Nafarroako Gobernuak Kalamua ikertzeko Nafarroako Elkartea jarri du abian - NaGreen
Nafarroako Gobernuak Kalamua ikertzeko Nafarroako Elkartea jarri du abian
Ekonomia zirkularreko eta berrikuntzako proiektua da, estrategikoa Nafarroarentzat, ikerketa-ildo berriak irekitzen dituena, eta interes sendagarri eta industrialeko aurrerapen zientifiko garrantzitsuak ekar ditzakeena
Nafarroako Gobernuak asteazken honetako bilkuran onartu du Kalamua Ikertzeko Nafarroako Elkartean (KINE) sartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bultzatutako ekimena.
Elkartea laster eratuko da eta honako eragile hauek osatuko dute: NUP-ek (eta haren bi institutuak, ISFOOD-Elikadura Katearen Berrikuntza eta Garapen Iraunkorrerako Institutua, eta IMAB-Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketen Institutua), Navarrabiomed-ek (ikerketa biomedikoaren zentroa), CSIC-IDAB-ek (Ikerketa Zientifikoen Goi Zentroaren Nekazaritza eta Teknologia Institutua), INTIAk eta Nasertic sozietate publikoak eta Josenea enpresa pribatuak.
Elkartearen helburua da Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren (AEMPS) lizentzia edo baimen egokiak lortzea eta kudeatzea, eta, zehazki, honako hauek:
- Kalamu-landareak hazteko baimena, ikerketa-helburuekin.
- Kalamu-landareak helburu mediko eta zientifikoekin hazteko baimena.
- Ondoren, urtero, kalamu-landareak hazteko lursailen eta azalera osoaren urteko baimena.
Ekonomia zirkularreko eta berrikuntzako proiektua da, estrategikoa Nafarroarentzat, ikerketa-ildo berriak irekitzen dituena, eta interes sendagarri eta industrialeko aurrerapen zientifiko garrantzitsuak ekar ditzakeena.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek adierazi duenez, “Nafarroak nekazaritza sektore indartsua dauka, ikerketaen alorrean langileak eta erreferentziazko zentroak ditu, bai eta farmazia- eta nekazaritza-elikagaien enpresa garrantzitsuak ere. Hau da, balio kate osoan dauka indarra. Horregatik, uste dugu ongi kokatuta egon gaitezkeela kalamuaren alorrean 2023rako aurreikusten den araudi berriari begira. Are gehiago, Foru Erkidegoa erreferente bihur liteke alor honetan. Interesgarria da esparru honetan jarduten diren Nafarroako eragileak irteera-lerroan ongi kokatua egotea, sektore ekonomiko berri baten irteera-lerroan hain zuzen ere; kontua izanda etorkizunean kalamuaren sektorea oso indartsua izan daitekeela”.
Proiektua Irunberriko Josenea lursailean kokatuko litzateke. Izan ere, AEMPSek ezarritako aurretiazko baldintzak betetzen ditu, hau da, ingurune itxi bat da, bideoz zainduta, eta herrigune batetik eta polizia edo guardia zibilaren komisaldegi batetik gertu.