(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Landa garapena :
    • Ardogintza eta Mahastizaintza :
      • Foru Agindua, 2002ko urriaren 21ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritzako laguntza publikoak jaso ahal izatea legez kanpoko mahastiak erauzi beharraren baldintzapean paratzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 2002ko urriaren 21ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritzako laguntza publikoak jaso ahal izatea legez kanpoko mahastiak erauzi beharraren baldintzapean paratzen duena

 

(2002ko 137. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 13an)

Atarikoa

Lurzorua nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueren euskarri fisikoa da. Baliabide natural, eskas eta mugatua baita, hori ezin ukatu, zentzutasunez erabili behar da. Hala manatzen du Konstituzioaren 45.2 artikuluak, zeinak aginte publikoak bultzatzen dituen, bizitzaren kalitatea babestu eta hobetzeko, haren erabilera zaintzera eta ingurumena defendatu eta leheneratzera, ezinbesteko elkartasun kolektiboaren laguntzarekin.

Halaber, nekazaritza ez da nahi duen edozeinek mugarik gabe eta arrunt modu librean egin dezakeen jarduera. Izan ere, Europako Batasunak ia sektore guztietan ezarri dituen antolamendu arau ekonomiko orokorren eta berariazkoen eraginpean dago. Sektore horien artean mahastizaintza dago, merkatuko erakunde komunen bitartez arauturik, eta zergadun europarrek ordaindutako dirulaguntza publiko handiak ezarri dira, antolamendua ahalik onena izan dadin laguntzeko.

Bistan da, beraz, nekazaritzak, eta haren parte garrantzitsua den mahastizaintzak, ekonomia eta ingurumen alorretako mugak badituela. Azken horiek erraten dute lurra, lurraldea funtsean, interes partikularrak direla medio, ez dela erabili behar legearen eta antolamendu juridikoaren kontrako jardueretarako, horrela araudiarekin eta ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat heldu diren beste erabilera batzuk galarazita.

Europako Batasunak 2000. urtean diseinatu eta 2000-2006 denboraldirako balio duen Nekazaritza Politikak berebiziko urratsak eman ditu nekazaritzak ingurumenari eta natur baliabideen erabilpenari errespetua izan diezaien eta apustua egin du "garapen jasangarria" deitutakoaren alde. Ingurumena hobetzeko eta lurzorua eta espazio fisikoa taxuz okupatzeko kezka nabaria da bai Kontseiluaren (EB) 1257/1999 Erregelamenduan, 1999ko maiatzaren 17koan, Europako Nekazaritzarako Orientazio eta Berme Fondoaren (FEOGA) kargura nekazaritza garatzeko laguntzei buruzkoan, bai Kontseiluaren (EB) 1259/1999 Erregelamenduan, 1999ko maiatzaren 17koan, nekazaritzako politika komunaren alorrean laguntza zuzeneko erregimenei aplikagarri zaizkien xedapen komunak ezartzen dituen hartan ere. Azken horrek, bere zioen azalpenean, ezartzen du Estatu kideetako ente eskudunek (Espainiaren kasuan Nafarroako Foru Komunitatea), lehenbizi, ordainketa zuzeneko nekazaritzako lur eta produkzioekin zer ikusia duen orori ingurumen alorreko neurriak aplikatu behar dizkiotela, bigarrenik, ingurumen alorreko arauak haustearen ondorioak zein diren erabaki behar dutela eta, hirugarrenik, aipatu arauak hausten direnean, laguntza erregimenetatik sortutako etekinak murriztu edo deuseztatzeko ahalmena dutela. Azken Erregelamendu horren 3. artikuluak ahalmena ematen dio Estatu kideari FEOGAren Berme Atalaren kargura, osorik nahiz zati batean, dauden laguntza zuzenak ordaindu aurretik, ingurumen alorreko berariazko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

Logikak, berdintasunak eta justiziak bultzaturik, "ekobaldintza" izeneko erregimen komunitario hau Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kudeatzen dituen nekazaritzarako laguntza publikoetara ere zabaldu behar da.

Nekazaritzako lurrak Batasunaren antolamenduaren kontrako aferetarako ez uztea eta baliabide mugatu horren erabilera egokia eginez lurrak zentzuzko moduan kudeatzea lehentasunezko beharrak baitira, haiek aplikatzean mahastizaintzaren eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunean ingurumen alorreko alderdiak hobeki integratzea erdiesten da. Gainera, hala eskatzen dute Kontseiluak 1999ko maiatzaren 17an mahastizaintzaren eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komuna ezartzeari buruz onetsitako 1493/1999 Erregelamenduaren 39.1 eta 41.4 artikuluek: ekoizleen elkarteei eta sektoreko erakunde merkaturatzaileei, besteak beste, exijitzen zaie ingurumena babesteko, lurzoruak eta paisaiak zaintzeko, biodibertsitatea zaintzeko eta ingurumena errespetatzen duten laborantza eta produkzio metodoak sustatzeko.

Hori dela eta, nekazaritzako lurrak legez kanpoko mahastiekin okupatzen dituztenek antolamendu ekonomiko orokorra urratu eta ardogintzan lege barrenean lehiatzen direnei kalte egiteaz gainera, Legearekin bat egiten duten nekazaritzako helburuetarako Nafarroak dituen lurren zentzuzko erabilera egokia eragozten dute.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Artikulu Bakarra

1. 1998ko irailaren 1az geroz arau aplikagarriak urratuz landatutako mahastien titularrek, bai eta araudi indardunean ezarritako gainerako baldintzak bete gabe landatutako mahastien titularrek ere, bi hilabeteko epea izanen dute legez kanpoko landaketak erauzteko, horretarako eginen den ebazpen administratiboaren jakinarazpena jasotzen dutenetik kontatzen hasita.

2. Legez kanpoko landaketaren benetako erauzketa gauzatu arte, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak (EVENA), kautelazko neurri gisa, obligaziodunak izan ditzakeen nekazaritzaren alorreko laguntza publikoak bertan behera utziko dituzte, laguntzak, osorik edo zati batean, Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak izan edo Europako Nekazaritzarako Orientazio eta Berme Fondoaren (FEOGA) Berme Atalekoak izan. Azken honetakoak badira, Batasunaren arau aplikagarriekin bat eginen da.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Foru Agindu honetan ezarritakoarekin ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak edo, hala behar izanez gero, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak (EVENA), ahalmena dute erauzketa subsidiarioki egiteko eta obligaziodunari legozkiokeen zehapenak eta dirulaguntza galerak jartzeko. Halaber, lurzatiaren titularrak eskubidea du legez kanpoko landaketa erauzteko kostua landaketaren arduradunari eskatzeko, ardogintzaren potentziala arautzen duen abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuaren 13. artikuluarekin bat.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa