Castellano | Euskara | Français | English
(Jatorrizko testua2004ko 113. NAOn argitaratua, irailaren 20an. Aldaketak: 200/2006 Foru Agindua, maiatzaren 12koa; 84/2005 Foru Agindua, abuztuaren 23koa)
Atarikoa
Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak, abuztuaren 14ko 213/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, gero batean emanen diren garapenerako erregelamenduzko arauetara jotzen du Foruzaingoaren barne-antolamendua ezartzeko.
Lege aipamen horren babesean, Foruzaingoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuak Foru Komunitatearen esparruan herritarrek dituzten beharrak modu integral batean asetzeko bidea ematen duen antolaketa-eredua ezarri zuen, betiere legeriak ahalbidetzen duen eskumen-esparruaren barrenean. Eredu horren arabera, Foruzaingoa lau maila hierarkizatutan egituratua dago, irizpide funtzional eta operatiboei begira: arloak, dibisioak, brigadak eta taldeak. Foru dekretu horretan berean arloen eta dibisioen egitura finkatu zen.
Nafarroako Foruzaingoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamenduaren 16. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokio brigadak eta taldeak sortu, aldatu edo kentzea. Beste alde batetik, xedapen iragankorrean ezartzen da Foruzaingoaren egitura pixkana-pixkana ezarriko dela, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera eta Foruzaingoak dituen langile eta baliabideen arabera.
Foruzaingoaren antolamenduaren egituran Herritarren Segurtasunerako Arloa garatu beharra dago, brigadei eta taldeei dagokienez, eta horretarako, polizia eginkizunak ahalik eta eragingarrienak izan daitezen behar diren unitate organikoak sortu. Gainera, unitate berrien dotaziorako segitu beharreko prozesua finkatu beharra dago.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 36. artikuluak eman dizkidan eskurantzak erabiliz, agindu dut:
I. KAPITULUA. Herritarren Segurtasunerako arloaren antolaketaren egitura
Lehenengo atala. Herritarrak Babesteko Dibisioa
1. artikulua
Herritarrak Babesteko Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
Eraikinak Babesteko Brigada.
Prebentzio Brigada Nagusia.
2. artikulua
1. Eraikinak Babesteko Brigadari poliziaren eginkizun hauek zuzenean burutzea dagokio:
a) Foru Komunitateko erakundeetako eraikin batzuetan zaintza, kontrola eta babes lana egitea, hots, haien ezaugarri bereziengatik Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak agintzen dituenetan.
b) Babestu beharreko eraikinetan dauden pertsonei segurtasuna eta babesa ematea.
2. Esleitu zaizkion eginkizunak burutzen hobeki espezializatzeko, Eraikinak Babesteko Brigadak talde hauek bilduko ditu bere baitan:
a) Justizia Taldea.
b) Erakundeen Taldea.
3. Aurreko idatz-zatiko taldeak Nafarroa osorako unitateak dira.
3. artikulua
1. Prebentzio Brigada Nagusiari dagokio poliziaren eginkizun hauek zuzenean burutzea:
a) Pertsona eta ondasunei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea, larrialdi egoeretan batez ere.
b) Espazio publikoak zaintzea.
c) Manifestazioak eta, oro har, elkarretaratze handiak babestu eta antolatzea.
d) Erantzukizun penal edo administratiboa ekartzen ahal duten egintzak galarazi eta jarraitzea, eta horretarako aurreneurriak hartzea.
e) Herritarrak segurtasunean eta ongizatean bizi daitezen saiatzea eta haien eskubideak erabiltzea bermatzea.
f) Polizia-etxeetan gordailuan dauden ibilgailuak eta gainerako ondasunak babestea.
g) Atxilotuen gordailu, zainketa eta lekualdaketa egitea, hala behar izanez gero.
2. Esleitu zaizkion eginkizunak burutzen hobeki espezializatzeko, Prebentzio Brigada Nagusiak talde hauek bilduko ditu bere baitan:
a) Prebentzio Talde Nagusia.
b) Iruñeko Prebentzio Taldea.
c) Tuterako Prebentzio Taldea.
d) Zangozako Prebentzio Taldea.
e) Tafallako Prebentzio Taldea.
f) Lizarrako Prebentzio Taldea.
g) Altsasuko Prebentzio Taldea.
h) Elizondoko Prebentzio Taldea.
Prebentzio Talde Nagusia Nafarroa osorako izanen da eta b), c), d), e), f) eta g) taldeak, berriz, eskualdekoak izanen dira.
Bigarren atala. Agintariak Babesteko Dibisioa
4. artikulua
Agintariak Babesteko Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
-Lehendakaritzako Brigada.
-Eskolten Brigada.
-Sostengu Brigada.
5. artikulua
1. Lehendakaritzako Brigadari dagokio Nafarroako Gobernuko lehendakariaren segurtasuna bermatzeko behar diren polizia lanak eta antzeko beste lan batzuk zuzenean burutzea.
2. Lehendakaritzako Brigada Nafarroa osorako unitatea da.
6. artikulua
1. Eskolten Brigadari dagokio haren kargu uzten dituzten agintariei eskolta zerbitzuak eta babesa emateko behar diren polizia lanak zuzenean burutzea.
2. Eskolten Brigada Nafarroa osorako unitatea da.
3. Iruñeko Taldea eta Tuterako Taldea Nafarroa osorako dira.
7. artikulua
1. Sostengu Brigadari poliziaren eginkizun hauek zuzenean burutzea dagokio:
a) Dibisioko gainerako brigadekin koordinaturik, pertsona babestuaren segurtasun osoa bermatzeko behar diren babes eta zaintza zerbitzuak ematea.
b) Pertsona babestuen segurtasuna bermatzeko kontrazaintza zerbitzuak, aurreratuak, ikuskapenak eta behar diren gainerako zerbitzu guztiak egitea.
c) Dibisioko gainerako brigadei sostengua eta babesa ematea.
2. Brigada hori Nafarroa osorako da.
Hirugarren atala. Esku-hartze Dibisioa
8. artikulua
Esku-hartzeko Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
Esku-hartze Berezietarako Talde Nagusia.
Esku-hartzeko Brigada Nagusia
9. artikulua
Esku-hartze Berezietarako Talde Nagusia Esku-hartzeko Dibisioaren menpe zuzenean egonen da. Talde honi dagokio eginkizun espezializatuak eta Esku-hartzeko Dibisioari zuzenean atxikitako egikinkizun bereziak burutzea.
Esku-hartzeko Brigada Nagusiari dagokio eginkizun espezializatuak zuzenean burutzea burutzea, eta Nafarroa osorako izanen da
Laugarren atala. Kudeaketa Brigada
10. artikulua
Kudeaketa Brigadak, Herritarren Segurtasunerako Arloari zuzenean atxikirik egonen denak, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Bere arloaren jarduketen esparruan, polizia administrazioak dituen eginkizunen antolaketa eta kudeaketa bere gain hartzea.
b) Arloko buruari laguntzea dibisioen jarduerak zuzentzen, koordinatzen eta kontrolatzen.
II. KAPITULUA. Ezarpen operatiboa
11. artikulua
1. Nafarroako Foruzaingoko plantilla organikoa Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatzen diren eduki eta prozedurekin bat osatuko da. Behar den garaian plantillan xedatzen dena deusetan galarazi gabe, Erregelamendu hartako lehenbiziko xedapen gehigarria betez, foru agindu honetako eranskinean agertzen diren langileak Herritarren Segurtasunerako Arloa osatzen duten antolamenduko unitateei atxikitzen zaizkie, atxikipen edo eginkizun berriak, funtsean, aurreko lanpostuarenak baldin badira.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den atxikipena egin aurretik langileak zituen lanpostuetako egoera onartuko zaio maila-zerrendan.
12. artikulua
1. Aurreko postuetan ageri ez ziren eginkizun berriak dauzkaten lanpostuak lehiaketaren, berariazko lehiaketaren edo izendapen librearen bidez beteko dira, Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatzen diren eduki eta prozeduren arabera osatzen den plantilla organikoan behar den garaian xedatzen denarekin bat.
2. Aurreko idatz-zatian aurreikusten den prozesua bukatu ondoren, organo eskudunak, prozesuaren emaitzen arabera, langileak atxikiko dizkie antolamendu unitateei.
13. artikulua
Foru agindu honetako 11. eta 12. artikuluetan aipatzen diren prozeduren ondoriozko atxikipenak, plantillari dagokionez, langile finkoen zerrendan sartuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 20. artikuluan aurreikusiriko baldintzetan.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Antolamendu unitate bakoitzari esleitzen zaizkion berariazko polizia eginkizunak deusetan galarazi gabe, haiei atxikiriko langileek agintzen zaizkien eginkizun guztiak egin beharko dituzte, banaka edo taldeka, Foruzaingoaren orotariko beharren arabera.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Foru agindu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indargabetu egiten dira.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.