Nafarroako Gobernuak 8 hektarea baso-sastraka kendu ditu Zaraitzuko artzainen abelbidean, Kaseda eta Irunberri parean

Garapen Ekonomikoko eta Ingurumeneko departamentuek bultzatu dute garbiketa, abeltzaintza estentsiboa errazteko, sute-arriskua murrizteko eta antzinako abeltzaintza-kulturari balioa emateko

Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikoko eta Ingurumeneko Departamentuen bitartez, Zaraitzuko artzainen ablbidean, Kasedan eta Irunberri parean, 8 hektarea baso-sastraka kendu ditu. 11. zeharkako bidea da, Zaraitzu ibaxaren eta Nafarroako Erriberaren arteko joan-etorrietan aziendak jarraitzen duen bide transhumantea.


 

Jarduera hau abeltzainek adierazitako premiari erantzuten dio; izan ere, gaur egun ere bide horiek erabiltzen dituzte ganadua maneiatzeko. Hala, abeltzaintza estentsiboa erraztu ez ezik, sute-arriskua murriztu eta antzinako kultura transhumanteri balioa eman zaio.



Joan den maiatzean egindako sastrakak kentzeko lanak amaitu zirenean, artzainek Nafarroako Erriberatik Pirinioetara egin zuten lehen udaberriko igoera, artaldeak Zaraitzuko larre freskoetara eramanez. Hantxe egongo dira irailera arte. Neguaren atarian hegoaldera itzuliko dira azken uztondoak eta uztak aprobetxatzeko eta negua klima onberagoan igarotzeko.

Artzainen balorazioa ona izan da, belar-sastraken zabaltasunagatik eta haren kalitateagatik; izan ere, aziendak ez du inolako eragozpenik izan sastrakak kendu berri zaizkion azalera zapaltzeko. Sastrakak Irunberrin ere kendu dituzte, ibaiko uraskan. Abereentzako atsedenleku zabala da. Sastraka-kentzearen ondoren, ganadua bera izango da eremua garbi mantenduko duena, artzaintzarekin batera.


 

Natura-ondarea
Abelbideak natura-ondarea dira, eta garrantzi berezia dute gaur egun, larre-baliabideak aprobetxatzen dituen abeltzaintza-estentsiboa errazten dutelako. Horrela, erregai-karga eta sute-arriskua murrizten dira, eta ekosistema horien erresilientzia eta klima-aldaketara egokitzea hobetzen da. Gainera, naturguneen arteko lotura ekologiko garrantzitsuak dira. Abeltzaintzak behera egin duenez, zaila eta konplexua da abelbideak kontserbatzea.



 

Departamentuen arteko lankidetza
Ingurumeneko departamentuak lan hau diseinatu eta gauzatu du Basogintza eta Ehiza Zerbitzuaren bitartez. Finantziazioa berriz, Laneko Zuzendaritza Nagusiaren esku egon da, Lan Autonomoaren II. Planean jasotako Negozioen Erreleboko Poltsaren bidez ingurumenari egindako ekarpen gisa. Horrela, 2021etik 2022ra bitartean arrakastaz egindako pertsona autonomoen negozio-eskualdaketa bakoitzeko hektarea bat baso soildu da.

26-jun-2023 9:28:00