Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 43. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 1ena)
Atarikoa
Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen diren festak ikuspegi turistiko batetik arautzea eta "Nafarroako Interes Turistikoko Festa" izendapena sortzea.
4. artikuluan ezartzen denaren arabera, "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpen prozedurari honela emanen zaio hasiera: kasuan kasuko ospakizuna non egiten den, bertako udalek edo turismo partzuergoek eskatuta, Nafarroako Turismo Kontseiluak eskatuta, edo ofizioz, turismo arloan eskumena duen departamentuak eskatuta. "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena foru agindu bidez eginen da.
"Errege Magoen autoa/Erregeen misterioa" parerik ez duen auto sakramentala da Nafarroan, eta Espainian oraindik dirauten bostetako bat. 1900. urtean hasi ziren antzezten, José de Legarda kaputxinoaren eginahalari esker. Jatorrizko testuaren egilea da bera. Zangozako kaleak dira eszenatokia, eta, hartan, erakusten da nola iristen diren Erregeak Belena, Haurra gurtzera eta opariak eskaintzera.
2012ko urtarrilaren 10ean egindako bilkuran, Nafarroako Turismo Kontseiluak adierazi zuen ados zegoela "Errege Magoen autoa/Erregeen misterioa" izeneko festa Interes Turistikoko Festa izendatzeko proposamenarekin.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du, Zangozako Udalak eskaturik, foru agindu bidez, "Errege Magoen autoa/Erregeen misterioa" Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adieraztea, abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren.
Horrenbestez, agindu dut:
1. Zangozako Udalak eskaturik, "Errege Magoen autoa/Erregeen misterioa" Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adieraztea.
2. Adierazpen hori Nafarroako Interes Turistikoko Festen Erregistro Administratiboan inskribatzea.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Foru agindu hau Zangozako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.