Castellano | Euskara | Français | English
(2008ko 40. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 28an)
Zioen Azalpena
Nafarroako poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, kontseilari eskudunaren foru agindu bidez Nafarroako Foruzaingoaren uniforme, ezaugarri eta kredentzialei buruzko arauak eman behar dira, beste batzuen artean.
Irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, 1.1 artikuluan departamentu horri ematen dio herritarren segurtasunaren arloko eskumena, eta arlo horretakoa da Nafarroako Foruzaingoa.
Beraz, foru agindu honen bidez Nafarroako Foruzaingoko kideen uniforme, ezaugarri eta kredentzialen araubidea garatzen da, lehendik ezarrita baitago, uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduan, hain zuzen ere. Araubidean aldaketak egiten dira, ekintzen funtzionaltasunaren eta beharrei erantzuteko arintasunaren irizpideei jarraituz, Foruzaingoaren ikuskera moderno, dinamiko eta integratzailearekin bat.
Horrenbestez, Nafarroako Kontseiluarekin ados, Nafarroako poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 11. artikuluak eta azken xedapenetan lehenak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak erregelamenduak egiteko ematen didan ahalmena baliaturik, agindu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da Nafarroako poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 11. artikulua garatzea, Nafarroako Foruzaingoaren uniforme, ezaugarri eta lanbide kredentzialei dagokienez.
2. artikulua. Oinarrizko elementuak.
Nafarroako armarria, "Policía Foral" (Foruzaingoa) edo "Policía Foral de Navarra" (Nafarroako Foruzaingoa hitzak eta, kasua bada, Nafarroako Gobernuaren eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren logotipoak; elementu horiek erabiliko dira Nafarroako Foruzaingoko kideen enblema, lanbide txartela eta polizia plaka egiteko.
II. KAPITULUA. Uniformeak
3. artikulua. Uniforme motak.
Hauek dira Foruzaingoaren uniformeak:
a) Laneko uniformea.
b) Galako uniformea.
4. artikulua. Laneko uniformea.
1. Laneko uniformearen barrenean erregelamenduzko arma sartzen da, uhal beltzetan eraman beharrekoa, edo foruzainari ematen zaizkion beste arma berariazko batzuk. Horrez gain, laneko uniformea honela osatzen da:
a) Zapata edo bota eta galtzerdi beltzak.
b) Galtza grisak.
c) Atorra gorria, lepo gris irekia duena, eta jertse gorria, lepoa eta zerrenda batzuk grisak dituena. Horren ordez, egin beharreko lana kontuan harturik Foruzaingoko buruak hala agintzen duenean, atorra grisa gorbata beltzarekin eta jaka gorria, kordoi grisak dituena.
d) Anorak gorria.
e) Txapel gorria.
2. Foruzaingoko buruak, inguruabar bereziengatik, erregelamenduzko arma eraman beharretik salbuetsi ahalko ditu uniformea janzten dutenak.
3. Foruzaingoko buruak Barne zuzendari nagusiaren bitartez hala proposatuz gero, baimena eman ahalko da aurrekoak ez bezalako jantziak erabil daitezen zenbait unitatetan, egin beharreko lanaren ezaugarriak kontuan hartuta.
4. Barne zuzendari nagusiari dagokio artikulu honetan aipatutako jantzi guztien berariazko modeloak onestea.
5. artikulua. Galako uniformea.
Galako uniformea honela osatuko da:
a) Zapata eta galtzerdi beltzak.
b) Galtza beltza, aldeetan zerrenda gorri bana duena.
c) Atorra grisa.
d) Jaka gorria, kordoi beltzak dituena.
e) Txapel gorria.
f) Eskularru beltzak.
6. artikulua. Uniformeen erabilera.
1. Foruzaingoko kideek, lanean dihardutela, erregelamenduzko uniformea jantziko dute.
2. Foruzaingoko buruak zehaztuko du noiz erabili behar den uniforme mota bakoitza, Foruzaingoko lanpostu edo unitateetan egin beharreko zerbitzuen arabera.
3. Aurrean xedatutakoa gorabehera, laneko oinarrizko uniformeko hotzerako eta euritako jantziak unitateetako buruen jarraibideei lotuta erabili behar dira, eguraldiaren arabera.
4. Zerbitzuak hala eskatzen duenean, Foruzaingoko kide edo unitate jakin batzuek uniformea jantzi gabe jarduteko baimena eman ahalko da.
7. artikulua. Beste osagai batzuk.
1. Uniformean Foruzaingoaren enblema jarriko da, Barne zuzendari nagusiak zehazten dituen jantzien gainean.
2. Dominak galako uniformean eraman ahalko dira, eta egoerak hala eskatzen duenean baita laneko uniformeko jantzietan ere. Betiere dominei buruzko arau berariazkoak beteko dira. Dominen ordez haien erreprodukzio txikia eraman ahalko da.
3. Uniformean eraman ahalko dira unitate organikoen ezaugarriak (arloarenak, dibisioarenak edo talde espezializatuarenak), baita foruzainaren lanbide identifikazioko zenbakia ere, V. eranskinean jaso den moduan.
III. KAPITULUA. Ezaugarriak
8. artikulua. Enblema.
Nafarroako Foruzaingoaren enblema honela osatuko da: Nafarroako armarria eta "Policía Foral" hitza, biak zuriz, Pantoné 485-C gorri koloreko hondoan; hori guztia, lauki batek eta laukiaren oinarria adinako diametroa duen zirkuluerdi batek elkarri atxikita osatzen duten irudiaren barnean sarturik, I. eranskinean ageri den bezala.
9. artikulua. Lanpostuen ezaugarriak.
1. Foruzaingoko kideek, uniformea janzten dutenean, ezaugarri hauek eramanen dituzte aldean:
a) Komisario nagusiek, bi galoi, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak.
b) Komisarioek, galoi bat, urre kolorekoa, ehun bat graduko angeluan paratua.
c) Inspektoreek, hiru galoi, txuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.
d) Inspektoreordeek, bi galoi, txuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.
e) Kaboek, galoi bat, txuria, ehun bat graduko angeluan paratua.
2. Dagokien lanpostuan ez, graduazio handiagoko beste batean bitarte baterako ari diren foruzainek galoi txuri etzan bat erakutsiko dute, betetzen ari diren postuaren ezaugarriaren azpi-azpian.
3. Foruzaingoko buruak, ezaugarri gisa, hiru galoi erakutsiko ditu, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak. Gainerako ezaugarri eta irakurgarri guztiak kolore horretan izanen dira.
4. Lanpostuen ezaugarri horiek jarriko dira galako uniformeko jaka militarrean, jertsean, anorakean, atorretan eta jakan, sorbalden gainean.
10. artikulua. Unitate organikoen ezaugarriak
Barne zuzendari nagusiak baimena eman ahalko du unitate organikoen ezaugarriak erabil daitezen, unitateko buruak hala proposatzen badu, organikoki gorago daudenen adostasunaz. Uniformearekin batera ezaugarri horiek erabiltzen direnean 7. artikuluan xedatutakoa beteko da.
IV. KAPITULUA. Identifikazioa. Kredentzialak
11. artikulua. Akreditazio elementuak.
Nafarroako Foruzaingoko kideen lanbide akreditaziorako, lanbide txartela eta polizia plaka erabiliko dira. Identifikaziorako elementu pertsonal eta besterenezinak dira.
12. artikulua. Lanbide txartela.
1. Lanbide txartelak frogatzen du titularra agintaritzaren agentea dela, Nafarroako Foruzaingoko kidea den aldetik.
2. Nafarroako Foruzaingoko lanbide txartelaren aurrealdean Kidegoaren enblema, titularraren argazkia, lanpostua eta identifikazio zenbakia agertuko dira; eta atzealdean, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta "Departamento de Presidencia, Justicia e Interior" (Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua) adierazpen organikoa.
3. Lanbide txartelaren forma, neurriak, koloreak eta gainerako xehetasunak II. eranskinean azaltzen dira.
4. Lanbide txartela 8 urtean behin berritu behar da.
13. artikulua. Polizia plaka.
1. Polizia plaka erakutsiz berehala bermatzen da jabea Nafarroako Foruzaingoko kidea dela.
2. Foruzainen polizia plakak Nafarroako Foruzaingoaren enblemaren itxura izanen du.
3. Lanbide plakaren forma, neurriak, koloreak eta gainerako xehetasunak III. eranskinean azaltzen dira.
14. artikulua. Akreditazio elementuen erabilera.
1. Lanean ari diren guztietan, uniformea jantzita izan ala ez, Foruzaingoko kideek lanbide txartela eraman behar dute aldean. Lanean uniformerik gabe daudenean, polizia plaka ere eramanen dute.
2. Foruzainak agintaritzaren agente gisa ezagutzeko bidea uniformea izanen da. Polizia eginkizunetan ari direla, herritarrek eskatuz gero, lanbide txartela erakutsi beharko dute.
3. Uniformea jantzi gabe lanean ari diren foruzainek beren burua identifikatzeko polizia plaka erakutsiko dute eta, orobat, lanbide txartela ere, polizia eginkizunetan ari direla, herritarrek hala eskatuz gero.
4. Lanean ari ez direnean, Foruzaingoko kideek zilegi izanen dute polizia plaka eta lanbide txartela erakustea agintaritzaren agente gisa identifikatzeko, indarreko arauen arabera legea edo herritarren segurtasuna babesteko jardun behar dutenetan.
5. Lanbide txartela eta polizia plaka euskarri-zorro batean sartuta eraman eta erakutsi behar dira. Zorroaren ezaugarri teknikoak IV. eranskinean ageri dira.
15. artikulua. Identifikazio elementuak gordailutzea.
Lanbide txartela eta polizia plaka Foruzaingoko Aginte eta Sostengu Arloan gordailutu beharko dira titularrek zerbitzu aktiboa uzten dutenean edo eginkizunak etenda dituztenean, eta halaber organo eskudunak hala agintzen duenean, kautelazko neurri gisa.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Uniformea erabili beharretik salbuestea.
Nafarroako poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Foruzaingoan uniformerik ez erabiltzeko baimena eman dezakeen organo eskuduna Barne zuzendari nagusia izanen da, unitate organikoren bateko kide guztiei ematen bazaie baimena, edo Foruzaingoko burua, foruzain jakin batzuei soilik ematen bazaie baimena, zerbitzuaren beharrengatik.
Xedapen Iragankor Bakarra. Berariazko modeloak onetsi eta banatzea.
Foru agindu honek indarra hartu aurreko modelo berak erabili ahal izanen dira harik eta, 4.4 artikuluan aipatzen den moduan, Barne zuzendari nagusiak modeloak onetsi, eta uniforme berriak erosi eta banatzen diren arte.
Azken Xedapenetan Lehena. Ukitutako xedapenak.
Nafarroako poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen azken xedapenetarik lehenean 11. artikuluko 2. idatz-zatiari dagokionez ezarritakoa dela bide, foru agindu honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren 39. artikulutik 44.era bitartekoak, biak barne (II. kapitulua).
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Enblema

II. ERANSKINA. Lanbide txartela
1. Ezaugarriak:
ID-1 motako identifikazio txartela, zabal, garai eta lodi. Gainerako ezaugarri fisikoak UNE-EN ISO/IEC 7810:1995 Europako arauan ezarritakoak izanen dira.
Aurrealdea: barneko laukizuzena Pantoné 404-C gris kolorekoa, perimetro osoan 2 mm-ko zerrenda zuri batez inguratua txartelaren ertzetaraino; goialdean "Policía Foral de Navarra" (Nafarroako Foruzaingoa) hitzak edukiko ditu hondo grisean inprimaturik lerro bakarrean (Helvetica letra, biribila, beltza, larria, 3,5 mm-koa). Hitz horien azpian, ezkerraldean Foruzaingoaren enblema, gutxi gorabehera 17 x 25,5 mm-ko luze-zabalera izanen duena; eskuinaldean titularraren argazkia koloretan, gutxi gorabehera 20 x 26 mm-ko laukizuzen baten barnean; enblemaren eta argazkiaren artean, horizontalean erdiraturik, goitik behera, bi tarte huts, eta tarte horien gainean, ezkerraldean, hurrenez hurren "Empleo" (Lanpostua) eta "Número" (Zenbakia) hitzak (Helvetica letra, biribila, beltza, larria, 4 mm-koa); tarte horietan titularraren lanpostua eta identifikazio pertsonaleko zenbakia jarriko dira.
Atzealdea: hondo zurian Nafarroako Gobernuaren ikurra agertuko da, positiboan, eta "" (Nafarroako Gobernua) izena lerro bakarrean, eta azpian "Departamento de Presidencia, Justicia e Interior" (Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua) izena bi lerrotan, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta horren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuaren II. eranskinean ezarritako moduan.
2. Irudikapen grafikoa:

III. ERANSKINA. Polizia plaka
1. Ezaugarriak:
Letoizko plaka, lodi, estanpatua; gehienez ere 60,4 mm-ko altuera eta 47,6 mm-ko zabalera izanen ditu eta haren forma honela osatuko da: 36,6 mm-ko altuera eta 47,5 mm-ko oinarria dituen laukizuzen bat eta erradioko zirkuluerdi bat elkarri atxikita.
Aurrealdean, erliebean, plakaren goiko ertzetik 12 mm-ra, "Policía" hitza agertuko da (Helvetica letra, biribila, beltza, xehea eta larria, 6,5 mm-koa), eta beherago, plakaren goiko ertzetik 39 mm-ra, letra berdinez, "Foral" hitza; bi hitzen erdian Nafarroako armarria agertuko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta horren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan ezarritako moduan itxuratuta, gehienez ere garai eta zabal kanpoaldean neurtuta; eta, azkenik, "Foral" hitzaren azpian, plakaren goiko ertzetik 47 mm-ra, laukizuzen bat, garai eta zabal, lanbide zenbakia jartzeko; guztiaren inguruan, kanpoaldeko bi zerrenda zentrokide, plakaren ertzen paraleloak, horiek ere erliebean, bata (barnekoa) lodi eta bestea, 0,5 mm-koa, plakaren kanpo ertza eratzen duena; hori guztia letoizkoa izanen da, azalean 24 kilateko urrezko akabera izanen du eta horren azpian zeramika-esmaltezko hondoa Pantoné 485-C gorri kolorekoa plakaren erdian eta Pantoné 404-C gris kolorekoa kanpoaldeko bi zerrenden artean; plakaren ertzeraino neurtu behar diren tarteak dena delako elementuaren behealdetik neurtuko dira.
Finkatu ahal izateko, atzealdean letoizko lau orratz izanen ditu, 20 x 1,5 x 1 mm-koak, 33,5 mm-ko laukian kokatuak, plakaren ertzetatik 7 mm-ra.

IV. ERANSKINA. Zorroa
1. Ezaugarriak:
Euskarri-zorroa, beltz distiragabea (346/N erref.), garai eta luze; hiru atal berdintsutan tolesten da luzetara -alboetako atalak erdirantz tolesten dira edozein ordenatan-; bi aldeetatik behi-larru onduz egina, lodi kanpotik eta lodi barnetik; kanpoko larrua barnekoaren gainera tolesten da perimetro osoan 5 mm-ko hegalean; hegala itsatsirik dago, eta zorroaren kanpo ertzetik 2 mm-ra atzera-puntadaz josirik; albo-ataletako batek barnean -aurrealdeko eta atzealdeko larruen artean- indargarri gisa kartoizko lamina gogor bat dauka, lodi, zorroaren atzealdeko larruari barnetik itsatsita eta perimetroko jostura berean atzera-puntadaz josita.
Indarturik dagoen atal edo herenaren aurrealde edo kanpoaldea moldaturik egonen da Nafarroako Foruzaingoko kideen identifikaziorako polizia plaka bertan finkatu ahal izateko, itsatsirik edo/eta orratzen bidez josirik. Lanbide agiria gordetzeko eta atera gabe ikusi ahal izateko, zorroak plastiko gardenezko gutun-azal gisako zorrotxo bat edukiko du barnean, identifikazio plaka finkatzeko diseinaturik dagoen albo-atalaren atzealdean; barneko zorrotxoak zorroak adinako altuera izanen du eta 100 mm-ko luzera, zorroaren albo ertzetik neurtuta. Agiria sartzen den aldetik plastikoak ertzaren gainean larru beltzezko 5 mm-ko hegala izanen du bi aldeetatik, itsatsirik eta ertzetik 2 mm-ra atzera-puntadaz josirik; plastikoaren gainerako ertzak josirik egonen dira, zorroaren aurrealdeko larruak atzealdearen gainean daukan 5 mm-ko hegal perimetralarekin batera, itsatsirik eta kanpoko ertzetik 2 mm-ra atzera-puntadaz josirik. Era berean, helburu bererako eta agiria kontrako noranzkoan sartu ahal izateko, erdiko atalaren atzealdean zorroak antzeko beste zorrotxo bat edukiko du, altuera berekoa eta luze, indarturik ez dagoen albo atalaren kanpo ertzetik 115 mm-ra neurtuta, goian deskribatutako akabera bera duena aho aldean nahiz perimetro osoan; plastikoaren ertzak, agiria sartzen den aldearen kontrakoan, larru beltzezko 5 mm-ko hegala izanen du plastikoaren bi aldeetatik, itsatsirik, eta ertzetik 2 mm-ra atzera-puntadaz josirik, multzoaren atzealde edo barnealdeko larruari bakarrik; agiria sartzeko espazioaren zabalera eta sakonera mugatzeko, plastiko gardena atzera-puntadaz josiko da atzealdeko larruarekin batera; horrenbestez erdiko gainjarpen gune erabilgarriak 66 mm-ko zabalera izanen du eta 56,5 mm-ko altuera.
Josturetan hari beltza erabiliko da (003 erref.), kotoi hutsezkoa, erresistentzia handikoa eta 20.000ko lodierakoa.
Zorroak lau izkinetarako babesak edukiko ditu, 16 x 16 x 3 mm-koak, letoizkoak eta 24 kilateko urrez estaliak.
V. ERANSKINA. Lanbide identifikazioko zenbakia


