Zenbat hektarea hartzen ditu Nafarroan sektore ekologikoak?

2021ean izandako nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren gainean NNPK-k berriki argitaratutako txostenaren arabera, 62.000 hektarea baino gehiagoko azalera hartzen du sektore ekologikoak Nafarroan. Ez hori bakarrik: Sektoreak hazten jarraitzen du. Gainera, 746 operadore ditugu gurean eta 2.500 elikagai ziurtatuta. Datu horiek adierazten dute, aurreko urtearen aldean % 6,9ko hazkundea izan dela operadoreen kopuruan, eta % 2,6koa ziurtatutako azaleran.

Beraz, azken urteetan hektarea eta ekoizleek hazkunde iraunkorra izan dute Nafarroan, eta ondorioztatzen ahal da nekazaritza ekologikoak gure lurraldea elikatzeko ahalmena izan dezakeela. Guztira, Nafarroako nekazaritza azaleraren % 7k ziurtagiri ekologikoa du. Europako Batzordearen "baserritik Mahaira" estrategiaren arabera, kopuru hori % 25era iritsi behar da 2030ean: 8 urte baino ez dira geratzen.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak lanean jarraitzen du Nafarroako sektore ekologikorako estrategia bat prestatzen. Estrategia hori 2030erako Nafarroako Ekoizpen Ekologikoaren Planean gauzatuko da. Gainera, Merkaturatzeko bide laburrei buruzko Foru Legearen aurreproiektua egiten ari da, nekazaritzako ustiategien titularren eta azken kontsumitzaileen artean elikagaien merkaturatzea zuzenean arautu eta sustatzeko.

03-jun-2022 14:10:00