Castellano | Euskara | Français | English
FORU AGINDUA, 1991.eko otsailaren 18koa, Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Kontseilariak emana, "Nafarroa" Jatorrizko Izendapenaren bidez babesteko gai diren ardoak kalifikatzera ez aurkezteko, eta ekoizleak ardo kalifikatuak deskalifikatu ahal izateko arauak ematen dituena
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1991ko 39. NAOn argitaratua, martxoaren 29an. Aldaketak: 2002ko abuztuaren 5eko Foru Agindua)
Atarikoa
Martxoaren 16ko 823/87 Arautegiaren (EEE) 15. bis artikuluak, ekainaren 19ko 2043/89 Arautegiak aldatu baitzuen, xedatzen duenez, Elkarteko Estatuek ezarriko dituzte arauak, zeinen bidez, ekoizpen fasean eta vcprd-a erdiesteko gai den produktua izanik ere, ekoizleak bai baitu ahalmenik bere uzta edo produkzioaren aitorpenean azaltzen den produktu horren vcprd izeneko kalifikazioa ez eskatzeko; halaber, vcprd-ren bat deskalifika dezake, bereziki otorduetako ardoa.
"Nafarroa" Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak eskatu du, Estatu mailako araurik ez den bitartean, Departamentu hau izan dadila arauak ezarriko dituena arlo hori jatorri izendapenaren esparruan arautuko duena, zeren eta arautze hori arras komenigarri baita jatorri izendapenaren babeseko zonaldean hartutako ardoa behar bezala merkaturatzeko.
Horrenbertzez, Idazkaritza Teknikoak emandako txosten juridikoa ikusirik eta Nekazaritza eta Abelazkuntza Zerbitzuak proposatuta, xedatu dut:
1. artikulua
Elaborazio Ardandegien erregistroan inskribatutako soto baten titularrak, bere uzta edo elaborazio aitorpenean "Nafarroa" Jatorrizko Izendapenak babesteko gai den ardo gisa azaltzen den ardoarendako, babestutako ardoaren kalifikazioa ez eskatzeko esku izan dezan, baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Arauzko uko egitea, bera aurkezteko jarritako epearen barrenean eta uzta edota elaborazio aitorpenarekin batera, Kontseilu Arautzailearen esku izatea. Ohiz kanpoko kasuetan Kontseilu Arautzaileak epea abenduaren 31 arte luza dezake.
b) Uko egitean adierazi dadila zer ardo-bolumenagatik ez den kalifikazioa eskatuko, eta zehaztu zer motatako ardoa den, eta zenbat eta zein edukierako depositotan dagoen.
c) Kontseilu Arautzailearen onarpena izan dezala. Horretarako baldintza izango da izendapeneko ardo kopuru osoaren artean, izendapenetik kanpo utzi nahi den ardo bolumena merkaturatze beharrak baino gehiago ez izatea. Ardo bolumenak aipatzean, klase bereko ardoez, hots, jatorri izendapenak babesteko gai direnez, hitz egiten da beti.
Ezarritako epea bukatu ondoan eta kalifikazioa eskuratu aitzinean aurkeztutako uko egiteak onartzen ahal dira, baldin eta b) lerroaldean zehaztutakoa bete eta izendapenetik kanpo utzi nahi den ardo mota bakoitzeko bolumena, gehi Kontseilu Arautzaileak aldez aurretik onartutako uko egiteari dagokion bolumena, merkaturatze beharrek eskatzen duten uztako ardoaren -klase berekoaren- bolumena baino handiagoa ez bada.
Onartutako uko egiteari dagokion ardo bolumenak ezin gaindi dezake inola ere aurreko kanpainan merkatu nazionalean merkatura ateratako klase bereko ardo bolumena, honi merkaturatze beharrak finkatzeko ezartzen den portzentaia berbera gehitu eta inskribaturiko bertze ardandagietarako ardoak alde batera utziz.
2. artikulua
1. Elaborazio Ardandegien Erregistroan inskribaturiko ardandegi baten titularrak jatorri izendapenak babestutako ardo bat, lehendik kalifikatua dagoena, deskalifikatu ahal izateko eta, beraz, izendapena erabiltzeko eskubideari uko egiteko, baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Uko egitearen berri Kontseilu Arautzaileari ematea.
b) Uko egite horretan ardo-bolumena azaltzea, bai eta zein klasetakoa den eta zenbat eta zein edukierako depositotan dagoen ere.
c) Kontseilu Arautzailearen onarpena izan dezala. Horretarako baldintza izango da hasieran eskueran direnetik kalifikatu gabe uzteko baimena duen eta deskalifikatu beharreko bolumena kendu ondoren geratzen den ardo-bolumena merkaturatze beharrak baino gutxiago ez izatea. Ardo bolumenak aipatzean, klase bereko ardoez, hots, jatorri izendapenak babesteko gai direnez, hitz egiten da beti.
2. Aurreko idatz-zatian esandakoa gorabehera, urte bakoitzeko maiatzaren 31tik aurrera, aurreko urteko uztako ardoei dagokienez, "Nafarroa" Jatorrizko Deiturak babestutako ardo bat ardandegi bateko titularrak eskatuta deskalifikatzeko eskaera eta, beraz, deitura erabiltzeko eskubideari ukoa, onartuak geldituko dira Kontseilu Arau-emaileari ardo kantitatea, ardo mota eta ardo hori dagoen kupelen kopurua eta edukiera jakinarazte hutsarekin.
3. artikulua
Merkaturatzeko beharrak aurreko urtean ardo klase bakoitzetik merkaturatutako bolumenaren arabera finkatuko dira, ehuneko 15a gehituz.
Kontseilu Arautzaileak uzta bakoitzeko gehikuntza portzentaia aldatzen ahal du.
4. artikulua
Kalifikaziora aurkeztu ez edo jatorri izendapena erabiltzeari uko egindako ardoak, Kontseilu Arautzaileak onartu dituen mahaian kontsumitzeko ardotzat hartuko dira, "Nafarroa" jatorri izendapenaren Arautegiko 36. artikuluaren agindupera egonen direlarik deskalifikatutako ardoei dagokienean. Gehienez ere hilabeteko epea jarri da ardo hori inskribatutako ardandegitik erretiratzeko, Kontseilu Arautzailearen ikuskaritzapean. Delako epea Kontseilu Arautzaileak luzatzen ahal du izaera partikularrez, horren beharra justifikatzen bada behintzat.
5. artikulua
Kanpaina bakoitza bukatzean, Kontseilu Arautzaileak Foru Agindu honetan ezarritakoaren babesean burututako ihardueren berri emanen dio Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuari.
6. artikulua
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hartuko du indarra.