Castellano | Euskara | Français | English
(Jatorrizko testua 2004ko 113. NAOn argitaratua, irailaren 20an. Aldaketak: 200/2006 Foru Agindua)
Atarikoa
Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak, abuztuaren 14ko 213/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, gero batean emanen diren garapenerako erregelamenduzko arauetara jotzen du Foruzaingoaren barne-antolamendua ezartzeko.
Lege aipamen horren babesean, Foruzaingoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuak Foru Komunitatearen esparruan herritarrek dituzten beharrak modu integral batean asetzeko bidea ematen duen antolaketa-eredua ezarri zuen, betiere legeriak ahalbidetzen duen eskumen-esparruaren barrenean. Eredu horren arabera, Foruzaingoa lau maila hierarkizatutan egituratua dago, irizpide funtzional eta operatiboei begira: arloak, dibisioak, brigadak eta taldeak. Foru dekretu horretan berean arloen eta dibisioen egitura finkatu zen.
Nafarroako Foruzaingoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamenduaren 16. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokio brigadak eta taldeak sortu, aldatu edo kentzea. Beste alde batetik, xedapen iragankorrean ezartzen da Foruzaingoaren egitura pixkana-pixkana ezarriko dela, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera eta Foruzaingoak dituen langile eta baliabideen arabera.
Foruzaingoaren antolamenduaren egituran Polizia Administratiboaren Arloa garatu beharra dago, brigadei eta taldeei dagokienez, eta horretarako, polizia eginkizunak ahalik eta eragingarrienak izan daitezen behar diren unitate organikoak sortu. Gainera, unitate berrien dotaziorako segitu beharreko prozesua finkatu beharra dago.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 36. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
I. KAPITULUA. Polizia Administratiboaren Arloaren egitura
Lehenbiziko atala. Trafiko Dibisioa
1. artikulua
Trafiko Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
-Plangintza Brigada.
-Bide Segurtasunaren Brigada.
-Atestatuetarako Brigada.
2. artikulua
1. Plangintza Brigadari poliziaren eginkizun hauek zuzenean burutzea dagokio:
a) Trafiko eta garraio arloetan administrazio baimena eman aurretiko txostenak prestatzea.
b) Trafiko Dibisioaren zerbitzuetako eginkizunak planifikatzea.
c) Trafiko Dibisioak egiten dituen operazio eta jarduketetan parte hartzen duten unitate operatiboak koordinatzea.
2. Plangintza Brigada Nafarroa osorako unitatea da.
3. artikulua
1. Bide Segurtasunaren Brigadari poliziaren eginkizun hauek dagozkio zuzenean:
a) Trafikoa eta garraioak zaindu eta antolatzea bide publikoetan, hiriarteko bideetan eta udaltzaingorik ez duten herrietako zeharbideetan.
b) Garraio berezietan eta kirol lehiaketetan edo bestelako kirol probetan laguntzea eta babesa ematea, bai eta kirol probaren izaera edo parte-hartzaileen kopurua ikusirik, zirkulazioarentzat arrisku larria sor dezaketenetan ere.
c) Trafiko eta garraio arloko arau-hausteak salatzea.
d) Goian adierazitako gaien inguruan emandako egintzak nahitaez betearaztea.
e) Arrisku edo istripu egoeretan, pertsona eta ondasunak babestea eta haiei laguntza ematea.
2. Esleitu zaizkion eginkizunak burutzen hobeki espezializatzeko, Bide Segurtasunaren Brigadak talde hauek bilduko ditu bere baitan:
a) Bide Segurtasuneko 1. Talde Nagusia.
b) Bide Segurtasuneko 2. Talde Nagusia.
c) Bide Segurtasuneko 3. Talde Nagusia.
d) Bide Segurtasuneko 4. Talde Nagusia.
e) Bide Segurtasuneko 5. Talde Nagusia.
f) Bide Segurtasuneko Tuterako Taldea.
g) Bide Segurtasuneko 11. Talde Nagusia.
h) Bide Segurtasuneko 12. Talde Nagusia.
3. Aurreko idatz-zatiko a), b), c), d), e), k) eta l) taldeak Nafarroako osorakoak dira. f) taldea eskualdekoa izanen da.
4. artikulua
1. Atestatuetako Brigadari poliziaren eginkizun hauek zuzenean burutzea dagokio:
a) Zirkulazio istripuak ikertzea eta nola gertatu diren antzeztea.
b) Laneko istripuak ikertzea eta nola gertatu diren antzeztea.
c) Bide publikoetako istripu-indizeak kalkulatzeko azterlan eta ebaluazio-lanetan laguntzea.
d) Alkoholemiaren, estupefazienteen, psikotropikoen, bizigarrien eta antzeko beste substantzia batzuen kontrolak egitea eta emaitzak aztertzea.
2. Esleitu zaizkion eginkizunak burutzen hobeki espezializatzeko, Atestatuetako Brigadak talde hauek bilduko ditu bere baitan:
a) Atestatuetarako 1. Talde Nagusia.
b) Atestatuetarako 2. Talde Nagusia.
c) Atestatuetarako Tuterako Taldea.
d) Dokumentaziorako Taldea.
3. Aurreko idatz-zatiko a), b) eta d) taldeak Nafarroa osorako dira. c) taldea eskualdekoa izanen da.
Bigarren atala. Ingurumena Babesteko Dibisioa
5. artikulua
Ingurumena Babesteko Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
a) Ingurumenerako 1. Talde Nagusia.
b) Ingurumenerako Tuterako Taldea.
c) Ingurumenerako 2. Talde Nagusia.
d) Ikerkuntzarako Talde Nagusia.
6. artikulua
1. Talde horiei dagokie Ingurumena Babesteko Dibisioari esleitutako lan espezializatuak zuzenean burutzea euren jarduera eremuen barrenean.
), c) eta d taldeak Nafarroa osorako dira eta b) taldea, berriz, eskualdekoa izanen da.
Hirugarren atala. Joko eta Ikuskizunen Dibisioa
7. artikulua
Joko eta Ikuskizunen Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
-Dokumentaziorako Brigada.
-Joko eta Ikuskizunen Brigada.
8. artikulua
1. Dokumentaziorako Brigadari poliziaren eginkizun hauek zuzenean burutzea dagokio:
a) Dibisioari dagozkion gaiei buruzko ikerlan eta txostenak egitea.
b) Dibisioaren fitxategi informatikoak, materialak eta lan-tresnak artxibatu eta zaintzea.
c) Beharrezkoa denean, Joko eta Ikuskizunen Brigadari laguntzea.
d) Dibisioaren eginkizunen plangintza.
2. Brigada hori Nafarroa osorako da.
9. artikulua
1. Joko eta Ikuskizunen Brigadari poliziaren eginkizun hauek zuzenean egitea:
a) Joko jarduerak, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak ikuskatzea.
b) Jarduera horietan ikusten diren arau-hausteak salatzea.
c) Dibisio honetako kideak agintariaren ordezkari eta laguntzaile gisa aritzea jendaurreko ikuskizunetan.
d) Jarduera horietan jartzen diren zehapen eta beste neurri batzuk nahitaez betearaztea.
e) Aplikagarria den araudiaren arabera, jokoaren eta ikuskizunen jarduerarekin zerikusia duen beste edozein.
2. Joko eta Ikuskizunen Brigada Nafarroa osorako unitatea da.
Laugarren atala. Kudeaketa Brigada
10. artikulua
Kudeaketa Brigadak, zuzenean Polizia Administratiboaren Arloari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Bere arloaren jarduketen esparruan, polizia administrazioak dituen eginkizunen antolaketa eta kudeaketa bere gain hartzea.
b) Arloko buruari laguntzea dibisioen jarduerak zuzentzen, koordinatzen eta kontrolatzen.
II. KAPITULUA. Ezarpen operatiboa
11. artikulua
1. Nafarroako Foruzaingoko plantilla organikoa Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatzen diren eduki eta prozedurekin bat osatuko da. Behar den garaian plantillan xedatzen dena deusetan galarazi gabe, Erregelamendu hartako lehenbiziko xedapen gehigarria betez, foru agindu honetako eranskinean agertzen diren langileak, Polizia Administratiboaren Arloa osatzen duten antolamenduko unitateei atxikitzen zaizkie, atxikipen edo eginkizun berriak, funtsean aurreko lanpostuarenak baldin badira.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den atxikipena egin aurretik langileak zituen lanpostuetako egoera onartuko zaio maila-zerrendan.
12. artikulua
1. Aurreko postuetan ageri ez ziren eginkizun berriak dauzkaten lanpostuak lehiaketaren, berariazko lehiaketaren edo izendapen librearen bidez beteko dira, Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatzen diren eduki eta prozeduren arabera osatzen den plantilla organikoan behar den garaian xedatzen denarekin bat.
2. Aurreko idatz-zatian aurreikusten den prozesua bukatu ondoren, organo eskudunak, prozesuaren emaitzen arabera, langileak atxikiko dizkie antolamendu unitateei.
13. artikulua
Foru agindu honetako 11. eta 12. artikuluetan aipatzen diren prozeduren ondoriozko atxikipenak, plantillari dagokionez, langile finkoen zerrendan sartuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 20. artikuluan aurreikusiriko baldintzetan.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Antolamendu unitate bakoitzari esleitzen zaizkion berariazko polizia eginkizunak deusetan galarazi gabe, haiei atxikiriko langileek agintzen zaizkien eginkizun guztiak egin beharko dituzte, banaka edo taldeka, Foruzaingoaren orotariko beharren arabera.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Foru agindu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indargabetu egiten dira.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.