Castellano | Euskara | Français | English
(2015eko 29. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 12an)
Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen diren festak ikuspegi turistiko batetik arautzea eta “Nafarroako Interes Turistikoko Festa” izendapena sortzea.
4. artikuluan ezartzen denaren arabera, “Nafarroako Interes Turistikoko Festaren” adierazpen prozedurari honela emanen zaio hasiera: kasuan kasuko ospakizuna non egiten den, bertako udalek edo turismo partzuergoek eskatuta, Nafarroako Turismo Kontseiluak eskatuta, edo ofizioz, turismo arloan eskumena duen departamentuak bultzatuta. “Nafarroako Interes Turistikoko Festaren” adierazpena foru agindu bidez eginen da.
Corellako Aste Santuan ikusgarritasun handiko bi ekitaldi egiten dira, elkarri lotuak daudenak: Zazpi Hitzen Funtzioa eta Ehorzketa Santuaren Prozesioa.
Zazpi Hitzen Funtzioak 100 urte baino gehiago ditu, eta Ehorzketa Santuaren Prozesioaren atarikoa da. Ostiral Santuan izaten da, eguerdian, Andre Maria Arrosariokoaren elizan. Apezaren hitzak abesbatzaren kantuarekin eta orkestraren musikarekin nahasten dira, kontzertu santu bat osatzeko, non Jesusek hil aurretik esandako zazpi hitzetatik bakoitza antzezten den.
Ehorzketa Santuaren prozesioa, agirien arabera, 1710. urtetik egiten da, orduan sortu baitzen Karitatearen Kofradia edo Ermandadea, baina lehenagotik ere egiten zelako ustea dago. Prozesioaren orijinaltasuna dela-eta, laster, entzute handia lortu zuen, gaur egun duenaren parekoa, batez ere herritarren parte-hartzea oso handia zelako.
Urteekin, prozesioari pauso gehiago gehitu zitzaizkion, hala prozesiokoak nola bizidunak, gaur ezagutzen duguna osatu arte.
Horregatik guztiagatik, 1967. urtean, Informazio eta Turismo Ministerioak, interes turistikoko prozesio gisa izendatzearekin batera, Espainiako 50 prozesio-desfile tipiko eta adierazgarrienetako bat zela deklaratu zuen.
2015eko urtarrilaren 13an egindako bilkuran, Nafarroako Turismo Kontseiluak adierazi zuen ados zegoela “Corellako Aste Santua” Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatzeko proposamenarekin.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak proposamena egin du, Corellako Udalak eskaturik eta abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, foru agindu bidez “Corellako Aste Santua” Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adierazteko.
Horrenbestez, agindu dut:
1. Corellako Udalak eskaturik, “Corellako Aste Santua” Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adieraztea.
2. Adierazpen hori Nafarroako Interes Turistikoko Festen Erregistro Administratiboan inskribatzea.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Foru agindu hau Corellako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.