Castellano | Euskara | Français | English
236/2011 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako ikasketak eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroa egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan rtzeko prozeduraren oinarriak onesten dituena.
(2012ko 7. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 11n)
Atarikoa
Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen du. Horren arabera, beharrezkoa da aipatutako foru dekretuak behar dituen prozedurari buruzko alderdiak garatzea.
Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokian tokiko eskolatze batzordeak eratu eta arautzen dituen maiatzaren 9ko 40/2011 Foru Dekretuak ezartzen du aipatu dekretu horretan ezarritako lehentasunezko irizpideak gainbegiratu egin behar direla eta, hala behar denean, onarpen prozesuko oinarri arautzaileetan ezartzen diren irizpide osagarriak behar bezala ezartzen diren gainbegiratu behar dela.
Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, foru agindu honek ikasle horientzako ikaspostuak gorde beharra ezartzen du.
Ikasle bat ikastetxe publiko batean edo pribatu itundu batean matrikulatzean, ez da inoiz ere bereizkeriarik eginen jatorriagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edo gainerako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik. Horretaz gainera, matrikulazioak berarekin dakar ikastetxearen hezkuntza proiektua errespetatzea, ikasleei eta haien familiei indarra duten legeetan aitortzen zaizkien eskubideak ukatu gabe.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako ikasketak eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroa egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honetan zehazten dira.
Bigarrena
Oinarriotan Hezkuntza Departamentuaren esku uzten diren eskolatze eginkizunak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arloak kudeatuko ditu.
Hirugarrena
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena
Foru agindu hau igortzea Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
OINARRIAK
1. oinarria. Prozedura.
Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1., 2., 4. eta 5. ataletan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak onetsi ziren.
2. oinarria. Jarraibideak eta epeak.
1. Ikasleak onartzeko prozesuak honako epe hauek izanen ditu: arrunta eta berezia. Ikasturtearen gainerako denbora epez kanpokotzat hartuko da.
2. Ikasturte bakoitzerako prozesua zehazten duten epe eta jarraibideak eskolatze arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpen bidez ezarriko ditu urtero.
3. oinarria. Tramitazioa.
Ikastetxeek eskolatze prozesuaren tramitazio osoa EDUCA informatika-aplikazioaren bidez eginen dira.
4. oinarria. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, behar bezala betea eta eredu ofizialaren araberakoa, ikasturte bakoitzerako zehazten den epean.
2. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.
3. Epe arruntean Hezkuntza Departamentuak ikaspostu bat esleituko die ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei.
4. Epe berezian herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako eskabidea egin ez duten DBHko eta Batxilergoko ikasleek bakarrik izanen dute eskabidea aurkezteko aukera, betiere lekualdaketak eskaera justifikatzen badu. Hezkuntza Departamentuak, dauden ikaspostu hutsak kontuan hartuz, ikaspostuak esleituko dizkie ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten ikasleei.
5. Ikaspostua epe arruntetik eta berezitik kanpo eskatzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetxeek aurkezten diren eskabideak hartuko dituzte, ikaspostu hutsik izan edo ez, eta Hezkuntza Departamentura igorriko. Eskolatzearen fase horretan, Hezkuntza Departamentuak baimenduko ditu honako ikasle hauek aurkeztutako eskaerak: helbidea beste herri batera aldatzen dutenek (ikastetxe aldaketa justifikatzen duena) edo Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen direnek (berandu sartzen direnak).
6. Hezkuntza Departamentuak baimendutako ikasleak gehienez ere astebeteko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikaslea ezarritako epean ikastetxe berrian hasten ez bada, gordetako ikaspostua galduko du.
7. Tokian tokiko eskolatze batzordea eratua duten herrietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ikaspostua epe arruntetik eta berezitik kanpo eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joanen dira; haietan, argibideak eta orientabideak emanen zaizkie eta familiak eskatutako ikastetxean ikaspostu bat esleituko zaie, ikaspostu hutsik baldin badago. Tokiko eskolatze batzordeek ikaspostuaren esleipenaren berri emanen diote dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diote, matrikula egiteko.
8. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.
5. oinarria. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako baremazioa eta onartzeko irizpideak.
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako baremazioa apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 6. artikulutik 15. artikulura bitarte ezarritakoaren arabera eginen da, bai eta maiatzaren 9ko 40/2011 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren irizpide osagarrien arabera ere.
2. Irizpide osagarri horiek erabiliko dira irizpide nagusiak nahikoa izan ez direnean ikastetxean ikasleak onartzeko lehentasunak ezartzeko.
3. Ikasleak onartzeko irizpide osagarritzat hartuko dira, betiere:
a) Legez familia ugaria izatea; horregatik puntu bat emanen da.
b) Eskatzailearen bizilekuaren posta kode bera duen ikastetxe bat eskatzea; horregatik puntu erdi emanen da. Bat-etortze hori eskaera zer urtetan egiten den, urte horretako urtarrilaren bata baino lehen gertatu beharko da.
4. Ikastetxe bakoitzeko eskola kontseiluak gehienez ere puntu bat ematen ahalko du beste irizpide osagarri batzuengatik. Horretarako, ikastetxeko organo eskudunak arrazoiak azaldurik kontuan hartu beharko ditu gorabehera nabarmen batzuk, ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen ageriko leku batean argitaratu beharko dituen irizpide objektiboei jarraituz.
5. Ikastetxeek irizpide horiek Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira igorri beharko dituzte, gainbegira ditzan, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman egokiro, aukera berdintasunean eta indarra duen araudiari lotuz sartzen diren begiratzeko, foru agindu honen 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean zehazten den epean.
6. Lehentasunezko irizpideak eta, hala bada, irizpide osagarriak erabiliz gero, berdinketarik bada, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren 2. eta 3. ataletan ezarririko irizpideei jarraituz hautsiko da.
7. 31/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren 2. ataleko e) letran aipatzen den zozketa jendaurreko ekitaldian egin behar da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuta. Betiere aurretiaz jakinaraziko da, ikastetxeko ageriko toki batean, ekitaldi hori, beharrezkoa izanez gero, zein toki, egun eta ordutan eginen litzatekeen.
8. Urte berean jaiotako anai-arreben eskaeren kasuan, bat onartzeak berarekin ekarriko du bestea ere onartzea, eta geratzen diren ikaspostu hutsen kopurua murriztu eginen da; baina anai-arrebak hautatutako azkenak badira, ez zaio inori kenduko aurretik esleitutako ikaspostua.
6. oinarria. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Ikasketetako erdi mailako heziketa zikloetarako baremazioa eta onartzeko irizpideak.
1. Modalitate orokor arruntean erdi mailako heziketa zikloetan zuzenean sartzeko, baldintza hauetakoren bat bete beharko da:
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua izatea.
-Teknikari laguntzailearen titulua izatea.
-Teknikari titulua izatea.
-Batxilergo bateratu balioaniztuneko bigarren maila gainditua izatea.
-Erdi Mailako Irakaskuntzaren Erreforma Esperimentaleko lehen zikloko 2. maila gainditua izatea.
-Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen ikasketetan 1963ko Planeko hirugarren maila edo esperimentaleko guztiendako ikasgaietako bigarrena gainditua izatea.
-Ondorio akademikoetarako aurreko horietakoren baten baliokide diren beste ikasketa batzuk gaindituak izatea.
-Honako titulu hauek edo baliokideak izatea: goi mailako teknikaria, teknikari espezialista, unibertsitateko titulua.
Aurreinskripzioa egitean ikasleak bere ikasketa titulu guztiak adierazi beharko ditu; bestela, galdu egin lezake erdietsi duen ikaspostua.
2. Behar den titulu akademikoa ez dutenak kasuan kasuko sarrera proba gainditu ondoren sartzen ahalko dira erdi mailako heziketa zikloetan.
3. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan sartzeko, gaitasun artistikoaren proba ere gainditu beharko da, horri buruzko arauan xedatu bezala.
4. Epe arruntean modalitate orokor arruntean erdi mailako heziketa zikloetan zuzenean sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1. Zikloa lehen hautuan aukeratu duten pertsonak.
2. Zikloa bigarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
3. Zikloa hirugarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
4.1. Ikaspostuak esleitzeko, honela ordenatuko dira sortzen diren hiru taldeak:
-Lehenik, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua aurreinskripzioa egiten den ikasturtean berean eskuratzen dutenak.
-Bigarrenik, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua aurreko ikasturteetan lortu dutenak.
-Hirugarrenik, 6. oinarri honetako 1. puntuan aipatutako gainerako ikasketa tituluetako bat dutenak, betiere goi mailako teknikari, teknikari espezialista edo unibertsitateko titulurik ez badute.
-Laugarrenik, honako titulu hauek edo baliokideak dituztenak: goi mailako teknikaria, teknikari espezialista, unibertsitateko titulua.
4.2. Aurreko puntuan adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen diren taldeak ikasketa espedienteko batez besteko notaren arabera ordenatuko dira, nota handienetik txikienera, foru agindu honen 10. oinarrian ezarritakoari jarraituz. Batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak, nor bere taldeko azken tokira pasatuko dira. Berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
5. Epe berezian modalitate orokor arruntean erdi mailako heziketa zikloetan zuzenean sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1.-Epe arruntean eskatu eta baldintzak bete arren ikasposturik lortu ez zutenak.
2.-Epe arruntean eskatu baina orduan sartzeko baldintzak bete ez eta epe berezian betetzen dituztenak.
3.-Epe berezian eskatu dutenak.
5.1. Goian aipatutako hiru taldeei aplikatuko zaizkie foru agindu honen 6. oinarriko 4. puntuan aipatzen den epe arrunteko zerrenda egiteko ezarritako lehentasun irizpideak.
6. Modalitate orokor arruntean erdi mailako heziketa zikloetan proba bidez sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, ikastetxe bakoitzak lau ikaspostu gordeko ditu eskaintzen duen erdi mailako heziketa ziklo eta talde bakoitzeko. Ikaspostu horiek epe berezia amaitu arte gordeko dira.
6.1. Epe arruntean lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1.-Zikloa lehen hautuan aukeratu duten pertsonak.
2.-Zikloa bigarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
3.-Zikloa hirugarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
6.1.1. Ikaspostuak esleitzeko, sortzen diren hiru taldeak sarrera proban lortutako notaren arabera ordenatuko dira, nota handienetik txikienera. "Gai" kalifikazioa lortzen bada, eta hala jasotzen bada ziurtagirian, 5 puntuko balioa emanen da aipatutako ordena ezartzerakoan.
6.1.2. Berdinketarik izanez gero, lehentasun hurrenkera hau ezarriko da:
-Lehenik, egin nahi duten heziketa zikloarekin lotura duen ekoizpen sektore batean urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Bigarrenik, edozein ekoizpen sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Hirugarrenik, behar adinako lan esperientzia dutela frogatzen ez dutenak.
-Laugarrenik, berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
6.2. Epe berezian modalitate orokor arruntean erdi mailako heziketa zikloetan proba bidez sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1.-Epe arruntean eskatu eta baldintzak bete arren ikasposturik lortu ez zutenak.
2.-Epe arruntean eskatu baina orduan sartzeko baldintzak bete ez eta epe berezian betetzen dituztenak.
3.-Epe berezian eskatu dutenak.
6.2.1. Goian aipatutako hiru taldeei aplikatuko zaizkie foru agindu honen 6. oinarriko 6.1 puntuan aipatzen den epe arrunteko zerrenda egiteko ezarritako lehentasun irizpideak.
7. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu dutenak proba bidez sartuko dira, gainerako izangaien baldintza berberetan. Horretarako, unibertsitatean 25 urtetik gorakoak sartzeko proba gainditu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute.
8. Epe arrunteko eta bereziko onarpen prozesuan hutsik gelditzen diren ikaspostuak, sarbidea bat ala beste izan, multzokatu eta jendaurreko ekitaldi batean eskainiko dira, Hezkuntza Departamentuan, foru agindu honen 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean zehazten den epean. Jendaurreko ekitaldi horretan ikaspostua lortzen dutenek bi eguneko epean egin beharko dute matrikula, Hezkuntza Departamentuak ikaspostuaren esleipena iragartzen duenetik zenbatzen hasita. Matrikula egin ezean, esleitutako ikaspostua galduko du.
7. oinarria. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Ikasketetako goi mailako heziketa zikloetarako baremazioa eta onartzeko irizpideak.
1. Modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan zuzenean sartzeko, baldintza hauetakoren bat bete beharko da:
-Batxiler titulua izatea.
-Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila gainditua izatea.
-Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea edo Unibertsitate aurrekoa gainditua izatea.
-Goi mailako teknikari edo espezialista titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea dena izatea.
-1963ko ikasketa planeko edo plan esperimentaleko Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako graduatu titulua izatea.
-Unibertsitate bateko titulua edo baliokidea izatea.
Aurreinskripzioa egitean ikasleak bere ikasketa titulu guztiak adierazi beharko ditu; bestela, galdu egin lezake erdietsi duen ikaspostua.
2. Behar den titulu akademikoa ez dutenak kasuan kasuko sarrera proba gainditu ondoren sartzen ahalko dira goi mailako heziketa zikloetan.
3. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan sartzeko, gaitasun artistikoaren proba ere gainditu beharko da, horri buruzko arauan xedatu bezala.
4. Epe arruntean modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan zuzenean sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1.-Zikloa lehen hautuan aukeratu duten pertsonak.
2.-Zikloa bigarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
3.-Zikloa hirugarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
4.1. Ikaspostuak esleitzeko, irizpide hauei jarraikiko diete sortzen diren hiru taldeek:
-Lehenik, Batxiler titulua aurreinskripzioa egiten den ikasturtean berean eskuratzen dutenak.
-Bigarrenik, Batxiler titulua aurreko urteetan lortu dutenak, betiere goi mailako teknikari, teknikari espezialista edo unibertsitateko titulurik ez badute.
-Hirugarrenik, Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila edo Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea (UBI) gainditu dutela frogatzen dutenak, betiere goi mailako teknikari, teknikari espezialista edo unibertsitateko titulurik ez badute.
-Laugarrenik, honako titulu hauek edo baliokideak dituztenak: goi mailako teknikaria, teknikari espezialista edo unibertsitateko titulua.
4.2. Aurreko puntuan adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen diren taldeak irizpide hauei jarraikiz ordenatuko dira:
-Lehenik, Batxilergoko modalitateren bat egina izatea, edo, bestela, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteko aukeretako bat, hain zuzen ere, foru agindu honen 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpeneko eranskinetan heziketa ziklo bakoitzerako ezarritakoa.
-Bigarrenik, Batxilergoko modalitateren bat egina izatea, hain zuzen ere, foru agindu honen 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean ezarritakoa.
-Hirugarrenik, ikasketa espedienteko batez besteko nota, handienetik txikienera, foru agindu honen 10. oinarriko atalen arabera kalkulatua. Batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak, nor bere taldeko azken tokira pasatuko dira.
-Laugarrenik, Berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
5. Epe berezian modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan zuzenean sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1. Epe arruntean eskatu eta baldintzak bete arren ikasposturik lortu ez zutenak.
2. Epe arruntean eskatu baina orduan sartzeko baldintzak bete ez eta epe berezian betetzen dituztenak.
3. Epe berezian eskatu dutenak.
5.1. Goian aipatutako hiru taldeei aplikatuko zaizkie foru agindu honen 7. oinarriko 4. puntuan aipatzen den epe arrunteko zerrenda egiteko ezarritako lehentasun irizpideak.
6. Goi mailako zikloetan proba bidez sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, ikastetxe bakoitzak sei ikaspostu gordeko ditu eskaintzen duen goi mailako heziketa ziklo eta talde bakoitzeko.
6.1. Haietatik lau izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean aurreinskripzioa egiten den ikasturtean berean eskuratu duten heziketa zikloetan sartzeko probak prestatzeko ikastaroa egin duten ikasleentzat. Beste bi ikaspostuak proba bidez sartzen diren gainerako ikasleentzat izanen dira, 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probak egin dituztenak barne.
Ikaspostu horiek epe berezia amaitu arte gordeko dira.
6.2. Epe arruntean modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan proba bidez sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da, aipatutako lau ikaspostuak esleitzeko:
1. Zikloa lehen hautuan aukeratu duten pertsonak.
2. Zikloa bigarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
3. Zikloa hirugarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
6.2.1. Gordetako lau ikaspostuak esleitzeko, aurreko puntuan aipatzen diren hiru taldeak irizpide hauei jarraikiz ordenatuko dira:
-Lehenik, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak prestatzeko ikastaroa egin Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, irakasgai guztiak gainditu, eta Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu duten ikasleak.
-Bigarrenik, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak prestatzeko ikastaroa egin Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, irakasgai guztiak gainditu, eta beste autonomia erkidego batean goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu duten ikasleak.
-Hirugarrenik, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak prestatzeko ikastaroa egin Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, irakasgai guztiak gainditu gabe, eta Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu duten ikasleak.
-Laugarrenik, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak prestatzeko ikastaroa egin Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, irakasgai guztiak gainditu gabe, eta beste autonomia erkidego batean goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu duten ikasleak.
6.3. Epe arruntean modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan proba bidez sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da, gainerako bi ikaspostuak esleitzeko:
1.-Zikloa lehen hautuan aukeratu duten pertsonak.
2.-Zikloa bigarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
3.-Zikloa hirugarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
6.3.1. Aipatutako bi ikaspostuak esleitzeko, honela ordenatuko dira aurreko hiru taldeak:
1. Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu duten ikasleak edo 25 urtetik gorakoek unibertsitatean sartzeko proba, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitate batean edo zentro elkartu batean egin eta gainditu duten ikasleak.
2. Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu duten ikasleak edo 25 urtetik gorakoek unibertsitatean sartzeko proba, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko unibertsitate batean edo zentro elkartu batean egin eta gainditu duten ikasleak.
6.4. Adierazitako taldeak sarrera proban lortutako notaren arabera ordenatuko dira, nota handienetik txikienera. "Gai" kalifikazioa lortzen bada, eta hala jasotzen bada ziurtagirian, 5 puntuko balioa emanen da aipatutako ordena ezartzerakoan.
6.5. Taldeak ordenatzean berdinketarik gertatzen bada, irizpide hauei jarraikiz ebatziko da:
a) Gordetako lau ikaspostuen kasuan:
-Lehenik, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko probak prestatzeko ikastaroan (Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean) izandako batez besteko nota handienetik txikienera.
-Bigarrenik, berdinketak irauten badu, jendaurreko zozketa eginen da.
b) Gainerako bi ikaspostuen kasuan:
-Lehenik, egin nahi duten heziketa zikloarekin lotura duen ekoizpen sektore batean urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Bigarrenik, edozein ekoizpen sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Hirugarrenik, berdinketak irauten badu, jendaurreko zozketa eginen da.
6.6. Epe berezian modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan proba bidez sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1.-Epe arruntean eskatu eta baldintzak bete arren ikasposturik lortu ez zutenak.
2.-Epe arruntean eskatu baina orduan sartzeko baldintzak bete ez eta epe berezian betetzen dituztenak.
3.-Epe berezian eskatu dutenak.
6.6.1. Goian aipatutako hiru taldeei aplikatuko zaizkie foru agindu honen 7. oinarriko 6.1, 6.2, 6.3, 6.4 eta 6.5 puntuetan aipatzen den epe arrunteko zerrenda egiteko ezarritako lehentasun irizpideak.
7. Epe arrunteko eta bereziko onarpen prozesuan hutsik gelditzen diren ikaspostuak, sarbidea bat ala beste izan, multzokatu eta jendaurreko ekitaldi batean eskainiko dira, Hezkuntza Departamentuan, foru agindu honen 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean zehazten den epean. Jendaurreko ekitaldi horretan ikaspostua lortzen dutenek bi eguneko epean egin beharko dute matrikula, Hezkuntza Departamentuak ikaspostuaren esleipena iragartzen duenetik zenbatzen hasita. Matrikula egin ezean, esleitutako ikaspostua galduko dute.
8. oinarria. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastarorako baremazioa eta onartzeko irizpideak.
1. Epe arruntean prestakuntza ikastaroan sartzeko eskatzen duten ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1. Prestakuntzako kurtsoa lehen hautuan aukeratu duten pertsonak.
2. Prestakuntzako kurtsoa bigarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
3. Prestakuntzako kurtsoa hirugarren hautuan aukeratu duten pertsonak.
1.1. Ikaspostuak esleitzeko, aurreko puntuan aipatzen diren hiru taldeak irizpide hauei jarraikiz ordenatuko dira:
-Lehenik, teknikari titulua Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean aurreinskripzioaren ikasturtean berean lortu duten izangaiak.
-Bigarrenik, teknikari titulua beste edozein autonomia erkidegotako ikastetxe batean aurreinskripzioaren ikasturtean berean lortu duten izangaiak, Nafarroan bizi direla frogatzen badute erroldatu ziren eguna adierazirik duen erroldatze-agiria aurkeztuz. Aurreinskripzioa egin aurreko urte osoan, gutxienez, Nafarroan bizi izana frogatu beharko dute.
-Hirugarrenik, teknikari titulua Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean aurreinskripzioaren ikasturtearen aurreko ikasturte batean lortu duten izangaiak.
-Laugarrenik, teknikari titulua beste edozein autonomia erkidegotako ikastetxe batean aurreinskripzioaren ikasturtearen aurreko ikasturte batean lortu duten izangaiak, Nafarroan bizi direla frogatzen badute erroldatu ziren eguna adierazirik duen erroldatze-agiria aurkeztuz. Aurreinskripzioa egin aurreko urte osoan, gutxienez, Nafarroan bizi izana frogatu beharko dute.
1.2. Aurreko puntuan adierazitako taldeetako bakoitza erdi mailako zikloko ikasketa espedienteko batez besteko notaren arabera ordenatuko da, nota handienetik txikienera, foru agindu honen 10. oinarrian ezarritakoari jarraituz. Batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak, nor bere taldeko azken tokira pasatuko dira.
Berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
2. Epe berezian prestakuntzako kurtsoan sartzen diren ikasleentzat, lehentasun irizpide hauen araberako zerrenda ezarriko da:
1. Epe arruntean eskatu eta baldintzak bete arren ikasposturik lortu ez zutenak.
2. Epe arruntean eskatu baina orduan sartzeko baldintzak bete ez eta epe berezian betetzen dituztenak.
3. Epe berezian eskatu dutenak.
2.1. Goian aipatutako hiru taldeei aplikatuko zaizkie foru agindu honen 8. oinarriko 1. puntuan aipatzen den epe arrunteko zerrenda egiteko ezarritako lehentasun irizpideak.
3. Epe arrunteko eta bereziko onarpen prozesuan hutsik gelditzen diren ikaspostuak multzokatu eta jendaurreko ekitaldi batean eskainiko dira, Hezkuntza Departamentuan, foru agindu honen 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean zehazten den epean. Jendaurreko ekitaldi horretan ikaspostua lortzen dutenek bi eguneko epean egin beharko dute matrikula, Hezkuntza Departamentuak ikaspostuaren esleipena iragartzen duenetik zenbatzen hasita. Matrikula egin ezean, esleitutako ikaspostua galduko du.
9. oinarria. Onarpena.
1. Ikasle bat ikastetxe batean onartu dela ulertuko da, onartutako ikasleen behin betiko zerrendan agertzen denean, edo Hezkuntza Departamentuak ikastetxe batean ikaspostua esleitzen dionean.
2. Ikasle bat, epe arruntean, eskolatuta dagoen ikastetxean ez baizik eta beste batean onartzen badute, jatorrizko ikastetxeko ikaspostua galdu eginen du. Ikaspostu hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira.
3. Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten ikasleen onarpenak foru agindu honetan eta Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko dio.
10. oinarria. Espedienteko batez besteko nota.
1. Ikasketa espedienteko batez besteko nota frogatzeko, ikaslearen historial akademikoa, Kalifikazio Liburua edo, besterik ezean, ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkeztuko da.
2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota kalkulatzeko, DBHko laugarren mailara bitarte, hori barne, lorturiko kalifikazioen batez besteko aritmetikoa aterako da (beharrezkoa bada, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 18ko 217/2007 Foru Aginduan ageri den kalifikazioen taula erabiliko da).
3. Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko, Hezkuntzako kontseilariaren 191/2008 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio.
4. Lanbide Heziketako heziketa zikloetako batez besteko nota kalkulatzeko, Hezkuntzako kontseilariaren 52/2009 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio.
5. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetako batez besteko nota kalkulatzeko, Hezkuntzako kontseilariaren 109/2011 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio.
6. Prestakuntzako kurtsoko batez besteko nota kalkulatzeko, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 27ko 8/2010 Ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.
7. Gainerako ikasketetan (Batxilergo Esperimentalean, BBB-UBIn, lehen edo bigarren mailako Lanbide Heziketa, unibertsitateko ikasketak eta balio bereko ikasketak) batez besteko nota kalkulatzeko, ikasketen ziurtagiri pertsonalean agertzen diren azken bi mailetako irakasgaietan izandako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa eginen da, honako baremo honen arabera ponderatua:
Oso gutxi: 2.
Gutxiegi: 4.
Nahikoa: 5,5.
Ongi: 6,5.
Oso ongi: 7,5.
Bikain: 9.
Ohorezko matrikula: 10.
8. Batez bestekoa biribildu beharra dagoenean, hamartarren kopurua mugatzeko, biribiltzeko arau matematikoak erabiliko dira.
9. Batxilergoan aurrez inskribatzeko epean, sarrerari begira lehentasuna zehazteko behar den etapako edo mailako kurtsoetako kalifikazioak aurkezten ez dituzten ikasleei ez zaie batez besteko nota zenbatuko.
11. oinarria. Lan esperientziaren ziurtagiria.
6. oinarriko 6.1.2 puntuan eta 7. oinarriko 6.5 b) puntuan aipatzen den lan esperientzia agiri hauen bidez frogatuko da:
a) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, non enpresa, lanbide kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazioaldia, edo, betiere, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazioaldia adieraziko baitira.
b) Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, jarduera ekonomikoen gaineko zergan inskribaturik daudela frogatzen duen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.
12. oinarria. Lanbide profila.
1. Jakiteko ekoizpen sektore bat noiz den 6. eta 7. oinarrietan aipatzen direnen eite berekoa edo loturaduna, kontuan hartuko da LOGSEko heziketa zikloko curriculumean azaltzen den lanbide profila, "ekoizpen prozesuko kokagunea" delako puntuaren arabera, ekoizpen sistemaren erreferentzian aipatua, eta "lanbide eta lan ingurunea" atalean ageri dena, LOEren araberako curriculumen arabera.
2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan, 6. eta 7. oinarrietan aipatu sektore loturadunaren erreferentzia "lanbide profilaren azalpena" delako atalean dago, heziketa zikloko curriculumean.
13. oinarria. Matrikulazioa.
1. Ikastetxe berrian hasten diren ikasleek matrikula egiteko, epe arruntean zein berezian edota behin ikasturtea hasita, foru agindu honen 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
2. Heziketa zikloetan eta prestakuntza zikloan, Hezkuntza Departamentuak, ikaspostu hutsak badaude, aukera hobetuko die matrikula egiterakoan hala eskatu zuten ikasleei, 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean xedatzen denari jarraikiz. Horrelako hobekuntza izanez gero, Departamentuak zein ikaspostu lortu duten jakinaraziko die interesdunei eta horiek ezartzen den epean egin beharko dute matrikula. Hori egin ezean, hasieran egindako matrikularen eskubideak galduko dituzte.
3. 6. eta 7. oinarrietan aipatutako dokumentazioaz gain, ikastetxeek zilegi dute dokumentazio osagarria eskatzea.
4. Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.
5. Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako epean matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion ikaspostua hartzeko eskubidea galduko du.
6. Matrikula heziketa zikloetan edo prestakuntza ikastaroan edo batxilergoan egin duten ikasleak, arrazoirik azaldu gabe, 15 eguneko epean klaseetan hasten ez badira, ikastaroa hasten denetik, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.
14. oinarria. DBHn eta Batxilergoan onartzeko lehentasuna.
Ikastetxeren batek behar beste ikaspostu ez duenean ikastetxean berean edo ikastetxe atxikietan sortutako eskaerari erantzuteko, DBHn eta Batxilergoan, eskatzaileen artean onarpen prozesua egin beharko da, eta bertako ikasleak lehenetsiko dira, beste ikastetxe batzuetako ikasleen aurretik.
15. oinarria. Ikaspostuak gordetzea.
1. Hezkuntzaren kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein pribatu itunduek bi ikaspostu gordeko dituzte talde bakoitzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila guztietan, aurreinskripzio epea amaitu arte, gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleentzat.
2. Ikaspostu horiek eskatzen ahalko dituzte, ikasleak onartzeko epe arruntean, gizarte eta kultura arloan egoera ahulean dauden familiek.
3. Erreserba horretako ikaspostuak lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera aurreinskripzio inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztuko dute.
4. Eskabideak dauden ikaspostu hutsak baino gehiago badira, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 6. artikulutik 15.era bitartekoetan finkatutako irizpideen araberako lehentasun hurrenkera ezarriko da.
5. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 75.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, epe arruntean heziketa zikloetan ikaspostu bat gordeko da desgaitasunen bat dutenentzat ikasle-talde bakoitzeko. Ikaspostu horren hornidura sarbidearen araberakoa izanen da, alegia, desgaitasuna duen ikaslea proba bidez onartua bada, sarbide horretarako gordetako lau ikaspostuetako bat emanen zaio erdi mailako zikloetan, edo sei ikaspostuetako bat goi mailako zikloetan; eta desgaitasuna duen ikaslea zuzenean onartua bada, gainerako ikaspostuetako bat emanen zaio.
6. Epe arruntean heziketa zikloetan ikaspostu bat gordeko da goi errendimenduko kirolarientzat ikasle-talde bakoitzeko. Ikaspostu horren hornidura sarbidearen araberakoa izanen da, alegia, goi errendimenduko kirolaria den ikaslea proba bidez onartua bada, sarbide horretarako gordetako lau ikaspostuetako bat emanen zaio erdi mailako zikloetan, edo sei ikaspostuetako bat goi mailako zikloetan; eta goi errendimenduko kirolaria den ikaslea zuzenean onartua bada, gainerako ikaspostuetako bat emanen zaio.
7. Desgaitasuna duen edo goi errendimenduko kirolaria den pertsona bat baino gehiago badira, eta sarbide desberdinetatik onartuak, notarik onena duenari gordeko zaio ikaspostua, ikasketa espedienteko nota izan nahiz sarrera probakoa izan. Berdinketarik izanez gero, zozketa bidez erabakiko da.
16. oinarria. Eskolatze partekatua.
Eskolatze partekatuko matrikulazioak Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiko dio.
17. oinarria. Hizkuntza eredua aldatzea.
1. Hizkuntza eredua aldatzeko eskaerek Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 1eko 89/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiko diote. Hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerak aurkezteko epeak, berriz, onarpen eskaerak aurkezteko jarri diren epe arrunt eta berezi berberak izanen dira, foru agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.
2. Foru agindu honen 4. oinarrian aipatutako kasuetan, ikaslea ordura arte egindako hizkuntza eredua ez duen herri bateko ikastetxe batera aldatzeak, Hezkuntza Departamentuak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza eredua aldatzea izanen du ondorio.
3. Ikastetxea aldatu gabe hizkuntza eredua aldatzeko, hutsik dauden ikaspostuak errespetatuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioari jarraikiz.
18. oinarria. Informazioa.
Ikastetxeek eta Departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.
19. oinarria. Argitalpena.
Foru agindu hau eta bere 2. oinarriko 2. puntuan aipatzen den urteroko ebazpena ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek horien berri izan dezaten.