Nafarroak Elikagaiak alferrik galtzea murrizteko Agenda 2022-2027 abian jarri du

Helburu nagusiak dira pertsoneko elikagaien hondakinak % 50 murriztea txikizkako salmentan eta elikagaien hondakinak % 20 murriztea ekoizpen- eta hornidura-kateetan

Nafarroako Gobernuak, Elikagaiak alferrik galtzea murrizteko Agenda 2022-2027onartu du gaurko bilkuran. Agenda, tresna eraginkorra izan nahi du etxeetan eta ekoizpen-kateetan elikagaien hondakinen sorrera murrizteko.

Agendaren helburu nagusiak dira pertsoneko elikagaien hondakinak % 50 murriztea txikizkako salmentan 2030 urterako (2020 urtearekin alderatuta), eta elikagaien hondakinak % 20 murriztea ekoizpen- eta hornidura-kateetan 2030erako (2020 urtearekin alderatuta).

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari, Itziar Gomezek adierazi duenez, "Nafarroa erreferente izatea nahi dugu elikagaiak alferrik galtzearen esparruan, kontuan hartuta gure nekazaritza-sektoreak duen garrantzia, gure gizarte-erakundeen sendotasuna, administrazioaren konpromisoa eta, bereziki, ingurumenaren errealitateaz jabetuta dauden herritarren jarrera aktiboa".

Agenda estrategia berritzailea eta aurrekaririk gabea da Nafarroan. Datozen sei urteetan egonen da indarrean. Ingurumen-, ekonomia-, etika- eta gizarte-erronka garrantzitsua da, izan ere, guztiontzako trantsizio bidezkoagoa lortzea du helburu.

Nafarroan, hiru elikagaitik bat zakarrontzian amaitzen da. Foru Erkidegoan bakarrik, 115.000 tona elikagai baino gehiago zaborretan amaitzen dira urtean, eta horietatik, % 42 zuzenean etxeetan alferrik galtzen dira.

Alferrik galtzea hainbat esparrutan eragina duen arazoa da: gizartean, ingurumenean eta ekonomian.

Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko Agendaren helburu nagusia da elikagaien hondakinen sorrera nabarmen gutxitzea, etxean eta ondoko esparruetan: jatetxeetan eta elikagai-saltokietan, nekazaritzako elikagaien industrian, eraldaketan eta fabrikazioan, txikizkako salmentan eta elikagaien beste banaketa mota batzuetan.

02-nov-2022 11:00:00