Bizkaiko Golkoan itsasoratzen diren ibaien hobekuntza ekologikorako LIFE Kantauribai proiektua aurkeztu die inguruko udalei Bertizen Ingurumeneko Departamentuak

Gomez kontseilaria udal-ordezkariekin bildu da ekimen horri buruzko informazioa emateko; besteak beste, 25 oztopo eraistea eta 85 kilometro ibilgu askatzea aurreikusten da  

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek Europako LIFE Kantauribai Proiektuaren esparruan egin den lehen informazio-jardunaldian parte hartu du, inguruko udalei ekimenaren irismenaren eta onuren berri emateko. Ekimenaren helburua da Bizkaiko Golkoan isurtzen diren ibaien eta ibaiadarren (Natura 2000 ibai-sarekoak) hobekuntza ekologikoa lortzea.


Jardunaldia Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean egin da eta ondoko udaletako ordezkariak bertaratu dira: Arantza, Bera, Donamaria, Donezte/Santesteban, Baztan, Igantzi, Lesaka, Bertizarana eta Sunbilla, euren ikuspuntu eta iradokizunak azaltzeko. Kontseilariarekin batera, honako hauek ere parte hartu dute: Luis Sanz, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako zuzendari gerentea (GAN-NIK); Noemí López, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren ordezkari gisa; eta Enrique Eraso, Ingurumeneko Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendaria; bai eta Ingurumeneko eta GAN-NIK enpresa publikoko ordezkariak, proiektua bultzatu eta koordinatzen dutenak.

Kantauribai efektua

Jardunaldiaren hasieran, Gomezek Efecto Kantauribai Efektua bideoa aurkeztu du. Bertan, proiektu honek Nafarroan izan dituen mugarri garrantzitsuenak erakusten dira eta presa bat eraitsi ondoren ibaiaren ibilgua nola geratuko litzatekeen azaltzen da.

 

 

Nafarroako Gobernuak bultzatuta, GAN-NIK enpresa publikoaren koordinazio-pean, ekimen honek aurreikusten du:

  • 25 oztopo eraistea, horien artean 15 Nafarroan.
  • Ibilguen 85 kilometro askatzea, hiru eskualderen artean partekatutako 5 ibai-arrotan: 

               * Oria eta Urumea (Nafarroa eta Gipuzkoa)
               * Errobi eta Urdazuri (Nafarroa eta Akitania Berria)
               * Bidasoa (hiru eskualdeek partekatzen dute).

  • Nafarroa 57 kilometro ibilgu askatuko dira guztira.

 

22-mar-2023 12:32:00