Castellano | Euskara | Français | English
FORU AGINDUA, 1998ko urtarrilaren 26koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroan hasten diren mahastizaintza eta ardogintzako produktuen komunitate barneko garraioan eraman beharreko agiriei buruzko arauak ematen dituena, bai eta sektore horretan izan behar diren erregistroei buruzkoak ere
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1998ko 23. NAOn argitaratua, otsailaren 23an. Aldaketak: 196/2008 Foru Agindua, apirilaren 30ekoa)
Atarikoa
Otsailaren 10eko 34/1997 Foru Dekretuak honakoen osagarri diren arauak ezarri zituen: Batzordeak uztailaren 26an emandako 2238/93 (EEE) Erregelamenduarenak eta 2238/93 (EEE) Erregelamendua aplikatzeari buruzkoa den otsailaren 28ko 323/1994 Errege Dekretuarenak. Aipatu Erregelamendu hori mahastizaintza eta ardogintzako produktuen garraioan eraman beharreko agiriei eta sektore horretako erregistroei buruzkoa da.
Abuztuaren 1eko 1320/1997 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzi zituen iruzurren kontrako babesaren eta nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloko eginkizun eta zerbitzuak. Eskualdaturiko zerbitzuen artean daude Ardotarako Mahastien eta Alkoholen Estatutuari buruzko 25/1970 Legean agertzen diren kontrol puntu batzuk, ardoaren eta edari alkoholdunen ontziratzaile eta botilaratzaileen erregistroari dagozkionak.
Abenduaren 15eko 379/1997 Foru Dekretuaren bidez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari esleitu zaizkio iruzurren kontrako babesaren eta nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloan eskualdaturiko zerbitzuak.
Irailaren 1eko 128/1997 Foru Dekretuaren bidez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren egitura organikoa onetsi da. Horren arabera, nekazaritzako elikagaien kalitateari buruzko eginkizunak Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusiari dagozkio, eta zehazki, Nekazaritzako Elikagai Industrien Zerbitzuari.
Eskualdaturiko eginkizun horiek bete ahal izateko beharrezkoa da zenbait arau ematea, mahastizaintza eta ardogintzako produktuek Nafarroan duten zirkulazioa eta mugimendu horiei dagozkien erregistroak arautzeko; halaber, beharrezkoa da arauak betearazteaz arduratuko diren organismo eskudunak eta sektorearen betebeharrak ezartzea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliaturik, agindu dut:
1. artikulua
Foru Agindu honen xedea da mahastizaintza eta ardogintza sektoreko produktuen garraioak, igortzeak, erregistroak eta eraman beharreko agiriek bete behar dituzten baldintzak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, Batzordeak uztailaren 26an emandako 2238/93 (EEE) Erregelamendua, otsailaren 25eko 323/94 Errege Dekretua eta otsailaren 10eko 34/1997 Foru Dekretua garatuz.
Nafarroako Foru Komunitatean aipatu arauak aplikatuko dituen organo eskuduna Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua izanen da, eta bere eskumenak honakoen bidez gauzatuko dira:
-"Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroa" (EVENA), Erriberrin dagoena, agiriak eta erregistroak tramitatzeko.
-Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusia, arauak aplikatu eta betetzen ote diren egiaztatzeko.
2. artikulua
Mahastizaintza eta ardogintzako produktuak garraiatuko dira 2238/93 (EEE) Erregelamenduko 3. artikuluan aurreikusiak dauden agirietako baten babesean. 92/12/EEE Zuzentarauan aurreikusitako zirkulazio tramiteei loturiko produktuen kasuan horiek izanen dira 2719/92 (500) (EEE) Erregelamenduaren edo 3649/92 (503) (EEE) Erregelamenduaren araberakoak, igorleak berak beteko dituenak.
3. artikulua
Foru Agindu honen 2. artikuluan ezarritako zirkulazio tramiteei atxikiak ez dauden produktuak, otsailaren 10eko 34/97 Foru Dekretuan agertzen den ereduaren araberako agiriaren babesean garraiatuko dira. Baimena ematen zaio Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusiari horiek unean-unean indarra duen legeriari egokitzeko. Agiri horiek igorleak beteko ditu bere erantzukizunpean, eta horretarako argibideak 2238/93 (EEE) Erregelamenduaren II. Eraskinekoak izanen dira.
4. artikulua
Produktuak hirurogei litrotik gorako edukiera duten ontzietan garraiatzerakoan, agintari eskudunak erreferentzi zenbaki inprimatua duten agiriak luzatuko ditu garraioan eramateko, eta agintari horri eskatu ahalko dizkiote operadoreek. Agiriak operadoreek luzatzen badituzte, agintari eskudunari aurkeztuko dizkiote zenbakia jartzeko.
Garraioan eraman beharreko agirietan, aurreinprimaturiko zenbakiaren ezkerraldean agiria luzatzen den urtearen azken bi digituak ipiniko dituzte operadoreek.
Foru Agindu honen 3. artikuluan aipatzen diren agirien lau ale luzatuko dira (jatorrizkoa eta hiru kopia) eta honakoei emanen zaizkie: jatorrizkoa igorleari, lehenengo kopia hartzaileari, bigarren kopia Kontseilu Arau-emaileari Nafarroa edo Errioxa VCPRD ardoen kasuan, eta hirugarren kopia Erriberrin dagoen EVENA erakunde autonomoari.
Garraioan eraman beharreko agiri administratiboa (500) edo agiri erraztua (503) erabiltzen ez denean, otsailaren 10eko 34/1997 Foru Dekretuan agertzen den ereduaren araberako agiria erabili beharko da, eta hori merkataritza agiritzat hartuko da ondorio hauetarako.
Behar bezala betetako agiriak garraio bakoitza egitean aurretiaz baliozkotuko dira; horretarako, otsailaren 10eko 34/1997 Foru Dekretuko ereduaren 12. laukitxoan edo 500 eta 503 agirien A laukitxoan data jarriko da eta horrekin batera, Nafarroako agintaritza eskudunaren (EVENA) ikus-onetsia edo igorleak tintazko zigiluaren bidez emanen duen ikus-onetsia, I. Eraskineko ereduaren arabera.
Beste herrialde batzuetako ardoentzat luzatzen diren agirien ikus-onetsia agintzaritza eskudunak eginen du beti.
Agiri horiek garraio baterako bakarrik erabili ahalko dira.
Edozein arrazoi dela eta baliorik gabe geratzen diren agiriak erakunde eskudunari bidali beharko zaizkio, eta kopia bat igorlearen esku geldituko da.
5. artikulua
Eskualde zehatz batetik heldu den kalitatezko ardoa (VCPRD) garraiatzerakoan eraman beharreko agirietan jatorriaren ziurtagiria azaldu beharko da, ardo horren Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arau-emaileak luzatua, horrek berak onetsitako prozeduraren arabera. Bestalde, toki geografikoa nahiz lurraldea adierazita duten mahaiko ardoak garraiatzerakoan eraman beharreko agirietan toki geografikoaren edo lurraldearen ziurtagiria azaldu beharko da, agintzaritza eskudunak luzatua. Ardo hauen kasuan, Nafarroa edo Errioxa Jatorrizko Izendapenekoak ez direnean, Nafarroako agintaritza eskudunak luzatuko du ziurtagiria, kontuan harturik produktua Nafarroara zein dokumentaziorekin heldu den, eta aurretik kontrola eginda.
Kontseilu Arau-emaileek baimena eman ahalko dute igorleak berak kautotzeko Jatorrizko Izendapenaren adierazleak, II. Eraskineko ereduaren arabera egindako zigiluaren bitartez. Zigilu hori agirian aurreinprimatua egon daiteke.
Bost litro edo gutxiagoko bolumen nominala duten ontziak garraiatzerakoan, baldin eta horien itxigailuak 2238/1993 (EEE) Erregelamenduko I. Eraskinean agertzen direnetakoak badira, horiei erantsitako berme eta kontrol agiria, dagokien Kontseilu Arau-emaileak emana, nahiz kontraetiketa nahiz prezintua izan, VCPRDko bolumenaren jatorrizko ziurtagiritzat hartuko da.
6. artikulua
Igorleak, astero, aurreko astean baliozkoturiko agirien kopia edo fotokopia bat aurkeztu edo bidali beharko du Erriberrin (Nafarroa) dagoen EVENA erakunde autonomora.
7. artikulua
Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusiak, bere zerbitzuen bitartez, egiaztatzen badu operadoreren batek indarra duten xedapenak hautsi dituela, kendu egin dezake 34/1997 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 2. lerroaldean aipatu baimena, edo/eta erabaki dezake erregistroen ardura horretarako gaituriko zerbitzu edo erakunde baten esku uztea, 2238/93 (EEE) Erregelamenduko 17.2 artikuluari jarraikiz.
8. artikulua
Sarrera eta irteera guztien frogagiriak bost urtez gorde beharko dira.
Agintaritza eskudunak baimena eman dezake mahastizaintza eta ardogintzako produktuak batere agiririk gabe garraiatzeko tokiko unitate administratibo baten barrenean, baldin eta jabetza aldaketarik ez badago eta garraioa egiten bada ardo egiteko, tratamendurako, biltegiratzeko edo botilaratzeko. Ez zaie baimen hau emanen sektore horretan arau-haustea egiteagatik espediente baten barnean dauden operadoreei.
9. artikulua
Nekazaritzako industrien titularrek, baldin eta helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute eta mahastizaintza eta ardogintzako produktuak elaboratu, bildu, ondu eta botilaratzeko jardueretan aritzen badira, produktu horien berariazko kontabilitatea egin beharko dute erregistroetan, kategoriak eta erabilpenak bereiziz, 2238/93 (EEE) Erregelamenduko II. Tituluan xedatutakoaren arabera. Honako erregistro hauek izanen dira:
1. Eskualde zehatz batetik heldu diren kalitatezko ardoen (VCPRD), (VECPRD), (VLCPRD), toki geografikoa adierazita duten mahaiko ardoen, horiek egiteko erabiltzen diren produktuen eta lortzen diren azpiproduktuen sarrera eta irteerei dagozkienak.
2. Mahaiko ardoen, horiek egiteko erabiltzen diren produktuen eta lortzen diren azpiproduktuen sarrera eta irteerei dagozkienak.
3. Enologi praktiken, elaborazio prozesuen eta praktiketarako produktuen mugimenduen erregistroa eta erregistratu beharreko prozesuak.
4. Beste herrialde batzuetako ardoa.
5. Botilaratzeen erregistroa.
Erregistro liburuen ereduak ekainaren 30eko 799/1989 Errege Dekretuan eta 1996ko otsailaren 28ko Aginduan argitaraturiko ereduen araberakoak izanen dira, eta Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusiak baimena izanen du unean-unean indarra duen legeriari egokitzeko.
10. artikulua
Erregistro liburuak Erriberrin dagoen EVENA erakunde autonomoan eskatuko dira eta horiek interesatuei ematean irekitzen direnean dilijentziatuko ditu aipatu erakundeak.
Liburuetan egiten diren idazpenak irakurgarriak eta ezabaezinak izanen dira, eta ez da onartuko arkatzez egitea eta orri batean lerroarte zuriak uztea.
VCPRD baten deskalifikazioa edo kalifikazio eza erregistroetan azaldu beharko da. Horretarako, oharren zutabean Kontseilu Arau-emaileak egindako ofizioaren data jarriko da eta Nekazaritzako Elikagai Industrien Zerbitzuari jakinaraziko zaio idazki fede-emaile baten bidez. Aipatu ardoa data horretan berean mahaiko ardoen erregistro liburura pasatuko da.
11. artikulua
Ardoaren mugimenduen erregistro liburuak sistema informatikoz eraman nahi dituzten mahastizaintzako establezimentuek eskaera egin behar diote EVENA Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroari. Behar bezala eramateko behar adinako bitartekoak badituzten azterturik, indarrean diren arauen arabera, EVENAren zuzendari kudeatzaileak espresuki emandako ebazpenez baimendu edo ukatuko zaie proposatutako sistema informatikoa erabiltzea.
12. artikulua
DL Tartarikoarekin, Potasio Ferrozianuroarekin, Azido Fitikoarekin eta ikatz desferrizanteen gatzekin edo Amonio Fosfato Hexametafosfato hutsarekin trataturiko produktuen garraioa, eta izoztea, EVENA erakunde autonomoak baimendu beharko ditu. Horretarako, tratamenduaren berri bi egun lehenago eman beharko da eta tratatzekoa den produktuaren lagin eta analisi bat aurkeztu. Tratamendua egin eta gero, horren berri ere eman beharko da, eta tratamenduaren ondorengo produktuaren lagin eta analisi bat aurkeztu.
Analisiak ikusi eta komenigarriak diren egiaztapenak egindakoan, EVENA erakunde autonomoak produktuaren zirkulazio askea edo kasu bakoitzeko destinoa baimenduko du.
Tratamendu eta analisiak eginen dira enologo titulatu baten kontrol eta zuzendaritzapean edo mahastizaintzan eta enologian espezializaturiko teknikari titulatu baten bidez; horiek praktika baldintzatuaren arduradunak izanen dira. Analisiak arlo horretan kreditaturik dagoen laborategi batek ere egin ditzake.
Aipatutako tratamenduak eta erabilitako produktuak erregistroetan azalduko dira.
13. artikulua
Biltegiratze eta erabilpeneko galera naturaltzat joko dira urteko sarreren bolumenaren 100eko 2ra artekoak.
Egiazko galerak garraioan onargarri direnak baino handiagoak direnean, edo produktuek ustekabeen ondorioz bolumen aldaketak izaten dituztenean, erregistroen titularrak idatziz jakinaraziko dio agintaritza eskudunari hogeita lau orduko epean, eta oharren tokian idazkiaren data jarriko du.
14. artikulua
Liburuak urte bakoitzeko abenduaren 31n itxiko dira.
Lehenik, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean, kategoria, izendapen eta ezaugarri bereko produktu bakoitzaren egiazko izakinen inbentarioa sarrera gisa azalduko da erregistroetako kontu bakoitzean. Urteko Balantzeak agerian uzten badu izakin teorikoekin alderatuta ezberdintasunak daudela, erregistro itxietan azalduko da eta egoera erregularizatzeari ekinen zaio; onargarria den neurria gainditzen bada EVENAri jakinaraziko zaio, zazpi egun naturaleko epean.
15. artikulua
Erregistroetan egiazko datuak azaldu beharko dira eta, baldin eta produktuaren sarrerakoak ez badatoz bat garraiorako agirietan agertzen diren datuekin, EVENAri jakinarazi beharko zaio berrogeita zortzi orduko epean.
16. artikulua
Produktuei ezin izanen zaie irteera eman aurretiaz erregistroen sarreretan azaldu ez badira.
Ez daude behartuta erregistroak izatera pertsona fisiko edo juridikoak, ez eta pertsona elkarte hauek ere: mahastizaintza eta ardogintzako produktuak 2238/1993 (EEE) Erregelamenduko 4. artikuluaren 2. puntuko a) letran aipaturiko aurkezpen baldintzak betetzen dituzten ontzietan soilik dauzkaten eta saltzen dituztenak. Hori guztia, baldin eta edozein unetan sarrera-irteerak eta izakinak kontrola badaitezke beste frogagiri batzuk erabiliz, bereziki finantza kontabilitatean erabilitako merkataritza agiriak.
17. artikulua
Ardo eta edari alkoholdunen ontziratzaile eta botilaratzaileen erregistro zenbakia Nekazaritzako Industrien Erregistroko inskribapen zenbakia izanen da, eta etiketan aurretik "Botilaratze Erregistroko Zenbakia" edo "NRE" jarriko da eta atzean "NA".
Etiketan NRE jarri ahalko da botilaratzailearen izena edo sozietatearen izena eta egoitza ordezkatuz, nahitaezkoa denean edo enkarguz botilaratzen denean; horrela erabili ahal izateko ezinbestekoa izanen da letra guztiekin agertzea merkataritza zirkuituan ari den pertsona baten edo pertsona multzo baten izena edo sozietatearen izena eta egoitza.
Botilaratzea fisikoki zein industriatan egiten den, haren erregistro liburuetan botilaratzearen datuak azaldu beharko dira.
Izen geografikoen babesari buruzko legeria dela eta, botilaratzailearen edo botilaratze plantako titularraren udalerria edo egoitza etiketan azaltzerik ez dagoenean, Espainiako Posta Kodearekin ordezkatuko da.
Lehen Xedapen Iragankorra
34/1997 Foru Dekretuko ereduaren araberako garraio agiriak Erriberrin dagoen EVENA erakunde autonomoak emanen ditu, zenbakiak jarrita, eta horien erabilpenak Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetearen buruan hartuko du indarra.
500 eta 503 agiriak egungo baldintza berberetan emanen dira oraindik ere, harik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dauzkan aleak bukatzen diren arte.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Botilaratzailearen erregistro zenbakiaren aldaketa Foru Agindu honek indarra hartzen duen egunean gauzatuko da. Botilaratzailearen aurreko erregistro zenbakia duten etiketak erabili ahalko dira agortzen diren arte.
Azken Xedapenetako Lehena
Ahalmena eman zaio Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiari, Foru Agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren egintza administratiboak eman ditzan, bere eskumenen ariora.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERASKINA
a
2238/93 (EEE) Erregelamendua
Igorle baimendua
(1)
(2) b
BALIOZKOTUA
Neurriak a= .
b= .
(1) Igorlearen izena.
(2) Nekazaritzako Industrien erregistro zenbakia.
II. ERASKINA
7-2B artikulua
a
Nafarroako Nekazaritza,
Abeltzaintza eta Elikadura
Departamentua
(1) J.I.aren Kontseilu Arau-emailea.
Agiri honek Jatorrizko Izendapenaren ziurtagiri balioa
du bertan azaltzen diren VCPRD ardoentzat.
KAUTOTUA
Neurriak a= .
b= .
(1) Estatu Espainiarraren armarria.