Castellano | Euskara | Français | English
300/2008 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, atzerritik etorritako ikasleei, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetan eskolaturik daudenei, irakas-hizkuntza irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren antolaketa eta funtzimendua arautuko dituzten jarraibideak ematen dituena
(2008ko 103. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 22an)
Atarikoa
Hezkuntza kontseilariak ekainaren 13an emaniko 93/2008 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.
Foru agindu horren azalpen zatian adierazten da bigarren hezkuntzako etapan antolaketa eta curriculum neurriak ezarri beharko direla, laguntza egokia jaso dezaten ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek, ezgaitasun iraunkorra dutenek, gaitasun handiak dituztenek eta hezkuntza sisteman berandu sartzen direnek.
Hezkuntza sisteman berandu sartu eta irakas-hizkuntza ez dakiten edo curriculumean atzeratuta dabiltzan ikasleentzat berariazko programak garatuko dira ikasteko eta hezkuntza sisteman sartzeko.
Foru agindu horren V. kapituluan, 28. artikuluko 5. idatz-zatian, ezartzen denez, hizkuntza ez dakiten Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako Hizkuntzan Murgiltzeko Programa helburu hauek dituen programa berariazkoa da: irakas-hizkuntzaren ikaskuntza trinkoa, harrerako kulturaren ezagutza, eta, horrenbestez, atzerritik etorri eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eskolaturik dauden ikasleen hezkuntza eta gizarte integrazioa.
Gure Foru Komunitatean kultura desberdinak biltzen dira gaur egun, eta horren ondorioz neurri zehatzak hartzeko gogoeta prozesu bat sortu da. Hezkuntza sistema eta hura osatzen duten eragile eta erakundeak ohartu egin dira aldaketa batzuk sartu beharra dagoela eskoletan, kultura bizi eta transmititzeko moduari dagokionez. Zehatzago esateko, ikasle atzerritarrak egoteak hezkuntza sistemaren erantzun egoki bat eskatzen du, besteak beste.
Ikasle batzuek harrera-herrialdeko hizkuntza ez jakiteak ekartzen dituen zailtasunak arintzeko, beharrezkoa da hizkuntzan sakontzeko eta curriculumeko irakas-hizkuntzara ohitzeko neurriak hartzea.
Premia hori hezkuntza etapa guztietan badago ere, Bigarren Hezkuntzan argiago agertzen da. Gaztelaniaz ez jakiteak, curriculumean atzeraturik egoteak eta eskolan nahiz gizartean integratzeko zailtasunak izateak biziki eragozten diete atzerritik etorritako ikasle batzuei etapa horretan eskolatu eta ikastea; bestalde, institutu eta ikastetxeek premia horiei aurre egiteko laguntza eskatzen dute.
Aniztasunaren, Orientabidearen eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, atzerritik etorritako ikasleei, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetan eskolaturik daudenei, irakas-hizkuntza irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituzten jarraibideak onesteko.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
1. Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetako ikasle atzerritarrei irakas-hizkuntza irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituzten jarraibideak onestea. Jarraibideok 1., 2., 3. eta 4. eranskinetan ageri dira.
2. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Aniztasunaren, Orientabidearen eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Ikastetxeen, Ikasketetarako Laguntzen eta Azterlan Ekonomikoen Zerbitzura, Langileriaren Kudeaketarako Atalera, Kultura-aniztasunaren Atalera eta ikastetxe publiko eta itundu interesdunetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
1. ERANSKINA
1. Programaren xedea.
Programak irakas-hizkuntzaren ikasketa du helburu eta, horrekin batera, bertako kulturaren berri ematea eta, ondorioz, ikasleak hobeki integratzea, hezkuntzaren eta gizartearen ikuspuntutik.
2. Programaz balia daitezkeen ikasleak.
Atzerritik etorritako ikasleak, Bigarren Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eskolatuak, irakas-hizkuntza jakin gabe Nafarroako hezkuntza sisteman lehen aldiz sartzen direnentzat egina dago programa.
Salbuespen gisa, aurrekoez gain programan sartu ahal izanen dira, halaber, Espainiako hezkuntza sisteman aurreko ikasturtean sartu baziren ere, irakas-hizkuntzaren erabilera funtzionala lortu ez duten ikasleak, eta, horregatik, curriculuma eskuratzeko zailtasun handiak dituztenak (ulermena eta mintzamena).
Programak ikastetxean eskolaturik dauden eta hezkuntza neurri horren premia duten ikasleei emanen die erantzuna.
Programa garatzen duten ikastetxe itunduetan bertako ikasleak eta herri edo eskualde horretako beste ikastetxe itundu batzuetan egonik premia hori duten ikasleak hartuko dira.
3. Ikasleak atxikitzeko irizpideak.
Irakas-hizkuntza ez dakien ikasle bat Bigarren Hezkuntzako institutu edo ikastetxe batean matrikulatzen denean, zuzendaritza taldeak, Aniztasunari Erantzuteko Planean ezarritako irizpideen arabera hasierako ebaluazioa egin ondoren, ikaslea programan sartzeko eskaera eginen du.
4. Jarraitu beharreko prozedura.
Ikaslea eskolatua dagoen institutuko edo ikastetxeko zuzendariak, hasierako ebaluazioa egin ondoren, programan sartzeko eskaera aurkeztuko du, Kultura-aniztasunaren Atalean, idatziz, 3. eranskinean ageri den protokolo-orriaren bitartez.
Eskaera aztertu eta ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko ikuskatzailearen ikus-onetsiarekin, Kultura-Aniztasunaren Atalak idatziz jakinaraziko dio programan onartzeko erabakia institutuko edo ikastetxeko zuzendariari, horrek familiari erabakiaren berri eman diezaion. Programa garatzen duen institutu edo ikastetxeko zuzendariari ere dagokion informazioa igorriko zaio.
Gelako jarduera hasitakoan, Programan sartu den ikasleak, ikastetxeko irakasleen eta ikastetxeko orientatzailearen iritziz, irakas-hizkuntza behar adina baldin badaki lauhilekoaren ebaluazioaren aurretik bere ohiko taldera itzultzeko, orduan, salbuespenez, ikaslea programatik atera dadila erabaki liteke, betiere Kultura-Aniztasunaren Atalari jakinarazi eta gero, eta atal horrek ikaslea eskolaturik dagoen institutu edo ikastetxeko zuzendariari gertaeraren berri emanen dio.
5. Ikaslearen egonaldia programan.
Irizpide orokor gisa, ikasleak lau hilabetez egonen dira programari atxikirik, sartzen direnetik hasita, programa horretan ikasturteak dituen bi lauhilekoetatik edozein delarik ere.
Denbora hori bukaturik, irakas-hizkuntzaren erabilera funtzionalean lortu duen gaitasuna ebaluatu ondoren, institutu edo ikastetxeko orientatzaileak eta Programako irakasleek batera egindako txostenaren arabera, beharrezkotzat jotzen baldin bada ikasleak programan jarraitzea, epe hori luzatzea proposatuko zaio Kultura-Aniztasunaren Atalari, eta horrek denbora hori beste lauhileko baterako luzatzeko baimena eman dezake, baina ez gehiagotarako.
Programako ikasle batek bere egonaldia bukatu duela erabakitzea, ikastetxeko hezkuntza-taldeak eta orientatzaileak ebaluazioa egin ondoren, Kultura-Aniztasunaren Ataleko buruak programa kokatua dagoen institutu edo ikastetxeari jakinaraziko dio, eta baita ikaslea inskribaturik dagoen institutu edo bigarren hezkuntzako ikastetxeari ere.
6. Ikasle ratioa.
Aldi berean sei bat ikasle hartuko dira. Hezkuntza sisteman ikasturtearen une desberdinetan sartzen diren pertsona horien ezaugarri pertsonalak, familiarrak, sozialak eta kulturalak direla eta, komeni da ikasle bakoitzari banakako arreta egitea.
Ikastetxe batean ematen ari den programan ikaslerik ez badago denbora tarte batean, programako irakasleak Kultura-Aniztasunaren Atalaren eta ikastetxeko zuzendaritza taldearen esanetara geldituko dira, eta horiek hala behar duten ikasleentzako indartze eta laguntza lanak betetzeko proposatu dezakete.
7. Ordu banaketa.
Programa garatzen duten ikastetxeetan astean 17 orduz lan eginen dute ikasleekin (10 ordu esparru soziolinguistikoan eta 7 orduz zientzia eta matematikaren esparruan). Ikastetxeek erabakiko dute ordu horien plangintza eta proposamena, irakaskuntzako lanak eta irakasleen koordinaziokoak antolatzeko duten autonomiaren barruan.
Programa garatzen duten ikastetxe publikoek talde-ikasgela bat antolatu ahal izanen dute bi irakasleekin, edo maila desberdineko bi talde-ikasgela, bakoitza bere irakaslearekin. Bigarren kasuan, esparru soziolinguistikoko irakaslearen lana hizkuntz gaitasun apalena duen taldeari irakas-hizkuntza irakastea izanen da, eta zientzia eta matematikaren esparruko irakaslearena, berriz, hizkuntz gaitasun altuena duen taldeko ikasleak curriculumera hurbiltzea, haien erreferentzia taldean sartu aurretik prestatzeko.
Hezkuntza Departamentuak, irizpide objektibotan oinarrituta, ikastetxe batean programako orduen kopurua handitu edo murriztu dezake, ikastetxeak dituen hezkuntza beharren arabera.
Programa ezarria duten ikastetxe itunduetan, astean 17 ordu izanen dira (esparru sozio-linguistikoko 10 ordu eta zientzia eta matematikaren esparruko 7), astean hiru egunez, bi egunetik behin, lau hilabetez. Aurretik, ikasle horiek dagokien Bigarren Hezkuntzako ikastetxean eskolatuta beharko dute egon; bertara joanen dira asteko beste bi egunetan, eta hara itzuliko dira programako denbora bukatutakoan. Programako ikasleak jatorriko ikastetxean dauden asteko bi egunetan, hizkuntzan murgiltzeko denboraldi hau bukatuta bere taldea eta maila izanen den horretan eginen ditu bigarren hezkuntzako curriculumaren irakasgaiak, betiere curriculum egokitzapenak eginik, behar izanez gero.
8. Programaren eta ikaslearen erreferentziako ikastetxearen arteko koordinazio lana.
Programa ematen duten irakasleek, beren ordutegi pertsonalen barrenean eta ikastetxean egon beharreko ordu osagarrien artean, gutxienez bi orduz egon beharko dute batera, koordinazio eta prestaketa lanak egiteko. Gainera, Hezkuntza Departamentuak asteazkenetako arratsalderen batean talde-laneko bileretarako deia eginen die programan parte hartzen duten irakasle guztiei, irakasleen arteko koordinazioa hobetzeko.
Ikastetxe itunduen kasuan, beharrezkoa da Programa emateaz arduratzen diren irakasleen eta ikaslea matrikulaturik dagoen erreferentziako ikastetxeko irakasleen artean koordinazio estua izatea, irakas-hizkuntza ikasteari, curriculumean sartzeari eta gizartean eta eskolan integratzeari, eta segimenduari eta asistentziaren kontrolari buruzko esku-hartzeak bateratu ahal izateko. Komunikazioa eta lankidetza pedagogikoa arinak eta etengabeak izanen dira.
Ikasleak Programara agertzen diren ala ez ikasgelaren ardura duten irakasleek kontrolatuko dute. Ikasleen institutu edo ikastetxean dagoen araudiari jarraituz jokatuko dute asistentziari dagokionez.
Beste ikastetxeetako ikasleak hartzen dituzten ikasgelen kasuan, gertakizun ez-ohikoak, indiziplina-egintzak eta asistentzia-kontrola ahalik eta lasterren jakinaraziko zaizkie dagozkien ikastetxeetako ikasketaburuei, behar diren neurriak har ditzaten.
9. Irakasleen ezaugarriak eta programari atxikitzeko irizpideak.
Programa hau duten institutu edo ikastetxeetan lehendik dauden baliabideak kontuan harturik, hona hemen programaz arduratuko diren irakasleak:
a) Aniztasunari erantzuteko programetan (Curriculum egokitua edo Curriculum aniztasuna ) aritzen ez diren esparruko irakasleak dituzten ikastetxe publikoetan, irakasle horiek arduratuko dira Programaz.
b) Baliabide hori eskura ez duten ikastetxe publikoetan eta ikastetxe itunduetan, ondoko departamentu didaktiko hauetako irakasle batek hartuko du haren ardura, astean 10 orduz: Hizkuntza, Geografia eta Historia, Latina, Grekoa, Filosofia edo Hizkuntzak. Asteko beste 7 orduz ondoko departamentuetako batek: Matematika, Natur Zientziak, Fisika eta Kimika edo Teknologia.
Irakasle horiei aholkuak emanen dizkie Kultura-Aniztasunaren Atalak, eta baita behar duten prestakuntza ere, atzerritik etorritako ikasleei irakas-hizkuntzan irakasteko.
10. Irakasleen eginkizunak.
Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetan Programa ematen duten irakasleek ondoko eginkizun hauek izanen dituzte:
-Irakas-hizkuntza bigarren hizkuntza gisa irakastea, komunikazioaren eta curriculumaren ikuspegian oinarriturik.
-Curriculumean atzerapenak dituzten atzerriko ikasleentzako arlo instrumentaletako curriculum edukiak garatzea (Hizkuntza eta Matematika).
-Ikaslea matrikulatua dagoen bigarren hezkuntzako institutu edo ikastetxearekin koordinatzea Programan sartutako ikasle bakoitzaren ikasi eta irakasteko prozesua, helburu hauei begira:
.Informazioa trukatzea, bai hasieran bai prozesuan zehar.
.Gauzatu beharreko programa koordinatzea.
-Irakas-hizkuntza ikasteko prozesua, harrera-herriko kulturaren ezagupenak eta sozializazioa, eta beharrezkoa balitz, oinarrizko curriculum atzerapenak ezabatzeko prozesua ebaluatzea.
-Ikastetxean ekimenak bultzatu irakasleen, ikasleen eta familien artean, kultura arteko elkarbizitza eta hezkuntza komunitate osoaren elkar ezagutzeko heziketa sustatzeko.
-Ikasleen integrazioa sustatzea, hala eskola barrenean nola kanpoan. Horretarako, jarduerak antolatzen dituzten beste entitate batzuekin batera lan eginen da eta ikaslearen nahiz familiaren parte-hartzea bultzatuko.
11. Gelako programazioa.
Programan dauden irakasleek gelako programazioa prestatuko dute honako hauek aztertuta eta abiapuntutzat hartuta: ikasleen hizkuntza gaitasunaren maila, Hizkuntzen Europako Esparru Bateratuan ezarritako erreferentzia mailak eta aurrez ikusitako curriculum arloak, bai ezagutza arloei dagokienez, bai egokitzapen sozio-edukatiborako arloei dagokienez, 2. eranskinean deskribatzen den bezala.
Programazioa institutu edo ikastetxeko ikasketa buruak eduki beharko du. 4. eranskinean deskribatzen den laburpen-fitxa Kultura-aniztasunaren Atalera bidali beharko da, azaroaren lehen hamabostaldian.
12. Programan ikasleek lortutako hizkuntz gaitasunaren ebaluazio prozesua.
Programako ikasle batek, Bigarren Hezkuntzan bere erreferentziako talde edo mailan egoki sartzeko, ebaluazioa gainditu behar du Hizkuntzen Europako Esparru Bateratuan (2. eranskina) aurreikusitako A2 Erreferentzia Mailan (Plataforma) aipatutako deskribatzaileei dagokienez, betiere Bigarren Hezkuntzako curriculumaren beharrak eta ikasleen adina kontuan hartuta.
Lehenengo lauhilekoari dagozkion ebaluazioaren txostenak Kultura-aniztasunaren Zerbitzura igorriko dira, otsailaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera hasiko da Programaren bigarren lauhilekoa.
Bigarren lauhilekoa bukaturik, ikasleen ebaluazioa eginen da, lehenbiziko lauhilekoa ebaluatzeko ezarritako irizpide berei jarraikiz.
13. Ebaluazio prozesua erreferentziako kurtsoan.
Programa eta Bigarren Hezkuntzako erreferentziako kurtsoa batera egiteko, programan modu malguan egon ahal izateko eta orduen banaketa egiteko, bi ebaluazio-esparru hauek behar dira: Programaren ikasgelakoa eta erreferentziako ikasgela edo kurtsokoa.
Bi programa eta bi ebaluazio-esparru bateratu behar direnez, ikasleak ohiko hezkuntza sisteman integratzen laguntzeko moduan koordinatu eta definitu behar dira, kultura-aniztasunari arreta emateko eta curriculuma egokitzeko.
Programa egiten duten ikasleak, berriz ere beren erreferentziako taldera itzulita, 217/2007 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera ebaluatuko dira (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko erari buruzko foru agindua).
Nolanahi ere, ikasleak ohiko taldera erabat sartu baino lehenago, Programaren orduen banaketa dela-eta ikasleek egin ezin izan dituzten irakasgaiak GG letrekin kalifikatuko dira (gainditu gabea).
14. Programak ezartzeko herriak eta ikastetxeak aukeratzeko irizpideak.
Programa, kultura aniztasunari eman beharreko erantzunaren arloaren barrenean, Hezkuntza Departamentuak erabakitzen duen institutu edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan gauzatuko da, honako irizpide hauei jarraikiz:
-Biztanle kopuru handiagoa duten eta, beraz, Bigarren Hezkuntzako etapan atzerritik etorritako ikasleen kopuru handiagoa duten herriak.
-Herri baten barruan, toki egokia izanik, Bigarren Hezkuntzako gainerako ikastetxeetako ikasleentzat sarbide erraza duen institutu edo ikastetxea.
-Programa ezarri aurretik ere antzeko neurriak abian zituzten institutu edo ikastetxeak.
Hezkuntza Departamentuak programa hau institutu edo ikastetxe, herri edo eskualde jakin batean mantentzea edo beste batera eramatea erabaki ahalko du, atzerritik etorritako ikasleek ikasturte bakoitzean dituzten premiak aztertu eta gero.
15. Programa garatzeko proposatzen diren Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak.
.Programa institutu edo ikastetxe hauetan ezarriko da:
-"Barañáingo BHI.
-Burlatako Ibaialde BHI.
-Zarrakazteluko DBHI.
-Lizarrako Tierra Estella BHI.
-Martzillako Marqués de Villena BHI.
-Iruñeko Basoko BHI.
-Iruñeko Julio Caro Baroja-La Granja BHI.
-Iruñeko Padre Moret-Irubide BHI.
-Iruñeko Plaza de
-Azkoiengo Ribera del Arga BHI.
-San Adriango Ega BHI.
-Tafallako Sancho III el Mayor BHI.
-Tuterako Benjamín de Tudela BHI.
-Tuterako Valle del Ebro BHI.
-Uharteko BHI. (14 urtetik gorakoentzako gela).
.Ikastetxe itunduak:
-Iruñeko Hijas de Jesús HIP.
-Iruñeko Salesianos HIP.
Uharteko BHIan, gela bat sortu da aurretik eskolatze txarra izanik, lan mundura bideraturik dauden eta 14 urte beterik dituzten Iruñerriko ikasleentzat, uste baita oso zaila izanen luketela institutuaren ohiko klaseetan ongi ibiltzea eta institutura joateari uzteko arriskua dagoela, dagoeneko utzi ez badiote; izan ere, uste da curriculumaren eta antolaketaren egokitzapen horren bitartez, bidea ematen zaiela etapako gaitasun orokorrak erdiesteko. Suposatzen da ikasleak aldez aurretik Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe batean eskolatuak egon direla, eta hezkuntza arloko beste neurri batzuk aplikatu ondoren ere bertan porrot egin dutela. Ikasgela horretan berandu sartu eta irakas-hizkuntza ez dakiten ikasleentzako Hizkuntzan Murgiltzeko Programa irakatsiko da.
2. ERANSKINA
1. Programaren curriculuma.
Curriculum proposamenak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan berandu sartu diren ikasleei irakas-hizkuntza irakasteko Programarekin bat etorriz gero, aukera emanen die ikasle horiei trebetasun jakin batzuk landu eta eduki batzuk eskuratzeko, izan ere, horiek izan edo menderatu gabe nekez lortuko baitituzte garapen pertsonala eta eskolako eta gizarteko integrazioa.
Curriculum proposamen horrek xede hauek ditu:
-Komunikazioa ikasi eta garatzea, komunikazio esparru desberdinetan (pertsonalean, sozialean eta eskolakoan) ahozko eta idatzizko mezuak modu egokian, koherentean eta zuzenean ulertu eta emateko gaitasuna den aldetik.
-Irakaskuntzako hizkuntza ikasteko bide ematea, hizkuntza hori pertsonen arteko komunikaziorako hizkuntza izateaz gainera, ikastekoa ere izan dadin, eskola barrenean ezinbestekoa eta ikasketen eta lanaren munduan sartzeko beharrezkoa baita.
Planteamendu horrek bide emanen du ikasleak aurretik dituen ezagupenen berri emateko eta irakaskuntza arruntean sartzeko behar duen laguntza pedagogikoa ezartzeko.
Hortaz, beharrezkoa da curriculumaren oinarrizko ezaugarri batzuk zehaztea, irakasleek bide izan dezaten ikasle horiek eskolako curriculumean ahalik baldintza hoberenetan sartzera bideratutako irakaskuntza eraginkor bat planifikatu eta programatzeko.
2. Helburu orokorrak.
Helburu nagusiek hezkuntza-praktika egituratu behar duten dimentsioen multzoa identifikatzen dute:
-Oinarrizko hizkuntz trebetasunak norbereganatzea, bai hartzaileak nola sortzaileak, bai hizkuntza mintzatukoak nola idatzizkoak.
-Komunikazio estrategiak garatzea trebetasun guztietan (mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena).
-Erregistro soziolinguistikoak modu egokian erabiltzea.
-Gramatika, lexikoa eta ortografia modu egokian erabiltzea, hizkuntza erabilera desberdinen eta haien arauen arabera.
-Ahozko eta idatzizko mezu egokiak, koherenteak eta zuzenak sortzea.
-Ikasleei gaitasuna ematea beren ikas prozesua ebaluatu eta ahalik eta autonomia handiena izan dezaten sustatzeko.
-Hizkuntza erabiltzea ikasteko eta curriculum arloen edukiaz jabetzeko tresna gisara.
-Egoera akademikoetan hizkuntzaren erabilera formalak bereiztea.
-Gaurko gizartearen aniztasun kultural eta linguistikoa modu positiboan baloratzea eta besteak ezagutu eta onartzearen aldeko jarrerak garatzea.
-Etapako curriculumaren oinarrizko eta funtsezko ezagupenak bereganatzea.
-Programan hasten diren ikasleen aurreko ezagupenak baloratzea.
Helburu orokor horietatik abiaturik, irakasleek helburu zehatzak finkatuko dituzte, ikasleen adinaren, aurretik dituzten ezagupenen eta programaren garapenaren arabera, ondoko kategoria hauei jarraikiz: mintzamena, idazmena, ahozkoaren ulermena, idatzizkoaren ulermena, ikus-entzunezkoen ulermena, ahozko eta idatzizko elkarreragina eta gizarte zientzien, natur zientzien eta matematikaren ezagupen berariazkoak.
3. Printzipio metodologikoak.
Hizkuntza bat jakitea ez da hizkuntza horretan hitz egitea bakarrik, aitzitik, errealitatea interpretatzen laguntzen duten esanahi kulturalen multzora hedatzen da.
Hizkuntza berriaren analisia eta erabilpen hartzailea eta sortzailea erraztuko dituzten jardueren segida ezartzeko, bizitzako komunikazio prozesuen konplexutasuna ikasgelan agerrarazten duten ikaslanetatik abiatuko da.
4. Ebaluatzeko printzipioak.
Ikasle bat ikastetxe batera ailegatzen denean komunikaziorako duen gaitasuna ebaluatu behar da, eta bizitzaren egoera berriaren eta ikasketa-prozesu berriaren aurrean nolako jarrera duen aztertu.
Ikasleak egoera komunikatibo desberdinetan duen hizkuntza berriaren erabilerari erreparatuko diogu, Programako ikasgelan eta ikastetxeko bestelako hezkuntza eremuetan. Komeni da ezagutza berriei nola aurre egiten dien jakitea, zein neurritan bereganatzen dituen eta zein diren aurrera joateko zailtasunik garrantzitsuenak.
Ebaluazioan ondoko hauek sartuko dira: hasierako ebaluazioa, ikaslearen abiapuntuko trebetasunen berri emanen diguna, ebaluazio etengabea eta ebaluazio formatiboa, prozesuan zehar lortutako helburuak aztertu eta aurkitutako zailtasunak atzeman eta zuzentzeko (aldaketak sartzeko), eta azken ebaluazioa, eskuratutako helburuak aztertzeko.
5. Denentzako erreferentzia mailak: eskala orokorra.
Europako Kontseiluak, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan, bigarren hizkuntza irakasteari dagokionez, komunikazio gaitasunaren osagai hauek bereizten ditu: gaitasun linguistikoa, gaitasun soziolinguistikoa eta gaitasun pragmatikoa.
Eranskin honetan ageri diren erreferentzia mailek hizkuntza gaitasunaren deskribatzaile orokorrak interpretatzen dituzte, Europako Erreferentziako Esparru Bateratuari buruz, bigarren hezkuntzako curriculumaren beharrak eta ikasleen adina aintzat hartuta.
Erreferentzia maila bateratuak Europako Esparruan
****************imagen************************
3. ERANSKINA. Programari atxikitzeko eskabide-protokoloa
Data: ............................ Ikasturtea: ..............................
Institutu edo ikastetxea: ................ Herria: ...................................... Ikastetxeko zuzendariak .................... ikaslea,.................................... ................................ BHI/ikastetxean matrikulatua dagoena, ................... Hizkuntzan Murgiltzeko Programari atxikitzeko eskatzen du.
-Ikaslearen datu pertsonalak
Jaioteguna: ...................... Adina: …………………….
Helbidea: …………………………….
Herria: ....................... Telefonoa: …………………………….
Jatorriko herrialdea:
Harremanetarako pertsona:
Espainian zenbat denbora daraman: ............. Jatorrizko hizkuntza: ………………………
-Ikaslearen familiaren datuak
Aitaren, amaren edo tutorearen izen-deiturak: …………………………….
Etxeko helbidea: …………………………………..
Herria: ………………………………
Telefonoa: ………………………………….
Familia unitateko kideen kopurua: ………………………………….
.Guztira: …………………………….
.Nafarroan: ……………………………
Familiaren hizkuntza(k): ……………………………
Gurasoen nazionalitatea: ……………………………
Familia unitateko kideak Espainiara noiz ailegatu ziren: ……………………………
Familiak: f irakas-hizkuntza ulertzen du f hitz egiten du.
Jatorriko herrialdean eskolatua: BAI [ ] EZ [ ]
Zenbat kurtso-mailatan egon den eskolatua: ……………………………
Eskolatzeko hizkuntza: ……………………………
Jatorrizko herrialdeko eskolatzeari buruz aurkeztutako dokumentazioa: ……………………………
Jatorrizko ikastetxeko eskolatzea (Espainiako beste ikastetxe batetik etorri bada)
Noiztik eskolatua: ……………………………
Egindako azken maila: ……………………………
Aurreko ikastetxean hartutako laguntzak eta orain matrikulatuta dagoen horretan beharko dituenak: ……………………………
Premia bereziak ditu? Zein?
Hizkuntza gaitasunaren maila
0 1 2 3 4 5
0. maila: ez du hitz egiten eta ez du ulertzen.
1. maila: ahozko agindu oinarrizkoak ulertzen ditu (etorri, jar zaitez ...).
2. maila: oinarri-oinarrizko mailako mintzamena, hitzik gabeko lengoaiaz lagunduta.
3. maila: esaldi errazak ulertzen ditu.
4. maila: esaldi errazak ulertzen ditu eta gai da horietaz baliaturik komunikatzeko.
5. maila: ulermen maila eta mintzamen maila nahikoak ditu.
Curriculum atzerapena
Sinatua, BHIko edo ikastetxeko zuzendaria
KULTURA-ANIZTASUNAREN ATALA.
4. ERANSKINA. Programako Programazio Didaktikoarekiko adostasun agiria
Ikastetxea: ....................... Herria: ……………………………
Kurtsoa: Institutuetan eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan atzerritik etorritako ikasleei irakas-hizkuntza irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programa.
Programako Programazio Didaktikoak ondoko atal hauek izanen ditu: (X batez seinalatu)
[ ] Helburuak.
[ ] Metodologia.
[ ] Zeharkako gaiak.
[ ] Edukiak (curriculum osoa).
[ ] Ebaluazio irizpideak (zehaztasunez eta aplikagarritasuna).
[ ] Material didaktikoak (testu liburuak barne).
[ ] Jarduerak.
[ ] Ebaluazio prozedurak (zehaztasunez eta aplikagarritasuna).
[ ] Jarduera osagarriak.
[ ] Denboraren banaketa.
[ ] Kalifikazio irizpideak (zehaztasunez eta aplikagarritasuna).
[ ] KPBren jarraibide didaktikoak betez egina.
[ ] Ikasleei jakinarazia helburuei, edukiei eta ebaluazioari dagokienez.
Oharrak:
Programazio didaktikoa aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat egin da, eta bertan adierazitako aginduzko atal guztiak hartzen ditu bere baitan.
Data: .............................
Programaren irakasle arduradunak (izen-deiturak) Ikus-onetsia zuzendaria.
KULTURA-ANIZTASUNAREN ATALA.