Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa NAOn argitaratua, uztailaren 4an. Aldaketak: 18/2006 Foru Legea, abenduaren 27koa; 14/1999 Foru Legea, apirilaren 6koa; 20/2000 Foru Legea, abenduaren 29koa; 3/2002 Foru Legea, martxoaren 14koa; 35/2003 Foru Legea, abenduaren 30ekoa; 21/1997 Foru Legea, abenduaren 30ekoa, 24/1996 Foru Legea, abenduaren 30ekoa; 2/2008 Foru Legea; 20/2011 Foru Legea, abenduaren 30ekoa; 23/2010 Foru Legea, abenduaren 28koa)
Atarikoa
Nafarroako kooperatibei buruzko uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriak aurrikusten zuen Gobernuak prestatu eta Parlamentuaren erabakiaren menpe jarriko zuela Kooperatiben Estatutu Fiskala.
Foru Lege hori izan baino lehenago, entitate horiei aplikagarri zitzaien zerga‑araubide berezia Foru Diputazioak 1969.eko abenduaren 12an hartutako Erabakian biltzen zen, geroago Foru Diputazioak 1980.eko maiatzaren 29an hartutako Erabakiaren bidez hein batean garatuko zena; hala ere, kooperatiben araubide juridiko funtsezkoan eman diren aldaketak sakonak izan dira 12/1989 Foru Legea onetsi ondoren eta gai horretan Estatuko Legearen bideari jarraikiz, hots, Kooperatibei buruzko apirilaren 2ko 3/1987 Lege Orokorrari, eta Foru Komunitateko tributu‑sisteman berean 1978. urtean hasitako zerga‑erreformaren ondorioz; hori dela eta, beste arauketa bat prestatzea beharrezkoa egiten da, 1969.ekoa ordezkatu eta, era berean, kooperatiben eta horien bazkide eta asoziatuei dagokienean, zerga‑arloan eman daitezkeen berezitasun guztiak lege‑corpus bakarrean sartzeko.
"Kooperatibak" deitu I. Tituluan, tributuen ondorioetarako, kooperatibak bi motatakoak izanen direla ageri zaigu: babestutakoak eta babes berezikoak.
Kooperatiba batek Foru Lege honek ezartzen duen zerga‑tratamendua har dezan, funtsezko legeriari jarraikiz eraturik egon beharko du eta, gainera, zerga‑arauteriak betebehar osagarritzat ezartzen duenarekin bat, ez du 9. artikuluak aipatzen dituen arrazoien artean sarturik egon beharko, bere izaera galduko bailuke, ez kooperatibarena, zerga aldetik babestea merezi duen kooperatibarena baizik.
Foru Lege honen iharduketa‑eremuaren hasierako mugapenaren salbuespen gisa, Foru Lege horren "Kooperatiben zerga‑araubidea" deitu II. Tituluan dauden erregela bereziak, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoak, kooperatiba guztiei aplikatuko zaizkie, hots, erregularki eratu eta inskribatutakoei. Zerga aldetik babestutako kooperatibei dagokienean, karga‑tasa kooperatiben emaitzetarako 100eko 20koa izanen litzateke eta kooperatibaz kanpoko emaitzetarako tasa orokorra, eta gainontzekoetan Zergaren tasa orokorra.
Kooperatibak babestu eta babes berezikoen artean sailkatu badira izan da kooperatiba batzuei (Nekazaritzako kooperatibak, Lurra amankomunean ustiatzeko kooperatibak, Lan eta zerbitzuetako kooperatibak, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen kooperatibak) beste batzuei baino pizgarri gehiago eman nahi zaielako, sektore ekonomiko zehatzetan duten ihardunean eta bazkideen ahalmen ekonomikoan oinarriturik eta beraien elkarlaguntzako xedea errespetatzeko.
Babestutako kooperatibek ondoko Zergak ukitzen dituzten tributu‑onura batzuk izanen dituzte: Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga (sozietateen eragiketatan, maileguetan eta Hezkuntza eta Sustapen Fondoan salbuespena); Sozietateen gaineko Zerga (amortizazio‑askatasuna) eta toki‑tributuak (Lizentzia Fiskalean eta Landalur eta Abeltzaintzako Kontribuzioan %95eko hobaria).
Babes bereziko kooperatibek, horiez gainera, beste hauek ere izanen dituzte: ondasunak eta eskubideak eskuratzeko Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan, salbuespena, eta Sozietateen gaineko Zergan, kuotaren 100eko 50eko hobaria.
Bigarren graduko kooperatibek eta Kooperatiben Batasun, Federazio eta Konfederazioek ere zerga‑onurak izanen dituzte.
"Kooperatibetako bazkide eta asoziatuak" deitu III. Tituluak arau berezi batzuk ematen ditu; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionean, bazkideak eta asoziatuak ukitzen ditu: kooperatiben itzulkinei dagokienean, dibidendoen zerga bikoizketagatik egindako kenkaria eta, Ondarearen gaineko Zergaren ondorioetarako, entitate horien kapital sozialean dituzten partaidetzen balorazioa.
"Kreditu kooperatibak" deitu IV. Tituluak kooperatibak bi sailetan banatzen ditu, babestutzat hartzen direnak eta babesik merezi ez dutenak eta babestutako kooperatibei tasa hauek aplikagarri zaizkiela deklaratzen du: kooperatiben emaitzetarako 100eko 26 eta kooperatibaz kanpoko emaitzetarako tasa orokorra.
Azkenik, bigarren xedapen gehigarriak Eraldakuntzarako Nekazaritza Sozietateei aplikagarri zaizkien zerga‑onurak ezartzen ditu.
I. TITULUA. KOOPERATIBAK
I. KAPITULUA. Arau orokorrak
1. artikulua. Aplikazio‑esparrua.
1. Foru Lege honetan araututako tributu‑araubidea, Hitzarmen Ekonomikoaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, foru‑arauteria nafarrari lotutako kooperatibei izanen zaie aplikagarri.
2. Zerga aldetik babestutako kooperatibei dagozkien xedapen berariazkoak Foru Lege honetan ezartzen diren baldintza eta betebeharrak biltzen dituztenei izanen zaizkie aplikagarri.
2. artikulua. Zerga aldetik babestutako kooperatiben sailkapena.
Tributuen ondorioetarako, zerga aldetik babestutako kooperatibak izan daitezke:
a) Kooperatiba babestuak.
b) Babes bereziko kooperatibak.
II. KAPITULUA. Kooperatiba babestuak
3. artikulua. Kooperatiba babestuak.
Kooperatibak babestutzat hartuko dira Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legearen, Kooperatibei buruzko apirilaren 2ko 3/1987 Lege Orokorraren edo arlo horretan eskumenak dituzten Autonomi Elkarteetako Kooperatiben Legeen printzipio eta xedapenei lotzen bazaizkie, beti ere Foru Lege honetako 9. artikuluan aurrikusitako kasuak ematen ez badira.
III. KAPITULUA. Babes bereziko kooperatibak
4. artikulua. Babes bereziko kooperatibak.
Lehen graduko ondoko kooperatiba hauek babes berezikotzat hartuko dira, eta Foru Lege honetan ezarritako betebeharrekin bat, horren 27. eta 28. artikuluetan erregulatutako tributu‑araubidea izan dezakete:
a) Nekazaritzakoak.
b) Lurra amankomunean ustiatzekoak.
c) Lan eta zerbitzuetakoak.
d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileenak.
Bigarren gradu edo handiagoko kooperatibei dagokienean, Foru Lege honetako 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.
5. artikulua. Nekazari kooperatibak.
Betebehar hauek betetzen dituzten nekazari kooperatibak babestuko dira bereziki:
1. Nekazaritza, oihangintza, abeltzaintza edo denetariko ustiategien titularrak diren pertsona fisikoak elkartzea, estatutuen arabera kooperatibaren jarduera zabaltzen deneko eremuaren barruan kokatuak.
Beren zerbitzuak mugarik gabeko kontratuekin lanean diharduten pertsona fisikoak, lurra batera ustiatzeko bestelako nekazari kooperatiba babestuak, foru lege honetako bigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren eraldaketarako nekazaritza sozietateak, entitate publikoak, beste sozietate batzuk, haien kapitalean entitate publikoek gehienbat parte hartzen badute, eta bestelako sozietate zibilak eta ondasun eta eskubideen erkidegoak, aurreko lerrokadako baldintzak betetzen badituzte, bakar-bakarrik pertsona fisikoek osatzen badituzte. Halaber, nekazaritzan edo abeltzaintzan diharduten bestelako sozietateak ere izaten ahalko dira bazkideak, baita enpresak sustatzekoak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak merkaturatzekoak ere, baldin eta ekitaldi bakoitzean sozietate horiek kooperatibako bazkide guztien 100eko 20 baino gehiago ez badira.
2. Nekazaritza, oihangintza, abeltzaintza edo batzuetariko jardueretan, muga hauek errespetatzea:
a) Kooperatibak erosi, errentamenduan utzi, prestatu, ekoitzi, egin edo edozein prozeduraren bidez fabrikaturiko arlo, produktu edo zerbitzuak bere instalazioetarako edo bere bazkideen ustiategietarako bakarrik erabiltzea.
Hala ere, bazkide ez diren hirugarrenei uzten ahalko zaizkie, baldin eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean haien zenbatekoak aurreko lerroaldean aipatzen den zenbatekoaren 100eko 50 gainditzen ez badu.
Halaber, nekazaritza kooperatibek zilegi izanen dute bazkide ez diren hirugarrenei petrolio-gaiak txikizka banatzea, 9.10 artikuluan ezarritako mugarekin.
b) Kooperatibaren edo bere bazkideen ustiategien antzekoak diren beste ustiategi batzuetatik datozen produktuak ez gorde, tipifikatu, eskuztatu, eraldatu, garraiatu, banatu edo merkaturatzea, berezko produktuekin lorturiko zenbatekoaren 100eko 50etik gorako zenbatekoan, ekitaldi ekonomiko bakoitzean.
3. Hirilurren kontribuzioko edo landa ondasunen Ondasun Higiezinen gaineko Zergako balioak, bazkide bakoitzari jabetza araubidean dagozkionak, 1. idatz-zatian aipatzen den eremuan daudenak, 500.000 eurotik gorakoak ez izatea.
Abeltzaintzako produktuak merkaturatzen eta eraldatzen diharduten kooperatiben kasuan, non abeltzaintza independenteko ustiategien titular diren bazkideak sartzen baitira, bazkide horietariko bakoitzak (entitate publikoak eta bestelako entitateak, hauen kapitalean gehienbat entitate publikoek parte hartzen duten sozietateak izan ezik) ekitaldi ekonomiko bakoitzean, kooperatibaren barruan edo hortik kanpo, eginiko salmenta edo entregen bolumena 1.000.000 eurotik gorakoa ez izatea.
Muga horiek aplikatu ahal izateko, beste kooperatiba, sozietate edo ondasun erkidego batzuk bazkide gisa agertzen direnean, katastroko balioak edo haien salmenten bolumena bazkide bakoitzari estatutuen arabera dagokion heinean egotziko zaizkio.
Salbuespen gisa, beste bazkide batzuen parte-hartzea onartuko da, haien katastroko balioak edo salmenten bolumena adierazi direnak baino handiagoak izanik ere, magnitude horiek baturik beste bazkideei dagozkienen 100eko 30etik gorakoak ez badira.
6. artikulua. Lurra batera ustiatzeko kooperatibak.
Lurra batera ustiatzeko kooperatibak bereziki babestuko dira, betebehar hauek betetzen badituzte:
1. Haien bazkideak pertsona fisikoak eta lurrak edo beste ondasun higiezinak erabili eta aprobetxatzeko eskubideen titularrak izatea eta ondasun horiek nekazaritzarako ustiatuak izateko gai izatea, eskubide horiek kooperatibari uzten badizkiote, kontuan hartu gabe bertan lan egiten duten ala ez. Beste pertsona fisiko batzuk ere izaten ahalko dira bazkide, kooperatibari beren ondasunak erabiltzeko eskubideak ez utziagatik ere, bertan badihardute bazkideek utziriko ondasunak eta kooperatibak edozein titulurengatik dauzkan bestelako ondasunak batera ustiatzen.
Erabili eta aprobetxatzeko eskubideen lagatzaileak diren aldetik, lurra batera ustiatzeko beste kooperatiba batzuk edo nekazari kooperatiba babestuak, eraldaketarako nekazaritza sozietateak, foru lege honetako bigarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak, entitate publikoak, bestelako sozietateak hauen kapitalean gehienbat entitate publikoek parte hartzen dutenean, pertsona fisikoek osatzen dituzten sozietate zibilak eta ondasun eta eskubideen erkidegoak, nekazaritza eta oihangitzako aprobetxamenduak, auzo mendiak eta antzeko erakundeak, foru zuzenbide zibilean edo zuzenbide zibil arruntean aipatzen direnak, kooperatibako bazkide izaten ahalko dira.
2. Mugarik gabeko kontratua duten langile soldatadunak bazkide langile guztien 100eko 20 baino gehiago ez izatea. Hala ere, bazkideak bost baino gutxiago badira, langile soldatadun bat kontratatzen ahalko da.
Kooperatibak beste inoren konturako langileak edozein kontratu motaren bidez hartzen ahalko ditu, zerga kontuetarako babesturiko kooperatiba izatetik gelditu gabe, baldin eta langile haiek ekitaldi ekonomikoan eginiko legezko lanaldiak bazkide langileek eginiko legezko lanaldien 100eko 40 baino gehiago ez badira.
Portzentaje horiek foru lege honetako 7. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturiko moduan zenbatuko dira.
3. Artikulu honetan aipatzen diren kooperatibak ez dira geldituko kooperatiba bereziki babestuak izatetik beste inoren ustiategietatik datozen produktuak zaindu, tipifikatu, eskuztatu, eraldatu, garraiatu, banatu edo merkaturatzeagatik, kooperatibaren jardueraren ondoriozko produktuengatik lorturiko zenbatekoaren 100eko 50eko gehieneko muga egin arte, ekitaldi ekonomiko bakoitzean.
4. Landa ondasunen lurralde kontribuzioaren katastroko balio guztiak edo Ondasun Higiezinen gaineko Zerga guztiak, kooperatibaren ondasunei dagozkienak, zati bazkideen kopurua (langileak eta ustiatzeko eskubideen lagatzaileak barne) 500.000 eurotik gorakoak ez izatea.
7. artikulua. Lan eta zerbitzuetako kooperatibak.
Lan eta zerbitzuetako kooperatibak babes berezikotzat hartuko dira ondoko betebeharrak betetzen badituzte:
1. Amankomunean hirugarrenendako ondasun eta zerbitzuak ekoizteko kooperatiban bertan lan eginen duten pertsona fisikoak beren baitan hartzea.
2. Benetan sortutako ordainsari osoen batez‑besteko kopurua, aurrekinak barne, iharduera‑sektore bereko ohizko ordainsarien batez‑bestekoaren 100eko 200 baino handiagoak ez izatea, kooperatibari dagokionean duten egoera besteren konturako langileena baldin bazen jaso beharko zituzketen ordainsariak hain zuzen ere.
3. Lan elkartuko kooperatiba batean mugarik gabeko kontratua duten besteren konturako langileek egindako legezko lanaldien kopurua ez izatea behin ere entitateko bazkide langileek egiten dituzten legezko lanaldi guztien 100eko 30 baino gehiago.
4. Zergen ondorioetarako, lan eta zerbitzuetako kooperatibatzat beste edozein hartuko da, estatutuei jarraikiz halako forma hartzen badu; kooperatiba mota hauei dagozkien xedapen berberak izanen zaizkie aplikagarri.
8. artikulua. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen kooperatibak.
Erabiltzaile eta kontsumitzaileen kooperatibak babes berezikotzat hartuko dira ondoko betebeharrak betetzen badituzte:
1. Pertsona fisikoak beren baitan hartzea, ondasunak kalitate, argibide eta salneurririk onenean eros ditzaten.
2. Lan‑bazkideen ordainsari osoen batez‑bestekoak ez dezala Foru Lege honetako 7. artikuluko 2. atalean ezarritako muga gainditu.
3. Asoziatu gabeko pertsonei egindako salmentak, horien esparruaren barnean, ez daitezela kooperatiba bakoitzak ekitaldi ekonomikoan egindakoen 100eko 10 edo, estatutuek hala aurrikusiz gero, 100eko 50 baino handiagoak izan.
Foru Lege honen atal honetako eta 9. artikuluko 10. ataleko mugapenak ez zaizkie kooperatibei aplikagarri izanen, gutxienik 30 lan‑bazkide eta lan‑bazkide bakoitzeko 50 kontsumo‑bazkide badituzte; azkeneko horiei dagokienean, 7. artikuluko 3. atalean ezarritakoa bete beharko da.
IV. KAPITULUA. Xedapen amankomunak
9. artikulua. Zerga aldetik babestutako kooperatibaren izaera galtzeko arrazoiak.
Zerga aldetik babestutako kooperatibaren izaera galduko da ondoren agertzen diren kasuetako batean egonez gero:
1. Derrigorrezko Erreserba Fondoan eta Hezkuntza eta Sustapenekoan dotazioak ez gauzatzea, legeak agindu kasu, baldintza eta zenbatekoan.
2. Kooperatibak diharduen bitartean bazkideen artean banatzea, Erreserba‑Fondo banaezinak eta likidazio‑unean geratzen den aktiboa.
3. Hezkuntza eta Sustapen Fondoko zenbatekoak legeak aurrikusten dituen xedeak ez diren beste batzuetarako erabiltzea.
4. Kooperatibako balantzearen erregularizazioaren edo bazkideek kapital sozialari egindako ekarpenen eguneratzearen emaitzaren xedea erregulatzen duten arauak ez betetzea.
5. Bazkide edo asoziatuek kapital sozialari egindako ekarpenak lege‑arauetan gehienez ere baimendutako korrituak baino handiagoekin ordaintzea edo ekarpen horien berreskurapena ematen denean luzapen‑korrituak ordaintzerakoan muga horiek gainditzea edo, Batzarre Orokorrak hartutako erabakiari jarraikiz eratutako Fondo berezian sartzeagatik, sortu eta banatu ez diren kooperatiba itzulkinengatik.
6. Itzulkin sozialak bazkideei esleitzea, kooperatibarekin egindako emanaldi, iharduera edo zerbitzuena ez den beste proportzio batean edo bazkide ez diren hirugarrenen artean banatzea.
7. Ekitaldi ekonomikoko galerak ez egoztea edo legean, Estatutuetan edo Batzarre Orokorrak hartutako erabakietan ezarritako arauak hautsiz egoztea.
8. Bazkideek edo asoziatuek kapital sozialari egindako ekarpenak legeak baimendutakoak baino handiagoak izatea.
9. Kooperatibak, kooperatiba ez diren entitateen kapital sozialaren 100eko 25eko kopurua baino handiagoarekin parte hartzea.
Hori hala izanik ere, partehartze hori 100eko 50erartekoa izan daiteke kooperatiba beraren iharduerak prestatu, osatu edo horren menpe daudenak burutzen badituzte; partehartze horren titulartasuna bigarren graduko kooperatiba batena bada, aldiz, 100eko 100erartekoa izan daiteke.
Partehartze horien kopurua ez da kooperatibaren baliabide berekien 100eko 50 baino handiagoa izanen.
Ekonomi eta Ogasun Departamentuak partehartze handiagoak onar ditzake, aurretik eskaria egin ondoren, zerga aldetik babestutako kooperatibaren izaera galdu gabe, partehartze horrekin kooperatibaren xede sozialen betetze‑maila hobea erdiesten bada eta entitate horien funtsezko iharduketa‑printzipioak hausten ez baditu.
Eskabidea aurkeztu eta bi hilabeteren buruan, kooperatibari berariazkotasunez ebazpenik jakinarazi ez bazaio, baimena emandakotzat hartuko da.
10. Bazkide ez diren hirugarrenekin eragiketa kooperatibizatuak egitea, legeetan baimendutako kasuetatik kanpo, edota eragiketa horien kontabilitate bereiziari buruzko arauak ez betetzea eta horiek egin ondoren lortutako emaitzak Nahitaezko Erreserba Funtsera destinatzea.
Ezein kooperatibak, edozein motakoa izanik ere, ezin izanen du bazkide ez diren hirugarrenekin kooperatibaren eragiketen 100eko 50 baino handiagoko eragiketa bolumena egin, zerga kontuetan duten babesa galdu gabe.
Aurreko lerroaldean ezarritako mugaren aplikazioaren ondorioetarako, bazkideekin egindako eragiketak honakoekin parekatuko dira: kooperatiben kredituen atalek kreditu kooperatibetatik eta funts publikoetan eta enpresa publikoek jaulkitako balioetan egindako inbertsioetatik lortutako diru-sarrerekin.
11. Kooperatibak soldatapeko langileak enplegatzea, legezko arauek baimendutako kopurua baino handiagoan, kopuru‑muga hori duten kooperatibak badira.
12. Bazkide kopurua legezko arauek aurrikusitako gutxienekotik beherago murriztea, egoera hori eman zen unetik hasi eta sei hilabeteko epean kopuru hori lehen zegoenean utzi gabe.
13. Kapital soziala estatutuek ezarritako gutxieneko kopurua baino beherago murriztea, egoera hori eman zen unetik hasi eta sei hilabeteko epean kapital hori lehen zegoenean utzi gabe.
14. Bi urtez iharduera kooperatibizatua gelditu edo organo sozialak ihardun gabe egotea, egiaztatutako arrazoirik gabe.
15. Horren helburua duen enpresak lana utzi edo iharduera kooperatibizatua garatzeko ezintasun nabarmena agertzea.
16. Legezko arauek adierazitako kasuetan kanpoko auditoretza ez egitea. Kooperatibei buruzko Foru Legearen 76.4.c) artikuluak aipatzen duen auditoretzak, ondorio hauetarako, kanpoko auditoretzatzat hartuko da.
10. artikulua. Ez‑ohizko inguruabarrak.
Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, erabaki idatzi eta arrazoituaren bidez, baimena eman dezake aurreko artikuluetan aurrikusitako muga horiek ez aplikatzeko, bazkide ez diren hirugarrenekin eragiketak egin eta soldatapeko langileak kontratatzeko, kooperatiba berari egozterik ez zaizkion ez‑ohizko inguruabarrak direla eta, kooperatibak iharduera horiek epe eta zenbateko zehatzez handitzeko beharra duenean.
Eskabidea aurkeztu eta bi hilabeteren buruan, kooperatibari berariazkotasunez ebazpenik jakinarazi ez bazaio, baimena emandakotzat hartuko da.
II. TITULUA. KOOPERATIBEN ZERGA‑ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. Sozietateen gaineko Zergan aplikagarri diren erregela bereziak
1. saila. Aplikazio‑esparrua
11. artikulua. Aplikazio‑esparrua
Kapitulu honetan sartutako arauak behar den Kooperatiba‑Erregistroan erregularki eratu eta inskribaturik dauden kooperatibei aplikatuko zaizkie, zerga aldetik babestutako kooperatibaren izaera galtzeko kasuren batean badaude ere.
2. saila. Zerga‑oinarria zehaztea
12. artikulua. Bazkideekin egindako eragiketak baloratzea.
1. Kooperatibek, dituzten helburu sozialak garatzean, beren bazkideekin egindako eragiketen balioa merkatuan dutena izanen da.
2. Merkatu‑baliotzat hartuko da, aipatu eragiketa horiek direla eta, alde independienteek beraien artean hitzartuko luketen ondasun, zerbitzu eta prestazioen ohizko salneurria.
Kooperatibak bere estatutu‑arauen arabera diharduen eskualdearen barnean alde independienteen arteko eragiketarik ematen ez bada, bazkideek kooperatibari emandako merkatu‑balioa aterako da, kooperatibak erdietsitako salmenta‑preziotik merkaturatu edo eraldatzeko ihardueretarako ohizkoa den marjina gordina kendu ondoren.
Bazkide‑langileen eta lan‑bazkideen aurrekinen kopurua zehaztuko da, behar den iharduera‑sektorerako eskualdean ohizkoak diren ordainsarien arabera.
3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa gorabehera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kooperatiben kasuan, bai eta etxebizitza-kooperatibak, nekazaritzakoak edota, haien estatutuen arabera, bazkideei zerbitzuak edo hornidurak ematen dizkietenak direnean, kasuko eragiketen prezio gisa konputatuko da eragiketarengatik egiazki ordaindu zena, betiere ez bada zerbitzu edo hornidura horien kostua baino txikiagoa, entitatearen gastu orokorrei dagokien zatia kontuan hartuta. Kontrako kasuan, azken prezio hori aplikatuko da. Nekazaritzako kooperatibetan sistema hori aplikatuko da, bai kooperatibak bazkideei ematen dizkien zerbitzu eta horniduretarako, bai bazkideek kooperatibari egiten edo ematen dizkiotenetarako.
13. artikulua. Zerga‑oinarria osatzen duten kontusailak.
1. Zerga‑oinarria zehazteko kooperatibaren emaitzak eta kooperatibaz kanpoko emaitzak bereizita agertuko dira.
2. Kooperatibaren emaitzak dira Kapitulu honetako 3. sailean aurrikusitakoaren arabera zehaztu etekinak.
3. Kooperatibaz kanpoko emaitzak dira Kapitulu honetako 4. sailak aipatzen dituen kooperatibaz kanpoko etekinak eta ondareko gehikuntza eta beherapenak.
4. Kooperatibaren emaitzak eta kooperatibaz kanpokoak zehazteko, mota bateko edo besteko dirusarrerei egotziko zaie, horiek lortzeko berariazkoak diren gastuez gainera, egozketa‑irizpide sendoen arabera, kooperatibaren gastu orokorretan dagokien zatia.
5. Likidazioaren ondorioetarako, emaitza‑mota batari edo besteari dagokion zerga‑oinarria nahitaez murriztuko da Derrigorrezko Erreserba‑Fondoan edo Dirulaguntzetako Derrigorrezko Erreserba‑Fondoan, emaitza horietatik sartu behar den zatiaren 100eko 50.
6. Nekazaritzako kooperatibei dagokienean, zerga‑oinarria prestatzeko denboraldi bakoitzeko dirusarrera eta gastuen arteko korrelazio‑araua aplikatuko da eta aldi baterako egozketa‑irizpidea hartuko kontutan. Horren bidez, denboraldi bakoitzari dagozkion dirusarrera eta gastuak emaitzen kontuan sartuko dira bazkideei eginen zaien azken likidazioaren datuak ezagutu ondoren; datu horiek sartu beharko dira hurrengo ekitaldia ixteko eguna baino lehenago.
3. saila. Kooperatibaren emaitzak
14. artikulua. Kooperatibaren dirusarrerak.
Izaera horretako dirusarreratzat hartuko dira:
1. Bazkideekin berekin egindako iharduera kooperatibizatuaren ihardunetik ateratakoak.
2. Ohizko dirulaguntzak.
3. Kapitalaren dirulaguntzak ekitaldi ekonomikoari egoztea; zerga aldetik, Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Birbilduko 18. artikuluan ezarritakoaren arabera eta kontabilitate aldetik, Kooperatibei buruzko Foru Legearen 44.10 artikuluarekin bat etorriz.
4. Kooperatibaren partaidetzaren ondoriozko korritu eta itzulkinak, beste kooperatibatan bazkide edo asoziatu gisa aritu direnean.
5. Iharduera kooperatibizatua gauzatzeko beharrezkoa den ohizko diruzaintzako kudeaketaren ondoriozko finantza‑dirusarrerak.
6. Gastuak estaltzeko bazkideek ordaindutako kuotak.
15. artikulua. Gastu kengarrien kasu bereziak.
Kooperatibaren emaitzak zehaztean, gastu kengarritzat hartuko dira:
1. Bazkideek emandako ondasun, zerbitzu edo horniketak, bazkideen lan‑prestazioak eta ondasunen errentak, horien gozamena bazkideek kooperatibaren esku utzi badute; merkatu‑balioa hartuko da kontutan, kontabilitatean balio txikiagoa izan arren, Foru Lege honetako 12. artikuluan xedatutakoaren arabera eta, hala behar bada, artikulu horretako 3. zenbakian dagoena aplikatzea galarazi gabe.
2. Kooperatibek, nahitaezkotasunez, Hezkuntza eta Sustapen Fondoan sartuko dituzten kopuruak, hurrengo artikuluan ezartzen diren baldintzekin bat etorriz.
3. Bazkide eta asoziatuek kapital sozialean egindako ekarpen derrigorrezko edo borondatezkoek sortutako korrituak eta uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legearen 50. artikuluko 2. zenbakiaren b) letrak aipatzen duen Fondoan sartutako kooperatibaren itzulkinen ondoriozkoak, beti ere korritu‑tasa ez bada Espainiako Bankuak emandako oinarrizkoa gehi bost puntu baino handiagoa. Erreferentziatzat hartuko den oinarrizko korritu‑tasa, ekitaldi ekonomiko bakoitza ixten den egunekoa izanen da.
16. artikulua. Hezkuntza eta Sustapen Fondoaren baldintzak.
1. Hezkuntza eta Sustapen Fondoko dotaziotik ken daitekeen kopurua ez da ekitaldi ekonomiko bakoitzean Fondo horren soberakin garbien 100eko 30 baino handiagoa izanen.
Fondoa aplikatuko da kooperatibaren Batzarre Orokorrak onetsiko duen planaren arabera.
2. Fondoari egindako dotazioak eta planak galdatu aplikazioak, bai higiezinerako ohizko gastuak, bai inbertsioak, sozietatearen kontabilitatean bereizirik agertuko dira, hau da, Fondo horrekiko afektazioa argi agertuko den kontuetan.
3. Plana betetzearen ondorioz, dotazioaren hurrengo ekitaldi ekonomikoan onetsitako dotazio osoa gastatu edo inbertitzen ez denean, aplikatu gabeko kopurua ekitaldi berean gauzatu beharko da, aurrezki‑kontuetan edo Zor Publikoan.
4. Fondoa, onetsi diren helburuak ez diren beste batzuetan aplikatzen bada, Foru Lege honetako 9. artikuluaren 3. atalean xedatutakoa galarazi gabe, oker aplikatutako kopuru hori gertatu den ekitaldian dirusarreratzat hartuko da.
Era berean, berdin jokatuko da bazkideen artean banatzen den Derrigorrezko Erreserba‑Fondoaren zatiarekin, Foru Lege honetako 9. artikuluaren 2. atalean xedatutakoa galarazi gabe.
5. Ekitaldia ixtean, Fondoaren emaitza‑kontu berezi batean kargatuko dira, gastuen eta ondare beherapenen kontuen saldoak eta, bereziki:
a) Kultur prestakuntza, hezkuntza eta sustapenerako gastu ohizkoak.
b) Fondoari atxikitako higiezinaren ondasunak kontserbatu, berritu eta amortizatzeko gastuak.
c) Ondasun horiek besterentzean gertatutako galerak.
6. Halaber, kontu berean sartuko dira gastu eta ondare murrizketen kontuen saldoak eta, bereziki:
a) Fondoaren helburuak betetzeko jaso diren dirulaguntza, dohaintza eta laguntzak.
b) Kooperatibak bere bazkideei ezarritako diziplina‑zehapenak.
c) Aurreko 3. zenbakiak aipatzen dituen materializazioen finantza‑errendimenduak.
d) Fondoari atxikitako higiezinaren ondasunak besterentzearen ondoriozko irabaziak.
7. Horrela zehaztutako emaitza‑kontuaren saldoa Fondoarenean sartuko da.
Fondoaren emaitza‑kontuan sartutako gastu, galera, dirusarrera eta irabazien kontusailak ez dira kontutan edukiko kooperatibaren Sozietateen gaineko Zergaren zerga‑oinarria zehazterakoan.
8. Artikulu honetan xedatutakoa aplikagarri izanen zaio, agindu honetan araututakoaren antzeko izaera eta helburuak dituen edozein Fondori, horri aplikagarria zaion arauteria dela eta, beste izen bat hartzen badu ere.
17. artikulua. Kengarriak ez diren gastuak.
Zerga‑oinarria zehaztean, ez dira kontusail kengarritzat hartuko kooperatibako bazkideen artean, kooperatibak dituen soberakinen kargura, banatutako kopuruak, ezta kontuetan ondasun‑emanaldiei, zerbitzuei, horniketei, bazkideen lan‑prestazioei eta ondasun‑errentamenduei esleitutako balioaren soberakina ere, horren gozamena bazkideek kooperatibari laga badiote, Foru Lege honetako 12. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztutako merkatu‑balioaz.
4. saila. Kooperatibaz kanpoko emaitzak
18. artikulua. Kooperatibaz kanpoko dirusarrerak.
Izaera horretako dirusarreratzat hartuko dira, besteak beste, hauexek:
1. Iharduera kooperatibizatuaren ihardunetik ateratakoak, bazkide ez direnek burutu badituzte.
2. Kooperatiba izaera ez duten sozietateetako inbertsio edo partaidetzen ondoriozko finantza‑dirusarrerak.
3. Kooperatibaren helburu berariazkoei arrotz zaizkien iharduera ekonomiko edo iturrietatik lortutakoak.
Horien barne sartuko dira kooperatiben kreditu‑sailetatik ateratakoak eta beste hauek, berriz, kanpoan geldituko dira: bazkideekin egindako eragiketa aktiboetatik ateratakoak, kreditu kooperatibetatik lortutakoak eta enpresa publikoek jaulkitako fondo publiko eta baloreetan egin inbertsioetatik ateratakoak.
19. artikulua. Ondare gehikuntza eta urripenak.
1. Ondare gehikuntza eta urripenak dira kooperatibaren ondarearen balioan eman aldaketak, horren osaketan emandako edozein aldaketa agerian uzten dutenean, Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Birbilduan ezarritakoaren arabera.
2. Ez dira ondare gehikuntzatzat hartuko:
a) Bazkideek eta asoziatuek nahitaez edo borondatez kapital sozialari egindako ekarpenak, sarrerako kuotak eta bazkideek Derrigorrezko Erreserba‑Fondoan sartutako ekarpen nahitaezkoen kenkariak, horiek baja ematen badute kooperatiban.
b) Bazkideek, egotzi zaizkien galera sozialak konpentsatzea.
c) Aktiboaren elementuen erregularizazioaren emaitzak, legez hala xedatzen denean.
3. Ez dira ondare urripentzat hartuko kapital sozialaren murrizketak, bazkideen bajaren ondorio badira.
5. saila. Tributu‑zorra
20. artikulua. Karga-tasak eta tributu kuota.
Lehena._Zerga kontuetarako babesturiko kooperatibei tasa hauek ezarriko zaizkie:
1. Kooperatiben emaitzei dagokien zerga-oinarriari 100eko 18ko tasa aplikatuko zaio.
2. Kooperatibaz kanpoko emaitzei dagokien zerga-oinarriari Sozietateen gaineko Zergari buruzko 24/1996 Foru Legeko 50. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen direnen artetik bidezko den zergako tasa orokorra aplikatuko zaio.
Bigarrena._Beste kooperatibei Sozietateen gaineko Zergari buruzko 24/1996 Foru Legeko 50. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen direnen artetik bidezko den zergako tasa orokorra aplikatuko zaie.
Hirugarrena._Zerga-oinarri positibo edo negatiboei aurreko zenbakietan aipatzen diren karga-tasak aplikatzearen ondoriozko kopuruen batura algebraikoa kuota osotzat joko da positiboa denean.
21. artikulua. Galeren konpentsazioa.
1. Aurreko artikuluak aipatzen duen batuketa algebraiko hori negatiboa bada, kooperatibak kopuru hori konpentsa dezake hurrengo hamabost urteetan sartzen diren zergaldietako kuota-oso positiboekin. Kuota negatiboek beharko dute izan egin beharreko likidazio edo autolikidazioaren ondorioa. Konpentsazioa gauzatzen baldin bada, kuota negatiboak dagozkien zergaldiek indarrean segitzen dutela kontsideratuko da, bidezko konpentsazioa kuantifikatzeko soilik.
2. Sortu berriak diren kooperatiben kasuan, aurreko zenbakian aipatzen den konpentsazio epearen kontaketa luzatzen ahalko da kuota positiboko lehenbiziko zergaldiaren hasiera arte."
22. artikulua. Zerga bikoizketagatik dauden kenkariak.
Kooperatibaren dibidendo edo itzulkinen zerga bikoizketagatik edo, hala behar bada, nazioarteko zerga bikoizketagatik dagoen kenkaria gauzatuko dute kooperatibek, kenkari hori sortuko duten etekinen izaera kooperatiboaren edo kooperatibaz kanpokoaren arabera dagokien karga‑tasa aplikatu ondoren.
Kooperatibaren itzulkinei dagokienean, Foru Lege honetako 34. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
23. artikulua. Enplegua sortzeagatik dagoen kenkaria.
Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Birbilduko 22. artikuluan aurrikusitako kenkaria, enplegua sortzekoa, aplikagarri izanen zaio, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarri kasu eta baldintzez gainera, behin frogaldia iraganik, lan eta zerbitzuetako kooperatibetan bazkide berriak edo, orokorrean, edozein kooperatibatan lan‑bazkideak behin‑betikoz onartzeari.
6. saila. Kooperatiben balantzea eguneratzea
24. artikulua. Kooperatiben balantzea eguneratzea.
Kooperatiben balantzea erregularizatu daiteke Sozietateen gaineko Zergari atxikitako entitateetarako ezartzen diren modu eta onura berberekin, balantzearen erregularizazioaren emaitzaren destinoari dagokionean kooperatiben gaineko legerian ezarritakoa galarazi gabe.
Hori hala bada, erregularizazio hori dagoen pasiboko kontuaren saldorik ezin izanen da eskura izan, kontu hori frogatu edo balantze erregularizatua Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztu eta urtebete iragan arte, eguneratze hori baimentzen duen arauak kontrakoa ezarri edo xedatzen badu salbu.
7. saila. Konturako atxikipen eta sarrerak
25. artikulua. Konturako atxikipen eta sarrerak.
1. Kooperatibak bere bazkide eta hirugarrenei behar diren konturako atxikipen eta sarrerak egitera behartuta daude, alor horretan indarra duten xedapenei jarraikiz.
Bereziki, lan eta zerbitzuetako kooperatibetako bazkideei edo beste edozein kooperatibatako lan‑bazkideei dagokienean, bereizketa eginen da, batetik laneko etekinak eta bestetik, kapital higigarrikoak; lan‑aurrekinak lan‑etekintzat hartuko dira, horien kopurua iharduera‑sektorerako eskualdean ohizkoak diren ordainsarien kopurua baino handiagoa ez bada.
2. Ondorio horietarako, kooperatibaren itzulkin gisa bazkideei esleituko zaien soberakinaren zatia, ekitaldi ekonomikoan eskura dagoena, dibidendoen parekoa izanen da.
Aurretiko itzulkintzat hartuko dira kontuan asignatutako balioaren zenbateko eta soberakinak, hau da, Foru Lege honen 17. artikuluan kengarriak ez diren gastutzat hartzen direnak.
3. Konturako atxikipen eta sarrerak, egiazki ordaindutako kopuruen nahiz kontura ordaindutakoen gainean gauzatuko dira, horiek galdatzea beharrezko bihurtzen diren unetik beretik.
26. artikulua. Erregela bereziak.
1. Kooperatibaren itzulkinak ez dira kapital higigarriko etekintzat hartuko eta, beraz, ez zaie atxikipenik eginen, bazkideak jasotzen ez dituenean hurrengoetarako aplikatu dituelako:
a) Kapital sozialean sartzea, bazkidearen ekarpenak horri gehituz.
b) Aurreko ekitaldietako galera sozialen konpentsazioa.
c) Batzarre Orokorrak araututako Fondo Berezi batean sartzea, bazkideari itzultzeko epea iragan edo bazkide horrek baja eman arte edo bazkideak itzulkin horiek galerak kitatu edo kapital sozialari ekarpenak egiteko erabili arte.
2. Aurreko c) letra horretan dauden kasuetan, atxikipena egiteko obligazioa sortuko da itzulkin hori eskura izateko adierazi lehen egunean, arestion aipatu mota horietako edozeinetan eta, hala behar bada, korrituak likidatzeko egunean sortuko direnei dagokienean.
II. KAPITULUA. Tributu‑onurak
1. saila. Tributu‑onurak
27. artikulua. Babestutako kooperatibei aplikagarri zaizkien zerga‑onurak.
Babestutako kooperatibek ondoko zerga‑onurak izanen dituzte:
1. Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga.
Salbuespena, aplikagarri gertatzen ahal zaizkion kontzeptu orotan, hurrengo egintza, kontratu eta eragiketei dagokienean, 1981.eko martxoaren 17ko Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga erregulatzen duen Arauaren 22.1 artikuluan aurrikusitako karga izan ezik:
a) Eraketa, kapital gehikuntza, elkarketa eta bereizketarako egintzak.
b) Maileguak eratu eta kitatzea, obligazioek osatutakoak barne.
c) Hezkuntza eta Sustapen Fondoan sartuko diren ondasun eta eskubideen eskurapenak, Fondo horren helburuak bete daitezen.
2. Sozietateen gaineko Zerga.
Aktibo finko berri amortizagarriaren elementuen amortizazio‑askatasuna, elementu horiek behar den Kooperatiben Erregistroan inskribatu eta hiru urteko epean eskuratu badira.
Ekitaldi bakoitzean amortizazio‑askatasuna aplikatzeagatik, zerga aldetik kengarria den kopurua, behin ohizko amortizazioa, gutxienekoa baino baxuagokoa izanen ez dena, gauzatu ondoren, ez da kooperatibaren emaitzen kontuko saldoaren kopurua baino handiagoa izanen, nahitaez Derrigorrezko Erreserba‑Fondoari egin beharreko aplikazioetan eta soldatapeko langileen partaidetzetan murriztu ondoren.
Onura hori, hala behar bada, elementu berberendako bateragarria da, Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Birbilduko 22. artikuluan aurrikusitako inbertsioengatiko kenkariarekin.
3. Toki‑tributuak.
Ondoko tributuei dagozkien kuotaren 100eko 95eko hobaria:
a) Iharduera Ekonomikoen gaineko Zerga edo Lizentzia Fiskala.
b) Nekazaritzako eta lurraren ustiapen komunitarioko kooperatiben landa-lurraren gaineko kontribuzioa.
28. artikulua. Babes bereziko kooperatibei aplikagarri zaizkien onura fiskalak.
Babes bereziko kooperatibek, aurreko artikuluan onartutako onurez gain, ondoko onura hauek izanen dituzte:
1. Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga.
Salbuespena, kooperatibaren helburu sozial edo estatutuarioak zuzenean betetzeko jarri diren ondasun eta eskubideak eskuratzeko eragiketetarako.
2. Sozietateen gaineko Zerga.
Kuota osoaren 100eko 50eko hobaria, Foru Lege honen 20. artikuluak aipatzen duena.
29. artikulua. Bigarren graduko kooperatibak.
1. Foru Lege honetako 9. artikuluan adierazi inguruabarretan sarturik ez dauden bigarren edo hurrengo graduko kooperatibek, 27. artikuluan aurrikusitako zerga‑onurak izanen dituzte.
2. Foru Lege honetako 9. artikuluan adierazi inguruabarretan sarturik ez dauden bigarren edo hurrengo graduko kooperatibek eta 100eko 70ean baino gehiago babes bereziko kooperatibez osaturik badaude, aurrekoez gainera, 28. artikuluan aurrikusitako zerga‑onurak izanen dituzte.
3. Asoziatutako kooperatiben artean babes berezikoak badaude eta horien kopurua asoziatuen 100eko 70 edo hori baino apalagoa bada, 27. artikuluan aurrikusitako zerga‑onurez gain, 28. artikuluko 2. puntuan adierazitako hobaria izanen dute, zein, soil‑soilik, babes bereziko kooperatibekin egindako eragiketen ondoriozko emaitzei dagokien kuota osoaren gainean aplikatuko baita.
30. artikulua. Kooperatiben Batasun, Federazio eta Konfederazioak.
Kooperatiben Batasun, Federazio eta Konfederazioek, kooperatiben gaineko legerian xedatutakoaren arabera eratuek, ondoko tributu‑‑onurak izanen dituzte:
a) Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga.
Salbuespena, babes bereziko kooperatibek dituzten egintza, kontratu eta eragiketa berberetarako.
b) Sozietateen gaineko Zerga.
Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Birbilduko 5. artikuluaren 2. zenbakian ezarritako moduan salbuespena.
c) Tokiko zergak.
100eko 95eko hobaria Jarduera Ekonomikoen Zergari edo Lizentzia Fiskalari dagokion kuotan.
d) Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroko artxiboetan ageri diren bazkideen ustiategiei buruzko agiri, argibide edo datuak luzatzeko tasatik salbuestea, euskarri informatikoan ematen direnean edo Internetik deskargatzen direnean.
2. saila. Aplikatzea eta frogatzea
31. artikulua. Zerga‑onuren aplikazioa eta horien galera.
Foru Lege honetan aurrikusitako zerga eta hobari‑salbuespenak babestutako kooperatibei aplikatuko zaizkie eta, hala behar bada, babes berezikoei, horien gozamenaren jatorria zein den administrazioari aurretik deklaratzeko beharrik izan gabe.
Zerga aldetik babestutako kooperatibaren izaera galtzeko Foru Lege honetan zehaztutako inguruabarren bat ematen bada, tributu‑araubide orokorra aplikatuko da, Foru Lege honetako 11. artikuluan xedatutakoa kontutan hartuz eta hori ematen den ekitaldi ekonomikoan izandako onurak galduko dira, jar daitezkeen isunak galarazi gabe.
32. artikulua. Frogatzea eta Ikuskatzailetza.
Nafarroako Ogasuneko Ikuskatzailetzak Foru Lege honetan ezarritako tributu‑onurak izateko beharrezkoak diren inguruabar edo baldintzak daudela frogatuko du eta, hala behar denean, ikusirik kooperatibaren tributu‑egoera, behar den erregularizazioa burutuko du.
Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak behar den Toki Entitateari aditzera emanen dio, toki‑tributuei dagokienean, frogaren eta ikuskapenaren ondorioaren emaitza zein izan den.
III. TITULUA. KOOPERATIBETAKO BAZKIDE ETA ASOZIATUAK
33. artikulua. Zenbait kontusailek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan duten tratamendua.
Subjektu pasiboa kooperatiba bateko bazkidea denean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aplikatzean ondoko arau hauek hartuko dira kontutan:
a) Kooperatibaren itzulkinak kapital higigarriko etekintzat hartuko dira, konturako atxikipen edo sarrerarik jasan badute, Foru Lege honen 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
b) Oinarria zehaztean, bazkideei esleitutako galera sozialak ez dira inolaz ere kengarri izanen.
c) Ekarpen sozialen eskualdaketaren edo berreskurapenaren ondoriozko ondare‑aldaketen kopurua zehazteko, horiek eskuratzeko kostuari ordaindutako sarrera‑kuotak eta kooperatiben galerak gehituko zaizkio, kooperatiben gaineko legezko xedapenei jarraikiz bazkideari esleitutakoak izanik, eskudirutan ordaindu badira edo bazkidearenak izan eta Batzarre Orokorrak araututako Fondo Berezi batean sarturik dauden itzulkinen bidez konpentsatu badira.
34. artikulua
35. artikulua. Ondarearen gaineko Zergaren ondorioetarako, bazkide edo asoziatuek kooperatibetako kapital sozialean dituzten partaidetzen balorazioa.
Bazkide edo asoziatuek kooperatibetako kapital sozialean dituzten partaidetzak baloratuko dira, nahitaez edo borondatez berreskuratutako ekarpen sozialen kopuru osoaren arabera. Kopuru hori Zerga sortu aurretik onetsitako azken balantzearen ondorioz ateratakoa da, hori bai, itzuli gabeko galera sozialak kendu ondoren.
IV. TITULUA. KREDITU KOOPERATIBAK
36. artikulua. Kreditu kooperatibak tributuen ondorioetarako zehaztea.
1. Foru Lege honen ondorioetarako, babestutako kooperatibatzat hartuko dira, uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legearen eta Kreditu Kooperatibei buruzko maiatzaren 26ko 13/1989 Legearen printzipio eta xedapenen arabera eratu diren entitateak, Espainiako Bankuaren Erregistroan, Merkataritzako Erregistroan eta Kooperatiben Erregistroan inskribaturik badaude.
2. Ez dira babestutako kooperatibatzat hartuko, nahiz eta izen hori erabili eta aurretik deskalifikatu gabe badaude ere, kreditu kooperatibak, Kreditu Entitateen Diziplina eta Eskuhartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legean arau‑hauste larri edo oso larriak egiten badituzte edo Foru Lege honetako 9. artikuluan aurrikusitako kasuren batean sarturik badaude, 6., 10. eta 13. ataletan daudenak izan ezik; kreditu kooperatibei aplikatzearen ondorioetarako, atal horien ordezko beste hauek hartuko dira:
a) Itzulkinak bazkideei esleitzen bazaizkie kooperatibarekin egindako eragiketa aktiboen proportzioa ez den beste batean edo bazkide ez diren hirugarrenen artean banatzen badira. Lan‑bazkiderik badago, babestutako kooperatibaren izaera ez da galduko, esleitzen zaizkien itzulkinak ekitaldi ekonomikoaren barnean jasotako lan‑aurrekinekiko proportziozkoak badira.
b) Ekitaldi ekonomikoan bazkide ez diren hirugarrenekin eragiketa aktiboak egitea, kooperatibaren baliabide guztien 100eko 50 baino kopuru handiagoan.
Aipatu portzentaia horretan ondoko eragiketak ez dira konputatuko: kreditu kooperatibek kooperatiba asoziatuen bazkideekin egindako eragiketak, diruzaintzako soberakinak bankuen arteko merkatuan sartzeko eragiketak eta legezko koefizienteak babestu edo diruzaintzako soberakinak ezartzeko errenta finkoko finantza‑balore eta aktiboak eskuratzea.
c) Kapital soziala, berriro finkatuko den kopurua baino apalagora murriztea, finkatuko den epean berritu gabe, edo kooperatibak, diharduen lurralde‑esparrutik kanpo eragiketak egitea, aurretik kapitala kopuru nahitaezkoan handitu gabe.
37. artikulua. Karga‑tasak.
Aurreko artikuluak aipatzen dituen kreditu kooperatiba babestuei, Sozietateen gaineko Zergari dagokionean, ondoko karga-tasak aplikagarri izanen zaizkie:
1goa.-Kooperatibaren emaitzei dagokien zerga-oinarriari 100eko 25eko tasa aplikatuko zaie. Horren ondorioetarako, kooperatibaren emaitzatzat hartuko dira, Foru Lege honetako II. Tituluaren I. Kapituluko 3. sailean ezarritakoez gain, 36. artikuluaren 2. zenbakiko b) letraren bigarren lerroaldean adierazi eragiketen ondoriozkoak.
2garrena.-Kooperatibaz kanpoko emaitzei dagokien zerga- oinarriari, Zergaren tasa orokorra aplikatuko zaio; emaitza horiek bereizita kontabilizatu beharko dira.
38. artikulua. Onura fiskalak.
Beren izaera eta jarduerengatik aplikagarri zaizkien 27. artikuluko 1. zenbakian aipatzen diren onura fiskalak izanen dituzte.
Lehen Xedapen Gehigarria
Foru Lege honek berariaz aurrikusten ez duen orotan, Sozietateen gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga erregulatzen dituzten arauak izanen dira aplikagarri, baita izaera orokorreko gainerako tributu‑xedapenak ere.
Bigarrena Xedapen Gehigarria
Abuztuaren 3ko 1776/1981 Errege Dekretuko helburuak betetzeko eratu diren Eraldakuntzarako Nekazaritza Sozietateek, hots, behar den Erregistroan inskribaturik daudenek, ondoko zerga‑onurak izanen dituzte:
a) Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan:
Salbuespen osoa, eraketa eta kapital gehikuntza egintzetarako.
b) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean:
100eko 95eko hobaria dagokion kuotan.
Aurreko letra horiek aipatzen dituzten onurak gozatuko dira, Eraldakuntzarako Nekazaritza Sozietateen ezaugarri berekiak oso aldatzen ez badira, aipatu Erregistroan inskribatzeko beharrezkoak diren baldintzak mantentzen ez badira eta horiek erregulatzen dituzten arauak hausten ez badira.
Arestion aipatutako zerga‑onurak aplikatu eta frogatzeko alorrean, Eraldakuntzarako Nekazaritza Sozietateei Foru Lege honetako 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak, Foru Lege honetan ezarri tributu‑tasak, zenbatekoen mugak eta portzentaiak alda ditzake, baita zerga aldetik babestutako kooperatibaren izaera galtzeko arrazoiak ere.
Laugarren Xedapen Gehigarria
Zerga aldetik babestutako lan eta zerbitzuetako kooperatibek, beraien baitan, gutxienez, bazkide minusbaliadunak 100eko 50 badira, eta, kooperatiba eratzeko unean, bazkide horiek langabezian zeudela egiaztatzen bada, Sozietateen gaineko Zergaren kuota osoaren 100eko 90eko hobaria izanen dute iharduera sozialaren lehen bost urtetan, aipatu bazkide‑portzentaia hori mantentzen den heinean.
Bosgarren Xedapen Gehigarria
Foru Lege honetan bildutako onura horiek, Orotariko Ihardueren gaineko Kontribuzioari, Industri, Merkataritza eta Zerbitzuetako Lizentzia Fiskalari eta Profesional, Artista eta Kirolarienari eta Landalur Kontribuzioari eta Abeltzaintzakoari dagozkionak, horiek ordezkatuko dituzten Zergei ere aplikagarri izanen zaizkie etorkizunean.
Seigarren Xedapen Gehigarria
Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio, behin Landalur Kontribuzioa eta Abeltzaintzakoa indarrik gabe utzi ondoren, Foru Lege honetako 5. eta 6. artikuluetan dauden zenbatekoen mugak finka ditzan, aipatu Kontribuzioa ordezkatuko duen Zergan ezarriko diren balioak erreferentzi puntu harturik.
Zazpigarren Xedapen Gehigarria
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 260. artikulua betetzeko asmoz, Foru Lege honen 27. eta 30. artikuluetan eta bigarren xedapen gehigarrian aurrikusitako salbuespen eta hobarien araubideak toki entitateei sortuko dizkien toki tributuen dirubilketaren urritzea, Nafarroako Gobernuak ukitutako entitateak konpentsatuko ditu, urritze hori sortuko den ekitaldian; horri aurre egiteko, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den kontusaila gaituko da.
Ukitutako toki entitateak beharturik daude Foru Komunitateko Administrazioari seihileko bakoitzaren bukaeran Foru Lege honen esparruan onartu dituzten zerga‑onuren berri ematera, aurreko lerroaldean adierazi konpentsazioari dagozkion kopuruak itzultzeko.
Zortzigarren xedapen gehigarria
Nafarroako Kooperatibei buruzko Foru Legearen bidez arauturiko ekinbide sozialeko kooperatibei foru lege honetan ezarririko tributu araubidea aplikatuko zaie."
Bederatzigarren xedapen gehigarria. Kontsolidazio fiskalaren araubidea.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariak behar diren arauak emanen ditu sozietate kooperatiboen berezitasunetara egokitu daitezen sozietateen gaineko zergaren kontsolidazio fiskalaren araubidea arautzen duten xedapenak; hau da, Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko X. tituluaren VIII. kapitulua eta Sozietateen gaineko zergaren Erregelamendua onetsi zuen urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretua."
Hamargarren xedapen gehigarria. Kooperatiba mistoen tributu-araubidea.
Kooperatiba mistoei foru lege honetan ezarritako tributu-araubidea aplikatuko zaie, ondoko berezitasunarekin: kooperatiba-emaitzaren zatiak, boto eskubidea atxikia duten zati sozialen bazkide titularrek dituzten botoen proportzioari dagokiona, kooperatibaz kanpoko emaitzen balio bera izanen du, sozietateen gaineko zerga ordainaraztearen ondorioetarako.
Lehen Xedapen Iragankorra
Foru Lege honek indarra hartzen duen egunean, horren 9. artikuluko 9. ataleko lehen lerroaldean ezarritako portzentaiak gainditzen dituzten kooperatibek hiru hilabeteko epea izanen dute horren berri Ekonomi eta Ogasun Departamentuari emateko, partaidetza hori mantentzea beharrezkoa egiten duten arrazoiak azalduz. Komunikazio hori aurkeztu eta kooperatibari baimena ukatzeko berariazko ebazpena bi hilabeteko epean ematen ez bazaio, 9. artikuluko 9. atalaren hirugarren lerroaldeak aipatu baimena emandakotzat hartuko da.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Foru Lege honek indarra hartzen duen unean aurreko ekitaldietan konpentsatu gabe dauden Sozietateen gaineko Zergaren zerga‑oinarri negatiboak konpentsatuko dira, atera diren ekitaldiko karga‑tasa aplikatu ondoren aterako den kuota negatiboan eraldatu aurretik, Foru Lege horren beraren 21. artikuluan aurrikusitako eran eta Sozietateen gaineko Zergaren Xedapenen Testu Birbilduko 14. artikuluan ezarritako epearen barnean.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Foru Lege honek indarra hartzen duen unean, indargabeturik geldituko dira horren edukiari kontra egiten dioten lerrun bereko edo apalagoko xedapenak.
Azken Xedapenetan Lehena
Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio Foru Lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren hainbat xedapen luza ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Lege honek 1995.eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra; Sozietateen gaineko Zergari dagokionean, egun horretatik aitzina hasitako zergaldiei izanen zaie aplikagarri.