Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 88. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 8an)
Atarikoa
Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen diren festak ikuspegi turistiko batetik arautzea eta “Nafarroako Interes Turistikoko Festa” izendapena sortzea.
4. artikuluan ezartzen denaren arabera, “Nafarroako Interes Turistikoko Festaren” adierazpen prozedurari honela emanen zaio hasiera: kasuan kasuko ospakizuna non egiten den, bertako udalek edo turismo partzuergoek eskatuta, Nafarroako Turismo Kontseiluak eskatuta, edo ofizioz, turismo arloan eskumena duen departamentuak eskatuta. “Nafarroako Interes Turistikoko Festaren” adierazpena foru agindu bidez eginen da.
Zaila da zehaztea nondik datorren zezena sokaz lotzeko ohitura, gerora, Lodosan Sokamuturraren festa ospatzeko bidea eman zuena, baina agiri bidez froga daiteke Sobrarberen Foruaren 293. artikulua aplikatu zenetik existitzen dela. Foru hori Alfontso Borrokalariak eman zion Tuterari XII. mendean. Lodosan 1881eko irailaren 13ko agiri ofiziala dago, zeinaren bidez Nafarroako gobernadore zibilak baimena eman zion Lodosako alkateari, haren erantzukizupean, kaleetatik sokaz lotutako zezen bat korrika eramateko. Nafarroako udalerri honetan baizik ez dago baimendua jarduera hori. Jaia iraileko hirugarren igandean ospatzen da, Ama Birjina Doloretakoaren omenez.
2014ko martxoaren 27an egindako bilkuran, Nafarroako Turismo Kontseiluak adierazi zuen ados zegoela Lodosako Sokamuturra Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatzeko proposamenarekin.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak proposamena egin du, Lodosako Udalak eskaturik eta abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, foru agindu bidez Lodosako Sokamuturra Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adierazteko.
Horrenbestez, agindu dut:
1. Lodosako Udalak eskaturik, Lodosako Sokamuturra Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adieraztea.
2. Adierazpen hori Nafarroako Interes Turistikoko Festen Erregistro Administratiboan inskribatzea.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Foru agindu hau Lodosako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.