GreenH2CATudela proiektuak hidrogeno berdeko planta bat eraikitzea aurreikusten du Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian (CAT) - NaGreen
GreenH2CATudela proiektuak hidrogeno berdeko planta bat eraikitzea aurreikusten du Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian (CAT)
Helburua da bertako enpresak eta Erriberako industria guztiak energiaz hornitzea
GreenH2CATudela proiektuaren arabera, hidrogeno berdeko planta bat eraikiko da Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian (CAT bere gaztelerako sigletan). Hasierako elektrolisi-potentzia 3,2 MW-koa izango da lehen fase pilotu batean, eta, ondoren, 10 MW-ra zabalduko da. Proiektu honen helburua da CATeko enpresei energia ematea % 70ean, baina baita Ebroko Erriberako industria guztiei ere, gainerako % 30 horietara bideratuz.
Hidrogeno berdea energia-hornidurarako iturri gisa erabiliko da, bereziki hotz- eta bero-kateetan nekazaritzako elikagaien industrian, baina baita beste industria-instalazio batzuetan ere.
Tuterako nekazaritzako elikagaien parkeak, Nafarroako Industriarako Elkartearen (AIN) eta CENERen laguntzarekin, duela bi urte hasi zituen aurretiazko azterlanak bi xede hartuta: Nafarroan H2 ekoizpen-teknologiari buruzko ekosistema bat garatzeko eta, sektoreko zenbait enpresa espezializaturekin lankidetzan, hidrogeno berdeko planta bat eraikitzeko, energia jasangarriaren hornidura- eta banaketa-zerbitzuetan jauzi kualitatiboa egiteko. Planta hiru urteko epean martxan egotea aurreikusten da.
CAT-ek PERTEri (Energia berriztagarrien berreskurapen eta eraldaketa ekonomikorako proiektu estrategikoak) aurkeztu zion proiektua, 8 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dueahorrela banatuta:
- Erakundeak berak jartzen dituen funtsak (3 milioi inguru).
- Sektore pribatuak konprometitu duen ekarpena.
- Next Generation funtsetatik datozen 2,8 milioiak.
Hidrogeno Berdearen Nafarroako Agenda
Hidrogeno Berdearen Nafarroako Agenda, Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko departamentuak bultzatua, duela bi urte baino gehiago aurkeztu zen teknologia hori gure erkidegoan ezartzeko eta Nafarroa etorkizuneko energia-bektore berri gisa kokatzeko esparru gisa.
Horretarako, Hidrogeno Berdearen Agendaren esparruan helburu nagusitzat jotzen da Nafarroan 2030erako hidrogeno berdea ekoizteko 150 MW instalatzea, eta energia-iturri horrek data horretarako gasaren industria-kontsumoaren % 5 ordezkatzearen aldeko apustua egitea.
Datua
Hidrogeno berdea sortzeko metodo nagusia ur-molekula guztietan dagoen hidrogeno-atomoa erauztea da. Ur-elektrolisiarekin egiten da, hau da, oxigeno-molekulen eta hidrogeno-molekulen deskonposizioa korronte elektriko baten bidez.