Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 149. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 11n)
Atarikoa
2000ko irailaren 15eko Foru Aginduaren bitartez, mahastigintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunaren arabera Nafarroako mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko araubidea aplikatzeko arau osagarriak eman ziren.
Foru arau horietan, mahastiak ekoizteko gaitasuna estatu mailan erregulatzen duen abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuaren osagarriak baitira, ez zen aipatu mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko planetan parte hartzen dutenei laguntzen aurrerakinak emateko aukera. Halere, horrek ez zien galarazten ekoizleei estatuko arauetan oinarriturik aurrerakin horiek eskatzeko bidea.
Arauen hutsune horrek sortzen ahal duen edozein segurtasun falta juridiko saihesteko, eta kontuan harturik mahastigintza eta ardogintzako kooperatiben sektoreak horri buruz egin duen eskaera, komeni da beste neurri osagarri bat ematea, mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko planetarako laguntzen aurrerakinak arautzeko, Batzordeak 2000ko maiatzaren 31n eman 1227/2000 (EE) Erregelamenduko 15.2 artikuluaren eta abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuko 26.4 artikuluaren aurreikuspenak bateratuz.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, agindu dut:
Artikulu Bakarra
1. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, FEOGA-Berme sailaren izenean Nafarroako Foru Komunitatean laguntzak ordaintzen dituen erakundeko zuzendaria den aldetik, zilegi izanen du Nafarroako mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko planetarako 2000ko irailaren 15eko Foru Aginduan ezarritako laguntzen aurrerakinak ematea, plana bera edo horretan bildutako berariazko neurri bat burutu baino lehen, eskatzaileak ondoko baldintza hauek betetzen baldin baditu:
a) Plan edo neurriaren aplikazioa hasita izatea. Horretarako, aplikazioa hasitzat hartuko da landareak erauzi direnean, landarea erostearen faktura aurkezten denean edo beste edozein eragiketa itzuliezin modu frogagarrian egiaztatzen denean.
b) Laguntzaren 100eko 120eko banku abala aurkeztea.
Abalek, FEOGAren Berme sailaren aurrekontuaren laguntzen aurrerakinak bermatzen baitituzte, Batzordeak 1985eko uztailaren 22an eman 2220/85 (EEE) Erregelamenduan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, Erregelamendu horrek ezartzen baititu nekazaritzako produktuetarako bermeen araubidea aplikatzeko modalitate komunak.
c) Aurretik laguntzaren aurrerakina jaso baldin badu beste neurri berariazko baterako, neurri hori bukatua izatea.
2. Aurrerakina ematen zaion berariazko neurria edo, hala bada, plana bera, bi urteko gehieneko epean egin beharko da, aurrerakina ematen denean hasita.
3. Ustiategi bati buruz planean aurreikusitako neurri guztiak aurreko zenbakian ezarritako epean egiten ez badira, ekoizleak ustiategi horretarako planaren barruan hartutako laguntza guztiak itzuli beharko ditu. Dena den, neurri horien 100eko 80 baino gehiago egiten baldin bada aipatu epean, planeko neurri guztiak eginez gero ordainduko zatekeen kopuru osagarriaren halako bi itzuli beharko du.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.