Miguel Gortari Beiner - Nafarroako Artxibo Garaikidea
Miguel Gortari Beiner
ERREFERENTZIA KODEA
ES/NA/AACF/6/246
IZENBURUA
Miguel Gortari Beiner
NOIZTIK NOIZ ARTEKOA
1949-1977
DESKRIBAPEN-MAILA
Funtsa
BOLUMENA
133 kaxa:
- 1.018 proiektu
- 779 fitxa
- 31 espediente
- 88 dokumentu
- 58 koaderno
- 35 liburuxka
- 4 buletin
- 4 liburu
- 8 aldizkari
EKOIZLEA
Miguel Gortari Beiner
LABURPEN BIOGRAFIKOA
Miguel Gortari Beiner (1920-1977), iruindar arkitektoa, 1949an Madrilgo Arkitekturaren Goi Eskolako tituluduna, Nafarroako arkitektoen oparoenetako bat izan zen XX. mendeko hirugarren laurdenean.
Hura jaio zen erkidegoan garai moderno eta funtzionalistaren oso adierazgarriak diren eraikinen egilea da, hala nola Iruñeko San Frantzisko Xabierkoa parrokia, Tres Reyes hotela edo Aurizko hilerria, 2014an Espainiako hilerririk onenaren saria jaso zuena. Halaber, bizitegitarako arkitektura eta hirigintza garapen ugari gauzatu zituen; haien artean nabarmentzekoa da Iruñeko Donibane auzorako egin zuen proposamena. Bukatu ez zituen lanen artean aipatu beharra dago Madrilgo Operako Antzoki Nazionalaren aurreproiektua, Sofiako Opera Nazionalarena edo Iruñeko Singular eraikinarena.
Arkitekturaren jarduna irakasle lanarekin bateratu zuen, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan Hirigintzako ikasgaia irakatsi baitzuen 10 urtez, 1975era arte. Etxebizitzaren Institutu Nazionaleko arkitekto aholkularia izan zen, eta Etxebizitzaren Ministerioko arkitekto tekniko burua Nafarroan. Eta Nafarroako Arkitektoen Elkargoko Ordezkaritzako presidentea izan zen 1973an eta 1974an, karguan Fernando Redónen ondorengoa. Arkitektoaren heriotza goiztiarrak, 57 urte zituela, amaiera eman zion lanbide ibilbide handi bati.
HISTORIA ARTXIBISTIKOA
Miguel Gortariren funtsa Nafarroako Artxibo Garaikideari eman zitzaion 2023an. Dohaintzako dokumentuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtsetan gorde dira, Nafarroako dokumentu-ondarea kontserbatzeko, antolatzeko eta hedatzeko ezarritako arau teknikoei jarraikiz.
Funtsaren zati batek hasierako antolaketa bat zuen, eta errespetatu egin da; batez ere proiektuak dira, kutxen barruan dauden karpetetan ordenatuak, urtearen eta proiektu-zenbakiaren arabera. Dokumentazioaren beste zati batean proiektuak ere bazeuden, baina horiek ez zioten jarraitzen hurrenkera zehatz bati eta ez zeuden bilduta kutxen barruan.
Tratamendu teknikoan honako lan hauek egin dira:
• Dokumentu-serieak identifikatzea
• Dokumentazioa antolatzea
• Garbitzea eta elementu kaltegarriak kentzea
• Dokumentu-unitateak deskribatzea
• Sailkapen-taula egitea
• Dokumentazioa artxiborako kutxa normalizatuetan eta planoak gordetzeko kutxetan kokatzea
• Hautatutako plano hondatuak zaharberritzea
• Proiektu garrantzitsuak digitalizatzea
EDUKIA
Dokumentazioaren zatirik handiena Miguel Gortarik bere lanbide ibilbidean sinatutako proiektu arkitektonikoak dira.
Gehienak etxebizitza-proiektuak dira, baina hiri-antolamendu, industria-jarduera, aisia, hezkuntza edo erlijio-espazioekin lotutakoak ere badaude.
Funts honetan proiektu nabarmenak daude, hala nola San Frantzisko Xabierkoa parrokiaren aurreproiektu digitalizatua, Aurizko hilerri berriarena edo Altsasuko lanbide institutuarena.
Dohaintzan emandako proiektuen artean Eduardo Carreterorentzat Fuengirolan egindako etxebizitza-estudioa dago, joan den mendeko eskultore onenetakotzat hartzen baita eta Miguel Gortarirekin behin baino gehiagotan elkarlanean aritu baitzen.
Proiektuek honako hauek dituzte: memoriak, aurrekontuak, baldintzen agiriak, neurketak, planoak, lanbide zerbitzuen errentamendu-kontratuak, obra hasierako komunikazioak, obra bukaerako ziurtagiriak, bezeroekin edo beste profesional batzuekin izandako posta-trukea, argazkiak edo marrazkiak. Proiektu guztietan ez daude aipatutako dokumentu klase guztiak.
Dokumentazio hori proiektuen eta bezeroen fitxek osatzen dute, zurezko fitxategi batean alfabetikoki bildu eta ordenatuta baitzeuden.
Funts pertsonal honen osagarri, Nafarroako Artxibo Garaikideak Etxebizitza Ministerioaren Probintziako Ordezkaritzatik eratorritako Miguel Gortariren proiektuak gordetzen ditu.
Miguel Gortariren obran bada ere bereziki baliotsua den beste dokumentazio bat, zenbait lehiaketatan parte hartzetik datorrena: Donostiako Antso Jakitunaren monumentuaren proiektua, Donostiako Urgull mendia ordenatu, edertu eta apaintzeko proiektua, Madrilgo Operako Antzoki Nazionalerako aurreproiektua, Sofiako Opera Nazionalerako aurreproiektua eta Iruñeko Udal Aurrezki Kutxako Eraikin Zentralerako aurreproiektua.
Arkitekto-laneko dokumentazioaz gain, Miguel Gortariren funtsak Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan Hirigintzako irakasle egon zeneko lanaren dokumentuak jasotzen ditu.
Halaber, dohaintzan Madrilen arkitektura-ikasketak egin zituen garaiko apunteak eta arkitekturarekin lotutako argitalpenak daude.
ANTOLAKETA
246 MIGUEL GORTARI BEINER
- 246.01 BALIABIDE EKONOMIKOEN KUDEAKETA
- 246.01.01 Baliabide ekonomikoen kudeaketa
- 246.02 AISIAREN KUDEAKETA
- 246.02.01 Aisiaren kudeaketa
- 246.03. PRESTAKUNTZA JARDUERA
- 246.03.01 Prestakuntza jarduera
- 246.04 LANBIDE JARDUERA
- 246.04.01 Arkitektoa
- 246.04.02 Proiektu arkitektonikoak
- 246.04.03 Unibertsitateko irakaslea
- 246.05 INFORMAZIO BALIABIDEAK
- 246.05.01 Argitalpenak
ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK
Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa bete beharra dago dokumentazioa eskuratu eta erreproduzitzeko.
DESKRIBAPEN-TRESNAK
Inbentarioa Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta hango gelan kontsulta daiteke.
