Castellano | Euskara | Français | English
(2009ko 32. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 16an)
Atarikoa
Urtarrilaren 20ko 103/2008 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua aldatu zen hein batean. Erregelamendu hori uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.
Erregelamenduzko testu horren 12 . artikuluak xedatzen du polizia etxeak, polizia arretarako bulegoak, brigadak eta taldeak sortu, aldatu edo kentzea Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari dagokiola, Barne zuzendari nagusiak proposaturik.
Bestalde, uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuak (urriaren 20ko 103/2008 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak) 22.2 artikuluan dio Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloak Bide Segurtasunaren Dibisioa eta Argitze-agirien eta Ikerketaren Dibisioa dituela bere egituraren barrenean.
Horregatik, arlo honetan indarra duen legediak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
I. KAPITULUA. Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloaren antolaketa egitura
1. atala. Egitura orokorra
1. artikulua. Arloari atxikitako taldeak.
Trafiko eta Segurtasunaren Arloaren menpe zuzenean, Bide Segurtasuneko eta Trafikoko Ekintzak Planifikatzeko Taldea.
2. artikulua. Bide Segurtasuneko eta Trafikoko Ekintzak Planifikatzeko Taldea.
1. Bide Segurtasuneko eta Trafikoko Ekintzak Planifikatzeko Taldea Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloari atxikita dago zuzenean, eta polizia eginkizun hauek zuzenean burutzea dagokio:
a) Arloko buruari dibisioen jarduerak zuzentzen, koordinatzen eta kontrolatzen laguntzea.
b) Trafiko eta garraioen arloko administrazio baimenak eman aurretik txostenak prestatzea.
c) Trafiko eta Bide Segurtasuneko zerbitzuen plangintza operatiboa.
d) Bide segurtasuneko kanpainak ezarri eta garatzeko asmoz, trafikoko agintaritzari laguntzea eta beste zerbitzu batzuekin koordinatzea.
e) Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloak egiten dituen operazio eta ekintzetan parte hartzen duten unitate operatiboak koordinatzea.
f) Antzeko beste edozein eginkizun, hari aginduz gero.
2. Bide Segurtasuneko eta Trafikoko Ekintzak Planifikatzeko Taldea unitate zentrala izanen da.
3. artikulua.
2. atala. Bide Segurtasunaren Dibisioa
4. artikulua. Taldeak.
1. Esleitu zaizkion eginkizunak burutzeko orduan eragimena handiagoa izateko, Bide Segurtasunaren Dibisioak zazpi talde hauek bilduko ditu bere baitan:
a) Bide Segurtasuneko 1. Taldea.
b) Bide Segurtasuneko 2. Taldea.
c) Bide Segurtasuneko 3. Taldea.
d) Bide Segurtasuneko 4. Taldea.
e) Bide Segurtasuneko 5. Taldea.
f) Radar Taldea.
g) Garraioko Taldea.
2. Bide Segurtasunaren Dibisioa unitate zentrala izanen da.
3. atala. Argitze-agirien eta Ikerketaren Taldea.
5. artikulua. Atestatuen eta Ikerketaren Dibisioaren izaera.
Atestatuen eta Ikerketaren Dibisioa unitate zentrala izanen da.
II. KAPITULUA. Ezarpen operatiboa
6. artikulua. Langileen atxikipena eta eskalafoia.
1. Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatutako eduki eta prozeduren arabera prestatu beharko den Nafarroako Foruzaingoaren plantilla organikoan ezartzen dena deusetan galarazi gabe, eta erregelamendu horren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz, foru agindu honen eranskinean agertzen da langileak nola atxikitzen zaizkien Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloaren mende dauden antolaketa unitateei, atxikipen berria edo lanpostuaren eginkizunak, funtsean, aurreko lanpostuaren ezaugarrien barrenean dauden kasuetarako.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den atxikipena egin aurreko lanpostuetan langileek zuten egoera bera aitortuko zaie eskalafoian.
7. artikulua. Prozedurak.
1. Aurreko lanpostuei zegozkien eginkizunak ezik, beste eginkizun edo lan berriak dituzten lanpostuak lehiaketa bidez, berariazko lehiaketaren bidez edo izendapen askearen bidez beteko dira, plantilla organikoan ezartzen denaren arabera. Plantilla organiko hori Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatutako eduki eta prozeduren arabera prestatu beharko da.
2. Aurreko idatz-zatian ezarritako prozedura bukaturik, organo eskudunak langileak kasuan kasuko antolaketa unitateari atxikitzeari ekinen dio, prozesuaren emaitzen arabera.
8. artikulua. Plantilla.
Foru agindu honen 6. eta 7. artikuluetan adierazitako prozeduren ondoriozko atxikipenak langile finkoen zerrendan sartuko dira, plantilla finkatzearen ondorioetarako, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 20. artikuluan ezarritako baldintzetan.
Lehen Xedapen Gehigarria. Polizia eginkizunak.
Antolaketa unitate bakoitzari esleitzen zaizkion polizia eginkizun berariazkoak galarazi gabe, unitate horietako langileek Foruzaingoaren betebehar orokorren arabera ezartzen zaizkien banakako edo taldekako gainerako lanak ere egin beharko dituzte.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Unitateak.
Lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako, foru agindu honetan araututako unitateen aipamenak foru dekretu hartan ezarritako Trafiko Dibisioari buruzko aipamenak direla ulertuko da.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.