Castellano | Euskara | Français | English
(Jatorrizko testua 2004ko 99. NAOn argitaratua, abuztuaren 18an. Aldaketak: 103/2008 Foru Dekretua, urriaren 20koa; 76/2010 Foru Dekretua, azaroaren 30ekoa; 85/2008 Foru Agindua, otsailaren 20koa)
Zioen Azalpena
Urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak 5. eta hurrengo artikuluetan zenbait aipamen egiten ditu geroko erregelamenduzko arau batzuen gainean, hots, Foruzaingoaren barne-antolamendua, foruzainen funtzionamendu-araubidea eta uniformeari, ezaugarriei, agurrei eta armen erabilerari buruzko arauak garatzeko, besteak beste.
Bestalde, testu bategin horren 10. artikuluan ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari, Foruzaingoaren egitura organikoaren barruan, polizia judizialeko unitateak antolatzeko, epaitegi edo auzitegi bati edo Ministerio Fiskalari atxikiak.
Maiatzaren 19ko 155/1988 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foruzaingoaren antolamendurako Erregelamendua onetsi zen. Erregelamendu horren arabera, Foruzaingoaren egitura ataletan, brigadetan eta taldeetan antolatuta dago, ofizial bat, sarjentu bat edo kabo bat buruan dutela, hurrenez hurren, erregelamenduak indarra hartu zuenean, hots, 1988ko maiatzean, zeuden lanpostuen arabera. Horrez gainera, Kabinete Teknikoaren Atala, Trafiko Atala, Eraikinak Babesteko Atala, Agintariak Babesteko Atala eta Joko eta Ikuskizunen Atala sortu zituen.
Gero, abenduaren 20ko 340/1990 Foru Dekretuaren bidez, Babes Ekologikoaren Atala sortu zen.
Ordutik hona Foruzaingoak izan duen garapena ikusirik, bai Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 9. artikuluak esleitzen dizkion eginkizunei dagokienez, bai giza-baliabideetan izan duen igoera nabarmenari dagokionez, behar-beharrezkoa da berrantolatzea, esleiturik dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzeko ahalbidea emanen dion beste egitura bat ezartzeko.
Hori horrela, foru dekretu honek helburu hauek ditu:
-Nafarroako Foru Komunitatearen Segurtasunaren Administrazioa eratzea eta herritarren babes eta segurtasunaren arloan goi-agintariek dituzten eginkizunak finkatzea.
-Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan herritarrek dituzten beharrei oso-osorik erantzuteko moduko antolamendu-eredu bat ezartzea Foruzaingoan, erreferentziazko polizia izan dadin, Konstituzioak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoak eta Nafarroako Polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak ahalbidetzen duten eskumen-markoan.
-Foruzaingoa, batez ere, baliabide operatiboa bilakatzea, herritarren babes eta segurtasunaren arloko goi-agintarien zerbitzura eta haren zuzendaritzapean, edo trafikoaren, ingurumenaren eta jokoaren eta ikuskizunen arloetan eskumena duten zerbitzuen menpekotasun sasi-funtzionalean. Orobat, polizia judizialaren unitateak sortzea, esleitzen zaizkien eginkizunei dagokienez epaileen, epaitegien edo Ministerio Fiskalaren menpe arituko direnak.
-Foruzaingoa, irizpide funtzional eta operatiboei jarraikiz, lau maila hierarkizatutan egituratzea -Arloa, Dibisioa, Brigada eta Taldea-, eta hurrenez hurren, ikuspegi operatiboari dagokionez, honako eginkizun hauek esleitzea: goi-zuzendaritza, polizia jardueraren arlo jakin batzuen zuzendaritza taktikoa, polizia lanak zuzenean burutzea eta lan bereziak zuzenean burutzea.
-Antolamendu sistema malgua ezartzea, batetik, lurralde-dezentralizazioa lortzeko, prebentzioa eta herritarrengandik hurbilago egotea bermatzeko asmoz, eta bestetik, Foruzaingoaren garapena eta ezarpen progresiboa lortzeko, kidegoak dituen baliabideen arabera eta gizarteak egiten dizkien eskakizunen eta gertatzen diren aldaketen arabera.
Hori helburu, foru dekretu honek urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren I. tituluko II. kapitulua eta 10. artikulua garatuko ditu.
Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko uztailaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu bakarra.-Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onestea. Erregelamenduaren testua foru dekretu honen ondotik ageri da.
Lehen Xedapen Gehigarria. Tuterako polizia etxea.
1. Tuterako polizia etxearen eragin eremuak udalerri hauek hartzen ditu: Faltzes, San Adrián, Azkoien, Martzilla, Caparroso, Murillo el Cuende, Mélida, Zarrakaztelu, Azagra, Funes, Villafranca, Milagro, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Castejón, Corella, Fitero, Cintruénigo, Tutera, Murchante, Cascante, Tulebras, Monteagudo, Barillas, Ablitas, Cabanillas, Fustiñana, Fontellas, Ribaforada, Buñuel eta Cortes, hala nola Errege Bardearen eremua.
2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Tuterako polizia etxearen eragin eremua aldatzeko.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Beste polizia etxe batzuk.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio beste polizia etxe batzuk sortu, aldatu edo kentzeko, bakoitzaren eragin eremua zehaztuz.
Xedapen Iragankor Bakarra. Aldian aldiko ezarpena.
Foru dekretu honetan ezartzen den antolamendurako egitura mailaka ezarriko du Nafarroako Gobernuak edo, kasua bada, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, Foruzaingoak dituen aurrekontuen, langileen eta baliabideen arabera.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Foru dekretu honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe geldituko dira, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 19ko 155/1988 Foru Dekretua, Foruzaingoaren Babes Ekologikoaren Atala sortu zuen abenduaren 20ko 340/1990 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dion maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetan Lehena. Erregelamenduzko ahalmena.
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
NAFARROAKO FORUZAINGOAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIMENDUAREN ERREGELAMENDUA
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
1. Erregelamendu honen helburua Foruzaingoari dagozkion eskumenak erabiltzea ahalbidetuko dion egitura organikoa finkatzea da eta haren funtzionamenduari, uniformeari, ezaugarriei, agurrei eta armen erabilerari buruzko arauak ezartzea.
2. Nafarroako Foruzaingoaren jarduna, barne-antolamenduari eta antolamendu funtzional eta operatiboari dagokienez, Erregelamendu honetan eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren araberakoa izanen da.
2. artikulua. Jarduteko eremua.
1. Foruzaingoaren jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea izanen da.
2. Aurreko atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe, Foru Komunitateko lurraldea, Foruzaingoa ezartzeari begira, polizia eremuetan banatzen da. Lurraldeari dagokionez, polizia eremu bakoitzak polizia etxe bakoitza sortzen denean adierazten diren udalerriak hartuko ditu bere baitan.
3. Erregelamendu honen ondorioetarako, Foruzaingoko egituran dauden unitateak zentralak edo lurraldekoak izan daitezke, ohiko egoeretan dagokien eragin eremua Nafarroako lurralde osokoa edo zati batekoa den, hurrenez hurren, kasuan kasuko unitatea sortzeko arauan ezartzen denari jarraikiz.
3. artikulua. Eginkizunak.
Foruzaingoak Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak esleitzen dizkion eginkizunak izanen ditu.
4. artikulua. Menpekotasun organikoa.
Nafarroako Foruzaingoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren menpe egonen da eta hango Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikita geldituko da.
II. TITULUA. FORUZAINGOAREN ANTOLAMENDUA
I. KAPITULUA. Antolamenduaren egitura
5. artikulua. Foruzaingoko burua.
1. Barne zuzendari nagusiaren agintearen pean eta haren mende zuzen-zuzenean, Foruzaingoko buruari dagokio Nafarroako Foruzaingoaren zuzendaritza eta agintaritza operatiboa bere gain hartzea, indarra duten arauetan herritarren babes eta segurtasunari buruz kidego horretarako ezartzen diren politika eta helburuak bete daitezen.
2. Horrez gainera, honako eskudantzia hauek dagozkio Foruzaingoko buruari:
a) Nafarroako Foruzaingoa osatzen duten arlo guztien jarduera sustatu, koordinatu eta segimendua egitea.
b) Langileen prestakuntza, materialaren egoera, zerbitzuen betetze-maila eta, oro har, Foruzaingoari buruzko kontu guztiak ikuskatzea.
c) Kidegoaren funtzionamenduari eta antolaketari buruzko informazioa ematea goragoko organoei.
d) Foruzainendako prestakuntza planak prestatzen laguntzea.
e) Urteko aurrekontu beharrak aurreikustea eta Barne zuzendari nagusiari helaraztea.
f) Epaileekin, epaitegiekin eta fiskalekin behar diren harremanak izatea, polizia judizialaren arloan Foruzaingoari dagozkion lanetan.
g) Diziplina arau-hauste arinen ondoriozko espedienteak irekitzea, horiei zehapenak jartzea eta, arau-hausteak larriak eta oso larriak direnean, espedienteak ireki daitezela eskatzea.
h) Merezi duten foruzainei esker onaren adierazpen publiko edo pribatua bideratzea, ez badu behintzat kontseilariak hori bere gain hartzen, eta beste sari batzuk emateko proposamenak egitea.
i) Beste polizia kidego batzuekin harremanak izatea, lankidetza eta koordinazio egokia izateko asmoz.
j) Beste agintari eta erakundeen aurrean Foruzaingoaren ordezkaria izatea, goragoko agintariei dagokien ordezkaritza deusetan galarazi gabe.
k) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.
3. Nafarroako Gobernuak libreki izendatu eta kargutik kenduko du Foruzaingoko burua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren proposamenari jarraikiz. Foruzaingoko burua aldi baterako kargu bat da. Bai izendapena bai kargu-uztea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.
4. Foruzaingoko burua kanpoan edo eri dagoenean edo aldi baterako beste edozein ezintasun suertatzen zaionean, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak izendatzen duen komisario nagusiak beteko ditu haren eginkizunak, harik eta itzultzen den arte. Izendapen espresik egiten ez bada, enpleguan antzinatasun handiena duen komisario nagusiak ordeztuko du Foruzaingoko burua eta, berdinketarik izanez gero, bakoitzak bere deialdian lortutako amaierako hurrenkeraren arabera erabakiko da ordezkoa.
5. Lan operatiboak egiteko edo segurtasuneko dispositibo bereziak jartzeko, Foruzaingoko buruak zilegi izanen du lan taldeak antolatzea, atxikipen organikoa alde batera utzita, talde horiek sorrarazten dituzten aldi baterako inguruabarrak direla-eta, funtzionaltasun irizpideen arabera. Lan talde horiek enpleguan graduaziorik eta antzinatasunik handiena duen agintariak zuzenduko ditu, eta agintari hori Foruzaingoko buruak izendatuko du bertako kideen artetik.
Foruzaingoko buruak izendapen espresik egiten ez badu, taldeetako kideen artean enpleguan graduaziorik eta antzinatasunik handiena duen agintariak zuzenduko ditu taldeak eta, berdinketa izanez gero, deialdiko hurrenkeraren arabera erabakiko da.
6. artikulua. Unitate organikoak.
1. Nafarroako Foruzaingoa egiturazko maila hauen arabera antolatzen da operatiboki, altuenetik baxuenera: arloak, dibisioak, brigadak eta taldeak.
2. Arloak eta dibisioak organo zentralak dira eta Iruñean kokatuko dira.
3. Foruzaingoa Polizia Etxetan antolatuta egonen da lurraldearen arabera.
7. artikulua. Arloa.
1. Arloa hainbat polizia lan homogeneo egiten dituen unitate organiko zentrala da. Bere mende dituen dibisioen goi-agintaria izanen da eta haien lanaren sustapena, koordinazioa eta kontrola egitea dagokio.
2. Arloetan agintea komisario nagusi batek izanen du, eta Arloko burua deituko da.
3. Arloko buruak arloko gaietan dagozkion eginkizun orokorren gaineko agintea izanen du, eta eginkizun horiendako esparrua ezarriko duten jarraibide orokorrak emanen ditu.
8. artikulua. Dibisioa.
1. Dibisioak arloei atxikiriko organo zentralak dira. Polizia lanaren esparru jakin batzuen zuzendaritza taktikoa dagokie.
2. Zuzendaritza taktikoaren barrenean lan hauek sartzen dira: polizia lanen plangintza, programazioa, koordinazioa, gainbegiratzea eta ebaluazioa, eta, halaber, prozedura operatiboen gaineko aholkua ematea eta haien homogeneotasuna bermatzea.
3. Dibisioetan agintea komisario batek izanen du, eta Dibisioko burua deituko da.
9. artikulua. Polizia Etxeak.
1. Polizia Etxeen agintea komisario batek izanen du, eta Polizia Etxeko burua deituko da.
2. Polizia Etxeko buruak Ikuskapen Orokorraren Arloko buruaren mende egonen dira.
Polizia Etxeko buruaren eginkizunak dira Kidegoko buruak ematen dituen jarraibide orokorrak betetzen direla eta Arloko buruak oro har ematen dituen berariazko jarraibideak garatzen direla ziurtatzea.
3. Polizia Etxeetako buruei honako eginkizun hauek dagozkie:
a) Hartzen duten lurralde eremuko herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea.
b) Eremu horretan Foruzaingoaren eledun eta ordezkaria izatea.
c) Polizia Etxearen barnean polizia arauak eta barne arauak betetzen diren begiratzea.
d) Lurralde horretan destinoa duten unitate operatiboak koordinatzea.
e) Lurralde horretako segurtasun egoeraren berri izatea eta toki horretarako ezartzen diren helburuak lortzen saiatzea.
f) Eremu horretan polizia lana hobetzeko dauden beharrak finkatzea.
g) Eremu horretan polizia lana aztertu eta ebaluatzea.
h) Herritarrei laguntzeko zerbitzuak, gizartearekiko harremanak eta eremu horretako segurtasunaren prebentzioa sustatzea.
i) Eremu horretako udaltzaingoekin koordinazioa izaten laguntzea.
j) Eremu horretako segurtasun arazoei buruzko informazioa bermatzea eta zerbitzu zentralekin koordinatuta aritzea konponbidea bilatzeko.
4. Polizia Etxeen lurralde eremuan eta horien mende Polizia Arretarako Bulegoak ezarri ahalko dira, kasuan kasuko Polizia Etxetik urrutien dauden herrietara eramateko polizia arreta. Inspektore bat izanen dute agintean eta hori Polizia Arretarako Bulegoko burua deituko da.
5. Polizia Etxeei atxikitako langileak Polizia Etxeko buruaren mende arituko dira zuzenean.
10. artikulua. Brigadak.
1. Brigadak polizia lanak zuzenean egitearen ardura duten organo operatiboak dira.
2. Brigadak zentralak edo lurralde batekoak izan daitezke, sortzen dituen arauan ezarri bezala. Brigada zentralak, oro har, dibisio bati atxikiko zaizkio eta lurralde batekoak polizia etxe bati.
3. Brigadetan agintea inspektore batek izanen du, eta Brigadako burua deituko da.
11. artikulua. Taldeak.
1. Taldeak, oro har, brigada baten barrenean izaten dira eta polizia lanaren eginkizun espezializatuak egiteaz arduratzen dira.
2. Taldeak zentralak edo lurralde batekoak izan daitezke, sortzen dituen arauan ezarri bezala.
3. Taldean agintea inspektoreorde batek izanen du, eta Taldeko burua deituko da.
12. artikulua. Arloak eta Dibisioak sortu, aldatu eta kentzea.
1. Arloak eta Dibisioak sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuari dagokio, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik.
2. Polizia Etxeak, Polizia Arretarako Bulegoak, Brigadak eta Taldeak sortu, aldatu edo kentzea Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari dagokio, Barneko zuzendari nagusiak proposaturik.
13. artikulua. Burutzak betetzea.
1. Arloetako, Dibisioetako eta Polizia Etxeetako buruak Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak izendatuko ditu eta kargutik kenduko askatasun osoz, Foruzaingoko buruak proposamena egin eta Barneko zuzendari nagusiaren bitartez bideraturik.
2. Oro har, Polizia Arretarako Bulegoetako, Brigadetako eta Taldeetako burutzak berariazko lehiaketa baten bidez beteko dira, Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduan ezarritako moduan, ez bada behintzat plantillan organikoan aurreikusten, salbuespenez eta burutzaren ezaugarri bereziak kontuan hartuta, izendapen librearen bidez beteko dela burutza.
3. Aurreko ataletan aipatu unitateetako buruak kanpoan edo eri daudenean edo aldi baterako beste edozein ezintasun suertatzen zaienean, Foruzaingoko buruak proposaturik Barneko zuzendari nagusiak izendatzen duen enplegu bereko agintariak edo, bestela, maila bat beheragoko enplegukoak bete ahalko ditu haren eginkizunak, harik eta itzultzen den arte.
4. Eskatutako enpleguan langilerik ez bada, 1. eta 2. ataletan aipatu unitateetako burutzak bitarteko gisa bete ahalko dituzte, egoera horrek iraun bitartean, maila bat beheragoko enpleguko langileek, aldez aurretik Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak izendaturik Arloen, Dibisioen eta Polizia Etxeen kasuetan, edo Barneko zuzendari nagusiak izendaturik Polizia Arretarako Bulegoen, Brigaden eta Taldeen kasuan, Foruzaingoko buruak proposaturik.
II. KAPITULUA. Arloak eta Dibisioak
1. atala
14. artikulua. Arloak.
Nafarroako Foruzaingoak honako Arlo hauek ditu bere egituran:
a) Ikuskapen Orokorreko Arloa.
b) Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloa.
c) Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloa.
d) Herritarren Segurtasunerako Arloa.
e) Ikerkuntza Kriminaleko Arloa.
2. atala. Ikuskapen Orokorreko Arloa
15. artikulua. Ikuskapen Orokorreko Arloa.
1. Ikuskapen Orokorreko Arloaren eginkizuna da Foruzaingoko buruari sostengua ematea langile eta materialen kudeaketarekin, informaziorako sistema eta teknologien hobekuntzarekin, erakundearen helburu orokorren lorpenarekin eta poliziaren administrazioarekin zerikusia duten ardura guztietan.
2. Ikuskapen Orokorreko Arloaren mende Dibisio hauek daude:
a) Komunikazio eta Lotura Operatiboko Dibisioa.
b) Dibisio Tekniko Orokorra.
c) Barne Araubideko Dibisioa.
16. artikulua. Komunikazio eta Lotura Operatiboko Dibisioa.
Komunikazio eta Lotura Operatiboko Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Foruzaingoan zerbitzuan ari diren unitateen kudeaketa, kontrola eta koordinazio operatiboa.
b) Ekintzak Koordinatzeko Zentroarekin (SOS Nafarroa) koordinazioa eta lankidetza izatea.
c) Segurtasun indar eta kidegoen komunikazio zentroekin eta, halaber, pareko eginkizunak betetzen dituzten erakundeekin harremanak, koordinazioa eta lankidetza izatea.
d) Presako polizia laguntza eskatzen duten herritarrei berehala erantzutea eta behar diren zerbitzuak abian jartzea, eta halaber, eskaera horiek sortzen dituzten arazoen konponketan parte hartu behar duten polizia unitateak jakitun egitea.
e) Beren lan eremuarekin zerikusia duten gaien inguruan, presako informazio eta komunikazioak banatzea Foruzaingoko zerbitzuei, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko agintariei, Foruzaingoko buruari eta Arloetako buruei.
f) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
17. artikulua. Dibisio Tekniko Orokorra.
Dibisio Tekniko Orokorrari ardura hauek dagozkio:
a) Informazioaren arloko sistema eta teknologien diseinuan, ezarpenean eta hobekuntzan proposamenak egitea eta parte hartzea, Foruzaingoaren beharrak asetzeko, eta haien eraginkortasuna ebaluatzea.
b) Poliziari ematen zaizkion baliabide teknologikoak ongi erabil daitezen arduratzea eta poliziaren datu baseak mantentzeko lanak kudeatzea, datu pertsonalen babesari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz.
c) Poliziaren estatistikak egin eta azter daitezen sustatzea.
d) Datuak mekanizatzea, eta bitartekari aritzea kanpoko erakundeekin datu baseak koordinatzeko.
e) Europako, Estatuko, autonomia erkidegoetako edo udalerrietako beste administrazio eta erakunde batzuekin, polizialak edo teknikoak izan, egindako akordio eta hitzarmenak betetzen diren begiratzea, konpromisoak beteko direla bermatzeko, eta haien berrikuspena edo ez-betetzeen salaketa proposatzea.
f) Instalazioak mantentzeko lanak kudeatu eta kontrolatzea, poliziaren ekipamendua administratzea, poliziaren baliabide teknikoen inbentarioa eta kontrola egitea eta horiek erosteko proposamenak egitea.
g) Foruzaingoaren diru baliabideak kudeatzea, fakturak kontrolatzea eta Foruzaingoari esleitutako aurrekontua betetzeko moduaren jarraipena egitea.
h) Foruzaingoak bere dituen transmisio, telefonia eta mapagintza kontuetan jardutea.
i) Foruzaingoko buruari bere eginkizunetarako laguntza administratiboa eta teknikoa ematea.
j) Beste polizia kidego eta administrazioekiko polizia harremanak bideratzea.
k) Agiri sailkatuak erregistratu, artxibatu eta zaintzea. Halaber, akordioekin, lankidetza-protokoloekin, metodologiarekin eta poliziaren funtzionamendu arauekin zerikusia duten agiriak artxibatu eta zainduko ditu, kanpoko organoekiko postazko harremanez arduratuko da, Foruzaingoko buruari edo aholku eta eztabaida organoei beren lanerako laguntza emanen die eta behar dituzten laguntza dokumentuak prestatuko ditu.
l) Administrazioko eta auzitegietako agintarien eskaerak kontrolatzea eta erantzutea.
m) Polizia jardueren urteko memoria egitea.
n) Poliziaren lanari buruz herritarrek jaso behar dituzten ohar polizialak aztertzea, horiek egin eta tratatzeko aholkuak ematea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan komunikazioaren eta informazio politikaren arloko eskumenak dituzten organoekin harremanak izatea eta halako oharren tratamendua koordinatzea.
ñ) Kidegoko langileek prestakuntza arloan dituzten behar orokorrak eta berariazkoak bildu, atzeman eta aztertzea, prestakuntza planak egiten eta ikasleen prestakuntza prozesuak antolatzen parte hartzea Nafarroako Segurtasun Eskolarekin elkarlanean, eta poliziek tiro arloan behar duten prestakuntzaz arduratzea.
o) Lanpostu eta lantokietako arrisku faktoreen azterketan eta balorazioan parte hartzea.
p) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
18. artikulua. Barne Araubideko Dibisioa.
Barne Araubideko Dibisioak ardura hauek ditu:
a) Foruzainei edo/eta haien senitartekoei laguntza eta arreta pertsonala ematea, Foruzaingoko kideen osasunari edo osotasunari eragiten dioten istripu edo ezbehar larriak direla-eta.
b) Herritarrek jaso edo eskatutako komunikazioak direla-eta Foruzaingoari egiten zaizkion iradokizun, erreklamazio, esker onaren adierazpen eta zoriontzeen berri ematea eta horiek tratatzea, Dibisio Tekniko Orokorrarekin (Polizia Administraziokoa) koordinaturik.
c) Polizia zerbitzuen kalitatearen azterketak eta ebaluazioak egitea, zerbitzuak etengabe hobetzeko aukerak atzematea eta hobekuntza sustatzea.
d) Foruzaingoaren zerbitzu guztien ikuskapenaren eta kontrolaren bitartez, poliziaren prozesu eta prozeduren jarraipena aztertzea.
e) Foruzaingoko kideen armen, agirien eta kredentzialen inguruan aginduzkoak diren kontu guztien kudeaketa administratiboa.
f) Foruzainei armak eta kredentzialak kentzea, kautelazko neurri gisa, eskumena duen organoak emandako ebazpena betearazteko.
g) Lanbidearen deontologiaren kontrakoak eta foruzainen jarduketaren oinarrizko irizpideen kontrakoak diren jokabide polizialak ikertzea, eta kidegoan sartzeko ikastaroa egiten ari diren izangaiena ere bai, Segurtasun Eskolarekin koordinaturik.
h) Lanbide deontologia ahalik onena eta herritarrek poliziarengandik espero dutenarekin bat datorrena lortzeko neurriak sustatu eta garatzea.
i) Diziplinako edo/eta zigor arloko arau-hausteak izan daitezkeen egintzak argitzeko eskatzen diren isilpeko informazioak eta behar diren ikerketak instruitzea, eta erantzuleak nor diren zehaztea.
j) Agintari eskudunek irekitako diziplina espedienteak bere ardurapean jartzen direnean, espedienteetako tramite arruntak egitea.
k) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
3. atala. Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloa
19. artikulua. Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloa.
1. Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak bete daitezen begiratzea ondoko jarduketa eremuetan:
a) Bere ardurapean jartzen diren eraikin eta instalazioen babesa eta segurtasuna.
b) Segurtasun pribatuaren arloan bere ardurapean jartzen diren zerbitzuen ikuskapena eta kontrola, koordinazioa eta lankidetza.
c) Arau-hauste administratiboen ikuskapena, ikerketa eta salaketa.
2. Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloaren mende dibisio hauek izanen dira:
a) Barne Segurtasunaren Dibisioa.
b) Polizia Administratiboaren Dibisioa.
20. artikulua. Barne Segurtasunaren Dibisioa.
Barne Segurtasunaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Foru Komunitateko erakundeen eraikinak zaintzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak hala agintzen duenean, eraikinaren inguruabar bereziak direla eta.
b) Sarrera kontrolatzea aurreko atalean aipatutako eraikinetan eta goi agintariek aldi baterako seinalatzen dituzten gainerakoetan, eta Administrazioaren eraikin publikoak zaindu edo/eta sarrerak kontrolatzen dituzten segurtasun pribatuko zerbitzuekin koordinatu eta lankidetzan aritzea.
c) Atxilotuak epailearen esku jartzeko, zaintzeko eta lekuz aldatzeko zerbitzua egitea, eta lan horretan poliziaren zerbitzu eta unitateekiko koordinazioa bermatzea.
d) Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenen ondorioz egin beharreko lanak ikuskatu, kontrolatu eta koordinatzea, eta Barne Zuzendaritza Nagusiak segurtasun pribatuari buruz ematen dituen arauak betetzea.
e) Azterlan eta proposamenak egitea, eginkizunak betetzean segurtasuna areagotzeko.
f) Dokumentazioa eta paketeak jaso, kontrolatu, ikuskatu eta igortzea.
g) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
21. artikulua. Polizia Administratiboaren Dibisioa.
Polizia Administratiboaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Joko jarduerak, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak ikuskatzea, eta jarduera horietan ikusten diren arau-hausteak salatzea.
b) Agintaritzaren ordezkari eta laguntzaile gisa aritzea jendaurreko ikuskizunetan, Barneko zuzendari nagusiak horretarako izendatuta, Foruzaingoko buruaren proposamena dela medio.
c) Jarduera horietan eta Nafarroako Foru Komunitatearen ardura eta eskumenen ondorioz jartzen diren zehapen eta beste neurri batzuk nahitaez betearazten laguntzea.
d) Naturguneak eta natur baliabideak zaindu eta babestea.
e) Ingurumena eta natura babesteko xedapenak betetzen diren ikuskatzea.
f) Ingurumenari eta horren babesari buruzko xedapenen kontra egiten diren arau-hauste administratiboak salatu eta horren inguruan behar diren neurriak hartzea.
g) Administrazioan ingurumen arloko eta natura babesteko eskumenak dituzten organoei laguntza ematea eta haiekin elkarlanean aritzea.
h) Landa inguruneetako kultur ondarea zaindu eta babestea, ikusten diren erasoen berri ematea eta polizia ikerketako unitateei arlo horretan eskatzen duten laguntza ematea.
i) Erantzukizun penala dakarren arau-hausteren bat egin dela egiaztatuz gero, txostena egin eta ikerketa judizialeko unitateetara bideratzea.
j) Beste segurtasun indar eta kidegoetan antzeko lanak egiten dituzten organo ofizialekin harremanak eta lankidetza izatea.
k) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
4. atala. Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloa
22. artikulua. Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloa.
1. Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren begiratzea ondoko jarduketa eremuetan:
a) Trafikoa eta garraioak zaindu, antolatu eta kontrolatzea, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen ) artikuluan ezarritakoarekin bat.
b) Zirkulazio istripuei buruzko atestatuak instruitzea.
c) Bide segurtasunarekin zerikusia duten hobekuntzak sustatzea.
2. Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloaren mende dibisio hauek izanen dira:
a) Bide Segurtasunaren Dibisioa.
b) Atestatuen eta Ikerketaren Dibisioa.
23. artikulua. Bide Segurtasunaren Dibisioa.
Bide Segurtasunaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Trafikoa eta garraioak zaindu eta antolatzea bide publikoetan, hiriarteko bideetan eta zeharbideetan, udaltzaingorik ez duten tokietan batik bat, edo, udaltzaingoa badago, harekin lankidetzan.
b) Trafiko eta garraio arloko arau-hausteak salatzea.
c) Goian adierazitako gaien inguruan emandako egintzak nahitaez betearaztea.
d) Garraio berezietan eta kirol lehiaketetan laguntzea, bai eta, kirol probaren izaera edo parte-hartzaileen kopurua ikusirik, zirkulazioarentzat arrisku larria dagoenean ere.
e) Bide publikoetako istripu-indizeak kalkulatzeko azterlan eta ebaluazio lanetan laguntzea.
f) Alkoholemiaren, estupefazienteen, psikotropikoen, bizigarrien eta antzeko beste substantzia batzuen kontrolen emaitzak aztertzea.
g) Trafiko eta garraio arloetan administrazio baimena eman aurretiko txostenak prestatzea.
h) Trafikoaren segurtasunarekin zerikusia duten erakundeekin lankidetzan aritzea.
i) Foruzaingoko gainerako unitate operatiboekin lankidetzan aritzea, segurtasun arloko baterako ekintzetan.
j) Istripuei aurrea hartzeko baliabideak aztertu eta planifikatzea.
k) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
24. artikulua. Atestatuen eta Ikerketaren Dibisioa.
Atestatuen eta Ikerketaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Atestatuak egitea eta zirkulazio istripuak ikertzea.
b) Bide segurtasuna zaindu eta herritarrei laguntzeko eginkizunak dituztenei laguntzea arlo horietan
c) Bide segurtasunaren hobekuntzari buruzko azterlanak egitea.
d) Agintari judizial eta fiskalei laguntzea trafiko istripuekin zerikusia duten gaietan, eta eskatzen zaizkion txosten teknikoak egitea.
e) Lan istripuak ikertu eta instruitzea, beste polizia unitate batzuekin elkarlanean.
f) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
5. atala. Herritarren Segurtasunerako Arloa
25. artikulua. Herritarren Segurtasunerako Arloa.
1. Herritarren Segurtasunerako Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren begiratzea ondoko jarduketa eremuetan:
a) Pertsona eta ondasunak babestu eta haiei laguntza ematea, batez ere ezbehar eta larrialdietan; kaleak zaintzea eta delituei aurrea hartzea.
b) Bere zaintzapean jartzen diren agintarien segurtasuna bermatzea.
c) Ordena eta herritarren segurtasuna zaintzea eta, kasua bada, egoera bere onera ekartzea, behar diren esku-hartzeen bitartez.
2. Herritarren Segurtasunerako Arloaren mende dibisio hauek izanen dira:
a) Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioa.
b) Agintariak Babesteko Dibisioa.
c) Esku Hartzeko Dibisioa.
26. artikulua. Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioa.
Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Pertsona eta ondasunak babestu eta haiei laguntza ematea, batez ere larrialdietan, bere eskumeneko lurralde eremuan eta polizia etxeekin koordinaturik.
b) Kaleak zaintzea eta manifestazioak eta, oro har, elkarretaratze handiak babestu eta antolatzea.
c) Delituei eta gizartea asaldatzen ahal duten jarduerei aurrea hartzeko neurriak hartzea.
d) Herritarren segurtasunerako jarduketak garatzea, polizia etxeekin, beste polizia kidego batzuekin edo herritarren segurtasunaren arloan diharduten erakundeekin koordinaturik eta elkarlanean.
e) Herritarren segurtasunerako zerbitzuak eskatzen dituzten polizia unitateei laguntzea eta haiekin elkarlanean aritzea.
f) Polizia berehala laguntzera joateko eskatzen den guztietan informazioa eta laguntza ematea.
g) Herritarren segurtasunaren arloan gizartearen eskariak eta gizartearekiko harremanak sustatu, koordinatu, kontrolatu eta bideratzea.
h) Herritarren segurtasunaren arloan jarduteko ildo orokorrak aztertu eta planifikatzea.
i) Herritarrei laguntzearekin zerikusia duten lanak egitea, bai zentralean eta bai lurralde osoan ere, polizia etxeekin koordinaturik eta elkarlanean.
j) Segurtasun publikoa areagotzeko neurriak eta jarduketa protokoloak garatzea beste polizia unitate batzuekin batera.
k) Herritarrei laguntza eta prebentzio zerbitzu hobea ematea helburu duten neurriak, hobekuntzak eta ekimenak proposatzea.
l) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
27. artikulua. Agintariak Babesteko Dibisioa.
Agintariak Babesteko Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Foru Komunitateko agintarien bizkarzaintza eta babes lana egitea, hots, haien egoera bereziarengatik Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak agintzen dituenena.
b) Dibisio honek egiten dituen operazio eta jarduketetan parte hartzen duten unitate operatiboen koordinazioa.
c) Agintariak babesteko jarduketak planifikatu, garatu eta berrikustea.
d) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
28. artikulua. Esku Hartzeko Dibisioa.
Esku Hartzeko Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Arriskuko ezbehar edo egoeretan prebentzio lana egitea eta ordena eta herritarrak babesteko eta, kasua bada, egoera bere onera ekartzeko neurriak hartzea.
b) Gainerako arlo polizialei sostengu eta laguntza espezializatua ematea, arrisku egoerak deuseztatu eta haiei aurrea hartzeko asmoz, dibisio honen parte hartzea beharrezkoa denean.
c) Prebentzio operazio arruntetan eta hondamendi edo ezbehar publikoei aurre egiteko operazio berezietan parte hartzea.
d) Zerbait indargabetu beharra dagoenean edo lehergailuak, estupefazienteak eta herritarrei edo ondasunei kalte egiteko arriskua dakarten gainerako elementuak bilatu behar direnean esku hartzea.
e) Estatuko edo atzerriko goi mailako pertsona ospetsuak babestea, Nafarroako Gobernuak hala eskatzen dionean.
f) Elkarretaratze handietan, manifestazioetan eta jendaurreko ikuskizunetan esku hartzea.
g) Terrorismo delituengatik nahiz delitu arruntengatik poliziaren alerta deklaratzen denean esku hartzea, kontrolak ezartzea eta neurri polizialak hartzea.
h) Tokiak eta instalazioak babestea, goi mailako agintariek hala erabakitzen duten kasuetan.
i) Matxinadetan, etxe-husteetan eta antzeko arriskua duten egoeretan esku hartzea.
j) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
6. atala. Ikerkuntza Kriminaleko Arloa
29. artikulua. Ikerkuntza Kriminaleko Arloa.
1. Ikerkuntza Kriminaleko Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren begiratzea ondoko jarduketa eremuetan:
a) Delituak ikertzea eta delitugileak jazarri eta geldiaraztea.
b) Ikerkuntza teknikoa, ikertzeko baliabide eta metodo espezializatuak erabiliz.
c) Poliziaren helburuak betetzeko interesgarria den informazioa bildu eta lantzea.
2. Ikerkuntza Kriminaleko Arloaren mende dibisio hauek izanen dira:
a) Polizia Judizialaren Dibisioa.
b) Polizia Zientifikoaren Dibisioa.
c) Informazio Dibisioa.
31. artikulua. Polizia Judizialaren Dibisioa.
Polizia Judizialaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Delituak ikertzea eta delitugileak jazarri eta geldiaraztea. Ondoren, behar diren atestatuak instruitzea eta agintari judizial eta fiskal eskudunen esku jartzea, antolamendu juridikoak agintzen duen moduan.
b) Agintari judizial eta fiskalei laguntza ematea, beren egoitzatik kanpora poliziaren laguntzaz egin behar dituzten jarduketetan.
c) Hertsatze lana egitea behar duten jarduketak burutzea, agintari judizial edo fiskalak aginduta.
d) Ikerketa polizialaren arloan beste segurtasun indar eta kidego batzuekin sinatutako akordio eta protokoloak betetzea, kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.
e) Polizia unitate egokiekin elkarlanean, delinkuentziaren kontrako borrokarako bitartekoak garatzea, eta herritarren segurtasuna zaintzeko edo prebentziorako lagungarriak diren gertaerak edo berriak beste zerbitzu batzuei jakinaraztea.
f) Izaera bereko beste kooperazio edo laguntza lan batzuk, eskumena duten agintari judizial edo fiskalek aginduta.
g) Delituak ikertzeko baliabideak kudeatzea eta ikerketa lanaren kalitatea hobetzeko proiektuak egitea.
h) Delitugile taldeen edo banda profesionalen kontrako ikerketa planak garatzea.
i) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
32. artikulua. Polizia Zientifikoaren Dibisioa.
Polizia Zientifikoaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Ikerkuntza teknikoa, kriminalistikaren eta identifikazioaren arloko ikerketa metodo espezializatuak erabiliz.
b) Eskatzen zaizkion peritu txostenak eta agiriak prestatzea.
c) Polizia zientifikoari dagozkion gaietan, metodologia teknikoa ezartzea.
d) Gainerako unitate organikoei laguntza zientifikoa ematea, eskatzen zaionean.
e) Dibisioak tramitatzen dituen agiriak zaindu eta artxibatzea.
f) Laborategi zientifikoa kudeatzea.
g) Foruzaingoak polizia zientifikoaren arloan sinatzen dituen akordio eta protokoloak betetzea.
h) Edozein delitu egiten denean begizko ikuskapena egitea, delitua egiteko erabilitako elementuak atzematea, frogak biltzea eta horiek gordetzeko katea aseguratzea.
i) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
33. artikulua. Informazio Dibisioa.
Informazio Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:
a) Ordenari eta herritarren segurtasunari eusteko eta prebentzio lana egiteko interesgarria den informazioaren bilketa, tratamendua eta ustiapena antolatu eta kudeatzea, bai eta bere eskumeneko lurraldean diharduten delitugile taldeak ikertzea eta haiei aurrea hartzea ere.
b) Prebentzio eta ikerketa lanak egiten dituzten unitate organikoei laguntza ematea.
c) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.
III. TITULUA. FORUZAINGOAREN FUNTZIMENDUA
I. KAPITULUA. Funtzionamenduaren araubidea
34. artikulua. Burutzak.
1. Unitateko buruak eginbehar hauek izanen ditu, unitateko langile eta eginkizunei dagokienez:
a) Goiko agintarietatik jasotzen dituen aginduak jakinarazi eta betearaztea eta, halaber, behar diren aginduak ematea.
b) Unitatearen funtzionamendua eta diziplina zaintzea.
c) Zerbitzuari buruz ezartzen diren agiri eta estatistikak egin eta goiko agintariei bidaltzea.
d) Unitateari dagozkion eginkizunetan gertatzen diren egoera guztien berri ematea gain-gaineko buruari, gertatu eta segituan.
e) Unitatearen ordezkaria izatea agintari, erakunde edo jendearen aurrean, zerbitzuarentzat beharrezkoa denean.
f) Bere ardurapeko langileek helarazten dizkioten eskakizunen edo komunikazioen berri ematea goiko agintariei.
g) Unitateari esleitu zaizkion ibilgailuak eta gainerako ekipoak egoera onean edukitzea.
h) Unitateko langileen uniformearen egoera ikuskatzea.
i) Unitatearen funtzionamendua eta eragingarritasuna hobetzeko bidezko diren aholku eta oharrak egitea goiko agintariei.
j) Goragoko agintariek agintzen dizkion gainerako guztiak.
3. Foruzaingoaren jarduketaren batean, edozein arrazoirengatik, horretarako izendaturiko agintaririk ez badago, jarduketaren arduraduna jarduten dutenen artean graduaziorik altuena duen foruzaina izanen da eta, graduazio bereko foruzain bat baino gehiago izanez gero, graduazio horretan antzinatasunik handiena duena.
35. artikulua. Berezko hierarkia.
1. Foruzaingoaren jarduna erregelamendu honetan ezartzen den mailaketa hierarkikoaren araberakoa izanen da.
2. Unitate bati atxikiriko kideek, ohiko egoeretan, unitateko buruarengandik jasoko dituzte aginduak, goragoko unitateetako buruengandik, Foruzaingoko buruarengandik edo goi-agintariengandik.
3. Foruzaingoko kideek men egin beharko diete, orobat, behar operatiboengatik, goragoko graduazioa duen edozein agintarik ematen dizkien aginduei, beraien burua ez bada ere. Horrelakoetan, ahal dutenean, dagokien buruari horren berri eman beharko diote.
4. Zerbitzuari buruz Foruzaingoko kideek egiten dituzten komunikazio eta eskakizun guztiak unitateko buruari igorriko zaizkio eta, horrek agindu edo kanpoan egonez gero, zilegi izanen da goragoko agintariei igortzea, baina ez bestela.
36. artikulua. Polizia judiziala.
1. Polizia judizialari atxikirik dauden Nafarroako foruzainak, funtzioei dagokienez, epaileen, epaitegien edo Ministerio Fiskalaren menpe egonen dira horiek agintzen dizkieten jarduketetan.
2. Jurisdikzio penaleko epaile eta epaitegiek eta Ministerio Fiskalak, polizia judizialeko unitateetako kideei dagokienez, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoaren 35. artikuluan ezartzen diren ahalmenak izanen dituzte.
3. Agintari judizialetatik eta Ministerio Fiskaletatik, polizia judizialaren unitateko funtzionarioek edo baliabideek ikerketa batean esku hartzeko, etortzen diren errekerimenduak bideratzeko eskumena unitate horretako buruei dagokie.
4. Polizia judizialaren unitateko foruzainak modu esklusiboan arituko dira eginkizun horietan eta ezin izanen dira agindu zaien ikerketa batetik aldatu edo baztertu ikerketa edo kasuko prozedura judiziala bukatu arte, non ez dagoen epaile edo fiskal eskudunaren baimena.
5. Polizia judizialaren unitateetako foruzain bati diziplina espedientea ireki eta horren xedeko gertaerek agindu zaion ikerketarekin zerikusi zuzena badute, kasuan kasuko epaile, epaitegi edo fiskalaren txostena eskatuko da, deusetan galarazi gabe beste batzuk ere eskatzea.
6. Polizia judizialaren unitateetan sartu nahi duten foruzainek polizia judizialaren diploma eduki beharko dute, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana, eta, horretarako, dagokion prestakuntza ikastaroa gainditu.
37. artikulua. Polizia Administratiboa.
Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloan eta Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloan sartuta dauden unitate organikoek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan trafikoaren, garraioaren, ingurumenaren babesaren edo joko eta ikuskizunen arloetan eskumena duten zerbitzuekin batera lan egin beharko dute, haiek ematen dituzten jarraibideak poliziaren lanetik atontzeko eta ezartzen diren helburuak lortzeko. Horretarako, zerbitzu horiek ematen dituzten jarraibideak betetzeko behar diren operazio eta dispositiboak programatu eta koordinatuko dituzte.
38. artikulua. Barne araubidea.
Barne Araubideko Dibisioari atxikita dauden foruzainak, agintzen zaizkien ikerketa lanak egitean, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 8. artikuluan edo poliziaren arloan eskuduna den departamentuaren egitura organikoa arautzen duen beste edozein xedapenetan zehazten diren agintarien mende egonen dira zuzenean.
II. KAPITULUA. Uniformea eta ezaugarriak
1. atala. Uniformea
2. atala. Ezaugarri eta kredentzialak
III. KAPITULUA. Agurra
45. artikulua. Nahitaezko agurra.
1. Foruzaingoko kideek, lanean ari direla, eskuineko eskua luzatuta eraman behar dute buruko jantziaren muturrera, eskuineko lokiaren aldera, ondoko agintari hauei agur egiteko:
A) Estatuko agintariak:
-Espainiako errege-erreginak, Asturiasko eta Vianako printzeak eta Espainiako infanteak.
-Espainiako Gobernuko lehendakaria.
-Diputatuen Kongresuko eta Senatuko lehendakariak.
-Konstituzio Auzitegiko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak.
-Espainiako Gobernuko lehendakariordeak, ordenaren arabera, eta ministroak.
B) Foru Komunitatean:
-Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak.
-Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Parlamentuko Mahaiko kideak.
-Nafarroako Kontseiluko burua.
-Comptos Ganberako burua.
-Arartekoa.
-Zuzendari nagusiak.
C) Foruzaingoan:
-Hierarkian gainean dituztenak.
2. Modu berean agur eginen diete kasuan-kasuan adierazten diren agintari eta pertsonei, protokolo eta gizalegeko arauen arabera. Beste polizia kidego bateko edo indar armatuko beste kideei ere agur egin beharko diete, inguruabarren eta gizalegearen arabera.
3. Espainiako Himnoa edo Nafarroako Himnoa jotzen den ekitaldi ospetsu guztietan erregelamenduzko agurra egin beharko da. Agur egin beharko da, halaber, beste autonomia erkidego, estatu edo erakunde batzuen himnoak jotzen dituztenean, gizalegeak hala eskatzen badu.
4. Uniformea edo burukoa jantzi gabe izateagatik, erregelamenduzko agurra egitea ezinezkoa denean, egoerak eskatzen duen duintasun eta gizalegezko jarrera hartu beharko da agintari horien aurrean eta "zure esanetara" esapidea erabiliko da.
46. artikulua. Agur egin beharraren salbuespenak.
1. Agur egiteko beharrik ez da izanen, foruzaina bere lanari dagozkion eginkizunetan ari delarik, agur egiteko keinua eginkizunetarako traba izan daitekeenean.
2. Agurtu beharreko pertsonekin lantoki berean, ohiko topalekuetan edo ekitaldi luzeetan elkartuz gero, foruzainek haiekin topo egiten duten lehenbizikoan baino ez dute agurtuko.
47. artikulua. Adeitasunezko agurra.
Foruzainek herritar batengana jotzen duten bakoitzean eta haiek deitzen dieten bakoitzean erregelamenduzko agurra egin eta "egun on, arratsalde on edo gabon" adeitasunezko esamoldea erabiliko dute, beti zuka eginen diote, gutxiespen keinuak saihestuko dituzte eta ika-mika guztietatik ihes egiten saiatuko dira, izan ere, beti heziketa eta errespeturik handiena erakutsiko dute eta Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideen jarduketarako ezarrita dauden oinarrizko printzipioak zorrotz begiratuko dituzte.
IV. KAPITULUA. Armak
48. artikulua. Armak.
1. Foruzainek, lanean ari diren guztietan, erregelamenduzko armaren bat eraman beharko dute, salbu eta gomendagarria baldin bada ez eramatea, justifikaturiko kausa bat dela-eta.
2. Foruzaingoko kide guztiek jakin beharko dute armak eta polizia jarduketetan erabiltzen diren gainerako neurri koertzitibo guztiak egoki erabiltzen, alderdi teknikoak eta praktikoak. Horretarako. beharrezkoa den prestakuntza eta entrenamendua emanen zaie.
3. Bakoitzaren arma esleitua dueneko poliziaren erantzunkizuna da. Bera izanen da egoera egokian izateko eta ikuskapenak egiteko arduraduna.
4. Su-arma erabiltzen den guztietan, segituan, ondoko buruari horren berri eman beharko zaio idatziz, arma-ariketen kasuan izan ezik.
5. Poliziari bere arma kenduko zaio kidegoan behin betiko baja hartzen duenean, jardunean ez beste egoera administratibo batera igarotzen denean, kautelazko neurri gisa edo diziplina zehapena ezartzen zaionean.