Castellano | Euskara | Français | English
FORU AGINDUA, 2003ko urtarrilaren 7koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, mahasti landaketen eta mahastia birlandatzeko eskubidea duten lurzatien erregistroak sortu zituen apirilaren 30eko 82/1985 Foru Dekretua garatzen duena
(2003ko 30. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 10ean)
Atarikoa
Apirilaren 30eko 82/1985 Foru Dekretuaren bidez, mahasti landaketen eta mahastia birlandatzeko eskubidea duten lurzatien erregistroak sortu ziren, Nafarroako Foru Komunitateak bere esku duen nekazaritza eta abeltzaintzako eskumenaren arabera, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat; Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari ahalmena eman zitzaion dekretua garatu eta betetzeko xedapenak eman zitzan.
Ardogintza eta mahastizaintza sektoreak izan duen bilakaera eta gorakadaren ondorioz, arauak eta arauak eman dira, bai Europako Batasuneko mailakoak, bai Estatukoak, bai Foru Komunitatekoak; horregatik komenigarria da erregistro horiei buruzko arauak esparru juridiko berriari egokitzea.
Halaber, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa arautu da eta uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan jaso (Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zuen aipatu dekretuak); tresna publikoa da, eta modu iraunkor, integratu eta eguneratuan informazioa eskura jartzen du, egoki garatu daitezen Nafarroako nekazaritzako egiturak berritzeko politika eta nekazaritzako sektorearen antolamendua eta plangintza ekonomikoa.
Horiek horrela, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko mahasti landaketen eta mahastia birlandatzeko eskubidea duten lurzatien Erregistroak arautzea, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan sartutako erregistro gisa, nahiz eta haiek kudeatzea Nafarroako Mahastilan eta Enologi Zentroa erakunde autonomoari dagokion.
1. artikulua. Xedea.
Foru Agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko mahasti landaketen eta mahastia birlandatzeko eskubidea duten lurzatien Erregistroei buruzko arauak garatzea; Nafarroako Mahastilan eta Enologi Zentroa erakunde autonomoak kudeatzen ditu erregistroak.
2. artikulua. Definizioak.
Foru Lege honek agintzen duenerako, honako definizioak hartzen dira aintzat:
1. Landatzea: mahats landareak, edo mahats landareen zatiak, txertatuak edo ez, behin betikoz landatzea, mahatsa ekoizteko edo txertaketarako mahatsondoak lantzeko.
2. Landaketa berria: ardotarako mahatsa ekoizteko landaketak, birlandatzeko eskubiderik izan gabe, landaketa berrirako kupo kontzesioaren arabera.
3. Birlandaketa: titularraren beraren ustiategiko erauzketen ondoriozko birlandaketa eskubideaz baliaturik egiten den landaketa.
4. Ordezkapen bidezko landaketa: jatorrizko deitura baten barnean eskubideak eskualdatzearen ondorioz egindako landaketa.
5. Landaketa ordezkatzailea: jatorrizko deituren eta/edo autonomia erkidegoen artean eskubideak eskualdatzearen ondorioz egindako landaketa.
6. Erregularizazioa: beharrezkoa den legezko baimenik gabe egindako mahasti landaketak legeztatzeko prozedura.
7. Inskribatu gabeko mahastiak: egoera onean dauden landaketak, abenduaren 2ko 25/1970 Legeak onetsitako Mahastien, Ardoaren eta Alkoholen Estatutuaren aurretik landatuak, Mahasti Landaketen Erregistroan inskribatuta ez daudenak, landaketa urtea egiazki frogatzerik bada.
8. Mahatsondoak erauztea: mahasti bateko mahatsondo-enborrak erabat erauztea.
9. Birlandaketarako eskubideak eskualdatzea: birlandaketarako eskubideak eskuratzeko legezko prozedura.
10. Mahatsondoak landatzeko eskubideen Eskualdeko Erreserba: Nafarroako Foru Komunitatean sortutako erreserba, mahastizaintzarako ahalmenaren kudeaketa erraztu eta haren galera saihestearren, mahatsondoak landatzeko eskubideak esleitu eta berresleitu ahal izateko.
11. Landaketarako eskubideak: mahatsondo berriak landatzeko eskubidea landaketa berrirako eskubide baten arabera, birlandaketarako eskubidea, eskualdatze bidez lortutako eskubidea, erreserba batetik heldu den landaketa eskubidea, edo landaketa berrirako eskubidea, legez ezarritako baldintzetan.
12. Birlandaketarako eskubideak: azalera baliokide batean mahatsondoak landatzeko eskubideak, ustiapen berean mahasti bat erauztearen ondorioz sortuak.
13. Jatorrizko deituran biltzen diren ardoak ekoizteko mahastiak: "Nafarroa" jatorrizko deituraren edo "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuaren ekoizpen eremuetan eta horietan inskribatuta dauden mahastiak.
14. Mahastien legez kanpoko landaketak: beharrezkoa den legezko baimena izan gabe egindakoak.
15. Landu gabe utzitako mahastien eskubideak: landu gabe utzitako mahastietatik heldu diren eskubideak, EVENAk kontrolatuak, azken bost kanpainetan ekoizpenik izan ez badute eta gero erauzi egin badira.
3. artikulua. Mahasti landaketen erregistroa. Egitura.
Erregistro honek bi atal ditu:
a) Mahasti landaketen atala.
Atal honetan inskribatuko dira honako hauei buruzko egintza guztiak: landaketa berriak, erauzi ondoko birlandaketak, ordezkapeneko landaketak, landaketa ordezkatzaileak eta erregularizazioak.
b) Legez kanpoko landaketen atala.
Atal honetan inskribatuko dira baimenik gabe egiten diren mahasti landaketak, edo baimenean adierazitakoa bete gabe egiten direnak.
4. artikulua. Birlandaketa eskubidea duten lurzatien eta Eskualdeko Erreserbako eskubideak dituzten lurzatien erregistroa. Egitura.
1. Erregistro honek lau atal ditu:
a) Birlandaketarako eskubidea duten lurzatien atala.
b) Autonomia erkidegoek edo jatorrizko beste deitura batzuek Nafarroaren alde eskualdatutako eskubideen atala.
c) Nafarroak autonomia erkidegoei edo jatorrizko beste deitura batzuei eskualdatutako eskubideen atala.
d) Eskualdeko Erreserbako landaketarako eskubideen atala.
2. Birlandaketarako eskubidea duten lurzatien atalean inskribatuko dira mahastia erauzteagatik titular bati dagozkion birlandaketa eskubideak, bai bereak edo bai Nafarroan bertan eskuratuak.
3. Autonomia erkidegoek edo jatorrizko beste deitura batzuek Nafarroari eskualdatutako eskubideen atalean inskribatu beharko dira Nafarroari eskualdatutako eskubideak, hots, jatorrizko deiturako ardoak edo adierazle geografikoa duen mahaiko ardoa ekoizteko erabiltzen direnak.
4. Nafarroak autonomia erkidegoei edo jatorrizko beste deitura batzuei eskualdatutako eskubideen atalean inskribatu beharko dira jatorrizko deiturako ardoak edo adierazle geografikoa duen mahaiko ardoa ekoizteko eskualdatzen diren eskubideak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrukoak betiere.
5. Eskualdeko Erreserbako landaketarako eskubideen atalean inskribatuko dira:
a) Landaketa berrirako eskubideak, etorkizunean estatuak esleitzen ahal dituenak Europako Batasunaren kontzesio baten arabera.
b) Landaketa berrirako eskubideak, landaketarako legez ezarritako kanpaina bukatu baino lehen titularrak erabili ez dituenak.
c) Indar aldia iraungia duten birlandaketa eskubideak.
d) Titularrari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik indar aldian erabili ez diren landaketa eskubideak.
e) Eskualdatze bidez lortutako birlandaketa eskubideak, organo eskudunak onetsi ondoko bi kanpainetan erabiliko ez direnak.
f) Erreserba Nazionalak aldian behin Nafarroako Eskualdeko Erreserbari esleitzen dizkion eskubideak.
g) Nafarroako Eskualdeko Erreserbak edozein titulu juridikoz eskuratutako eskubideak.
h) Azaleren erregularizaziotik heldu diren eskubideak, legez ezarritako prozeduraren arabera.
i) Landu gabe utzitako mahastien eskubideak.
5. artikulua. Zein egintza diren inskribatzekoak.
Honakoak inskribatuko dira:
a) Mahasti landaketak.
a) Mahastiak erauztea.
c) Birlandaketarako eskubideak eskualdatzea.
d) Eskualdeko Erreserbari dagozkion eskubideak.
e) Legez kanpoko mahasti landaketak eta beren erregularizazioa.
f) Landu gabe utzitako mahastiak.
h) Inskripzioen aldaketak.
6. artikulua. Inskripzioak.
1. Inskripzio guztietan jakinaraziko da:
a) Ustiategiko titularra edo titularrak eta finkaren jabea edo jabeak eta beren identifikazio pertsonala, edo elkarte edo sozietatearen sorrerako frogagiria, titularra eta/edo jabea pertsona juridikoa bada.
b) Inskribatu beharreko lurzatiaren ezaugarri nagusiak (barietatea, esparrua, ureztaketa, txertaka, kondukzioa, azalera, landaketa urtea, eta eskubideak nondik heldu diren, dagokionean), eta kokalekua (udalerria, poligonoa, lurzatia eta alderdia, lehorreko lurra edo ureztalurra, azalera).
c) Mahastiak baldin badira "Nafarroa" jatorrizko deitura edo "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuko ardoak, adierazle geografikoa duen mahaiko ardoa edo legez ezartzen den beste edozein kalifikaziotako ardoa ekoizteko.
2. Inskripzio mota bakoitzean honako hau agertuko da bereziki:
a) Landaketen kasuan, baimen eskariaren data, baimen kontzesioaren data, inskripzio eskariaren data, egindako landaketaren kontrol data eta inskripzio data.
b) Europako araudiaren arabera Estatuak ematen dituen eskubideen ondoriozko landaketa berrien kasuan, zein arrazoirengatik eman diren azalduko da: onartutako kalitateko jatorrizko deituraren eremua, lurzati berrantolamenduko edo nahitaezko desjabetzapeneko neurriak, mahastizaintzan saiakuntzak egitea, landaketa berriko kupoa, eta mahastizainaren familiak ardogintzako nahiz mahastizaintzako produktuak kontsumitzea.
c) Legez kanpoko mahasti landaketen kasuan azaldu beharrekoak: EVENAk legez kanpoko landaketan egindako kontrolaren eta egiaztapenaren data, erregularizazioa ukatu izanaren data, halakorik dagoenean, eta inskripzio data.
d) Mahastiak erauzten direnean, mahastia erauztearen ondoriozko eskubideak inskribatzeko eskariaren data, EVENAren egiaztapenaren data, mahastiak erauzteko kanpaina, eskubideen iraungitze kanpaina eta inskripzio data.
e) Jatorrizko deitura baten barruan izaten diren eskubideen eskualdatzeetan azalduko da, gainera, mahastiak erauzteko kanpaina, hektolitro/hektarea etekina, eskubideen iraungitze kanpaina, eskubideak eskualdatzeko eskariaren data, eskualdaketa egiteko baimenaren data eta inskripzio data.
f) Jatorrizko beste deitura batzuek edo autonomia erkidegoek Nafarroaren alde eskualdatutako eskubideen kasuan azalduko da, gainera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskualdatzea baimentzeko emandako ebazpenaren data, eskatutako azalera eta baimendutako azalera konpentsatua, eskubideen iraungitze kanpaina eta inskripzio data.
g) Eskubideak jatorrizko beste deitura batzuei edo autonomia erkidegoei eskualdatzen zaizkienean azalduko da, gainera, birlandaketarako eskubideak daudela egiaztatzeko EVENAk emandako agiriaren data, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskualdatzea baimentzeko emandako ebazpenaren data eta Erregistroan emandako bajaren data.
h) Eskualdeko Erreserbari dagozkion eskubideen kasuan azalduko da, gainera: dagokion atalean emandako bajaren data, eskubidearen jatorria, mahastiak erauzteko kanpaina, mahastizainak erabiltzeko azken kanpaina eta inskripzio data.
7. artikulua. Inskripzioa eskatzeko beharrezkoak diren agiriak.
1. Mahasti landaketen erregistroan inskribatzeko eskatu nahi bada, ezinbestekoa izanen da EVENAk landaketarako baimena ematea eta landaketa baimenaren arabera egitea.
2. Birlandaketa eskubidea eta Eskualdeko Erreserbako eskubideak dituzten lurzatien Erregistroan inskribatzeko eskaria egin nahi bada, ezinbestekoa izanen da mahastia erauztearen deklarazioa, EVENAk egiaztatua, edo, dagokionean, organo eskudunak eskubideak eskualdatzeko eman beharreko baimena izatea.
8. artikulua. Mahasti landaketen Erregistroan inskribatzeko prozedura orokorra.
1. Mahasti landaketa bat inskribatzeko, interesatuak landaketa egiteko baimena eskatuko du horretarako ezarritako epean, EVENAk emanen dituen inprimakiak erabiliz.
2. Eskaria jasotakoan, EVENAk interesatuari aditzera emanen dio landaketa egiteko baimena baduen ala ez (ukatze arrazoitua), dagokion Kontseilu Arau-emailearen txostenaren aurretik; gehienez ere bi hilabeteko epea izanen da, eta epe horretan ezer jakinarazten ez bada, adostasuna dagoela ulertu beharko da.
3. Baimena eman edo ukatzearen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 113. artikuluan eta hurrengoetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.
4. Landaketa egindakoan, interesatuak abuztuaren 1a baino lehen horren berri emanen dio EVENAri, eta landaketa egiteko baimen behar bezala betea ere igorriko. EVENAk landaketaren kontrola eginen du.
5. EVENAk, inskripzioa baimentzen duenean, lurzatiaren alta emanen du mahasti landaketen erregistroan, eta, bidezkoa denean, landaketa eskubidea duten lurzatien Erregistroan zuzenean emanen dio baja lurzatiari.
6. Baimenak interesatuari eskubidea emanen dio bi kanpainatan landaketa egiteko, baimenaren datatik hasita, eskubideen iraungipen aldian betiere.
9. artikulua. Mahasti landaketen Erregistroan inskribatzeko prozedura bereziak.
1. Mahatsondo erregularizatuen inskripzioa ofizioz eginen du EVENAk, organo eskudunak erregularizazioa onetsi eta gero.
2. Legez kanpoko mahastiak ofizioz inskribatuko ditu EVENAk, organo eskudunak erregularizazioa ukatutakoan edo legez kanpokoak direla deklaratu ondoren.
10. artikulua. Birlandaketa eskubidea duten lurzatiak eta Eskualdeko Erreserbako eskubideak dituzten lurzatiak Erregistroan inskribatzeko prozedura.
1. Erregistro horretan landaketa eskubideak inskribatu ahal izateko, Eskualdeko Erreserbako landaketa eskubideen Atalean izan ezik, ezinbestekoa izanen da mahastiak erauztearen deklarazioa, EVENAk baimendua, edo kasu bakoitzeko organo eskudunak baimendutako eskubideen eskualdatzeak.
2. Eskualdeko Erreserbako landaketa eskubideen Atalean eskubideen inskripzioa ofizioz eginen du EVENAk, edozein titulu medio haren baitara bildu eta gero.
11. artikulua. Errekurtsoa.
Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 113. artikuluan eta hurrengoetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.
12. artikulua. Inskripzioak aldatzea.
1. Eskatzaileak emandako informazioan lehenengo inskripzioaren ondoren izaten den edozein aldaketaren berri eman beharko zaio EVENAri.
2. Aldaketen inskripzioa eskatzeko aldaketa eskaria aurkeztu beharko da eta, horrekin batera, EVENAk aldaketari emandako oniritzia.
3. Gainera, aldaketa subjektiboen kasuan, mahastia edo finka (jabetza eskubideak edo erabilerakoak) eskualdatu izanaren frogagiria aurkeztuko da, Ogasunak likidatuta.
13. artikulua. Zuzen daitezkeen akatsen jakinarazpena.
Inskripzio edo aldaketa eskariarekin batera aurkeztutako agirien kalifikazioa egindakoan, Erregistroen arduradunak akatsen bat ikusten badu bai agirien forman bai edukian, eskatzaileari idatziz emanen zaio horren berri, eta akatsak zuzentzeko 15 egun baliodun dituela jakinaraziko. Epe hori bukatu eta akatsa zuzendu ez bada, Erregistroak artxibatu eginen du espedientea, horretako ebazpena eman ondoren.
14. artikulua. Epeak.
Foru Agindu honetan araututako baimen eskariak eta aldaketenak azaroaren 1etik apirilaren 30era bitarte aurkeztuko dira, legezko beste epe bat ezartzen denean izan ezik, eta EVENAk gehienez ere sei hilabeteko epea izanen du, inskripzio eskaritik hasita, bere lana gauzatzeko.
Epez kanpo aurkezten diren eskariak, baimenen tramitazioari begira, hurrengo epean aurkeztutzat joko dira.
Inskripzioa agindu edo ukoa erabaki ondoren, dagokion Kontseilu Arau-emaileari eta interesatuari jakinaraziko zaie.
15. artikulua. Aldi bereko mahasti landaketak.
Mahasti bat landatzen bada bi kanpaina igaro arte erauziko ez den beste mahasti bateko eskubideez baliaturik, landaketa berriko ekoizpena hasi ahal izateko inskripzioak honela eginen dira:
a) Landaketa berria mahasti landaketen Erregistroan inskribatuko da, alboan jarritako oharrean adierazita eskubideak zein mahastitatik hartu diren. Alboan jarritako oharrak indarra galduko du eskubideak eman dituen mahastia erauzi egin dela jakinarazten denean.
b) Eskubideak eman dituen mahastiak mahasti landaketen Erregistroan inskribatuta segituko du, eta alboko oharrean adieraziko da bi kanpaina igarota erauziko dela, landaketa berria egiten denetik hasita.
c) Aldi bereko mahasti landaketen inskripzioa dagokien Kontseilu Arau-emaileei jakinaraziko zaie.
16. artikulua. Iraungipena.
Inskripzio guztiek indarra izanen dute birlandaketa eskubidea duten lurzatien eta Eskualdeko Erreserbako eskubideak dituzten lurzatien Erregistroan, honako epe hauetan:
a) Mahastia landatzeko eskubidea duten lurzatien Atalean, zortzi kanpaina gehienez ere, erauzte kanpainatik hasita eta, eskubideak eskualdatzen direnean, bi kanpaina gehienez ere, eskubidearen indarraren arabera, baimenetik hasita. Horiek bukatuta, ofizioz emanen zaie baja eta Eskualdeko Erreserbako landaketa eskubideen Atalera pasatuko dira.
b) Beste deitura edo autonomia erkidego batzuek Nafarroaren alde eskualdatutako eskubideen Atalean, bi kanpaina gehienez ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak onetsi eta gero. Epe hori bukatuta, ofizioz emanen zaie baja eta Eskualdeko Erreserbako landaketa eskubideen Atalera pasatuko dira.
c) Eskualdeko Erreserbako landaketa eskubideen Atalean, hiru kanpaina gehienez ere, inskripziotik hasita. Epe hori bukatuta, ofizioz emanen zaie baja eta mahastia landatzeko eskubideen Erreserba Nazionalera pasatuko dira (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak sortua), landaketa berriko kupoko eskubideak izan ezik, kontzesioko araudiak ezarritako denboran segituko baitute.
17. artikulua. Inskripzioak deuseztatzea.
Erregistroko inskripzioak honako kasu hauetan deuseztatuko dira:
a) Lurzatiaren titularrak edo jabeak eskatzen duenean, eta adostasunez.
b) Ikuskatze lan baten ondoren garbi ikusten bada inskripzioaren xede diren gaiei buruzko araudia ez dela betetzen, alde batera utzi gabe izan daitezkeen erantzukizunak edo baimena ukatu edo baliorik gabe uztea.
c) Erregistro inskripzioaren balio aldia bukatzen denean.
18. artikulua. Erregistroen atxikipena.
Foru Agindu honetan araututako Erregistroak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan sartuko dira, haren atal gisa. Hala ere, EVENAren mende egonen dira funtzionalki eta hari egokituko zaio kudeaketa lana.
19. artikulua. Erregistroetan sartu ahal izatea eta datu pertsonalak hirugarren batzuei ematea.
Erregistroetan sartu ahal izateko eta datu pertsonalak hirugarren batzuei emateko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Xedapen Iragankor Bakarra
Inskribatzeko zain dauden espedienteek Foru Agindu honetan ezarritako epeak bete beharko dituzte, indarra hartzen duenetik hasita, eskubideen iraungipenari edo landaketa kanpainei dagozkienetan izan ezik.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.