Castellano | Euskara | Français | English
68/2009 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 16KOA, LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORUZAINGOAREN BARNE SEGURTASUNAREN ETA POLIZIA ADMINISTRATIBOAREN ARLOA GARATZEN DUENA, BRIGADEN ETA TALDEEN MAILA ARTE.
(Jatorrizko testua 2009ko 32. NAOn argitaratua, martxoaren 16an. Aldaketak: 284/2010 Foru Agindua, apirilaren 26koa)
Atarikoa
Urtarrilaren 20ko 103/2008 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua aldatu zen hein batean. Erregelamendu hori uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.
Erregelamenduzko testu horren 12 . artikuluak xedatzen du polizia etxeak, polizia arretarako bulegoak, brigadak eta taldeak sortu, aldatu edo kentzea Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari dagokiola, Barne zuzendari nagusiak proposaturik.
Bestalde, uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuak (urriaren 20ko 103/2008 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak) 19.2 artikuluan dio Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloak Barne Segurtasunaren Dibisioa eta Polizia Administratiboaren Dibisioa dituela bere egituraren barrenean.
Horregatik, arlo honetan indarra duen legediak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
I. KAPITULUA. Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloaren antolaketa egitura
1. atala. Barne Segurtasunaren Dibisioa
1. artikulua. Brigadak.
Barne Segurtasunaren Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
a) Instalazioak eta Atxilotuak Babesteko Brigada.
b) Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Brigada.
2. artikulua. Instalazioak eta Atxilotuak Babesteko Brigada.
1. Instalazioak eta Atxilotuak Babesteko Brigadari dagokio polizia eginkizun hauek zuzenean burutzea:
a) Foru Komunitateko erakundeen eraikinak zaindu, kontrolatu eta gordetzea, eraikinaren inguruabar bereziak direla-eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak hala agintzen duenean.
b) Sarrera kontrolatzea aurreko idatz-zatian aipatutako eraikinetan eta goi agintariek aldi baterako adierazten dituzten gainerakoetan, eta Administrazioaren eraikin publikoak zaindu eta sarrerak kontrolatzen dituzten segurtasun pribatuko zerbitzuekin koordinatu eta lankidetzan aritzea.
c) Aurreko idatz-zatian adierazitako eraikinetan dauden ondasunei edo haiek erabiltzen dituzten pertsonei segurtasuna eta babesa ematea.
d) Atxilotuak zaindu eta babestea.
e) Egindako atxiloketen ondoriozko lekualdaketak egitea eta atxilotuak epaileengana eramatea, Foruzaingoaren barrenean zigor arloko instrukzioaz arduratzen diren organoekin lankidetzan.
f) Zehazten diren gutun, pakete eta gauzak kontrolatu, banatu eta, oro har, haien tratamendua egitea.
g) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.
2. Instalazioak eta Atxilotuak Babesteko Brigada unitate zentrala izanen da.
3. artikulua. Taldeak.
Bere eginkizunak hobeki gauzatzeko, Instalazioak eta Atxilotuak Babesteko Brigadak talde hauek izanen ditu bere baitan:
a) Justiziako Taldea.
b) Parlamentuko Taldea.
c) Jauregiko Taldea.
d) Atxilotuak Zaindu eta Lekualdatzeko Taldea
4. artikulua. Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Brigada.
1. Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Brigadari dagokio polizia eginkizun hauek zuzenean burutzea:
a) Segurtasunari loturiko kontuetan aholku eta sostengu ematea.
b) Hornidurei, azpiegiturei eta segurtasun sistema fisikoei dagokienez poliziaren irizpideak ezartzea.
c) Segurtasunari buruz esleitzen zaizkion azterketa, plan eta proiektuak garatzea.
d) Nafarroako Gobernuari loturiko segurtasun pribatuaren zerbitzuak ikuskatzea eta arlo horretako kontratazio prozeduretan parte hartzea.
e) Aurreko idatz-zatian aipatutako arloan atzematen diren arau-hausteak salatzea.
f) Foruzaingoaren beste unitateek edo beste entitate batzuek segurtasun arloan ezer eskatuz gero, laguntza eta informazio zientifiko-teknologikoa ematea.
g) Nafarroako Gobernuaren eta hari loturiko erakundeen eraikinetan dauden bideo-zaintza sistemetan jasotako irudiak atera, gorde eta tratatzea, arlo horretako arauek ezarritakoa begiratuz betiere.
h) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.
2. Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Brigada unitate zentrala izanen da.
2. atala. Polizia Administratiboaren Dibisioa.
5. artikulua. Brigadak.
Polizia Administratiboaren Dibisioak honako brigada hauek biltzen ditu bere baitan:
a) Joko eta Ikuskizunen Brigada
b) Ingurumena Babesteko Brigada.
6. artikulua. Joko eta Ikuskizunen Brigada.
1. Joko eta Ikuskizunen Brigadari dagokio poliziaren eginkizun hauek zuzenean burutzea:
a) Joko jarduerak, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak ikuskatzea.
b) Jarduera horietan ikusten diren arau-hausteak salatzea.
c) Jendaurreko ekitaldietan agintaritzaren ordezkari eta laguntzaile gisa jardutea, Barneko zuzendari nagusiak horretarako izendatuta, Foruzaingoko buruak proposaturik.
d) Jarduera horietan ezartzen diren zehapenak eta beste neurri batzuk nahitaez betearaztea.
e) Foruzaingoaren beste unitateek edo beste entitate batzuek jokoen, jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren arloaren gainean ezer eskatuz gero, laguntza eta informazioa ematea.
f) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.
2. Joko eta Ikuskizunen Brigada unitate zentrala izanen da.
7. artikulua. Ingurumena Babesteko Brigada.
1. Ingurumena Babesteko Brigadak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Naturguneak eta natur baliabideak zaindu eta babestea.
b) Natura eta ingurumena zaintzeari buruzko xedapenak betetzen direla ikuskatzea.
c) Landa ingurunean dagoen ondare historikoa, artistikoa eta arkeologikoa zaindu eta babestea.
d) Zehazten diren jarduera sailkatuen funtzionamenduari buruzko ikuskapenak egitea.
e) Zehaztutako arlo horiei buruzko xedapenen aurka egindako arau-hausteak salatu eta bidezko diren neurriak hartzea.
f) Dibisio honek egiten dituen operazio eta ekintzetan parte hartzen duten unitate operatiboak koordinatzea.
g) Foruzaingoaren beste unitateek edo beste entitate batzuek ingurumenaren babesaren arloaren gainean ezer eskatuz gero, laguntza eta informazioa ematea.
h) Antzeko eginkizunak dituzten beste segurtasun kidego eta indarretako erakunde ofizialekin harremanak izatea eta haiekin lankidetzan aritzea.
i) Ingurumen arloko edo administrazioko agintarien eskakizunei kasu egin eta laguntza ematea, salbu eta gaiak beste unitate batzuek egin beharreko tratamendu espezializatua eskatzen badu.
j) Ingurumen arloko arau-hausteak ikertzea eta, ikerketa arloarekin lankidetzan, ingurumen arloko delituak argitzea.
k) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.
2. Ingurumena Babesteko Brigada unitate zentrala izanen da.
8. artikulua. Taldeak.
Bere eginkizunak hobeki gauzatzeko, Ingurumena Babesteko Brigadak talde hauek izanen ditu bere baitan:
a) Ingurumeneko 1. Taldea.
b) Ingurumeneko 2. Taldea.
II. KAPITULUA. Ezarpen operatiboa
9. artikulua. Langileen atxikipena eta eskalafoia.
1. Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatutako eduki eta prozeduren arabera prestatu beharko den Nafarroako Foruzaingoaren plantilla organikoan ezartzen dena deusetan galarazi gabe, eta erregelamendu horren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz, foru agindu honen eranskinean agertzen da langileak nola atxikitzen zaizkien Herritarren Segurtasunerako Arloaren mende dauden antolaketa unitateei, atxikipen berria edo lanpostuaren eginkizunak, funtsean, aurreko lanpostuaren ezaugarrien barrenean dauden kasuetarako.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den atxikipena egin aurreko lanpostuetan langileek zuten egoera bera aitortuko zaie eskalafoian.
10. artikulua. Prozedurak.
1. Aurreko lanpostuei zegozkien eginkizunak ezik, beste eginkizun edo lan berri batzuk dituzten lanpostuak lehiaketa bidez, berariazko lehiaketaren bidez edo izendapen askearen bidez beteko dira, plantilla organikoan ezartzen denaren arabera. Plantilla organiko hori Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian eskatutako eduki eta prozeduren arabera prestatu beharko da.
2. Aurreko idatz-zatian ezarritako prozedura bukaturik, organo eskudunak langileak kasuan kasuko antolaketa unitateari atxikitzeari ekinen dio, prozesuaren emaitzen arabera.
11. artikulua. Plantilla.
Foru agindu honen 9. eta 10. artikuluetan adierazitako prozeduren ondoriozko atxikipenak langile finkoen zerrendan sartuko dira, plantilla finkatzearen ondorioetarako, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 20. artikuluan ezarritako baldintzetan.
Lehen Xedapen Gehigarria. Polizia eginkizunak.
Antolaketa unitate bakoitzari esleitzen zaizkion polizia eginkizun berariazkoak galarazi gabe, unitate horietako langileek Foruzaingoaren betebehar orokorren arabera ezartzen zaizkien banakako edo taldekako gainerako lanak ere egin beharko dituzte.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Unitateak.
Lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako, foru agindu honetan araututako unitateen aipamenak ondoko hauei buruzko aipamenak direla ulertuko da:
|
Urriaren 20ko 3/2008 F. D.aren bidez eta hori garatzeko arauen bidez sortutako unitateak |
Urtarrilaren 10eko 1/2005 F.D.an, urriaren 16ko 71/2006 F.D.an eta horiek garatzeko arauetan dauden aipamenak |
|
Instalazioak eta Atxilotuak Babesteko Brigada (salbu eta Atxilotuak Zaindu eta Lekualdatzeko Taldea) |
Eraikinak Babesteko Brigada |
|
Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Brigada |
Dibisio Tekniko Orokorra |
|
Joko eta Ikuskizunen Brigada |
Joko eta Ikuskizunen Dibisioa |
|
Ingurumena Babesteko Brigada |
Ingurumena Babesteko Dibisioa |
|
Atxilotuak Zaindu eta Lekualdatzeko Taldea |
Prebentzio Brigada |
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra".