Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2006ko 87. NAOn argitaratua, uztailaren 21ean. Aldaketak: 468/2012 Foru Agindua, abuztuaren 13koa)
Atarikoa
Nafarroako Foru Komunitateko herritarren babes eta segurtasunerako politikaren ardura Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagokio, Nafarroak dituen eskumenen esparruan eta Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen helburuekin bat.
Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren zioen azalpenean adierazten da Nafarroako Gobernuaren helburuetako bat, besteak beste, kidegoaren antolamendu sistema malgua ezartzea dela, batetik, lurralde-deszentralizazioa lortzeko, prebentzioa eta herritarrengandik hurbilago egotea bermatzeko asmoz, eta bestetik, Furuzaingoaren garapena eta ezarpen progresiboa lortzeko, kidegoak dituen baliabideen arabera eta gizarteak egiten dizkien eskakizunen eta gertatzen diren aldaketen arabera.
Horregatik, irizpide demografiko eta geografikoak aintzat harturik eta herriak eta gizarteak segurtasun publikoko zerbitzuak emateko egin dituen eskakizunak kontuan harturik, bidezko da Tafallan Foruzaingoaren polizia-etxe bat sortzea, herritarrengandik hurbilago izateko eta, horrela, koherentzia eta kohesio soziala lortzeko, eremu horretan eraginkortasun eta eragimen handiagoa izateko eta, funtsean, segurtasun zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan modu homogeneoan emanen direla bermatzeko.
Horrenbestez, Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren lehenengo eta bigarren xedapen gehigarrien bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Tafallan Nafarroako Foruzaingoaren polizia-etxe bat sortzea, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamenduko 14. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, dagozkion eginkizunak betetzeko.
Bigarrena
Tafallako polizia-etxearen eragin eremuak udalerri hauek hartzen ditu: Artaxoa, Azagra, Barasoain, Beire, Berbintzana, Caparroso, Zarrakaztelu, Faltzes, Funes, Garinoain, Larraga, Leotz, Martzilla, Melida, Mendigorria, Milagro, Miranda-Arga, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Azkoien, Pitillas, Puiu, San Adrian, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Uxue eta Untzue.
Hirugarrena
Tuterako polizia-etxearen eragin eremua aldatzea, Tafallako polizia-etxearen eragin eremuan sartuko baitira ondoko udal mugapeak: Azagra, Caparroso, Faltzes, Funes, Martzilla, Milagro, Murillo el Cuende eta Azkoien.
Laugarrena
Zangozako polizia-etxearen eragin eremua aldatzea, Zarrakazteluko udal mugapea Tafallako polizia-etxearen eragin eremuan sartuko baita.
Bosgarrena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean izanen ditu ondorioak.
Seigarrena
Foru agindu hau 2. idatz-zatian aipatzen diren udaletako alkateei igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.