Castellano | Euskara | Français | English
(2002ko 50. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 24an)
Atarikoa
Hezkuntza Administrazioei dagokie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma zehaztea beren eskumeneko lurralde esparruan, eta hartan, ekainaren 14ko 1007/1991 Errege Dekretuan ezarritako gutxieneko irakaskuntzak sartzea (abenduaren 29ko 3473/2000 Errege Dekretuak aldatua). Erlijio Katolikoaren curriculumari dagokionez, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuak, Erlijioaren irakaskuntza arautzen duenak, bere 4.1 artikuluan ezartzen du Erlijio Katolikoaren curriculuma Eliz agintariek finkatuko dutela.
Hori horrela, Iruña eta Tuterako Artzapezpikutzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako erlijio katolikoaren curriculuma aurkezten du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Horregatik, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) eta c) artikuluaren bitartez emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehena
Elizaren agintari eskudunak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako proposatu Erlijio Katolikoaren curriculuma Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baimena ematea. Curriculum hori Foru Agindu honen eranskinean agertzen dena da.
Bigarrena
Foru Agindu hau Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Hezkuntza Berriztatzeko Atalari eta Iruñeko Artzapezpikutzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Hirugarrena
Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren maiatzaren 20ko 195/1994 Foru Agindua indargabetzea, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Erlijio Katolikoaren arloko curriculumaren argitalpena onesten duen.
Laugarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan ezartzen dena 2002-2003 ikasturtean aplikatuko da.
ERANSKINA. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Erlijio Katolikoaren Curriculuma
-Sarrera
Erlijio heziketa eta moral katolikoak ikasleek aurreko etapan ikasi eta barrendurik eduki behar dituzten edukietan sakondu nahi du, zentzu kritikoagoa eta garrantzi gehiago emanaz ikasleak sorketarako, berrikuntzarako eta erlijio katolikoaren oinarrizko irakaskuntzak aberasteko orain duen gaitasunari.
Eskolaren zeregina baldin bada gizon libre, kritiko eta sortzaileak egitea, ikaslearen nortasuna osotara umotzea lortuko du ikaslea gai denean eskualdatu dizkioten balioak bere-bere proiektu pertsonalaren arabera bereganatu, baztertu eta aldatzeko. Eskolak, horrela, bizitzaren azken oinarri eta zentzuari begira ezartzen du ikaslea, eta beraz zientzia eta kulturaren azken zentzuari begira. Ikasleak bere buruari egiten dizkion galdera handiak argitzea eta erantzutea da helburua, aukera libre eta pertsonal gisa bere gain hartu beharrekoak. Eskolaren helburua da ikasleak bere nortasun pertsonala iristea; baina nortasun hori ez daiteke burutan ongi atera pertsona gisa duen existentziaren azken buruko eta osotarako esanguraz ongi orientaturik egon gabe.
-Helburuak
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleak honakoak egiteko gai izan behar du:
a) Gizakiaren duintasunaren aurrean bere burua kokatzea, dela bere jatorri, bere transzendentzia eta helburuagatik, eta antz ematea erlijio gertaeraren elementuei eta historian eta herrien bizitzan izan dituen agerkariei, izatearen gaineko galdera handiei erantzunez.
b) Gizakiaren galdera sakonak aztertzea (bizitza, heriotza, oinazea eta abar), kristau fedeak bizitzaren zentzuaz ematen dituen erantzunak baloratzeko.
c) Fede katolikoaren dokumentu oinarrizkoak ezagutzea, kristau mezua garraiatzen dutenak, mezu errebelatu hori eta haren fedezko formulazioak ulertu eta behar bezala adierazteko.
d) Biblia nola erabili jakin, bere jatorrian, forman, helburuan eta interpretazio egokian kokatuz Israelgo historia eta erlijio esperientziarekiko, eta Jainko aitak gizakiei egindako errebelazioaren adierazpide gisa.
e) Jesukristo jainkoaren seme gizon artean haragitua dela ulertzea, hartarako haren mezua, bizitza, eta Espiritu Santuaren bidez elizan duen presentzia ezagutuz eta aztertuz.
f) Elizaren zentzua eta helburua ezagutu eta baloratzea: Kristok gizakiari eskaintzen dion humanizazio eta salbazio zerbitzua instituzio gisa gauzatzea eta Espainia zein Europako gertaera garrantzitsuenetan izan duen aportazioa deskubritzea.
g) Zeinu eta sinbolo ardurakoenen esangura interpretatzea, sakramentuei eta testuinguru sozial zein erlijiosoan maizenik izaten diren ospakizunei arreta berezia emanaz, erlijio sinismenen kausazko bereizkeria galaraziz.
h) Antz eman eta aztertzea zein oinarri arrazional eta errebelaziokok justifikatzen duten Elizaren irakaskuntza morala eta orientatzen dituzten bizitza, osasun, sexubide, amodio, ondasunen erabilera eta kontsumo eta ingurumenari buruzko ohitura sozialak.
i) Antz eman eta aztertzea zer sakoneko esangura duten elkarbizitzak eta antolamendu sozialeko moduek: tolerantzia aktiboa, elkartasuna, askatasuna, justizia, partehartzea, erantzunbeharra, erlijioen arteko elkarrizketa, eta haien jatorri kristaua seinalatu eta maiz izaten diren egoera pertsonal eta sozialei aplikatzea.
j) Kristautasunaren osagai diren balioak, jarrerak eta arauak hierarkikoki ordenatzen ikastea, norbere bizitzari zentzua ematen ahal dioten aukerak egiteko.
k) Kontzientzia moralaren formazioa garatzen duten juzguak egiten ikastea, kristau moralaren printzipio oinarrizkoak, askatasunerako eta erantzunbeharrerako eskubidea kontuan harturik, komunikabideetan eta inguruko errealitate sozial, ekonomiko eta politikoetan egoten den aukera aniztasunari aplikatuz.
l) Erlijio, arte eta kultura ondarea ezagutu eta errespetatzea, arkitekturaren, pinturaren, musikaren eta liturgiaren lengoaia sinbolikoaren bitartez, Elizaren Historiako etapa handien eta inguruko kulturaren adierazpidea baita.
-Edukiak
Erlijio katolikoa I
1.-Gizakia, Jainkoaren sorkari. Gizakiaren aberastasun eta konplexutasuna. Batasuna, gorputza eta espiritua; adimena, maitasuna, kontzientzia morala, askatasuna, izaera komunitario eta soziala.
2.-Giza jarduera, sortutakoen onerako emana. Lana baloratzea, norbere burua errealizatzeko bide gisa. Lan pertsonalean eta talde lanean aktiboki eta arduratsu parte hartzea.
3.-Erlijio esperientzia, errealitate antropologiko. Erlijioaren oinarri diren giza galdera handiak. Erlijio gertaera eta haren lengoaia.
4.-Jainkoaren errebelazioa Eskritura Santuak testigantzen dituen gertaera eta hitzetan.
5.-Jesus Kristo eta Jaun delako fede aitormena: egiazko jainko eta egiazko gizon. Kristoren zenbait izenen zentzua eta esangura, Jainko Semea, Mesia, Jauna.
6.-Kristau fedearen dimentsio komunitarioa -sozial eta publikoa-. Gure garaiko kristau konpromisoaren zeinuak. Elkartasuna Islamaren eta Judutasunaren erlijio praktiketan. Konbibentzia, justizia eta bakea.
7.-Kultura eta askatasuna. Intolerantzia eta arrazismoa aurrez galaraztea. Gizarteko kontrabalioen aurreko gaitasun kritikoa.
8.-Kristauek beste erlijio eta instituzioekin elkarlanean aritzea lurreko hiria eraikitzeko. Eliza Katolikoak esku hartzen duen mundu mugimenduak. Herri globala.
9.-Jainkoak zeru berria eta lur berria agintzen. Maitasunaren zibilizazioa.
Erlijio katolikoa II
1.-Bekatuak nola makurtzen duen giza jarduera eta Kristoren bidez nola zuzentzen den. Oinazea eta heriotza.
2.-Jainkoa Jesukristorengan agertzen. Jesukristoren salbazioa eta erredentzioa.
3.-Jesusen mezuaren muina. Jainkoaren erreinua.
4.-Lehenbiziko kristau baldernetan nola egiten zen Jesusen haragitze, hiltze eta berpiztea sinisteko fede aitormena.
5.-Elizak, salbazio sakramentu unibertsala den partez, aurrera eragiten dio Jesukristoren obrari, Espiritu Santuak bizkortua.
6.-Jainko herriaren kideek zer zentzu eta zer erantzunbehar dituzten.
7.-Sakramentuen jatorri, helburu eta zentzua.
8.-Jainkoaren grazia Sakramentuen bidez banatzen. Sakramentuen eta giza bizitzaren arteko harremana. Konpromisoa.
9.-Sendatze sakramentuak eta komunitatearen zerbitzuko sakramentuak.
10.-Liturgia, Jainkoak gurekin eta guk Jainkoarekin dugun harremanaren adierazpide. Jatorria eta gaur egungo kinka. Otoitzaren balioa. Balorazioa eta errespetua.
11.-Jesukristorengan sortzen den gizon berria. Bizitza proiektu pertsonala den aldetik. Pertsonaren duintasuna. Gizakia, Elizaren kezkarik handiena.
12.-Dimentsio moralaren oinarriak. Egintza moralaren kausa eta ondorioen arteko harremana atzematea. Pertsona, izaki librea. Pertsona Jainkoaren aurrean. Pertsona gizonenganako maitasunaren aurrean.
13.-Gizonak Jainkoarekin dituen harremanen morala. Manamenduak (1.a, 2.a eta 3.a).
14.-Giza bizitzaren morala eta gaur egun dituen problemak. Manipulazio genetikoa, abortua, eutanasia, norbere buruaren defentsa zuzena, heriotz zigorra, gizakiarekin esperimentatzea, drogak, alkoholismoa.
15.-Sexubidearen zentzu eta helburu oinarrizkoa. Sexubideak Jainkoak emandako dohaina den partez duen integrazio zentzua. Bi sexuak baloratu eta errespetatzea.
16.-Ezkontzaren eta familia barrengo konbibentziaren morala. Familiaren hezkuntza ardura. Dibortzioa eta haren problemak.
17.-Benetakotasun eta egia pertsonalaren gaineko morala. Haren presentzia komunikabideetan.
Ebaluazio irizpideak
1.-Jainkoa aita dela pixkanaka agertzera ematen duten Testamentu zahar eta berriko testuen ideia funtsezkoak eta zentzua atzematea.
2.-Ahozko zein idatzizko komentarioak egitea Jainkoaren mezua ulertu dela aditzera emateko.
3.-Bibliako informazioak atzeman eta loturak egin ikuspuntu historiko, geografiko eta kulturaletik, haren egia eta inspirazioa agerrarazteko moduan.
4.-Atzematea zein diren Jesukristoren ezaugarri nagusiak eta haren mezuak, haren salbazio lanean gauzatua, zer ezaugarri nagusi dituen, kristau iragartzearen edukiak ulertu ahal izateko.
5.-Jesusen paraboletako eta mezu handietako esangura interpretatzea, kristau bizitzako jarrera oinarrizkoak ezagutzeko.
6.-Elizak Jainko herri eta salbazio sakramentu den partez dituen funtsezko ideiak laburbiltzea, eta Kristoren erredentzio lanaren jarraitzaile gisa.
7.-Deskribatzea zer jatorri, sinbolo eta helburu dituzten Bataio, Konfirmazio, Penitentzia, Eukaristia eta Erien Gantzutze direlako sakramentuek giza bizitzako eta eliz komunitateko etapei dagokienez.
8.-Sakramentuak, erlijio festak eta elizkizunak elizaren bizitzan kokatu, Jainkoarenganako goratzarre, pozezko ospakizun eta konpromiso pertsonal eta sozial diren partez.
9.-Moralaren osagai oinarrizkoak aipatzea eta ebanjelioko balioen argitan komentatzea, eta ikustea maitasunaren manamenduan eta zorionbideetan islaturik daudela.
10.-Gizona Jainkoaren iruditzat deskribatzen duten bibliako testuak eta maisuen testuak ikustea, haren duintasuna, errespetua eta bere buruaren errespetua eta besteena baloratzeko.
11.-Norbere jarrerak ebanjelioaganako atxikimenduagatik nabarmendu diren kristau bizitzako eredu batzuenarekin konparatzea.
12.-Norbere inguruko problema sozialen gaineko informazioa eskuratzea, Jesukristori jarraitzetik heldu diren erantzun kristau oinarrizkoekin lotura eginez.
13.-Alderdi, bibliko , doktrinal eta liturgikoek zer harreman dituzten inguruko eta ondare unibertsaleko adierazpen artistiko eta kulturalekin aztertu eta aurkitzea.
14.-Ikerketa lanak egitea gai sozial eta kulturalen gainean, ikertu beharreko puntuak eta haien ikerbideak proposatuz eta emaitzak modu kritikoan aztertuz ebanjelioko balioen arabera, eta ekintzarako neurriak proposatuz.
15.-Talde lanean aritzea modu arduratsuan eta lagunkorrean, taldekideak errespetatuz eta bakoitzari esleitu zaizkion eginkizunak bere gain hartuz.
Erlijio katolikoa III
1.-Jainkoaren gaineko galderaren erro antropologikoa. Gizona, bere izatez, Jainkoa aurkitzeko gai: zer bide dituen gizonak Jainkoarengana iristeko.
2.-Errebelazioaren izaera: gertaerak eta hitzak. Errebelazioaren iturriak: Eskritura, Tradizioa, Maisutza. Jainkoa pausoz pauso errebelatzen.
3.-Jesukristoren salbazio lana. Zentzua eta orijinaltasuna. Azken buruko berpiztearen oinarritze kristaua.
4.-Judu erlijioaren eta islamaren ezaugarri nagusiak. Gaurko judutasuna eta islama. Tradizioa eta modernotasuna.
5.-Islamak, Judutasunak eta Kristautasunak, gizonaren galdera handiei zer erantzun ematen dieten.
6.-Kristau printzipio orokorrak nola aplikatu erlijio handiei dagokienez, II. Batikano Kontzilioaren arabera. Jesukristo, promes guztien betegintzarrea.
7.-Israelgo kokaera geografikoa eta erlijioz zein kulturaz izan zuen bilakaera.
8.-Testamentu zaharra eta testamentu berria interpretatzeko oinarrizko osagaiak. Testamentu zaharreko liburuak eta haien zatiketa, deskripzioa, egileak. Literatur generoak. Testamentu berriko liburuak.
9.-Jesusen bizitza eta haren garaiaren berri jakiteko iturrien azterketa (juduak, erromatarrak eta kristauak). Ebanjelioen historikotasuna. Historiak aipatzen duen Jesus eta fedeak erakusten digun Kristo.
10.-Jesukristok bere ikasleen komunitatea bilerara deitzen du. Eliza. Eliza, komunioko misterio. Espiritu Santua, fededunen indar eta bizigarri.
11.-Hastapeneko eliza Apostoluen eginetan. II. eta III. mendeetan nola ezarriz joan zen. Lehenbiziko jazarraldiak. Eliz ministerioa lehen komunitateetan. Doktrinako desbiazioak agertzen hasten dira.
12.-Kristautasunaren hedakuntza (IV. mendea). Konstantinoren eliza. Eliza eta denborazko boterea. Artzain handiak.
13.-Herriak erdi aroan nola kristautu ziren (V-XIV. mendeak). Inperioa, Eliza, Kristautasuna, Monasterioak, kristau jakintza eta gogoetaren gertaleku. Feudalismoa. Ekialdeko elizak bereizten.
14.-Antzinate klasikoaren Pizkundea. Protestanteen erreforma eta Eraberritze katolikoa (XV eta XVI. mendeak). Kristautasuna urratzearen drama: konfesio erreformatuak.
15.-Aurkitu berriko lurraldeak nola kristautu ziren eta nola ezarri zen bertan eliza (XVII eta XVIII. mendeak). Burgesen erlijiotasuna. Fede eta arrazoiaren gatazka.
16.-Gizartea sekularizatzen (XIX. eta XX. mendeak). Elizaren barneko berritzea: karitatearen, hezkuntzaren eta misioaren aldeko erlijio ordena berriak sortzen. Mugimendu ekumenikoa. II. Batikano kontzilioa.
-Ebaluazio irizpideak
1.-Hainbat dokumentu grafiko, literatur testu, pintura edo eskultura lan, sinbolo, errito, toki sakratu eta sakratuarekin lan egiten duten pertsonak erabiliz, agertzera ematea gizona, historia guztian etengabe ibili dela eta ibiltzen dela Jainko bila.
2.-Gizonak egiten dituen funtsezko galderak aipatu eta deskribatzea, haietan egiten baitu erro erlijioak, eta erantzun kristau nagusiekin lotura egitea.
3.-Erlijio historiko handien mezua eta kristau mezua konparatzea gizonaren existentziako oinarrizko problemei dagokionez.
4.-Biblian aurkitu eta kokatzea zein kategoria funtsezkotan aditzera ematen den Salbazioaren historia eta nola Jainkoa pausoz pauso errebelatuz joaten zaion herri aukeratuari.
5.-Jesusen mezuko eduki oinarrizkoen sintesia egitea, Berri Ona osatzen dutenak, eta eduki horiek testamentu berrian kokatzea.
6.-Jesusen mezuko ondorio pertsonal eta sozialak deduzitzea, kristau balio funtsekoetan zehazten direnak.
7.-Erlijioaren gaineko ikerketak egitea, hartarako inkestak, elkarrizketak, galde zerrenda errazak eginaz, liburuak edo komunikabideak kontsultatuz, helburuak zehaztuz, emaitzak tabulatuz eta ondorio nagusienak atereaz.
Erlijio katolikoa IV.
1.-Traszendentziaren zentzua eta gizakiarengan duen ondorioa.
2.-Fedea, errebelazioari emandako erantzuna. Fededunen jarrerak.
3.-Jainkoa, komunioko misterio: Trinitatea. Trinitatearen doktrinak zer oinarri duen Biblian eta doktrina hori nola osatu zen.
4.-Elizaren egitura hierarkikoa. Elizaren katolikotasuna: misio izaera.
5.-Eliza gaurko munduan. Elizak gaur egungo munduan zer aportazio egiten duen kultura, hezkuntza eta promozioaren arloan, bereziki Espainian. Katolikoak bizitza publikoan.
6.-Jesukristoren mezua adierazpen artistiko eta herrikoietan. Kulturari egiten dion aportazioa.
7.-Bibliako genero apokaliptikoaren atarian. Jaunaren etorrera, juizioa eta betiereko bizitza (Mat.24, Apok.21).
8.-Jesukristo, Kreazioaren eta Historiaren jauna.
Ebaluazio irizpideak.
1.-Talde sozialek gaur egun Jainkoaren aurrean dituzten jarrerak deskribatzea, eta adieraztea nola izan behar duen kristau eta ez kristauen arteko elkarrizketak.
2.-Argiro adieraztea pertsonaren duintasunak eta gizaki guztien berdintasun funtsezkoak zer oinarri duten, eta bi baieztapen horietatik zer ondorio moral heldu diren, gaurko gizartean egoten diren zapalkuntza eta pobretasun egoerekin kontraesanean.
3.-Elizako karismak eta ministerioak lotzea Kristautasunean dagoen Orden eta Ezkontzaren bizipenarekin.
4.-Eliza historiako etapetan kokatzea Jesusen mezuaren gauzatzea, bizitza ereduen, kultura eta arte adierazpenen eta gizonenganako zerbitzuaren bidez.
5.-Elizak zer ezaugarri nagusi dituen aztertu eta baloratzea, eta nola Jesusen aginduari leial egon zaion haren gauzabide historikoaren etapa desberdinetan.
6.-Eukaristiak kristau bizitza osoaren iturri eta gailur gisa duen zentzua eta esangura deskribatzea.
7.-Kritikoki baloratzea errealitatean eta komunikabideetan atzemandako gertaera eta portaera moralak Jesusen mezuan dauden balioen ikuspuntutik.
8.-Modu kritikoan preziatzea zientziak eta teknikak egiten dituen aportazioak ebanjelioak aurkezten duen behin betiko salbazio proiektuaren ikuspuntutik.
9.-Gizateriak gaur dituen problema larrienak deskribatzea eta Elizako irakaspenaren testu funtsezkoen printzipio eta ondorioak aplikatzea gizarte bizitzaren problema estugarrienei, errealitate lokala, nazionala eta nazioartekoa kontuan hartuz.
10.-Jainkoak gizonei egin dien maitasun agerraldi progresiboa aztertzea, Jesukristoren salbazioa gailur izan zuena, eta Espiritu Santuaren lanean jarraitua, Kredo Katolikoaren laburpen den aldetik.
Errespetu, elkarrizketa eta zentzu kritikoko jarrerak agertzea bestelako pentsaera eta jokaerekiko.
-Prozedurak
1.-Testu Bibliko eta erlijiosoak behar bezala irakurri eta interpretatzea.
2.-Erlijio hizkuntzaren esapide nagusiak behar bezala erabiltzea.
3.-Gertaera erlijiosoen faktore historiko kulturalen eta geografikoen azterketa, Bibliako datu eta informazioekin konparatua.
4.-Bibliaren gaineko informazio datuak oinarri, sinopsiak, eskema eta grafikoak itxuratzea.
5.-Erritoetako erlijio zeinuak interpretatzea eta jatorrizko esangurarekin duten erlazioa aztertzea.
6.-Erlijioari komunikabideetan ematen zaion tratamendua aztertzea.
7.-Oro har erlijioetako datu eta kontzeptuak kristautasunarenekin konparatzea.
8.-Giza existentziako problema oinarrizkoak eta erlijio praktika eta sinismenak lotzea.
9.-Erlijio jarrera desberdinen gainean elkarrizketa irekiko ariketa egitea.
10.-Nafarroan fedeak gaur duen zentzua interpretatzea.
11.-Bibliako kategoria eta kontzeptu nagusiak atzematea pasarterik inportanteenetan.
12.-Ebanjelioetako kontaerek idatzi ziren garaiko testuinguruarekiko duten egoera.
13.-Fede katolikoaren baieztapen handien oinarri diren testamentu berriko testuak atzematea.
14.-Jesukristoren mezuaren osagai funtsezkoa nola egituratzen den.
15.-Jesusen gizatasuna hobekien adierazten duten gertaerak deskribatu eta aztertzea, bibliak kontatzen duenaren arabera.
16.-Jesukristoren hitz eta egintzen arteko lotura hertsiari antz ematea.
17.-Ikaslearen inguruko erlijio festa, debozio eta praktiketan gailentzen den mezua aztertzea.
18.-Jesukristoren mezua arte adierazpenetan aurkitzea: pintura, eskultura, literatura, zinean, musika eta abarretan.
19.-Jesusen bizitza gaitzat hartzen duten Nafarroako irudi edo pintura nagusiak aztertzea.
20.-Jainkoaren gaia arlo desberdinetako eduki-multzoetan bilatu eta aztertzea.
21.-Jainkoarenganako jarrera desberdinen azterketa konparatua.
22.-Jainkoarenganako fedearen testigantzen azterketa konparatua.
23.-Jainkoa artean atzemateko modu desberdinak aurkitzea.
24.-Jesusek errebelatzen duen Jainko irudiak zer diferentzia dituen bestelako Jainko irudiekin.
25.-Gizakiaren gaineko datu eta ikerlanen balorazioa.
26.-Beste arloetan gizonari buruz ikasten diren alderdi inportanteenak laburbiltzea.
27.-Familiaren orientazioa eta beste hezkuntza eragin batzuk aztertu eta ebaluatzea.
28.-Gizonak artean dituen adierazpide desberdinak interpretatzea.
29.-Gizonak gaurko gizartean bizi dituen zapalkuntza eta pobrezia egoerak aztertzea.
30.-Ebanjelioan ageri diren giza irudiaren ezaugarri nagusiak aztertu eta laburbiltzea.
31.-Antropologia kristauaren eta gizonari buruzko beste ikuskera batzuen arteko konparazioa.
32.-Nafarroan dauden giza bazterkeriazko egoerez konturatzea.
33.-Elizaren historiaren gaineko dokumentu idatziak hautatu eta sailkatzea.
34.-Elizaren doktrina testuak beren testuinguru historikoan komentatzea.
35.-Elizaren historiako gertaera esanguratsuenak interpretatu eta irudikatzea.
36.-Mugimendu eta erakunde katolikoek gaur egiten dituzten ekintza soziala ikertu eta aztertzea.
37.-Komunikabide sozialek elizaren eta haren instituzioen bizitzaren gainean ematen dituzten datuak ikertu eta aztertzea.
38.-Elizak kulturaren, hezkuntzaren eta promozioaren arloan egiten duen aportazioaren gaineko datuak bilatzea, bereziki Espainian.
39.-Elizak Nafarroan izan dituen momentu diztirantenak irudikatzea.
40.-Elizak gaur Nafarroan egiten dituen jarduera kultural eta laguntzazkoak ezagutzea.
41.-Inguruko objektu, pertsona eta egintza sakratuak atzeman eta bereiztea.
42.-Sakramentuen jatorrizko zentzuak gaurko praktikarekin duen harremana.
43.-Sakramentu bakoitzak eta giza bizitzak duten paralelismoa aztertzea.
44.-Gorputz hizkera eta liturgiako jestu eta zeinuak konparatzea.
45.-Sakramentuen gaineko sintesi sinoptikoak itxuratzea.
46.-Erromako liturgia Nafarroako kultura autoktonoan nola txertatu zen ikertzea.
47.-Erakunde nazional eta nazioartekoen azterlan zientifikoak oinarri, gizakiaren jardueraren gaineko datuak hautatu, sailkatu eta baloratzea.
48.-Komunikabide eta arte adierazpenek azken buruko errealitateei ematen dieten tratamendua aztertu eta baloratzea.
49.-Aurkikunde zientifiko eta teknikoak benetako giza aurrerabidean kokatzeko analisi kritikoa egitea.
50.-Bibliako apokalipsi generorako hurbilbide exegetikoa egitea oinarrizko zenbait testu erabiliz.
51.-Kristau ekintzak behin betiko salbaziorako eta aldi baterako liberaziorako dituen printzipioak sistematikoki aztertzea.
-Jarrerak
1.-Erlijio gertaeraren aurrean oro har jarrera irekia izatea, eta bai kristau gertaeraren aurrean eta zentzu bilaketako giza jardueraren edozein agerkariren aurrean.
2.-Bestelako pentsaerek zentzu-eroale diren partez errespetatu eta ulertzea.
3.-Aniztasuna, erantzunbeharra eta lankidetza erabiltzearen aurrean jarrera irekia izatea.
4.-Elkarrizketa estimatzea.
5.-Erritoetan, erlijio zeinuetan eta erlijio sentimenduetan adierazten diren giza balioak preziatzea.
6.-Beste arloek erlijioaren gainean plazaratzen dituzten datu eta galderak ulertu, bereizi eta aztertzeko jarrera.
7.-Nafarroako kulturaren alderdi erlijiosoak ezagutu eta kontserbatzeko interesa.
8.-Bibliako kulturak Mendebaleko zibilizazioaren eta bereziki Espainiakoaren arte, literatur eta pentsamendu agerkarietan izan duen eragina baloratzea.
9.-Jainkoaren errebelazioko zein balio dauden presente gaur egungo kulturan: maitasuna, errespetua, elkartasuna, gizonaren duintasuna, giza bizitzaren sakratutasuna.
10.-Kristau errebelazioak esplizituki proposatzen dituen jarrerak: justiziaren, egiaren eta bakearen aldeko borroka; senidetasuna eta abar.
11.-Gertaera sozial, politiko eta historikoak Eskritura Sakratuaren argitan ulertzea.
12.-Testu biblikoenganako estimua eta haiek maiz leitzeko gustua.
13.-Jainkoaren errebelazioaren alderako errespetu jarrera: otoitza, esker ona, alegrantzia, fededuntzea eta abar.
14.Bibliako kulturak Nafarroako artean izan duen eragina ezagutzea.
15.-Nafarroako kultura tradizionalean presente dauden balio biblikoak aurkitzea.
16.-Kristautasunak mendebalean eta bereziki Espainian bizitza eta kulturak hoberako bilakaera izan zezaten izan duen aportazioa baloratzea.
17.-Justiziak, libertateak eta maitasunak errealitatearen balorazio guztietarako irizpide ebanjeliko gisa zenbateko garrantzia duten konturatzea.
18.-Konturatzea mundua eta historia Jainkoaren dohain direla eta bai gizona esklabotza guztietatik askatzeko lan ere.
19.-Jesusen muineko mezutik heldu diren gizonaren gaineko balioak: gizakiaren duintasuna, giza bizitzaren balio jatorrizkoa, askatasuna eta legea, Jainkoarekiko harreman zuzenekoa, dohainekotasuna, liberazioa, zoriona, barkamena, pobreengana hurbiltzea eta abar.
20.-Kristau errebelazioak fededunari erakutsi eta beren osotasun guztian agertzera ematen dizkion portaera arauak.
21.-Jesusen pertsona behatzeko, entzuteko, miresteko jarrera.
22.-Gorputzaren duintasuna baloratzea eta gizona beheratzen duten egoerak kritikatzea.
23.-Sexubidea maitasunera bidean integratzeko jarrera, tentazio hedonista gaindituta.
24.-Kultura gizona askatzeko eta norbere burua errealizatzeko bide den partez baloratzea.
25.-Gizonaren ikuskera desberdinen aurreko errespetu jarrera, gizona beheratzen duen guztia kritikatuz.
26.-Kontzientzia morala baloratzea sinismen eta konpromiso pertsonalak eskuratzeko.
27.-Gaurko balio krisiak era gizartean duen eragina ulertzea.
28.-Libertatea eta libertinajea gauza bana direla ulertzea.
29.-Lana norbere burua errealizatzeko eta besteekin komuneko onaren mesedetan lan egiteko bide gisa baloratzea.
30.-Atsedenaren aurrean jarrera positiboa izatea, hura ere errealizazio pertsonala baita eta ez ihesbide hutsa.
31.-Nafarroako aniztasun kulturala baloratzea.
32.-Kristautasuna baloratzea gaurko mendebaleko kulturan.
33.-Kristau komunitatearen testigantza historikoetan ageri diren balio nagusiak.
34.-Eliza katolikoaren kide izateari buruzko araudi oinarrizkoa.
35.-Kristauak Eliza eta Kristoren arteko lotura berezkoaren aurrean duen jarrera.
36.-Parrokiako eta eliz barrutiko bizitza baloratzea.
37.-Liturgia eta Sakramentuen adierazpideen aurrean errespetu jarrera izatea.
38.-Erlijio zeremonien jatorria, bizitasuna, eta gaurkotasunaren berri jakiteko interesa.
39.-Kultuzko objektuen dimentsio artistikoa eta erlijio zeremonien edertasuna baloratzea.
40.-Elizak ospakizun liturgiko eta sakramentalen gainean duen araudia.
41.-Errito eta ohiturek eta bai dramatizazioek, "misterioek", kultuzko objektu eta tokiek Nafarroako Foru Komunitatea osatzen duten eskualdeetan eta berezitasunetan, bai eremu euskaldunetan nola erdaldunetan eta mistoan duten dimentsio antropologiko kultural eta artistikoa baloratzea.
42.-Errebelazioan presente dauden giza balioak: gizonaren duintasuna, giza bizitzaren ukiezintasuna eta abar.
43.-Sexubideak Jainkoaren dohain den partez dituen balio positiboak.
44.-Batasunean, maitasunean eta bakean elkarrekin bizitzean dakarren aberastasunaz konturatzea.
45.-Norbere lanean nahiz talde lanean bizkor eta arduratsu parte hartzea.
46.-Gizartearen kultura aberastasunak duen balioa eta agertzen diren kontrabalioen aurreko jarrera kritikoa.
47.-Gaurko kontsumo gizartean dohakotasunak zer balio duen konturatzea.
48.-Eguneroko bizitzako egoeretan barrenera biltzeak zer balio duen ikustea.
49.-Elizak portaera moralaren gainean eman dituen legeak interpretatu eta aplikatzeko arauak.
50.-Aurkezten diren problema edo gertaeren testuinguru sozial, politiko eta historikoa ezagutzeko interesa.
51.-Beste pentsaera eta sinismenak ulertu, baloratu eta errespetatzea.
52.-Elkarrizketa eta lankidetzaren aldeko jarrera.
53.-Bakoitzak konpromiso sozialaren gainean eta heriotzaren arandiaz dituen konbikzio erlijiosoak ulertu eta oinarritzeko jarrera.
54.-Eliz irakaspenak giza jardueraz eta azken buruko errealitateez eman dituen dokumentuak irakurri eta interpretatzeko arauak.