Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 105. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 1ean)
Zioen Azalpena
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 86.2 artikuluan ezartzen du, lege horri berezko zaizkion eskumenak ezertan galarazi gabe, hezkuntza administrazioek ikasleen onarpena bermatuko duten batzordeak edo organoak eratuko dituztela, eta batzorde edo organo horiek eratuko direla Batzordearen jardun-esparruko ikastetxe bateko postuen eskaera eskaintza baino handiagoa bada.
Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren bitartez, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dira. Foru dekretu horretan ezarritakoa betetzeko, aipatutako foru dekretu horren 2. artikuluan ezartzen da Eskolatze Batzorde Nagusia eratuko dela eta aipatutako foru dekretuaren 21. artikuluan esleitutako eginkizunak izanen dituela eta haren berariazko araudian zehaztutakoaren araberako osaketa ere izanen duela. Era berean, aipatutako foru dekretuan esaten da Tokiko Eskolatze Batzordeak era daitezkeela, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 86. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Batzorde horiek arauz ezartzen diren kopurua, eginkizunak eta osaketa izanen dituzte.
Apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuaren bidez, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan aurrez ikusitako Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokiko Eskolatze Batzordeak sortu ziren.
Foru dekretu horren xede nagusia Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren arauak aldatzea da, hezkuntza administrazioko organoa den aldetik, bai partaidetza sozialeko eta hezkuntza komunitateko organo gisa duen izaera bai aholkularitza eta proposamen organo gisa dituen eginkizunak indartzeko.
Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluak eta Toki Araubideko Foru Batzordeak egindako txostena ikusirik, Nafarroako Kontseiluarekin ados eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamaikako maiatzaren bederatziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
1. Honako hauek bermatzeko:
-Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikasleak baldintza berberetan sartzea.
-Baliabide publikoen aprobetxamendu ezin hobea.
-Hezkuntzaren laguntza arloan berariazko beharrizanak dituzten eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak ikastetxeen artean modu egokian eta orekatuan banatzea.
-Gurasoek eta tutoreek ikastetxea hautatzeko askatasuna.
-Sartzeko prozesuaren gardentasuna, publizitatea eta inpartzialtasuna.
Foru dekretu honen xedea Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokiko lau Eskolatze Batzorde sortu eta arautzea da.
2. Halaber, hezkuntza komunitatea osatzen duten gizarte eta erakunde eragile guztiek parte hartzea nahi da.
II. KAPITULUA. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia
2. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren definizioa, atxikipena eta eskumenen esparrua.
1. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia Hezkuntza Departamentuko organoa da, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura zuzen aplikatzearen ardura daukana, foru dekretu honen 1. artikuluaren arabera. Batzorde hori Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari atxikiko zaio.
2. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren eskumenen esparruak unibertsitateaz kanpoko eskolatzea barne hartzen du, bai ikastetxe publikoetan bai Nafarroako Foru Komunitateko itunpeko ikastetxe pribatuetan.
3. Batzorde horri dagokio ikasleen eskolatzea koordinatzea eta gainbegiratzea, Hezkuntza Departamentuak dituen eskumenak eta foru dekretu honek Tokiko Eskolatze Batzordeei esleitzen dizkien eskumenak ezertan galarazi gabe. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak koordinatu eta gainbegiratuko ditu Tokiko Eskolatze Batzorde horiek.
3. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren eginkizunak.
Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ikasleak hartzeko prozesu osoa eta sor daitekeen Tokiko edozein Eskolatze Batzorderen lana koordinatzea, eta onarpen prozesuko baremazioa eta apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan ezarritako lehentasunezko irizpideak (foru dekretu horren bitartez unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dira) eta, hala behar denean, onarpen prozesuko arauetan ezartzen diren irizpide osagarriak behar bezala ezartzen direla gainbegiratzea.
b) Ikastetxeek bidali dituzten irizpide osagarriak ikastetxeko organo eskudunak modu justifikatuan aintzat hartzen dituen eta irizpide objektiboen arabera hartu diren zirkunstantzia garrantzitsuek osatzen dituztela gainbegiratzea.
c) Lehen tokian eskatutako ikastetxean posturik lortu ez duen ikaslea eskolatzeko irizpideak betetzen direla gainbegiratzea, Tokiko Eskolatze Batzordeei esleitzen zaizkien eginkizunak ezertan galarazi gabe.
d) Hezkuntzaren laguntzaren arloan berariazko beharrizanak dituzten ikasleak eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak eskolatzeko irizpideak betetzen direla gainbegiratzea.
e) Ikastetxea aldatzeko eskaerak baimentzea epetik kanpo, behar bezala justifikatutako ohiz kanpoko zirkunstantziak daudenean.
f) Hezkuntza Departamentuak planifikatutako hezkuntza eskaintza ezagutzea.
g) Ikastetxeei eta Tokiko Eskolatze Batzordeei apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko edukiaren gaineko eta ikasleen onarpen prozesua arautzeko onartuko den arautegiaren gaineko argibideak eta aholkuak ematea.
h) Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak agintzen dion beste edozein, baldin eta haren eskumenen esparruaren barnean badago, LOEren 86.2 artikuluaren esparruan.
4. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren osaketa.
1. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak kide hauek izanen ditu:
a) Batzordeko burua: Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia edo hark eskuordetzen duena.
b) Batzordekideak:
b.1) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.
b.2) Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.
b.3) Lanbide Heziketako Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.
b.4) Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.
b.5) Orientazio Ataleko burua edo hark eskuordetzen duena.
b.6) Kultura-aniztasunaren Ataleko burua edo hark eskuordetzen duena.
b.7) Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia edo hark eskuordetzen duena.
b.8) Udal ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautatutakoa.
b.9) Ikastetxeetako bi zuzendari: irakaskuntza publikoko zuzendarien erakundeek hautatutako ikastetxe publikoetako ordezkaria eta sektoreko erakunde patronalek hautatutako itunpeko irakaskuntzako ordezkaria.
b.10) Erakunde sindikaletako bi ordezkari: bata Irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak hautatutakoa eta bestea, aldiz, itundutako irakaskuntzakoa, sektoreko sindikatuek hautatutakoa.
b.11) Ikasleen gurasoen bi ordezkari: bata irakaskuntza publikokoa eta bestea itunpeko irakaskuntzakoa, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ordezkari gehien dituzten federazioek hautatutakoak.
c) Idazkaria: Eskolatze Ataleko koordinatzailea, hitzarekin eta botoarekin jardunen duena.
2. Batzordeko kideak hautatu behar dituzten entitateek edo erakundeek eta Hezkuntza Departamentuak, Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariei dagokienez, kideen ordezkoak ere hautatuko dituzte.
3. Foru dekretu honetan Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusirako ezarri ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoetarako xedatutakoari jarraituko zaio.
5. artikulua. Ikasleak eskolatzea.
Hezkuntza Departamentuak, bere barneko organoen bidez, ikasleak eskolatuko ditu, Eskolatze Batzorde Nagusiak ezarritako irizpideen eta zuzentarauen arabera.
III. KAPITULUA. Tokiko Eskolatze Batzordeak
6. artikulua. Tokiko Eskolatze Batzordeen definizioa.
1. Tokiko Eskolatze Batzordea ikastetxe publikoak edota ikastetxe pribatu itunduak dauden lurralde esparru batean eratzen den organoa da, ikasleen onarpen prozesuaren gainean argibideak eta aholkua emateko, eta haiek gainbegiratzeko.
2. Tokiko Eskolatze Batzordeak eratuko dira, betiere batzorde horren jardun esparruko ikastetxeren batean ikaspostuen eskaera eskaintza baino handiagoa bada. Batzorde horiek iraunkorrak edo aldi baterakoak izan daitezke.
3. Tokiko Eskolatze Batzorde horiek modu iraunkorrean eratzen badira, haien osaketa foru dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoa izanen da. Tokiko Eskolatze Batzordeak aldi baterako eratzen badira, hots, soilik ikasturte baten eskolatze prozesurako, honako hau izanen da haien osaketa: Hezkuntza Departamentuko ordezkari bat, herriko ikastetxeetako zuzendariak, herriko Udaleko bi ordezkari (hark hautatutakoak), eskualdeko guraso elkarteen artean ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ordezkaritzarik zabalena duten federazioek hautaturiko bi guraso, eta erakunde sindikaletako bi ordezkari (ordezkari horietako bat irakaskuntza publikokoa izanen da, Hezkuntzaren Mahai Sektorialak hautatutakoa, eta bestea, aldiz, irakaskuntza itundukoa, sektoreko sindikatuek hautatutakoa).
7. artikulua. Tokiko Eskolatze Batzordeen eginkizunak.
1. Tokiko Eskolatze Batzordeen xedea da Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezkoaren ondoko Hezkuntzako mailetan ikasten ari direnek, eta horien artean bereziki gizartean egoera ahulean dauden kolektiboetakoek eta gure hezkuntza sisteman berandu sartu direnek, nork bere herriko edo eragin eremuko ikastetxeetan sartu eta eskolatzeko aukera-berdintasuna izan dezaten bultzatzea eta bermatzea.
2. Tokiko Eskolatze Batzordeen eginkizunak honako hauek dira:
a) Ikaspostua eskatzen duten gurasoengandik edo tutoreengandik hezkuntza eta gizarte esparruetako informazioa jasotzea.
b) Seme-alabak eskolatzeko orduan aholkularitza eskatzen duten gurasoei edo tutoreei aholku ematea, hezkuntza sistemari eta derrigorrezko irakaskuntzaren doakotasunari, ikastetxeei eta haien ezaugarri eta ikaspostuen kopuruari, eta Foru Komunitateko ikastetxeetan eta, bereziki, haien lurralde esparruko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozesuari buruzko informazioa emanda.
c) Ikasleei buruz jasotako datuak balioestea eta ikastetxe batean eskolatzeko proposamena egitea, lurralde esparruko ikastetxeetan eskolatzearen gainean dagoen informazioaren arabera.
d) Ikastetxe guztiek hezkuntzaren laguntzaren arloan berariazko beharrizanak dituzten ikasleak, egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak eta gure hezkuntza sisteman berandu sartu direnak zuzen eskolatzen lagun dezaten laguntzea. Horretarako, Eskolatze Batzorde Nagusiari egokienak omen diren irizpideak proposatzen ahalko dizkiote, beste neurri batzuen artean.
e) Eskolatze proposamenaren berri ematea gurasoei edo tutoreei, esleitutako ikastetxeari eta Eskolatze Batzorde Nagusiari.
f) Izen-ematearen jarraipena egitea. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak legeak eta arauak betetzen direla bermatuko du.
g) Hala denean, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak agintzen dien beste edozein, LOEren 86.2 artikuluaren esparruan.
3. Ikastetxeek batzorde horiei behar duten informazioa eta dokumentazioa emanen dizkiete, beren lana egin dezaten. Halaber, une oro aholkua eskatzen ahal diote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.
4. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak gainbegiratuko du tokiko batzordeen lana eta horren berri emanen dio Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari.
8. artikulua. Tokiko Eskolatze Batzordeen osaketa.
1. Artikulu honen bigarren idatz-zatian Iruñeko eta Iruñerriko batzordeetarako xedatutakoa izan ezik, Tokiko Eskolatze Batzordeen osaketa honako hau izanen da:
a) Batzordeko burua: herriko alkatea edo hark eskuordetzen duena.
b) Batzordekideak:
b.1) Eskualdeko hezkuntza ikuskaria, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak proposatutakoa.
b.2) Udalak proposatutako teknikaria.
b.3) Herriko ikastetxeetako zuzendariak.
b.4) Erakunde sindikaletako bi ordezkari: bata Irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak proposaturikoa, eta bestea, aldiz, itundutako irakaskuntzakoa, sektoreko sindikatuek proposaturikoa.
b.5) Eskualdeko guraso elkarteen artean, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ordezkaritzarik zabalena duten federazioek hautatutako ikasleen gurasoen arteko bi ordezkari.
Batzorde bakoitzak aukeratuko du bere idazkaria, batzordekideen artean.
2. Iruñeko eta Iruñerriko Tokiko Eskolatze Batzordeen osaketa honako hau izanen da:
a) Batzordeko burua: Iruñeko alkatea edo hark eskuordetzen duena.
b) Batzordekideak:
b.1) Eskualdeko herrietako bi udal ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak herri horietako alkateen artean hautatutakoak.
b.2) Eskualdeko hezkuntza ikuskaria, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak proposatutakoa.
b.3) Iruñeko Udalak proposatutako teknikaria.
b.4) Behar den eskualdeko ikastetxe publikoetako bost zuzendari.
b.5) Eskualdeko itunpeko ikastetxe pribatuetako bost zuzendari.
b.6) Erakunde sindikaletako bi ordezkari: bata irakaskuntza publikokoa, Hezkuntzaren Mahai Sektorialak proposatutakoa, eta bestea, aldiz, irakaskuntza itundukoa, sektoreko sindikatuek proposatutakoa.
b.7) Eskualdeko guraso elkarteen artean, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ordezkaritzarik zabalena duten federazioek hautatutako gurasoen arteko bi ordezkari.
Batzorde bakoitzak aukeratuko du bere idazkaria, batzordekideen artean.
3. Ikasturte bakoitzaren hasieran, Tokiko Eskolatze Batzordeetako kideak izendatuko dira, behar diren erakundeek edo organizazioek proposaturik. Ikastetxe publikoetako ordezkari diren zuzendariei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak izendatuko ditu eta dauden hizkuntza eredu guztiek ordezkaritza izanen dute.
9. artikulua. Tokiko Eskolatze Batzordeen funtzionamendua.
1. Hezkuntza Departamentuak eta behar den tokiko batzordean ordezkaturiko toki entitateak/entitateek elkarrekin erabakiko dituzte Tokiko Eskolatze Batzordeen jardunerako beharrezkoak diren baliabideak eta laneko egoitza.
2. Tokiko Eskolatze Batzordeko buruari dagokio ohiko batzarretarako eta batzar berezietarako deia egitea.
3. Tokiko Eskolatze Batzordeek ikasturtean bi bilera eginen dituzte, gutxienez. Lehena, ikasturtearen hasieran eginen da eta hartan aztertu eta ebatziko dira eskualdean edo herrian leudekeen eskolatu gabeko proposamenak eta, orobat, ezagutuko da zenbat ikaspostu huts dagoen ikastetxe, kurtso eta maila bakoitzean, ikasturtean gure hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleentzat; eta bigarrena, ikasturtearen bukaeran eginen da, behar den Tokiko Eskolatze Batzordearen oroitidazkia ezagutu, aztertu eta onartzeko.
4. Ikasturte bakoitzerako araudian ezarritako eskolatze-epe arrunt eta berezietatik kanpo ikaspostua eskatzen duten ikasleen -gure hezkuntza sisteman berandu sartu direnen- gurasoek edo tutoreek ikaspostua eskatzen ahalko dute beren seme-alabak eskolatu nahi dituzten ikastetxeen edo Tokiko Eskolatze Batzordeen bitartez -beren artean koordinatuko dute onarpen prozedura-.
5. Tokiko Eskolatze Batzordeak bilduko du ikaslearen lehenagoko eskolatzeari dagokion informazioa, balego, eta familiakoek agertutako hezkuntza interesen gainekoa eta, eskatutako eskolatze aukerekin bat etorriz, ikaspostu bat proposatuko dio, behar den ikastetxearekin batera lan eginez.
6. Tokiko Eskolatze Batzordeak eskolatzearen proposamen idatzia bidaliko dio esleitutako ikastetxeari, ikastetxe horrek ikasleari matrikula egin diezaion, baldin eta gurasoek Tokiko Batzordeak egindako proposamena onartzen badute. Astebete igarotzen bada hasitako matrikulazio protokoloa bukatu gabe, eskaeraren tramitazioa bertan behera geratuko da eta usteko da eskatzaileak uko egin diola prozedurari eta baliorik gabe utziko dira protokolo guztia eta aurrez ikusitako eskariak.
7. Eskolatze kasu jakin bat aztertu ondoren, Tokiko Eskolatze Batzordea ez bada ados jartzen proposamen bat egiteko edo haren eskumenetatik at dauden arazoak planteatzen bazaizkio, gaia Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira bidaliko du, kasua epaitu ondoren behar diren erabakiak har ditzan. Ondorio horietarako, Tokiko Eskolatze Batzordeko ordezkariak dei ditzake.
8. Foru dekretu honetan funtzionamenduaren arloan ezarri ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoari jarraituko zaio.
Lehen Xedapen Gehigarria. Tokiko lau Eskolatze Batzorde sortzea.
Tokiko hurrengo Eskolatze Batzordeak sortuko dira:
-Lizarra.
-Tafalla.
-Tutera.
-Iruña eta Iruñerria.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Tokiko beste Eskolatze Batzorde batzuk sortzea, eta horiek aldatzea edo kentzea.
Lehen xedapen gehigarrian xedatutakoari kalterik egin gabe, Tokiko Eskolatze Batzordeak sortu, aldatu eta kentzen ahalko dira, Hezkuntzako kontseilariak emandako foru aginduaren bidez.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.
Indarrik gabe geratuko dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, bereziki, Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokiko Eskolatze Batzordeak sortzen dituen apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretua.
Azken Xedapenetako Lehena. Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretua aldatzea.
1. 2. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatu, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"1. Foru dekretu honetan ezarritakoa aplikatzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia sortuko da, eta haren eginkizunak eta osaketa bat etorriko dira haren berariazko arauetan xedatutakoarekin".
2. 21. artikulua aldatu, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"21. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren eginkizunak.
Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak haren berariazko arauetan ezarritako eginkizunak izanen ditu".
3. 23. artikulua aldatu, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"23. artikulua. Errekurtsoak eta erreklamazioak.
Ikastetxe publikoetako eta ikastetxe pribatu itunduetako Eskola Kontseiluek eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak foru dekretu honetan edo hura garatzeko arauetan ezarritakoa bete gabe hartzen dituzten erabakiei erreklamazioa jartzen ahalko zaie, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hamabost eguneko epean, egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita. Betiere, organo horrek hartzen duen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Arauak garatu eta aplikatzea.
Ahalmena ematen zaio Hezkuntzako kontseilariari behar adina xedapen eman dezan foru dekretu hau garatzeko.
Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.