Nafarroak hezeguneen garrantzia nabarmendu du biodibertsitaterako eta klima-aldaketaren aurrean, ekosistema horien Munduko Eguna dela eta - NaGreen
Nafarroak hezeguneen garrantzia nabarmendu du biodibertsitaterako eta klima-aldaketaren aurrean, ekosistema horien Munduko Eguna dela eta
Urtero, milaka uretako hegaztik Nafarroako hezeguneak baliatzen dituzte migrazio-bidaietan gelditzeko edo atseden hartzeko
Gaur, otsailak 2, 2023ko Hezeguneen Munduko Eguna da. Nafarroak bat egin du efemeridearekin, hezeguneen garrantzia nabarmentzeko. Izan ere, ekosistema horiek biodibertsitatea kontserbatzeko, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko eta ur geza gordetzeko ezinbestekoak dira.
Azken 50 urteetan, ekosistema horien % 35 baino gehiago galdu da munduan, eta, horregatik, premiazkoa da, besteak beste, gizartea sentsibilizatzea galera bizkor hori iraultzeko eta kontserbazioa eta zaharberritzea sustatzeko.
Horregatik, aurtengo goiburuarekin bat eginez -Hezeguneak lehengoratzeko garaia da-, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak gizartea sentsibilizatu eta inplikatu nahi du garrantzi handiko ekosistema horien kontserbazioan eta lehengoratzean.
Helburu horri jaraiki, otsailaren 5ean, igandea, Pitillasko aintzirara bisita antolatu du. Bertan, Nafarroako hezeguneei eta horien kontserbazioaren garrantziari buruzko hitzaldia eskainiko du, eta, zehazki, Pitillasko aintzirari buruzkoa. Ondoren, Natura 2000 Sareko gune horretatik ibilbide gidatua egingo da, balio ekologiko handia duelako Natur Erreserba, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu eta Nazioarteko Garrantzia duen Hezegune izendatu baitute.
Hezeguneak Nafarroan
Nafarroak hezegune ugari ditu bere lurraldearen barruan babestuta, gehienak Natura 2000 Sarean sartuta, biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen Europako sare ekologikoa, Habitat Zuzentarauaren arabera ezarritako Kontserbazio Bereziko Eremuek (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuek (HBBE) osatua, Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren arabera izendatuak. Europako espezieen eta habitat moten epe luzeko biziraupena bermatzea du helburu, biodibertsitatearen galera geldiarazten lagunduz.
Iberiar Penintsula osoan, Nafarroak kokapen geografiko estrategikoa du Mendebaldeko Paleartikoko hegazti migratzaileen ibilbide garrantzitsuenetako batean baitago. Urtero, milaka uretako hegaztik Nafarroako hezeguneak baliatzen dituzte migrazio-bidaietan gelditzeko edo atseden hartzeko.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak toki erakundeekin eta elkarteekin batera lan egiten du hezeguneek biodibertsitateari ekartzen dizkioten onura ugariak leheneratzeko, modu jasangarrian kudeatzeko eta balioesteko. Basozainek, beren aldetik, gune horien kontserbazio-egoeraren eta izan daitezkeen gorabeheren jarraipena egiten dute.
Foto: A. Cutiller (c).