Tokiko Ekintzako 4 taldeen ‘Konektatu Landa Nafarroa’ erronka demografikoari aurre egiteko lankidetza proiektua aurkeztu da - NaGreen
Tokiko Ekintzako 4 taldeen ‘Konektatu Landa Nafarroa’ erronka demografikoari aurre egiteko lankidetza proiektua aurkeztu da
243 herritan eragina izanen du eta digitaliazioa, mugikortasun iraunkorra eta ekoizle eta erosleen arteko harreman zuzena bultzatuko ditu
Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Lizarran parte hartu du Foru Erkidegoko Tokiko Ekintzako lau taldeen 'Konektatu Landa Nafarroa' lankidetza-proiektuaren aurkezpenean.
Proiektu horrek eragin zuzena izango du 243 herritan, erronka demografikoari aurre egiteko. Gainera, talde horien partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak onartu direla jakinarazi du sailburuak, 20,7 milioi euroko inbertsioarekin.
Proiektuak elkarri lotutako hiru ikuspegitatik heltzen dio konektibitateari, eta sinergiak sortzen ditu haien artean, horietako edozein hobetzeak besteak hobetzea ekarriko baitu.
- Lehenik eta behin, proiektuak konektibitate digitala hartzen du kontuan: hobekuntzak planteatzen ditu herritarren, enpresen eta administrazioaren arteko konektibitate digitalean, tokiko erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuen digitalizazioa bultzatuz eta pertsonen eta enpresa txikien trebakuntza hobetuz, gizarte digital baterako trantsizioak dakarren eten digitala murrizteko helburuarekin.
- Bigarrenik, landa-eremuko konektibitate fisikoa hobetzea du helburu, mugikortasun iraunkorra sustatzen duten irtenbide eta ekimenen bidez, energia-baliabideen eraginkortasuna bultzatuz.
- Eta, hirugarrenik, proiektuak tokiko produktuen eragileen arteko konektibitatea hobetzea planteatzen du, ekoizleak tokiko kontsumitzaileekin harremanetan jarriz, 0 km-ko kontsumoa indartuz eta landa-eremuetako ekonomia modu jasangarrian bultzatuz. Gainera, ekoizle txikiei lehiakortasuna erraztuko dieten trebetasun berriak emango zaizkie. Ekintza horrek landa-eremuak dinamizatzen eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko loturak sendotzen lagunduko duela espero da.
29-mar-2023 12:20:00