Elikagaiak alferrik - NaGreen
#ElikagaiakEzAlferrikGaldu
Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko Agenda 2022-2027
Alferrik galtzea Nafarroan
Nafarroan, hiru elikagaitik bat zakarrontzian amaitzen da. Foru Erkidegoan bakarrik, 115.000 tona elikagai baino gehiago zaborretan amaitzen dira urtean, eta horietatik, % 42 zuzenean etxeetan alferrik galtzen dira*.
* Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren kalkuluen arabera
Alferrik gehien galtzen diren elikagaiak frutak dira: azken urteotan, batez beste, 7’5 kg inguru pertsona eta urte bakoitzeko. Ondoren, barazkiak daude: pertsonako eta urteko 3 kg-tik gora. Ogi freskoa, esne likidoa eta esneki nagusiak (jogurtak…) gutxiago xahutzen badira ere, pertsonako eta urteko kilo bat inguru alferrik galtzen da.
Eragina
Alferrik galtzea hainbat esparrutan eragina duen arazoa da: gizartean, ingurumenean eta ekonomian. Ikuspegi etiko eta sozial batetik, elikagaiak alferrik galtzeak zerikusia du pertsona askok kalitatezko janaria erosteko duten zailtasunarekin, edo mundu osoan milaka pertsonak pairatzen duten desnutrizioarekin.
Ingurumenaren ikuspegitik, lurra, ura eta energia bezalako baliabide urriak alferrik erabiltzeak klima-aldaketa bizkortu dezake. NBEk 2021ean emandako datuen arabera, berotegi efektuko gasen munduko isurketen % 8-10 kontsumitzen ez diren elikagaiekin lotuta dago.
Elikagaiak alferrik galtzea arazo ekonomikoa ere bada; izan ere, gizakiek ekoizten dituzten baina jaten ez dituzten elikagaien kopuruak zuzeneko eragin negatiboa du nekazarien eta kontsumitzaileen diru-sarreretan.
Helburuak
Agendak tresna eraginkorra izan nahi du Nafarroako etxeetan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko. Elikagaien plangintza egiteko orduan ohitura onak hartzearen eta hobeto erostearen garrantzia azpimarratu nahi du.
Helburu nagusiak dira pertsoneko elikagaien hondakinak % 50 murriztea txikizkako salmentan 2030 urterako (2020 urtearekin alderatuta), eta elikagaien hondakinak % 20 murriztea ekoizpen- eta hornidura-kateetan 2030erako (2020 urtearekin alderatuta).
Agenda estrategia berritzailea eta aurrekaririk gabea da Nafarroan. Datozen sei urteetan egonen da indarrean. Ingurumen-, ekonomia-, etika- eta gizarte-erronka garrantzitsua da, izan ere, guztiontzako trantsizio bidezkoagoa lortzea du helburu.
15 AHOLKU, ELIKAGAIAK ALFERRIK GALTZEA PREBENITZEKO
Sukaldean
- Elikagai galkorrak kontsumitu etxera sartzen diren ordenaren arabera FIFO sistemaren arabera: lehenik sartu, lehenik atera (ingelesetik "First In, First Out").
- Janaria prestatzeko eta zerbitzatzeko orduan errazioak doitu.
- Elikagaiak behar bezala kontserbatu.
- Zaborretara bota aprobetxatu ezin dena bakarrik. Hondakinak birziklatu eta organikoekin konposta egin.
- Soberakinak sormenezko errezetekin aprobetxatu.
Jatetxean eta lanean
- Jatetxeetan kontsumituko duzuna bakarrik eskatu.
- Soberakinak eramateko ontzi bat eskatu.
- Lanean jaten baduzu, eraman ezazu ontzi berrerabilgarri bat: etxean soberan geratu diren elikagaiak eramanez gero, dirua ere aurreztuko duzu.
Dendan
- Asteko menua planifikatu: beharrak kontuan hartu eta saihestu inprobisazioak.
- Erosketa arduratsua egin: zer dagoen aztertu eta erosketa-zerrenda eraman, benetan kontsumituko duzuna erosteko.
- Aurrekontua kontuan hartu: janaria botatzea dirua botatzea da. Ez utzi eskaintzek nahas zaitzaten eta saiatu erosketak gose zaudela ez egiten.
- Dendan, ez baztertu baldintza onetan dauden produktuak perfektuegiak ez direlako: Kontuan izan apalategiak beti beteta egoteak elikagai gehiago bota behar izatea ekar dezakeela, bereziki freskoak eta galkorrak.
- Gogoratu: iraungitze-datak adierazten du zein datatik aurrera ezin den elikagai bat kontsumitu; lehenetsitako kontsumo-datak, berriz, haren kalitatea murriztu daitekeela adierazten du, baina jangarria izaten jarraitzen duela.
- Ahal dela, sasoiko elikagaiak erosi behar dira, eta hobe tokiko ekoizpenekoak badira.
- Aukeratu ontziratu gabeko edo enbalaje gutxiagoko elikagaiak.
Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko Agenda 2022-2027
Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko Agendaren helburu nagusia da elikagaien hondakinen sorrera nabarmen gutxitzea, etxean eta ondoko esparruetan: jatetxeetan eta elikagai-saltokietan, nekazaritzako elikagaien industrian, eraldaketan eta fabrikazioan, txikizkako salmentan eta elikagaien beste banaketa mota batzuetan. Horregatik, Agendan jasotzen diren neurriak sektore horietan hobekuntza esanguratsuak lortzera bideratuta daude.
Nafarroa erreferente izatea nahi dugu elikagaiak alferrik galtzearen esparruan, kontuan hartuta gure nekazaritza-sektoreak duen garrantzia, gure gizarte-erakundeen sendotasuna, administrazioaren konpromisoa eta, bereziki, ingurumenaren errealitateaz jabetuta dauden herritarren jarrera aktiboa.
XXL poltsa alferrik galtzearen kontra
Poltsa erraldoi bat paratu dugu kalean “erosketak ez planifikatzea garesti ordaintzen dugula” gogorarazteko. Honen bidez, arazo larri honen gainean gogoeta egiteko gonbitea luzatu nahi diogu gizarteari, guk guztiok osatzen duguna.
Kale-ekintzaren ingurumen-eragina murrizteko, AGR Food Marketing enpresarekin harremanetan jarri ginen, enpresa horrek lehendik erabili duen XXL poltsa berrerabiltzeko.
Kaleko ekintza amaitzen denean, XXL poltsa jabeari itzuliko zaio, honek beste komunikazio-kanpaina bat egiteko.
Horrela, ez dira hondakinak sortzen eta materialen berrerabilera sustatzen dugu.
Goazen gure etxeetako poltsak elikagai-hondakinez ahalik eta gutxien betetzera!