(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Arau orokorrak :
      • 25/2010 Foru Agindua, martxoaren 2koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, pertsona juridikoen eta nortasun juridiko gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakiaren osaera arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

25/2010 Foru Agindua, martxoaren 2koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, pertsona juridikoen eta nortasun juridiko gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakiaren osaera arautzen duena

 

(2010eko 43. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 7an)

Atarikoa

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, pertsona fisiko edo juridiko guztiek eta 25. artikuluan aipatzen diren nortasunik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia izanen dute tributu arloko edo eragineko harremanetarako. Administrazioak emanen du identifikazio fiskaleko zenbaki hori, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

Gainera, aipatu xedapen gehigarriak erregelamenduaren gain uzten du identifikazio fiskaleko zenbakia esleitu eta baliogabetzeko prozedura, baita haren osaera ere, eta nola erabili tributu arloko edo eragineko harremanetan.

Erregelamendua gaitzearen ondorioz, otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuak identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri loturiko hainbat zentsu arautzen ditu. Gainera, uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretua, identifikazio fiskaleko zenbakia arautzen duena, eta ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretua, entitateen zentsua arautzen duena, baliogabetzen ditu. Lehen tokian aipatu den foru dekretuak bateratu egin nahi ditu identifikazio fiskaleko zenbakia esleitu, baliogabetu eta osatzeko arau orokorrak eta hura erabiltzeko modua tributu arloko edo eragineko harremanetan, bai pertsona fisikoei eta juridikoei bai nortasun juridiko gabeko enteei dagokienez.

Pertsona juridikoei eta nortasun juridiko gabeko entitateei dagokienez, Administrazioarekiko harremanetarako identifikatuta egon daitezen, otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretu horrek identifikazio fiskaleko zenbakia aipatzen du baina ez identifikazio kodea; aldiz, hori aipatzen zuten baliogabetuta dauden uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretua (identifikazio fiskaleko zenbakia arautzen du) eta ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretua (entitateen zentsua arautzen du).

Otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuak xedatzen duenez, pertsona fisikoen eta nortasun juridiko gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakia aldaezina da, non ez den haien forma juridikoa edo nazionalitatea aldatzen. Ohartarazi behar da, berritasun gisa, pertsona juridiko baten edo entitate baten identifikazio fiskaleko zenbakia aldatzeko aukera dakarrela, nazionalitatea aldatzen bada.

Bestetik, pertsona juridikoen eta nortasun juridiko gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakiak forma juridikoari buruzko informazioa jasoko du, entitate espainiarra bada; aldiz, entitate atzerritarra edo Espainian egoitzarik ez duen establezimendu iraunkorra bada, izaera hori jasoko du; orobat, zenbaki aleatorio bat eta kontroleko karaktere bat.

Pertsona juridikoei eta nortasun juridiko gabeko enteei dagokienez, aipatu otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 6.1 artikuluak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzan identifikazio fiskaleko zenbakia zehaztu eta osatzeko, baita Espainiako entitateen forma juridikoa, atzerriko entitate baten izaera edo Espainian egoitzarik ez duen establezimendu iraunkor batena adieraziko duten gakoak ezartzeko.

Kontuan hartuta aipatu gakoak baliogabetu den ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuan, entitateen zentsua arautzen duen horretan, ezarrita zeudela, berriro finkatu behar dira, eta hala egiten da foru agindu honen bitartez, inongo aldaketarik egin beharrik gabe.

Horiek horrela, xedatu dut:

1. artikulua. Identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzea pertsona juridikoei eta nortasun juridiko gabeko entitateei.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoan ezarritakoaren esparruan eta identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri loturiko hainbat zentsu arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Zerga Ogasunak identifikazio fiskaleko zenbakia esleituko die pertsona juridikoei eta nortasun juridiko gabeko entitateei, haiek identifikatzeko. Zenbaki hori aldaezina da, edozein aldaketa eginda ere, non ez den forma juridikoa edo nazionalitatea aldatzen.

2. artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasun juridiko gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakiaren osaera.

Identifikazio fiskaleko zenbakiak bederatzi karaktere izanen ditu, eta horrela osatuko da:

1. Letra bat, forma juridikoa adieraziko duena, Espainiako entitatea bada, orobat, atzerriko entitatea edo Espainian egoitzarik ez duen entitate baten establezimendu iraunkorra bada.

2. Zazpi digituko zenbaki aleatorio bat.

3. Kontroleko karakterea.

3. artikulua. Espainiako entitateen forma juridikoari buruzko gakoak.

Espainiako entitateentzat, identifikazio fiskaleko zenbakia letra batez hasiko da; zenbaki horrek forma juridikoaren gaineko informazioa emanen du, gako hauen arabera:

A. Sozietate anonimoak.

B. Erantzukizun mugatuko sozietateak.

C. Sozietate kolektiboak.

D. Sozietate komanditarioak.

E. Ondasun-erkidegoak eta jaraunspen jasogabeak

F. Kooperatiba sozietateak.

G. Elkarteak.

H. Jabetza horizontalaren araubideko jabeen komunitateak.

J. Sozietate zibilak, nortasun juridikodunak edo gabeak.

P. Toki korporazioak.

Q. Erakunde publikoak.

R. Kongregazio eta erakunde erlijiosoak.

S. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko organoak.

U. Enpresen aldi baterako batasunak.

V. Bestelakoak, gainerako klabeetan zehaztu gabeak.

4. artikulua. Atzerriko entitateen gakoak.

Espainiako nazionalitaterik ez duten pertsona juridikoen eta nortasun juridiko gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakia N letraz hasiko da, atzerriko entitateak direla erakusteko.

5. artikulua. Espainian egoitzarik ez duen entitate baten establezimendu iraunkorren gakoak.

1. Martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoarekin bat, pertsona juridiko edo entitate ez-egoiliar batek Espainiako lurraldean jarduten badu, establezimendu iraunkor baten edo batzuen bidez jarduera ongi bereiziak gauzatzen eta kudeaketa modu bereizian eramaten, helbide fiskala Nafarroan duen establezimendu iraunkor bakoitzak identifikazio fiskaleko zenbaki bat eskatu beharko du, pertsona edo entitate ez-egoiliarrari esleitutakoaz bestelakoa.

2. Espainiako lurraldean egoitza ez duten entitateen establezimendu iraunkorrentzat, identifikazio fiskaleko zenbakia W letraz hasiko da, Espainiako lurraldean egoitza ez duen entitatearen establezimendu iraunkorra dela adierazteko.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa