(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

235/2011 FORU AGINDUA (Indargabetua)

235/2011 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan rtzeko prozedura arautzen duten oinarriak onesten dituena

(2012ko 7. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 11n)

Atarikoa

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen du. Horren arabera, beharrezkoa da jarduketa egutegia ezartzea eta aipatutako foru dekretuak behar dituen prozedurari buruzko alderdiak garatzea.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokian tokiko eskolatze batzordeak eratu eta arautzen dituen maiatzaren 9ko 40/2011 Foru Dekretuak ezartzen du aipatu dekretu horretan ezarritako lehentasunezko irizpideak gainbegiratu egin behar direla eta, hala behar denean, onarpen prozesuko oinarri arautzaileetan ezartzen diren irizpide osagarriak behar bezala ezartzen diren gainbegiratu behar dela.

Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, foru agindu honek ikasle horientzako ikaspostuak gorde beharra ezartzen du.

Ikasle bat ikastetxe publiko batean edo pribatu itundu batean matrikulatzean, ez da inoiz ere bereizkeriarik eginen jatorriagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edo gainerako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik. Horretaz gainera, matrikulazioak berarekin dakar ikastetxearen hezkuntza proiektua errespetatzea, ikasleei eta haien familiei indarra duten legeetan aitortzen zaizkien eskubideak ukatu gabe.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honetan zehazten dira.

Bigarrena

Oinarriotan Hezkuntza Departamentuaren esku uzten diren eskolatze eginkizunak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arloak kudeatuko ditu.

Hirugarrena

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena

Foru agindu hau igortzea Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

OINARRIAK

1. oinarria. Prozedura.

Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1., 2., 4. eta 5. ataletan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak onetsi ziren.

2. oinarria. Baremazioa eta onartzeko irizpideak.

1. Baremazioa aipatu foru dekretuaren 6. artikulutik 13. artikulura bitarte eta 15. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da, bai eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokian tokiko eskolatze batzordeak eratu eta arautzen dituen maiatzaren 9ko 40/2011 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren irizpide osagarrien arabera ere.

2. Irizpide osagarri horiek erabiliko dira irizpide nagusiak nahikoa izan ez direnean ikastetxean ikasleak onartzeko lehentasunak ezartzeko.

3. Ikasleak onartzeko irizpide osagarritzat hartuko dira, betiere:

a) Legez familia ugaria izatea; horregatik puntu bat emanen da.

b) Eskatzailearen bizilekuaren posta kode bera duen ikastetxe bat eskatzea; horregatik puntu erdi emanen da. Bat-etortze hori eskaera zer urtetan egiten den, urte horretako urtarrilaren bata baino lehen gertatu beharko da.

4. Ikastetxe bakoitzeko eskola kontseiluak gehienez ere puntu bat ematen ahalko du beste irizpide osagarri batzuengatik. Horretarako, ikastetxeko organo eskudunak arrazoiak azaldurik kontuan hartu beharko ditu gorabehera nabarmen batzuk, ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen ageriko leku batean argitaratu beharko dituen irizpide objektiboei jarraituz.

5. Ikastetxeek irizpide horiek Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira igorri beharko dituzte, gainbegira ditzan, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman egokiro, aukera berdintasunean eta indarra duen araudiari lotuz sartzen diren begiratzeko, inskripzioa egiteko epea hasi baino lehen.

6. Lehentasunezko irizpideak eta, hala bada, irizpide osagarriak erabiliz gero, berdinketarik bada, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15.2 artikuluan ezarririko irizpideei jarraituz hautsiko da.

7. 31/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren 2. ataleko e) letran aipatzen den zozketa jendaurreko ekitaldian egin behar da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuta. Betiere aurretiaz jakinaraziko da, ikastetxeko ageriko toki batean, ekitaldi hori, beharrezkoa izanez gero, zein toki, egun eta ordutan eginen litzatekeen.

8. Urte berean jaiotako anai-arreben eskaeren kasuan, bat onartzeak berarekin ekarriko du bestea ere onartzea, eta geratzen diren ikaspostu hutsen kopurua murriztu eginen da; baina anai-arrebak hautatutako azkenak badira, ez zaio inori kenduko aurretik esleitutako ikaspostua.

3. oinarria. Jarraibideak eta epeak.

1. Ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan onartzeko prozeduraren epeak bi dira: arrunta eta berezia. Ikasturtearen gainerako denbora epez kanpokotzat hartuko da.

2. Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako epean matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion ikaspostua hartzeko eskubidea galduko du.

3. Ikasturte bakoitzerako prozesua zehazten duten epe eta jarraibideak eskolatze arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpen bidez ezarriko ditu urtero.

4. oinarria. Tramitazioa.

Ikastetxeek eskolatze prozesuaren tramitazio osoa EDUCA informatika-aplikazioaren bidez eginen dute.

5. oinarria. Eskaerak.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, behar bezala betea eta eredu ofizialaren araberakoa, ikasturte bakoitzerako zehazten den epean.

2. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

3. Epe arruntean, Hezkuntza Departamentuak ikaspostu bat esleituko die ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten ikasleei.

4. Epe berezian, herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako eskabidea egin ez duten ikasleek bakarrik izanen dute eskabidea aurkezteko aukera, betiere lekualdaketak eskaera justifikatzen badu. Hezkuntza Departamentuak, dauden ikaspostu hutsak kontuan hartuz, ikaspostuak esleituko dizkie ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten ikasleei.

5. Ikaspostua epe arruntetik eta berezitik kanpo eskatzen duten ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetxeek aurkezten diren eskabideak hartuko dituzte, ikaspostu hutsik izan edo ez, eta Hezkuntza Departamentura igorriko. Eskolatzearen fase horretan, Hezkuntza Departamentuak baimenduko ditu honako ikasle hauek aurkeztutako eskaerak: helbidea beste herri batera aldatzen dutenek (ikastetxe aldaketa justifikatzen duena) edo Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen direnek (berandu sartzen direnak).

6. Hezkuntza Departamentuak baimendutako ikasleak gehienez ere astebeteko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikaslea ezarritako epean ikastetxe berrian hasten ez bada, gordetako ikaspostua galduko du.

7. Tokian tokiko eskolatze batzordea eratua duten herrietan, ikaspostua epe arruntetik eta berezitik kanpo eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joaten ahalko dira; haietan, argibideak eta orientabideak emanen zaizkie eta familiak eskatutako ikastetxean ikaspostu bat esleituko zaie, ikaspostu hutsik baldin badago, eta hala jakinaraziko zaio dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diote, matrikula egiteko.

8. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake ikastetxez aldatzeko epez kanpoko eskaeretarako, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.

6. oinarria. Onarpena.

1. Ikasle bat ikastetxe batean onartu dela ulertuko da, onartutako ikasleen behin betiko zerrendan agertzen denean, edo Hezkuntza Departamentuak ikastetxe batean ikaspostua esleitzen dionean.

2. Ikasle bat, epe arruntean, eskolatuta dagoen ikastetxean ez baizik eta beste batean onartzen badute, jatorrizko ikastetxeko ikaspostua galdu eginen du. Ikaspostu hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira.

7. oinarria. Matrikulazioa.

1. Ikastetxe berrian hasten diren ikasleek matrikula egiteko, epe arruntean zein berezian edota behin ikasturtea hasita, foru agindu honen 3. oinarriko 3. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira Familia Liburuan agertzen direnekin.

3. Oinarri honen 1. puntuan aipatzen diren agiriez gain, ikastetxeek beharrezko agiri osagarriak eskatzen ahalko dituzte.

4. Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.

8. oinarria. Ikaspostuak gordetzea.

1. Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein pribatu itunduek 2 ikaspostu gordeko dituzte talde bakoitzeko, bai Haur Hezkuntzako bigarren zikloan bai Lehen Hezkuntzan, aurreinskripzioko epe arrunta bukatu arte, gizarte eta kultura arloan egoera ahulean dauden ikasleentzat.

2. Ikaspostu horiek eskatzen ahalko dituzte, ikasleak onartzeko epe arruntean, gizarte eta kultura arloan egoera ahulean dauden familiek.

3. Erreserba horretako ikaspostuak lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera aurreinskripzio inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztuko dute.

4. Aurkeztutako eskaerak dauden ikaspostu hutsak baino gehiago badira, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15.2 artikuluan zehaztutako irizpideen aplikazioan oinarritutako lehentasun hurrenkera ezarriko da.

9. oinarria. Hizkuntza eredua aldatzea.

1. Hizkuntza eredua aldatzeko eskaerek Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 1eko 89/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiko diote. Horiek aurkezteko epeak, berriz, onarpen eskaerak aurkezteko jarri diren epe arrunt eta berezi berberak izanen dira, foru agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.

2. Foru agindu honen 5. oinarrian aipatutako kasuetan, ikaslea ordura arte egindako hizkuntza eredua ez duen herri bateko ikastetxe batera aldatzeak, Hezkuntza Departamentuak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza eredua aldatzea izanen du ondorio.

3. Ikastetxea aldatu gabe hizkuntza eredua aldatzeko, hutsik dauden ikaspostuak errespetatuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioari jarraikiz.

10. oinarria. Informazioa.

Ikastetxeek eta Departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.

11. oinarria. Argitalpena.

Foru agindu hau eta bere 3. oinarriko 3. puntuan aipatzen den urteroko ebazpena ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek horien berri izan dezaten.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa