbait finantza-gasturen kenkaria mugatzea.

1. Finantza-gastu garbiak kengarriak izanen dira, ekitaldiko mozkin operatiboaren ehuneko 30eko gehieneko mugarekin.

Ondorio horietarako, finantza-gastu garbiak hauek direla ulertuko da: zergaldian sorrarazitako kapital berekiak hirugarrenei lagatzetik heldu diren diru-sarreren gainetik izandako finantza-gastuen soberakina, 24.1.g) artikuluan aipatzen diren gastuak kenduta.

Mozkin operatiboa zehazteko, oinarritzat hartuko da ekitaldiko irabazi eta galeren kontuaren ustiatze emaitza, Merkataritza Kodearen eta hura garatzen duen kontabilitate arloko gainerako arauei jarraikiz zehaztua, ibilgetuaren amortizazioa, finantzaz besteko ibilgetuaren diru-laguntzen eta bestelakoen egozpena eta ibilgetua besterentzeagatiko narriadura eta emaitza kenduta, eta ondare tresnetako partaidetzek eragindako diru-sarrera finantzarioak gehituz, betiere bat baldin badatoz entitate batzuen dibidendu edo mozkinetako partaidetzekin, bi baldintza hauetako batekin: partaidetza, zuzena edo zeharkakoa, ehuneko 5ekoa izatea gutxienez, edo partaidetzaren eskurapen-balioa 6 milioi eurotik gorakoa izatea, non eta partaidetza horiek ez diren eskuratu zorrak -24.1.g) artikulua aplikatuta, finantza-gastuak kengarriak ez dituztenak- erabiliz.

Edozein kasutan ere, zergaldiko finantza-gastu garbietan, gehienez ere milioi bat euroko zenbatekoari aplikatuko zaio kenkaria.

Kenkaritik kanpo gelditutako finantza-gastu garbiak kengarriak izan daitezke hurrengo eta segidako 15 urteetan amaitzen diren zergaldietan, kasuan kasuko zergaldikoekin batera, baina, idatz-zati honetan aurreikusitako mugarekin.

2. Zergaldiko finantza-gastu garbiak ez badira iristen aurreko 1. idatz-zatian ezarritako mugara, muga horren eta zergaldiko finantza-gastu garbien arteko aldea gehituko zaio aurreko 1. idatz-zatian aurreikusitako mugari, hurrengo eta segidako 5 urteetan amaitzen diren zergaldietako finantza-gastu garbien kenkariari dagokionez, alde horren kenkari osoa egin arte.

3. Zergak 107. artikuluan ezarritakoaren arabera ordaintzen dituzten entitateetako bazkideei egotzitako finantza-gastu garbiak kontuan hartuko dituzte bazkide horiek artikulu honetan ezarritako mugaren aplikazioaren ondorioetarako.

4. Zergak bateratze fiskaleko araubidean ordaintzen dituzten entitateak direnean, artikulu honetan ezarritako muga talde fiskalari aplikatuko zaio.

Nolanahi ere, talde fiskalean sartzeko unean, entitate batek kenkaria aplikatu gabe dituen finantza-gastu garbiei kenkaria aplikatuko zaie, baina entitatearen beraren mozkin operatiboaren ehuneko 30eko mugarekin.

Talde fiskaleko entitate bat edo batzuk taldetik ateraz gero, edo talde fiskala desagertzen bada, eta talde fiskalak kenkaria aplikatu gabe duten finantza-gastu garbiak baditu, gastu horiei emanen zaien tratamendu fiskala izanen da talde fiskalak konpentsatu gabe dituen likidazio-oinarri negatiboei ematen zaien berbera, 131. artikuluan ezarritako eran.

5. Artikulu honetan aurreikusitakoa ez zaie honakoei aplikatuko:

a) Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideen arabera talde bateko kide ez diren entitateei, salbu eta entitatean gutxienez ere ehuneko 20ko partaidetza zuzena edo zeharkakoa duten pertsonekiko edo entitateekiko zorretatik datozen finantza-gastuak, edo, beste entitate batean partaidetza zuzena edo zeharkakoa izanik, gutxienez ehuneko 20koa, harekiko zorretatik datozen finantza-gastuak finantza-gastu garbien ehuneko 10etik gorakoak direnean.

b) Kreditu-entitateei. Nolanahi ere, zergak bateratze fiskalaren araubidean izaera hori ez duten beste entitate batzuekin batera ordaintzen dituzten kreditu-entitateen kasuan, artikulu honetan ezarritako muga kalkulatuko da kontuan izanik kreditu-entitate ez diren horien mozkin operatiboa eta finantza-gastu garbiak."

Lau.-107.1.b) artikulua. 2012ko urtarrilaren 1ean hasten diren zergaldietan ondorioak izateko.

"b) Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren bazkideei honakoak egotziko zaizkie:

1. Finantza-gastu garbiak, 38. artikuluari jarraikiz, zergaldian entitate horietan kenkariaren xede izan ez direnak. Bazkideei egozten zaizkien finantza-gastu garbiak ez dira kengarriak izanen entitatearentzat.

2. Entitate horiek lortutako likidazio-oinarriak, positiboak nahiz negatiboak. Bazkideei egozten dizkieten likidazio-oinarri negatiboak ezin izanen dira konpentsatzekoak izan haiek lortu zituen entitatearentzat.

3. Entitateari kuotan aplikatzen zaizkion kenkariak eta hobariak, horretarako eskubidea izanik. Horri dagokionez, kenkarien eta hobarien oinarriak bazkideen likidazioan sartuko dira, eta kuotaren jaitsiera zerga honen edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arauen arabera eginen da.

4. Entitateari dagozkion atxikipenak eta konturako diru-sarrerak."

Bost.-Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria eranstea. 2012. eta 2013. urteetan hasitako zergaldietan ondorioak izateko.

"Hogeita Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Merkataritza-funtsaren kenkaria eta bat-egitearen diferentziaren kenkaria mugatzea.

1. 21. artikuluan aipatzen den merkataritza-funtsari dagokion kenkariak funtsaren zenbatekoaren ehuneko 2ko gehieneko muga izanen du urtean.

2. Entitate eskuratzaileak partaidetza eskuratzean ordaintzen duen prezioaren eta entitate eskualdatzailearen funts berekien arteko diferentzia, 139.3 artikuluan aipatzen dena egin ezean, hau da, ondasun eta eskubide eskuratuei egozten ez bazaie, kenkariaren xede izanen da, zenbatekoaren ehuneko 2ko gehieneko mugarekin urtean".

Sei.-Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria eranstea.

"Hogeita Bederatzigarren Xedapen Gehigarria. Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateen funts berekiak ordezkatzen dituzten baloreak eskualdatzetik datozen atzerriko dibidendu eta errenten gaineko karga berezia.

1. Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateen dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak, 62.1 artikuluaren a) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta 2012an sorraraziak badira, zerga honen zerga-oinarritik kanpo utzi ahalko dira, subjektu pasiboak karga berezi baten menpe uztea hautatzen badu. c) letran ezarritako betebeharra entitate bakoitzaren kasuan zehaztu ahal izanen da, entitate horretan duen partaidetza zuzena izan edo zeharkakoa izan, partaidetza eduki den aldi osoan lortutako diru-sarrera guztiak kontuan hartuta.

Karga bereziaren zerga-oinarria izanen da sorrarazitako dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbateko osoa, eta, partaidetzaren balioak narriadura jasanez gero karga berezi honen xede diren mozkinen banaketaren ondorioz, galera hori ez da kengarria izanen zergetan.

2. Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateek, 62.1 artikuluaren a) letran ezarritako baldintza eskualdaketaren egunean betetzen badute, eta artikulu horren c) letran ezarritako baldintza, berriz, partaidetza eduki duten ekitaldi guztietan betetzen badute, zerga honen zerga-oinarritik kanpo utzi ahalko dituzte haien funts berekiak ordezkatzen dituzten baloreak eskualdatzetik datozen errentak, eskualdaketa 2012an egina bada, subjektu pasiboak aurreko idatz-zatian aurreikusitako karga bereziaren menpe uztea hautatzen badu.

Kasu horretan, zerga-oinarria izanen da eskualdaketan lortutako errenta, bai eta eskualdatutako partaidetzaren balioaren edozein zuzenketaren berreskurapena ere, partaidetza eduki den denboran zergen ondorioetarako kengarritzat hartu baldin bada.

3. Karga bereziaren tasa ehuneko 8koa izanen da.

Nolanahi ere, Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateen funts berekiak ordezkatzen dituzten baloreak eskualdatzean, partaidetza eduki den denboran zergen ondorioetarako kengarritzat hartu den balio zuzenketak zerga-oinarrian egiten duen zatiak subjektu pasiboari dagokion karga tasa berbera izanen du.

Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateen funts berekiak ordezkatzen dituzten baloreak eskualdatzetik datozen errentek, bai eta dibidenduek edo mozkinetako partaidetzek ere, karga berezi honen menpe daudenek, ez dute eskubiderik sortuko 60. eta 61. artikuluetan aurreikusitako nazioarteko zergapetze bikoitzagatiko kenkaria aplikatzeko.

4. Karga berezi honi dagokion kontabilitate gastua ez da kengarria izanen sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarrian.

5. Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateen dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen kasuan, karga berezia akziodunen batzar orokorrak edo organo baliokideak mozkinak banatzeko erabakia hartzen duen egunean sorraraziko da.

Espainiako lurraldean egoiliarrak ez diren entitateen funts berekiak ordezkatzen dituzten baloreak eskualdatzen direnean, berriz, karga berezia eskualdatzea gertatzen den egunean sorraraziko da.

Karga bereziaren autolikidazioa egin beharko da, eta sorrarazten den egunetik hurrengo 25 egun naturaleko epean ordaindu. Nolanahi ere, epe horren hasieran onetsi gabe baldin badago hurrengo idatz-zatian aipatzen den aitorpen eredua ezartzeko foru agindua, aitorpena foru agindu horrek indarra hartu eta hurrengo 25 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da.

6. Karga berezi honen aitorpen eredua Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu bidez onetsiko da, non ezarriko baita aitorpena aurkezteko modua eta tokia."

Laugarren artikulua.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari buruzko aldaketak.

2012an langabeziarengatik ordaintzen diren prestazioetan eraginak izan ditzan, foru lege honek indarra hartzen duenetik, eta 2013. urtean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren berrogeita batgarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatia aldatzen da.

"3. Atxikipen portzentajeak, langabeziako prestazioen kasuan.

Langabeziako prestazioen kasuan, entitate kudeatzaile batek onetsiak betiere, aplikatzekoa izanen da aurreko 1. idatz-zatian izaera orokorrarekin ezarritako atxikipenen portzentaje-taula."

Xedapen gehigarri bakarra. Errenta maila zehaztea, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari informazioa emateari dagokionez, erabiltzaileak farmazia-prestazio anbulatorioan ordaindu beharreko ekarpenaren portzentajea finkatze aldera.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan Nafarroako foru araudia aplikatzen duten subjektu pasiboen kasuan, honela kalkulatuko da Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa, erabiltzaileak jarri beharreko portzentajeak eta gehieneko topeak zehazte aldera -Medikamentuen eta Osasun Produktuen Bermeei eta Erabilera Arrazoizkoari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legearen 94. bis artikuluko 5. eta 6. idatz-zatietan aipatzen direnak-:

1. Lehenik, laneko errendimendu garbi positiboak lortzen dituzten subjektu pasiboei, zerga-oinarria murriztu eginen zaie, indibidualki; hona zenbatekoak:

a) 9.180 euroko edo hortik beherako laneko errendimendu garbiak dituzten zergadunak: 4.080 euro urteko.

b) 9.180,01 eta 13.260 euro bitarteko laneko errendimendu garbiak dituzten zergadunak: 4.080 euro ken laneko errendimenduaren eta urteko 9.180 euroren arteko aldea 0,35ekin biderkatzearen emaitza.

c) 13.260 euro baino gehiagoko laneko errendimendu garbiak dituzten zergadunak, edo lanekoak ez diren 6.500 eurotik gorako errentak -salbuetsitako errentak alde batera utzita- dituzten zergadunak: 2.652 euro urteko.

Gainera, ezgaitasunen bat izan eta langile aktibo gisa laneko errendimenduak eskuratzen dituzten pertsonek, beren laneko errendimendu garbia 3.264 euroan murrizten ahalko dute urtean. Frogatzen badute beren ezgaitasuna ehuneko 65ekoa edo hori baino gehiagokoa dela, murrizte gehigarri hori urtean 7.242 eurokoa izanen da.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera zerga-oinarrian murriztutakoaren zenbatekoa ezin izanen da izan subjektu pasiboaren laneko errendimendu garbien zenbatekoa baino handiagoa.

2. Bigarrenik, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluak aipagai duen zerga-oinarriaren zati orokorretik kendu eginen da aurreko idatz-zatiaren arabera laneko errendimendu garbi positiboetan lortu den murrizketaren zenbatekoa; emaitza hori, hala ere, ezin izanen da negatiboa izan.

Emaitza positiboa bada, zerga-oinarriaren murriztapenon zenbatekoan aplikatuko da murrizketa: Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 55. artikuluko 1., 2. eta 6. idatz-zatietan ezarritakoak eta 13., 14. eta 15. xedapen gehigarrietan ezarritakoak. Emaitza hori ere ezin izanen da negatiboa izan.

3. Hirugarrenik, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 55. artikuluko 2. eta 6. idatz-zatietan ezarritako murriztapenetan izan diren soberakinak ezin izan direnean aplikatu aurreko idatz-zatiaren arabera, kendu eginen dira aipatutako testu bateginaren 54. artikuluak aipatzen duen aurrezkiaren zati berezitik. Emaitza hori ere ezin izanen da negatiboa izan.

4. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari helaraziko zaizkio, subjektu pasibo bakoitzari dagokionez, aurreko 2. eta 3. idatz-zatien ondorioz ateratzen diren zenbatekoak.

5. Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 71.1 artikuluko a) eta b) letretan definitutako familia-unitateen kasuan, baldin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga batera ordaintzea erabakitzen badute, eta idatz-zati honetako baldintzak betetzen badituzte, kontuan hartuko da ezkontide edo bikote egonkorreko kide bakoitzari aurreko 2. idatz-zatiaren arabera zenbateko errenta dagokion, eta bi errenta horien batuketa izanen da errentatzat hartuko dena, 3.400 euroko murriztapenarekin. Aurreko eragiketa eginda, soberakinik geldituz gero, murriztapena hurrengoari aplikatuko zaio: ezkontideei edo bikote egonkorreko kideei aurreko idatz-zatian kalkulatu zaizkien zenbatekoen batuketari.

Murriztapen hori aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

Lehena

Aurrezkiaren likidazio-oinarri orokorraren eta bereziaren batuketa -likidazio-oinarri horiek kalkulatuta Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 55. eta 57. artikuluetan ezarritakoaren arabera- positiboa izatea ezkontide edo bikote egonkorreko kideetako baten kasuan, eta zero edo negatiboa, aldiz, bestearen kasuan.

Bigarrena

Aurrezkiaren likidazio-oinarri orokorraren eta bereziaren batuketa zero edo negatiboa duen ezkontide edo bikote egonkorreko kidearen kasuan -likidazio-oinarri horiek kalkulatuta Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 55. eta 57. artikuluetan ezarritakoaren arabera-, aurreko 2. eta 3. idatz-zatien arabera iritsitako zenbatekoen batura 3.400 eurotik beherakoa izan dadila.

6. Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 71.1 artikuluko c) letran definitutako familia-unitateen kasuan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga batera ordaintzea erabakitzen badute, zerga-aitorpena egiten duenari dagokion zenbatekoari, aurreko 2. idatz-zatiaren arabera zehaztuari, 2.150 euroko murriztapena aplikatuko zaio. Baldin eta, eragiketa hori eginda, soberakinik badago, murriztapena aurreko 3. idatz-zatiaren arabera zehaztutako zenbatekoari aplikatuko zaio.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa