(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Turismoa :
    • Arau orokorrak :
      • 74/2013 Foru Agindua, abenduaren 23koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, “Nafarroako gastronomian espezializatutako jatetxea” bereizgarria emateko prozedura ezartzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

74/2013 Foru Agindua, abenduaren 23koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, “Nafarroako gastronomian espezializatutako jatetxea” bereizgarria emateko prozedura ezartzen duena

 

(2014ko 16. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 24an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateko jatetxe eta kafetegien antolamenduari buruzko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 28ko 56/2013 Dekretuak ezartzen dituen helburuen artean hauxe dago: Nafarroako gastronomia indartzea, ezaguna eta kontuan hartua izan dadin, eta sukaldaritzan Nafarroako nekazaritzako elikagaien erabilera indartzea eta zabaltzea. Hori helburu, bereizgarri bat sortu zen Nafarroako gastronomian adierazgarriak diren plater eta produktuak eskaintzen espezializatzen diren jatetxeak identifikatzeko.

Foru agindu honen helburua da “Nafarroako gastronomian espezializatutako jatetxea” bereizgarria emateko prozedura ezartzea, foru dekretu horren 10. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.

Horrenbestez, agindu dut:

1. “Nafarroako gastronomian espezializatutako jatetxea” bereizgarria emateko prozedura onestea, foru agindu honen I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

1. ERANSKINA Establezimenduen titularrek bete beharrekoak

1. “Nafarroako gastronomian espezializatutako jatetxea” bereizgarria Nafarroako gastronomiari hertsiki lotutako ibilbide profesionala kalitate handiz jorratu duten establezimenduetako titularrek eskatzen ahalko dute, sukaldari lanetan bost urteko edo gehiagoko antzinatasuna frogatua badute.

2. Instalazioek eta zerbitzuek bete beharrekoak.

Jatetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jantoki bereizi bat, edukiaren araberako azalera duena.

–Bezeroentzako gune klimatizatua.

–Higiene zerbitzuak: gutxienez ere bi higiene zerbitzu, bata bestetik erabat aparte eta behar bezala hornituak, ur beroa eta hotza dituztela.

–Igogailua: eraikinaren sarreratik jantokira bi solairu edo gehiago badira.

–Hozkailu bereiziak arrainarentzat eta haragiarentzat.

–Ardandegia.

–Biltegia.

–Plateren eta ardoen karta, gaztelaniaz, ingelesez eta hizkuntza komunitarioetan.

–Barietate gastronomikoa.

–Karta osagarri bat, Nafarroako jatorrizko deiturako ardoekin, jatorrizko deiturako cavekin eta adierazpen geografiko babestua duten Nafarroako Foru Komunitateko likore tipikoekin.

–Uniformez jantzitako langileak.

–Mahaia erreserbatzeko zerbitzua.

–Kalitate oneko baxera eta kristalezko ontziak.

–Mahai-tresnak aldatzea platerak aldatzean.

–Kreditu txartelak onartzea.

3. Eskaintza gastronomikoan bete beharrekoak.

Jatetxeek bete beharrekoak:

1. Eguneroko kartan eskaintzen diren plateren %30, gutxienez, Nafarroako produktuekin eta gastronomiarekin identifikatzen direnak izatea. Horretarako, baldintza hori betetzen duten platerak behar bezala identifikatu beharko dira kartan, baldintza hori betetzen duen plater bakoitzaren ezkerrean kokatutako asterisko baten bidez.

2. Urtero, horrelako plateren %30 edo gehiago berritu beharko dira.

4. Bereizgarria emateko eskaera.

1. Bereizgarria emateko eskaeran honako hauek adierazi beharko dira: jatetxearen identifikazio datuak eta datu teknikoak, bereizgarria eskatzen duen titularraren ibilbide profesionala, bereziki aipatuz Nafarroako gastronomiarekin duen harremana, eta bereizgarria eman ondoko lehenengo seihilekoan bederen kartan eskaini behar diren plateren zerrenda.

2. Bereizgarria emateko eskaera turismo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusian aurkeztuko da, urtero, urtarrilean eta otsailean.

5. Eskaerak baloratzeko batzordea eta irizpideak.

1. Aurkezten diren eskaerak aztertzeko, honako hauek osatuko duten ebaluazio batzorde bat eratuko da:

–Turismo arloan eskumenak dituen zuzendari nagusia.

–Nafarroan ordezkaritza handiena duten ostalaritzako enpresaburuen elkarteen bi ordezkari.

–Nafarroako jatetxeetako elkarteen bi ordezkari.

–Arlo honetan eskumena duen departamentuak izendatutako lau funtzionario. Horietako batek batzordeko idazkari lanak eginen ditu.

Behar izanez gero, batzordeak egoki iruditzen zaizkion espezialisten laguntza eskatzen ahalko du.

2. Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu aintzat balorazioa egiteko:

–Instalazioak: egokitasuna, mantentze-lanak eta egoera.

–Eskaintza gastronomikoa: ugaritasuna, barietatea, orijinaltasuna eta eskaintzen diren plateren, ardoen, caven eta likoreen kalitatea.

–Titularraren ibilbide profesionala, batez ere Nafarroako gastronomiarekin duen harremana.

–Zerbitzuak: kalitatea eta profesionaltasuna.

3. Eskaera ebaluaturik, batzordeak proposamen arrazoitua eginen dio turismo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari.

6. Bereizgarria ematea.

Turismo arloan eskumena duen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da bereizgarria. Horrek ekarriko du establezimenduaren titularrari egiaztapen-diploma bat ematea, eta aukera emanen du establezimendua identifikatzeko II. eranskinean agertzen den plaka normalizatuaren bidez, establezimenduaren plaka bereizgarriaren ondoan jarri beharko baita sarrera nagusian.

Gainera, establezimenduaren kartaren hasieran orri bat erantsi beharko da, foru agindu honen III. eranskinean ezarritakoaren araberakoa, informazioa emateko.

7. Ez-betetzeak.

1. Foru agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako hauek hartzen dira ez-betetze larritzat:

a) Foru agindu honen 4. artikuluan ezarritakoa ez betetzea.

b) Foru agindu honen 3. artikuluan aipatutako ardo eta likoreen karta ez aurkeztea.

c) Langile uniformaturik ez izatea.

d) Instalazioek bete beharreko baldintzaren bat aldatzea, horren ondorioz eskatutakoa betetzen ez bada.

8. Bereizgarria edukitzeko eskubidea galtzea.

Jarduera uzteak, establezimenduaren titulartasuna eskualdatzeak edo, aurreko atalean ezarritakoaren arabera, ez-betetze larriren bat egiteak bereizgarria galtzea ekarriko du.

2. ERANSKINA

Plaka bereizgarria dibond-eko laukizuzen bat izanen da (PVC aparrezko lamina bat erdian, aluminiozko xaflez estalia), 250 mm zabal × 106 mm altu, aluminioaren gainean logotipoa daukana (DIN BLACK tipografia), beltzez, erantsi den krokisaren araberakoa.

3. ERANSKINA

Bidezkotzat hartzen diren beste itzulpen batzuk ere azal daitezke.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa