Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 11. NAOn argitaratua, urtarrilaren 25ean. Aldaketak: 93/2008 Foru Agindua, ekainaren 13koa; 123/2009 Foru Agindua, uztailaren 1ekoa)
Atarikoa
Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena eman du, foru agindu hau onets dadin. Agindu honen xedea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei titulua emateko era arautzea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era, 2006-2007 ikasturterako, azaroaren 21eko 148/2006 Foru Aginduan arautu zen, ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean ezarritako jarraibideari loturik. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan hezkuntza sistemarako finkatutako antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezarri zen.
Xedapen iragankor horren arabera, 2006-2007 ikasturtea amaitu arte, ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko baldintzak ekainaren 27ko 831/2003 Errege Dekretuaren 13., 15., 18.2 eta 18.3 artikuluan ezarritakoaren bidez arautu behar ziren.
2007-2008 ikasturtetik aurrera, berriz, 806/2006 Errege Dekretuaren 9.1 eta 10.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era HLOren 28. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren bidez arautu behar da. Horregatik beste foru agindu bat eman behar da, aipatu artikuluak eta haiek garatzeko eman diren arauak kontuan hartuz.
Ekainaren 19ko ECI/1845/2007 Aginduak, bestalde, HLOk araututako oinarrizko hezkuntzako ebaluazio agiri oinarrizkoen osagaiak ezarri ditu, bai eta ikasleen mugikortasuna bermatzeko behar diren baldintza formalak ere, ebaluazio prozesutik sortutakoak.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko eta haiei tituluak emateko era arautzea.
2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ebaluazioaren helburua ikasleen ikaskuntza baloratzea da, kontuan izanik oinarrizko gaitasunen eta hezkuntza helburuen lorpena, ikasleen gaitasunak eta ikasteko prozesuan egindako lana eta ahalegina.
2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa banakakoa izanen da, etengabea, curriculumeko edukien arabera aldatzen dena, gelako eguneroko zereginetan integratua eta generoarekiko sentikorra.
3. Etengabeko ebaluazioa hezitzailea da eta horrek bide eman behar du laguntza neurriak eta curriculuma egokitu, indartu eta aberastekoak har daitezen hala behar duten ikasle guztientzat.
4. Irakasleek ikasleak ebaluatzerakoan kontuan hartuko dituzte DBHko ikasketen curriculumaren osagaiak, martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretuan araututakoak.
5. Ebaluazio irizpideak funtsezko erreferente izanen dira oinarrizko gaitasunen lorpen maila eta helburuen lorpen maila baloratzeko.
6. Irakasleek, ikasleen ikaskuntzaz gain, beren irakaslana ere ebaluatuko dute.
Kontuan hartuko dituzte, azterketarako beste adierazle batzuen artean, ikasleek etengabeko ebaluazioan lortutako emaitzak.
3. artikulua. Kalifikazioen eskala.
1. Kalifikazioaren bidez ikasleei kategoria bat ematen zaie eskala baten barnean, ebaluazio prozesuaren emaitzei erreparatuta.
2. Ebaluazio prozesuko emaitzak zehazteko kalifikazio eskala hau erabiliko da, bai ebaluazio partzialetan bai azken ebaluazioetan: Gutxiegi (GU), Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso ongi (OO) eta Bikain (BK).
3. Kalifikazio horiek batetik hamarrera bitarteko zenbaki bat izanen dute ondoan, dezimalik gabekoa:
-Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4
-Nahikoa: 5
-Ongi: 6
-Oso ongi: 7 edo 8
-Bikain: 9 edo 10
4. "Gutxiegi" (GU) kalifikazioa negatiboa izanen da, eta beste lauak positiboak.
4. artikulua. Irakasle taldea.
1. Ebaluazio prozesuaz Irakasle Taldea edo Ebaluazio Batzordea arduratuko da, hau da, talde bateko ikasleekin lanean ari diren irakasle guztien multzoa.
2. Kasuan kasuko irakasgai, proiektu edo esparruko irakasleak erabakiko ditu kalifikazioak. Ikasle jakin bati eragiten dioten gainerako erabakiak haren Irakasle Taldearen adostasunez hartuko dira. Adostasuna ezinezkoa denean, erabakiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, tutorearen kalitatezko botoa izanen da erabakigarria.
3. Talde bakoitzaren tutoreak, orientazioaren arduradunek aholkaturik, ebaluazio saioak zuzenduko ditu eta horiei buruzko arauak betetzen direla bermatuko du ikasketaburuaren koordinazioaren pean.
5. artikulua. Hasierako ebaluazioa.
1. Hasierako ebaluazioaren xedea argibideak biltzea da, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ikasleen ezaugarri eta ezagupenetara egokitzeko. Horretarako, tutorearen erantzukizunaren pean, aurreko ikasturtearen amaierako ebaluazio txostena hartuko da abiapuntutzat.
2. Ikasturte bakoitzaren hasieran, irakasgai, proiektu edo esparru guztietako irakasleek hasierako ebaluazioa eginen diete beren ardurapeko ikasleei. Ikastetxeek, pedagogiaren eta antolaketaren aldetik duten autonomia erabiliz, ikasturteko lehen hilabeteko irakaslanean lortutako datuekin informazio hori osatzea erabaki ahal izanen dute. Ebaluazio saio berezirako deia egin ahal izanen da, ikasleen hasierako egoeraren berri jakin eta aniztasunari erantzuteko neurri egokiak hartzeko. Hartzen diren erabakiak ikasketa espedientean jasoko dira.
3. Hasierako ebaluazio horrek garrantzi berezia izanen du etapako lehen kurtsoan. Lehen kurtso horretan ebaluazio saioa nahitaez egin behar da. Bertan kontuan hartu behar dira Lehen Hezkuntzako ikaskuntzari buruzko banakako txostena eta Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala.
6. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.
1. Ikasleek eskubidea dute beren lana, ahalegina eta eskola errendimendua ebaluatu eta objektiboki aitortu diezazkieten. Eskubide hori bermaturik egon dadin, irakasleek, ikasturte hasieran, irakasgai, proiektu edo esparru bakoitzeko helburuak, oinarrizko gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak azaldu behar dizkiete ikasleei, bai kurtso berrikoak eta bai gainditu gabeko irakasgaiei dagozkienak ere. Informazio hori guraso edo legezko ordezkariei ere emanen zaie, ikasturte hasierako taldeko bileran edo ikastetxeak ezartzen dituen bideetatik.
2. Etapako kurtso bakoitzean, etenik gabe, irakasleek argibideak bilduko dituzte ikasleen ikaskuntzari buruz, sistematikoki erreparatuz eta lanak eta berariazko probak baloratuz, etapa osoko ikaskuntzaren jarraitutasuna erraztearren.
3. Hasierako ebaluazioaz gain, hiru ebaluazio saio eginen dira, bat hiruhileko bakoitzean. Tutoreak koordinatuko ditu eta ikasle taldearekin ari diren irakasle guztiek hartuko dute parte. Saio horietan ikasleen ikaskuntza prozesuari erreparatuko zaio, emaitza akademikoak aztertuko dira, taldea bere osoan aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz. Aurreko ebaluazio saioetan hartutako erabakien balorazioa ere eginen da.
4. Saio horietan, etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak ikasleen kalifikazioa erabakiko du bere irakasgai, proiektu edo esparruan. Behar izanez gero, ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak erantsiko dira. Hiru hilean behingo ebaluazioari dagokion informazioa ikasketa espedientean jasoko da, irakasle tutorearen erantzukizunaren pean.
5. Aurreko puntuan aipatutako ebaluazio saioetako bakoitza amaiturik, tutoreak guraso edo legezko ordezkariei idatzizko informazioa emanen die beren seme-alaben errendimenduaz, familiei bidali behar zaien ebaluazio txostenaren bitartez. Idatzizko informazio horren osagarri, ikasturte bakoitzean buruz buruko bi elkarrizketa egin behar dira, gutxienez ere, ikasle bakoitzaren aita, ama edo legezko ordezkariarekin, ezertan ukatu gabe ikastetxe pribatuak sortu eta antolatzeko eskubidea.
6. Etengabeko ebaluazio prozesuan ikasleak ez badu behar bezala aurrera egiten, hezkuntzako laguntza neurriak edota curriculuma egokitzeko neurriak ezarriko dira. Aldez aurretik guraso edo legezko ordezkariei jakinaraziko zaie.
7. artikulua. Azken ebaluazioa.
1. Irakasgai, proiektu edo esparru bakoitzeko azken ebaluazioa (ekaineko ebaluazio arrunta nahiz iraileko ebaluazio berezia) ikasturte osoko ebaluazio prozesuaren balorazio-laburpena izanen da.
2. Azken ebaluazio arruntaren saioan, ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraipena bermatzen duten erabakiak hartuko dira eta ebaluazioari dagozkion kalifikazioak emanen dira. Kalifikazioak jarri ondoren, ebaluazio arruntaren akta itxiko da. Ebaluazio saio hori eta hirugarren hiruhilekoari dagokion ebaluazioa batera egin ahal izanen dira.
3. Etengabeko ebaluazio prozesuan irakasgai, proiektu edo esparru guztiak gainditu ezean, ikasleek gainditu gabeko irakasgai, proiektu edo esparruetako iraileko proba bereziak egin beharko dituzte. Aurkezten ez badira, 1 (GU) nota jarriko zaie. Iraileko proba berezietan lortutako kalifikazioak jasorik utzi ondoren, azken ebaluazio bereziaren akta itxiko da.
4. Ikasleek beste kurtso batzuetako irakasgai, proiektu edo esparru gainditu gabeak dituztenean, horien ebaluazioa eginen zaie gainditu ez dutenen ebaluazio saioan, azken ebaluazio arruntaren aurretik eta, hala denean, iraileko azken ebaluazio bereziaren aurretik. Gainditu ez dutenen ebaluazio arruntaren eta bereziaren aktetan jasoko dira aurreko kurtsoetako irakasgai, proiektu edo esparru gainditu gabeen kalifikazioak. Akta horiek, hurrenez hurren, azken ebaluazio arruntaren aktaren aurretik eta azken ebaluazio bereziaren aktaren aurretik itxiko dira.
8. artikulua. Ebaluazio agiriak.
1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio agirietan jasoko da.
2. Honako hauek dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazio agiriak:
-Ikasketa espedientea.
-Familiei igortzeko ebaluazio txostena.
-Azken ebaluazio arruntaren akta.
-Azken ebaluazio bereziaren akta.
-Gainditu ez dutenen ebaluazio arruntaren akta.
-Gainditu ez dutenen ebaluazio bereziaren akta.
-Ikasturte amaierako ebaluazio txostena.
-Ikasleen azken ebaluazioaren emaitzen laburpena.
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen historiala.
-Lekualdaketagatiko txosten pertsonala.
-Titulua lortzeko urteko probaren ebaluazioaren akta.
3. Ebaluazio agirien edukia foru agindu honen I. eranskinean ezarri da.
9. artikulua. Agiriak betetzea eta zaintzea.
1. Ikastetxeko Idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du ikasle bakoitzaren matrikula egin eta gero.
2. Ondoren, ikaslea etapako lehen kurtsoan sartzen bada, ikastetxeko Idazkaritzak "Educa" aplikazio informatikoaren bidez eskura izanen ditu Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala eta Lehen Hezkuntzako ikaskuntzari buruzko banakako txostena, martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuan aipatzen diren agiriak, hain zuzen ere. "Educa" programaren bidez eskuratzerik ez badago, Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, Bigarren Hezkuntzako ikastetxearen eskariz, Lehen Hezkuntzako ikasketen historialaren kopia igorriko du, etapa horretako ikaskuntzari buruzko banakako txostenarekin batera.
3. Tutorearen ardura izanen da ikasturte bakoitzean hartutako erabakiak eta egindako ebaluazioen emaitzak ikasketa espedientean jasorik uztea. Erregistro horretan oinarrituta, azken ebaluazio arruntaren akta eta, egiten bada, azken ebaluazio bereziaren akta prestatuko dira.
Ardura hori ikastetxeko idazkariak izanen du erregistroa gainditu gabeko irakasgaiei badagokie. Erregistro horretan oinarrituta, gainditu ez dutenen aktak prestatuko dira.
4. Laugarren kurtsoko aktetan jasorik utziko da baldintzak betetzen dituzten ikasleei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua ematea proposatu dela. Titulu hori lortzeko baldintzak 14. artikuluan daude.
5. Tutoreak eta Ebaluazio Batzordeko gainerako irakasleek aktak sinatuko dituzte eta ikastetxeko zuzendariak ikus-onetsiko ditu. Sinaduren ondoan sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna agertuko dira.
6. Irailean, gainditu ez dutenen ebaluazio berezia eta azken ebaluazio berezia egin ondoren, ikasleren batek hurrengo kurtsora igaro baina irakasgai, esparru edo proiekturen batean kalifikazio negatiboa badu, haren ikasketa espedientean zehaztu behar da irakasgai, esparru edo proiektu hori 10.10 artikuluan aipatzen den indartze programaren bidez eginen duela.
7. Era berean, hurrengo kurtsora igarotzen ez diren ikasleen ikasketa espedienteetan zehaztu behar da 10.11 artikuluan aipatzen den banakako plan berariazkoaren bidez errepikatuko dutela kurtsoa.
8. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ematen duen epearen barnean, eta ezartzen den prozeduraren bidez, ikasleen ebaluazioaren emaitzen laburpen agiria igorriko da.
9. Ebaluazio agiriei dagozkien datuak artxibatu eta zaintzearen arduraduna ikastetxeko idazkaria izanen da. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu haiek zaintzeko edo, ikastetxea desagertuz gero, lekualdatzeko.
10. artikulua. Hurrengo kurtsora igarotzea edo errepikatzea.
1. Etapako kurtso bakoitza bukatzean, Irakasle Taldeak edo Ebaluazio Batzordeak, ekaineko ebaluazio saio arruntean edo iraileko ebaluazio saio berezian bildurik, ikasleek zer egin behar duten erabakiko du, hurrengo kurtsora igaro ala errepikatu. Erabaki horretan foru agindu honen IV. eranskinean azaltzen diren aukeretako bat hautatuko da eta 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz jokatuko da.
2. Azken ebaluazio saio arruntean, ekainean, Ebaluazio Batzordeak edo Irakasle Taldeak hurrengo kurtsora igarotzeko bidea emanen die, soil-soilik, ordura arte egindako irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleei.
3. Irailean, hurrengo kurtsora igarotzeko bidea emanen zaie irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleei eta bai ordura arte egindako irakasgai guztietatik gehienez ere batean edo bitan ebaluazio negatiboa dutenei ere.
4. Iraileko proba berezia egin ondoren, ikasleak etapan ordura arte egindako irakasgai guztietatik hirutan edo gehiagotan kalifikazio negatiboa badu, kurtsoa berriro egin beharko du oso-osorik eta aurreko kurtsoetan gainditu gabe utzitakoak errekuperatu. Hala ere, salbuespenez, hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa izanik ere hurrengo kurtsora igaro ahal izanen da, baldin eta irakasgai horietako ikastorduak 8 baino gehiago ez badira guztira, edo Irakasle Taldeak irizten badio irakasgai horiek ez direla oztopo hurrengo kurtsoa arrakastaz egiteko, ikasleak errekuperatzeko aukerak dituela eta hurrengo kurtsora igarotzeak haren ikasketen bilakaerari mesede eginen diola.
5. Ikasleek behin bakarrik errepikatu ahalko dute kurtso bera, eta etapa osoan bi kurtso errepikatu ahalko dituzte gehienez. Salbuespen gisa, laugarren kurtsoa bi aldiz errepikatu ahalko da, aurreko kurtsoetan inoiz errepikatu ez bada.
Etapako laugarren kurtsoa bigarrenez errepikatzen denean, urte bat handitu ahal izanen da martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritako gehieneko adina. Izan ere adinaren muga 18 urtetik 19 urtera aldatuko da (errepikatzen ari den kurtsoa amaitzen den urte berean beteak).
6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren edo hirugarren kurtsoa egin duen ikasleak, hirugarrenera edo laugarrenera igarotzeko baldintzak betetzen ez baditu eta etapa horretan dagoeneko behin errepikatu badu, Curriculum Aniztasuneko programa batean sartzeko modua izanen du hirugarren edo laugarren kurtsoan, hurrenez hurren, programa horiek garatzen dituen araudian ezarritakoari jarraikiz.
7. Hezkuntza sistemara berandu sartu eta adinagatik dagokien kurtsoaren azpikoan eskolatzen diren ikasleei artikulu honetako 5. puntuan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Bestalde, adinagatik dagokiena baino bi kurtso beherago eskolatzen diren ikasleek behin bakarrik errepikatu ahalko dute, laugarren kurtsoan beti, eta hori, errepikatutako kurtsoa amaitzen den urtean gehienez ere 19 urte egiten baldin badituzte.
8. Martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretuaren 5.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, hirugarren kurtsoko Natur Zientziak irakasgaia bitan banatuko da: Biologia eta Geologia alde batetik eta Fisika eta Kimika bestetik. Horiek ikasturtean zehar bereiz kalifikatu ahalko dira, baina azken kalifikazioari eta kurtso igoerari dagokienez bat eginda jarraituko dute.
9. Eduki gero eta zabalagoko irakasgaiak bereizirik konputatuko dira (kurtso bakoitzean bat) eta ezin izanen dira kurtso batean ebaluatu, ez badira aurrekoan edo aurrekoetan positiboki ebaluatu. Ezin badira ebaluatu, ebaluazio agirietan adieraziko da GGP siglekin (gainditu gabea eduki progresiboagatik).
Ondorio guztietarako, GGP siglak kalifikazio negatibotzat hartuko dira eta espedienteko batez besteko nota kalkulatzerakoan "1" balioa izanen dute.
Eduki gero eta zabalagoko irakasgaitzat joko dira eduki erabat edo neurri batean progresiboak dituztenak edo beti izenburu beraren pean ematen direnak, salbu eta 3. kurtsoko eta 4. kurtsoko Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia:
-1., 2. eta 3. kurtsoetako Natur Zientziak, 4. kurtsoko Biologia eta Geologia eta 4. kurtsoko Fisika eta Kimika. Ikasleek, 4. kurtsoko Fisika eta Kimikan edo 4. kurtsoko Biologia eta Geologian ebaluatuak izateko, ebaluazio positiboa lortu behar dute aurreko kurtsoetako Natur Zientzietan.
-1., 2. eta 3. kurtsoetako Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia. 4. kurtsoko Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia irakasgaian ebaluatua izateko ez da beharrezkoa 3. kurtsoko Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia irakasgaian ebaluazio positiboa jaso izana, eduki desberdineko irakasgaiak baitira, baina beharrezkoa izanen da 2. kurtsoko Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia irakasgaian ebaluazio positiboa izatea.
-1. kurtsotik 4. kurtsora bitarteko Matematika.
-1. kurtsotik 4. kurtsora bitarteko Gaztelania eta Literatura.
-1. kurtsotik 4. kurtsora bitarteko Euskal Hizkuntza eta Literatura (A eta D ereduak).
-1. kurtsotik 4. kurtsora bitarteko Atzerriko Hizkuntza.
-1. kurtsotik 4. kurtsora bitarteko Gorputz Hezkuntza.
-1. kurtsoko eta 2. kurtsoko Teknologia.
-1. kurtsoko eta 3. kurtsoko Musika.
-2. kurtsoko eta 3. kurtsoko Plastika eta Ikus-hezkuntza.
-1. kurtsotik 4. kurtsora bitarteko Erlijioa.
Aukerako irakasgaiei eta nahitaezkoei tratamendu bera emanen zaie.
10. Irakasgairen batean ebaluazio negatiboa dutela hurrengo kurtsora igarotzen diren ikasleek indartzeko programa egin beharko dute, ikasi gabekoak errekuperatzeko, eta programa horren ebaluazioa gainditu beharko dute. Pedagogia eta antolaketa planak egiteko autonomia baliatuz, koordinazio didaktikoko departamentuek, departamentuburuak koordinaturik, programa horiek planifikatuko dituzte, eskatzen ahal diren gutxieneko edukiak, errekuperazioko jarduerak eta programa gainditu dela egiaztatzeko egin daitezkeen proba partzialak zehaztuz. Halaber, departamentuek zehaztuko dute zein irakaslek izanen duten programaren jarraipenaren eta ebaluazioaren ardura.
Eduki gero eta zabalagoko irakasgaiak hurrengo kurtsoan indartzeko programetan, ordea, arau orokor gisa, ikaslea matrikulaturik dagoen taldean irakasgai horren eskolak ematen dituen irakasleak eginen du programaren jarraipena eta ebaluazioa. Programa hori gaindituz gero, irakasgaian ebaluazio positiboa lortuko da. Ikasturteko edozein momentutan erabaki ahalko da programa gainditu dela.
Gainditu gabeko irakasgaiak indartze programaren bidez errekuperatu ezean, ikasleak iraileko proba bereziak egin beharko ditu. Aurkezten ez bada, 1 (GU) nota jarriko zaio.
11. Halaber, hurrengo kurtsora igarotzen ez diren ikasleentzat, koordinazio didaktikoko departamentuek banakako plan berariazkoak prestatuko dituzte, ikasturte amaitu berrian antzemandako zailtasunak gaindi ditzaten.
11. artikulua. Aniztasunari erantzutea.
1. Irakasgairen batean ikasleek curriculum egokitzapena behar dutenean, egokitzapenak alde nabarmena badu irakasgaiaren curriculumaren edukiekin eta ebaluazio irizpideekin, curriculum egokitzapenean finkatutako ebaluazio irizpideei jarraituz ebaluatuko da ikaslea.
2. Ikasleak bere curriculum egokitzapenarekin nolako bilakaera duen ikusteko, hiru hilean behingo ebaluazioetan eta azken ebaluazioan, bai familiei bidaltzeko ebaluazio txostenean eta bai ikasketa espedientean ere, horrela egokitutako irakasgaietako kalifikazioa 3. artikuluko eskalaren arabera zehaztuko da.
Curriculum egokitzapena izateagatik, kalifikazio horri CEG siglak erantsiko zaizkio (curriculumaren egokitzapen garrantzitsua), bai eta curriculum egokitzapena dagokion kurtsoa ere.
3. Curriculum egokituko programa egiten ari diren ikasleen ebaluazioan eta hurrengo kurtsora igarotzeko orduan, programan ezarritako ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa. Ebaluazioetako kalifikazioek eta horien erregistroek aurreko bi puntuetan xedatutakoa izanen dute oinarri betiere. Irakasgai bat curriculum normalizatuarekin egiten denean, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera kalifikatuko da.
4. Ezgaitasunen bat izateagatik curriculumaren egokitzapen garrantzitsuak behar dituzten ikasleak hurrengo kurtsora igarotzeko moduari dagokionez, 10. artikuluan xedatutakoa izanen da arau, edo bestela irakasle taldeak erabakiko du ikaslea hurrengo kurtsora igaro dadila, integrazio eta gizarteratze arrazoiengatik.
5. Hezkuntza sistemara berandu sartu eta curriculumeko gaitasun mailaren aldean bi urte edo gehiagoko atzerapena dakarten ikasleak beren adinari dagokion baino kurtso bat edo bi kurtso beherago eskolatu ahal izanen dira. Horretarako, adin bakoitzari berez zein kurtso dagokion hartuko da kontuan:
Adina: ikasturtea hasten den urtean 12 urte egiten dituztenak. Kurtsoa: 1.a.
Adina: ikasturtea hasten den urtean 13 urte egiten dituztenak. Kurtsoa: 2.a.
Adina: ikasturtea hasten den urtean 14 urte egiten dituztenak. Kurtsoa: 3.a.
Adina: ikasturtea hasten den urtean 15 urte egiten dituztenak. Kurtsoa: 4.a.
Ikastetxean erabiltzen den hizkuntza ikasteko premia handia badute, laguntza berezia jasoko dute, baina aldi berean talde arruntean ikasiko dute. Astean ahalik eta ikastordu gehien eginen dituzte talde arruntean.
12. artikulua. Curriculum aniztasuneko programak.
1. Curriculum aniztasuneko programetan ari diren ikasleen ebaluazioan erreferente nagusi izanen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako oinarrizko gaitasunak eta helburuak, bai eta programako ebaluazio irizpide berariazkoak ere.
2. Curriculumaren egokitzapena garrantzitsua denean, esparru edo proiektua 11.2 artikuluan xedatutakoaren arabera kalifikatuko da.
3. Gainerako irakasgaiak curriculum normalizatuarekin egin ahalko dira nahiz curriculumaren gutxieneko edukiak jasotzen dituen curriculum egokituarekin edo curriculum egokitzapen garrantzitsuarekin.
Irakasgai bat curriculum normalizatuarekin egiten denean, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera kalifikatuko da.
Curriculumaren egokitzapenak curriculumaren oinarrizko edukiak biltzen dituenean edo egokitzapen garrantzitsua denean, irakasgaia, hurrenez hurren, 11. artikuluko 1. idatz-zatian edo 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera kalifikatuko da.
4. Curriculum aniztasuneko programetan ari diren ikasleak hurrengo kurtsora igarotzeko modua foru agindu honen IV. eranskinean ageri da. Curriculum aniztasuneko programa amaitutakoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzeko moduan ez dauden ikasleak, etapan oraindik bi aldiz errepikatu ez badute, beste ikasturte bat iraun ahal izanen dute programan. Egoera horretan honako hau izanen da adin muga: hemeretzi urte, errepikatzen den kurtsoa amaitzen den urtean beteak.
13. artikulua. Ikasleen lekualdaketak.
1. Kurtsoa amaitu ondoren ikaslea beste ikastetxe batera aldatzen bada bere ikasketak egiten jarraitzeko, jatorrizko ikastetxeak ikastetxe berriari igorri behar dizkio, ikastetxe berriak eskatuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen historiala eta ikasturte amaierako ebaluazio txostena, eta ziurtatu egin behar dio historialeko eta txosteneko datuak bat datozela berak gorderik duen espedientearekin.
2. Lekualdaketa hori kurtsoa bukatu baino lehen gertatzen bada, jatorrizko ikastetxeak ikastetxe berriari igorriko dizkio, ikastetxe berriak eskatuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen historiala, ikaslea lekualdatzeagatiko txosten pertsonala eta ikasturte amaierako azken ebaluazio txostena, ikasleari ikastetxe berrirako sarrera eta ikaskuntza prozesuaren jarraipena errazteko.
3. Aurreko bi puntuetan aipatutako informazioa "Educa" aplikazio informatikoaren bidez eskuratu ahal izanen da.
14. artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan etapako oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortu dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jasoko dute. Etapako helburuak eta gaitasunak lortu dituztela ulertuko da etapako irakasgai guztiak gaindituta dituztenean edo, salbuespenez, irakasgai bat, bi edo hiru gainditu gabe dituztenean.
2. Ebaluazio Batzordeak erabaki kolegiatua hartuko du, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuz, laugarren kurtsoa amaitutakoan etapako irakasgai batean edo bitan edo, salbuespenezko kasuetan, hiru irakasgaitan kalifikazio negatiboa duten ikasleei titulua emateko proposamenari buruz.
Erabaki hori hartzeko, kontuan hartu behar da ea ikasleak etapako oinarrizko helburu eta gaitasunak lortu ote dituen.
Inola ere ez da titulua emanen kalifikazio negatiboa duten bi irakasgaiak Matematika eta Gaztelania eta Literatura badira, horien ezaugarriengatik eta etapako helburuak eta oinarrizko gaitasunak lortzeko duten garrantziagatik. Arau hori, D ereduan, hiru irakasgai hauekin osatutako edozein bikoteri dagokio: Gaztelania eta Literatura, Matematika, eta Euskal Hizkuntza eta Literatura.
3. Ebaluazio Batzordeak justifikatu beharko ditu, ebaluazio bilkuran egiten den aktan, aldeko eta kontrako botoak zenbat diren zehaztuta, aurreko puntuan ageri diren baldintzak bete arren titulua lortzeko proposatu ez diren ikasleen kasuak.
4. Curriculum aniztasuneko programetan ari diren ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jasoko dute programa horretako esparru, proiektu eta irakasgai guztiak gainditzen badituzte. Irakasgai batean edo bitan, edo salbuespenez hirutan, ebaluazio negatiboa duten ikasleek ere, esparruak eta proiektuak gaindituz gero, titulu hori eskuratu ahalko dute, betiere Irakasle Taldearen iritziz etapako oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortuak badituzte.
5. Hasierako lanbide kualifikaziorako programa egin duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jasoko dute, berariazko moduluak, modulu orokorrak eta borondatezko moduluak gainditzen badituzte.
6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzen ez duten ikasleek 25/2007 Foru Dekretuaren 16.4 artikuluan aipatzen den eskola ziurtagiria jasoko dute. Bertan agertuko dira ikasleak egindako ikasturteak eta irakasgaiak.
Eskola ziurtagirian ikaslea identifikatzeko datuak eta etapako eskolatzeari buruzko informazioa jaso behar dira.
Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, deiturak, NANa, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea.
Hauek izanen dira eskolatzeari buruzko informazio datuak, gutxienez ere: ikasturteak, etapako kurtsoak, egindako irakasgai, proiektu, modulu edo esparruen zerrenda.
7. Etapa honetako eskolatze aldi arrunta amaitutakoan, ikasleei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen historiala emanen zaie. Inprimaki ofizialean emanen da, egindako ikasketak frogatzeko balioko du eta etapako ikasketetan ikasleak egindako aurrerapenak erakutsiko ditu. Ikasketen historiala eman den eguna ikasketen espedientean agertuko da.
15. artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko urteko proba.
1. 25/2007 Foru Dekretuaren 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, etapa amaitutakoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulurik lortzen ez duten ikasleek, gutxienez 18 urte badituzte edo ikasturtea amaitzen den urtean 18 urte egitekoak badira, urteko proba batzuen bidez gainditu ahal izanen dituzte kalifikazio negatiboa duten irakasgai, esparru edo proiektuak, betiere halako irakasgaiak bost baino gehiago ez badira. Horri dagokionez, gainditu gabeko esparru eta proiektuek barnean zenbat irakasgai dituzten, horrenbeste konputatuko dira.
2. Salbuespenez, aurreko puntuan ezarritako gutxieneko adina 16 urtera jaitsi ahal izanen da, lan kontratua edukitzeagatik edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik ikastetxera ohiko araubidean joan ezin diren ikasleentzat.
3. Nolanahi ere, ikasleek etapa amaitu ondoko bi ikasturteetan soilik egin ahal izanen dute aipatutako proba hori.
4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzeko urteko proba ikasturtea amaitu baino lehen eginen da, etapa zein ikastetxetan amaitu den, hartantxe. Proban parte hartzeko baimena ikastetxe berean eskatuko da, apirilaren 15etik 30era bitartean, eta horretarako III. eranskinean dagoen eredua erabiliko da. Ulertuko da ikasleak gainditu gabe dituen irakasgai, esparru edo proiektu guztietarako egiten dela eskaera.
Ikastetxeen ardura izanen da proba horien nondik norakoak aditzera ematea.
5. Ikasketaburuak, kasuan kasuko departamentuari kontsulta egin ondoren, irakasgai, esparru edo proiektuetako probak ebaluatu eta kalifikatu behar dituzten irakasleak izendatuko ditu.
6. Behin probak kalifikaturik, irakasleak ebaluazio saioan bilduko dira, ikasketaburua buru dela, eta tituluak eman edo ez eman erabakiko dute modu kolegiatuan.
7. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzeko, aldez aurretik ebaluazio positiboa lortu behar da irakasgai, esparru eta proiektu guztietan.
8. Etapa amaitu ondoko bigarren ikasturteko proban, ikasleak lehenbizikoan gainditu gabeko irakasgai, esparru eta proiektuak bakarrik gainditu beharko ditu.
9. Proba hauetan parte hartutako ikasleek ebaluazioan lortzen dituzten emaitzak ikasketa espedientean jasoko dira. Erregistro horretatik abiatuta, titulua lortzeko urteko probaren ebaluazioaren akta eginen da.
10. Irakasgai, esparru edo proiektu bateko proba egiteko inskribatu den ikaslea proba egitera agertzen ez bada, AG (agertu gabe) letrak jarriko zaizkio eta horiek ondorio guztietarako kalifikazio negatibotzat joko dira. Halakoetan, espedienteko batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako azken kalifikazio zenbakizkoa hartu beharko da.
11. Ikastetxearen egitekoa izanen da interesdunei probetan lortutako kalifikazioak jakinaraztea.
12. Proba hau egiteko inskribatzen diren ikasleek ikasketen historial berria jasoko dute, eguneratua, behin etapa modu horretan gainditurik edo artikulu honetako 3. idatz-zatian aipatutako bi ikasturteak iraganik. Ikasketen historiala eman den eguna ikasketen espedientean agertuko da.
Lehen Xedapen Gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.
Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eginkizunak dira ebaluazio prozesuan aholku ematea, prozesu hori gainbegiratzea eta ikastetxeei prozesua hobetzeko hartu behar diren neurriak proposatzea.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Ebaluazio agiriak tresna elektronikoen bidez betetzea.
Ikastetxe publiko eta pribatuek tresna elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio agiri ofizialak, hain zuzen ere "Educa" aplikazio informatikoaren bidez edo datuak formatu bateragarrian biltzea ahalbidetzen duen beste aplikazioren baten bidez.
Hirugarren Xedapen Gehigarria.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Erlijio ikasketak.
1. Erlijio Katolikoa eta Erlijioen Historia eta Kultura irakasgaien ebaluazioa etapako beste irakasgaiena bezala eginen da eta ondorio berak izanen ditu. Estatuarekin lankidetza akordioak dituzten erlijioei buruzko ikasketen ebaluazioa akordio horietan ezarritakoari jarraituz eginen da.
2. Berdintasun printzipioa eta ikasle guztien arteko lehia librea bermaturik egon daitezen, erlijio ikasketen ebaluazioan lortutako kalifikazioak ez dira konputatuko ikasketa espedienteen lehia dagoen deialdietan, ez eta batez besteko nota kalkulatzeko ere, sarrera eskatu dutenen artean hautatu beharra dagoenean batez besteko notari erreparatuta.
Bosgarren Xedapen Gehigarria. Hezkuntza laguntza.
Erlijio ikasketak hautatzen ez dituzten ikasleentzako hezkuntza laguntza ez da ebaluazio gai izanen eta ebaluazio agirietan ez da haren berri jasoko.
Seigarren Xedapen Gehigarria. Ikaskuntzari buruzko txostena.
Ikasturte amaierako ebaluazio txostena, 4. kurtsoan, martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretuaren 11.5 artikuluan aipatzen den ikaskuntzari buruzko txostenaren baliokidea izanen da.
Oinarrizko gaitasunen lorpen maila, ikasturte amaierako ebaluazio txostenean zehaztu beharrekoa, 4. kurtsoan honela adieraziko da: Ez da lortu, Txikia, Ertaina eta Handia.
Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Ikasleen datu pertsonalak.
Ikasleen datu pertsonalak biltzea, ikastetxeek elkarri lagatzea eta datuon isilpekotasuna direla eta, datu pertsonalen babesari buruz indarra duen legerian xedatutakoari eutsiko zaio eta, betiere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.
Lehen Xedapen Iragankorra. Ebaluazio agiriak tresna elektronikoen bidez betetzea.
Ikastetxe pribatuek, kudeaketarako "Educa" aplikazioa erabiltzeko modurik ez badute, ebaluazio agiriak emateko beren sistemak egokitu beharko dituzte, foru agindu honen aplikazioaren ondoriozko datuak bilduko direla eta jasorik utziko direla bermatzeko.
Bigarren Xedapen Iragankorra. 2007-2008 ikasturtean 4. kurtsoa egiten ari diren ikasleak.
2007-2008 ikasturtean talde arruntean nahiz curriculum aniztasuneko programan DBHko 4. kurtsoa egiten ari diren ikasleentzat, oinarrizko gaitasunen eta etapako helburuen aipamena azken horiei bakarrik dagokiela ulertuko da.
Hirugarren Xedapen Iragankorra. Curriculum Egokituko Unitateko ikasleak.
1. 2007-2008 ikasturtean Curriculum Egokituko Unitatean (CEU) ari diren ikasleak, irakasle taldearen proposamenez, Curriculum Aniztasuneko 3. kurtsora igaro ahalko dira, programako esparru guztiak gainditzen badituzte.
2. 2007-2008 ikasturtearen amaierako egoera akademikoa edozein izanda ere, ikasle horiek Hasierako Lanbide Kualifikaziorako Programetan ikasten jarraitu ahal izanen dute.
3. Curriculum Aniztasuneko Programara edo Hasierako Lanbide Kualifikaziorako Programetara sartzeko, beharrezkoa izanen da 15 urte izatea edo programa horiek hasten diren urtean 15 urte betetzea.
Laugarren Xedapen Iragankorra. Oinarrizko irakaskuntzako eskolatze liburuaren baliozkotasuna.
1. Oinarrizko irakaskuntzako eskolatze liburuek indarreko legerian ezarritako egiaztapen ondorioak izanen dituzte 2006-2007 ikasturtearen amaierara arte.
2. Ikasturte hori bukatu ondoren liburuok itxi eginen dira, II. eranskinean dagoen eginbidearen bitartez, eta bete gabeko orrialdeak baliogabetu eginen dira lerro diagonal bat marraztuz. Eginbide hori 29. orrialdetik aurrerako lehendabiziko orrialde bete gabean jasoko da.
3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen historial berria oinarrizko irakaskuntzako eskolatze liburuaren jarraipena denean, azken hori ikasketen historialari batuko zaio eta liburuaren seriea eta zenbakia jasoko dira bertan. Inguruabar hori ere ikasketen espedientean agertuko da. Eskolatze liburua eta ikasketen historiala batera gorde eta lekualdatuko dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzen duten ikasleei eskolatze liburua eta ikasketen historiala emanen zaizkie titulu horrekin batera. Titulua lortzen ez dutenei eskolatze ziurtagiria ere emanen zaie.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.
1. Indarrik gabe geldituko da 148/2006 Foru Agindua, azaroaren 21ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei titulua emateko era arautzen duena.
2. Indarrik gabe geldituko da 515/1994 Foru Agindua, abenduaren 26koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleen ebaluazioari eta kalifikazioari buruzkoa.
3. Halaber, indarrik gabe geldituko dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
1. Ikasle bakoitzaren ikasketa espedientean jarri behar dira ikaslea identifikatzeko datuak, ebaluazio prozesuaren gaineko informazioa eta ikastetxe emailearen datuak.
Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: espediente zenbakia, deiturak, izena, NANa edo agiri baliokidea, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea, eskolaturik egon den ikastetxeak, eta datu mediko eta psikopedagogiko nagusiak. Halaber, aitaren, amaren edo legezko ordezkarien izen-deiturak, identifikazio agiriak eta telefonoak agertu behar dira.
Hauek izanen dira ebaluazio prozesuaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: etapa, etapako kurtsoa, hizkuntza eredua, ikasketak erregulatzen dituen araua, irakasgai, proiektu edo esparruen zerrenda, horiek atzerriko zein hizkuntzatan egiten ari diren, hala denean, zein ikasturtetan egiten ari diren, ikastetxearen izena, hasierako ebaluazioko erabakiak, ebaluazio partzialetako kalifikazioak, deialdi arrunteko kalifikazioa, deialdi bereziko kalifikazioa, edo, hala denean, 15. artikuluan aipatutako urteko probako kalifikazioa, mailaz igotzeari eta titulua lortzeari buruzko erabakia eta data, aniztasunari erantzuteko neurrien gaineko informazioa, eta ikasleari zein egunetan eman zaion DBHko ikasketen historiala edota eskolatze ziurtagiria. Gainera, aurreko kurtsoetan gainditu gabe egoteagatik indartze programa baten bidez eginen diren irakasgaiak aipatuko dira, kurtsoa errepikatzen bada aditzera emanen da ikaslea banakako plan berariazkoa egiten ari dela, eta halaber, ikaskuntza prozesuaren garapenerako beharrezkoak diren ohar guztiak eginen dira, baita oinarrizko gaitasunen lorpen maila ere, etaparen amaieran. Behar denean, eskolatze liburuaren seriea eta zenbakia agertuko dira.
Hauek izanen dira ikastetxe emailea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.
2. Familiei bidali beharreko ebaluazio txostenean ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jaso behar dira.
Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokidea, egiten ari den etapa, hizkuntza eredua, kurtsoa eta taldea.
Hauek izanen dira ebaluazio prozesuaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: egungo ebaluazioa, irakasgai, proiektu edo esparruen zerrenda, horietan izandako kalifikazioa, curriculumean egindako egokitzapena, halakorik bada, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Halaber, ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak, hutsegiteen eta diziplinako arau-hausteen laburpena eta, azken ebaluazioa bada, hurrengo kurtsora igarotzeari edo titulua lortzeari buruzko erabakia jasoko dira.
3. Azken ebaluazio arruntaren aktan, ikastetxea identifikatzeko datuak eta taldea identifikatzekoak jarriko dira.
Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira taldea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: ikasturtea, etapa, kurtsoa, taldea, hizkuntza eredua, eta taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda, irakasgai, proiektu edo esparru bakoitzeko azken ebaluazio arruntean lortutako emaitzekin eta hurrengo kurtsora igarotzeari edo titulua lortzeari buruz hartutako erabakiekin batera.
4. Azken ebaluazio bereziaren aktan, ikastetxea identifikatzeko datuak eta taldea identifikatzekoak jarriko dira.
Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira taldea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: ikasturtea, etapa, kurtsoa, taldea, hizkuntza eredua, eta taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda, irakasgai, proiektu edo esparru bakoitzeko azken ebaluazio berezian lortutako emaitzekin eta hurrengo kurtsora igarotzeari edo titulua lortzeari buruz hartutako erabakiekin batera.
5. Gainditu ez dutenen ebaluazio arruntaren aktan, ikastetxea identifikatzeko datuak eta gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldea identifikatzeko datuak jarriko dira.
Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: ikasturtea, etapa, hizkuntza eredua, ikasturtea, taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda, bakoitzak aurreko ikasturteetatik gainditu gabe dituen irakasgai, proiektu edo esparruak eta horien kalifikazioa.
6. Gainditu ez dutenen ebaluazio bereziaren aktan, ikastetxea identifikatzeko datuak eta gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldea identifikatzeko datuak jarriko dira.
Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: ikasturtea, etapa, hizkuntza eredua, ikasturtea, taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda, bakoitzak aurreko ikasturteetatik gainditu gabe dituen irakasgaiak eta horien kalifikazioa.
7. Ikasturte amaierako ebaluazio txostenean ikastetxearen datuak, ikaslea identifikatzeko datuak eta amaitutako ikasturtea ebaluatzeko prozesuaren ingurukoak jarri behar dira.
Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokidea, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea.
Hauek izanen dira amaitutako ikasturtea ebaluatzeko prozesuaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: etapa, etapako kurtsoa, ikasturtea, hizkuntza eredua, irakasgai, esparru edo proiektu bakoitzaren kalifikazioa, bai ebaluazio partzialetakoak bai deialdi arruntekoa eta berezikoa, oinarrizko gaitasunen lorpen maila etaparen amaieran, mailaz igotzeari eta titulua emateari buruzko erabakia. Ondokoak ere jaso behar dira: curriculum egokitzapen garrantzitsuen bidez egindako irakasgai, esparru edo proiektuei buruzko informazioa, horien curriculum erreferentziaren maila, laguntza motaren batekin egindakoak, eta zein laguntza mota hartu den. Gainera, aurreko ikasturteetan gainditu gabe gelditu eta oraingo ikasturtean indartze programa baten bidez egiten ari diren irakasgaiak zein diren adieraziko da.
8. DBHko ikasketen historialean ikaslea identifikatzeko datuak, etapako eskolatzeari buruzko informazioa eta ikastetxe emailea identifikatzeko datuak jaso behar dira.
Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokidea, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea, guraso edo tutoreen izenak, etapan matrikulaturik egon den ikastetxeak, eta, horietako bakoitzeko, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu zen eguna, ikastetxean baja hartu zen eguna.
Hauek izanen dira eskolatzeari buruzko informazio datuak, gutxienez ere: ikasturtea, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, etapako kurtsoa, egindako irakasgai, proiektu edo esparruen zerrenda, horiek atzerriko zein hizkuntzatan egin diren, hala denean, deialdi bakoitzean lortutako kalifikazioa, curriculum egokitzapen garrantzitsuekin egin diren ala ez, aniztasunari erantzuteko hartutako beste neurri batzuk, gainditu gabeko irakasgai, proiektu eta esparruak eta horien kalifikazioak deialdi bakoitzean, mailaz igotzeari eta titulua emateari buruzko erabakiak, eta zein egunetan hartu diren erabaki horiek. Gainera, ikasleak Hasierako Lanbide Kualifikaziorako Programa egin badu, programa horretako moduluei buruzko argibideak jaso behar dira.
Hauek izanen dira ikastetxe emailea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea, herria eta zuzendariaren ikus-onetsia.
9. Lekualdaketagatiko txosten pertsonalean, ikaslea identifikatzeko datuak, jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak eta ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazioa jaso behar dira.
Hauek izanen dira jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, deiturak eta NANa edo agiri baliokidea.
Hauek izanen dira ebaluazio prozesu partzialaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: etapa, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua eta kurtsoa, eta hauek ere bai: irakasgai, proiektu edo esparruen zerrenda, eta curriculumaren egokitzapen garrantzitsuekin egindakoak, halakorik bada, beren curriculum erreferentzia mailarekin, kalifikazio partzialak eta aniztasunari erantzuteko hartutako beste neurri batzuk, eta ikaslearen aurrerapen orokorrari buruz egokitzat jotzen diren gainerako oharrak.
10. Titulua lortzeko urteko probaren ebaluazioaren aktan, ikastetxea identifikatzeko datuak eta urteko proba hori egin duten ikasleak identifikatzeko datuak jarriko dira.
Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek izanen dira urteko proba egin duten ikasleak identifikatzeko datuak, gutxienez ere: ikasturtea, etapa, hizkuntza eredua, eta taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda, gainditu gabeko irakasgai, proiektu edo esparru bakoitzeko ebaluazioan lortutako emaitzekin eta, halakorik bada, titulua lortzeari buruz hartutako erabakiekin batera.
II. ERANSKINA
Eginbide honen bidez jasorik uzten da ............................... izeneko ikaslearen Oinarrizko Irakaskuntzako eskolatze liburua itxi egin dela ......(e)ko ....................aren ......(e)(a)n, haren ikasketen historiala ireki delako, ekainaren 19ko ECI/1845/2007 Aginduan (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako oinarrizko hezkuntzako ebaluazio agiri oinarrizkoen osagaiak ezartzen dituen agindua) ezarritakoa betez.
III. ERANSKINA. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko probak egitea
Eskatzailearen datu pertsonalak:
Deiturak eta izena:
NANa:
Helbidea:
Herria:
Probintzia:
Posta kodea:
Telefonoa:
Helbide elektronikoa:
Sinatzaileak baimena eskatzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko proba egiteko, martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretuaren 16.3 artikuluan ezarritako moduan, ............. (e)ko ........................... ikastetxean.
...........(e)n, ......(e)ko ................aren ....(e)an
Eskatzailea
Sin.: ....................
IKASTETXEKO ZUZENDARIA.
***************imagen***************