Gobernuak adostasuna eman dio Animalien Osasunari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamenari

Aurkeztutako testuak duela gutxi onartu den behi-haztegiak antolatzeko Estatuko oinarrizko araura egokitzeko premiari erantzuten dio, eta abeltzaintzako ustiategietarako gehieneko tamainak ezartzen ditu

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat hartu du, Nafarroako Animalien Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko Foru Legearen proposamena aintzat hartzearekin ados dagoela adierazteko.


Estatuko Administrazio Orokorrak duela gutxi onartu du 1053/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, behi-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena.

  • Arau horrek, besteak beste, behi-haztegien gehieneko ekoizpen-ahalmena 850 azienda-burutan finkatzen du.
     

Nafarroako Animalien Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak Estatuko oinarrizko arau horretara egokitzeko beharrari erantzuten dio foru lege proposamenak, bai eta foru araudiaren egungo erregulazioaren alderdiak hobetzeko beharrari ere: Helburua abeltzaintza-jarduerak bete behar dituen ingurumen, higiene eta osasun baldintzak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak modu zehatz eta ordenatuan ezartzea da.

Aurkeztutako proposamenak, beste neurri batzuen artean, abeltzaintzako ustiategietarako gehieneko distantziak eta tamainak ezartzen ditu, bai eta nahitaezkotzat diren hilketengatiko kalte-ordainak jasotzeko irizpideak ere. 
Zehazki, abeltzaintzako ustiategietarako gehienezko tamaina batzuk ezarri dira, gaixotasunen hedapena eta horien eragina saihesteko prebentzio-neurri gisa. Tamaina horiek honako hauek dira:

  • 864 buru txerri-ustiapenerako.
  • 300.000 plaza broiler eta hegaztientzat oro har, eta errunaldi- eta hazkuntza-oiloentzat.
  • 600.000 plaza oilo ugaltzaileen ustiategietarako eta horien hazkuntzarako, baita galeper-ustiategietarako ere.
  • 50.000 leku parkeetara irteten diren hegaztien ustiategietarako.
26-ene-2023 12:04:00