Nafarroako finka ekologiko esperimentalak 48 saiakuntza egin ditu azken urtean, ezagutza sortzeko eta sektorera eramateko

Landa Garapenak NNPEK-i erakutsi dizkio INTIAk Sartagudan duen finkaren ekoizpen ekologikoaren ikerketaren aurrerapenak

INTIA sozietate publikoak (Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutua) Sartagudan labore ekologikoak esperimentatzeko duen finka esperimentalean, 48 saiakuntza egin ditu azken urtean, ezagutza garatu eta sektorera zabaltzeko.

Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, INTIAko eta CPAEN/NNPEKeko presidente berria, Maria José Arrondo, Sartagudako lursailean bildu dira, ekoizpen ekologikoaren esperimentazioaren esparruan lortutako aurrerapenak eta ikertzen ari diren irtenbide teknikoak bateratzeko, sektorearen eskura jarriko direnak.

Bisita Salomón Sádaba finkaren arduradunak eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendari gerenteak gidatu dute. Ekoizpen ekologikoan espezializatutako esperimentazio-zentro honetan gaur egun egiten ari diren saiakuntzak aurkeztu dituzte.

Finkak 20 hektarea inguruko azalera du, sei pertsonak egiten dute lan bertan, eta iaz 48 saiakuntza egin ziren fruta-arboletan, aire zabaleko barazkietan, negutegietan eta laborantza estentsiboetan, guztiak ekoizpen ekologikoan.



Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren hitzetan, garrantzitsua da guztion artean indarrak batzea eredu ekologikoan aurrera egiteko, Europako ‘Etxetik Mahaira’ Estrategiak adierazten digun bezala, Nafarroa guztiz lerrokatuta baitago estrategia horrekin. Horregatik, oso interesgarria iruditzen zaigu CPAENek gure esperimentazioa ezagutzea, sektorearen eskura jartzeko, eta alderantziz, nekazariek gure ikasketak eta esperimentazioa eskari horietara egokitzeko eskatzen dituzten beharrak zein diren jakinarazteko.


Finka honetako saiakuntzetatik eta esperientzietatik ateratzen den ezagutza Nafarroako sektore ekologikora eramaten da, enpresa publikoak Nafarroa osoan egiten duen aholkularitza-lanaren bidez, ekoizpen ekologikoan trebatutako aholkularitza-talde tekniko zabal baten bitartez. Sozietate publikoak ezagutza hori sektoreari ere helarazten dio, Nekazaritzako Lanbide Heziketako Planean jasotako hainbat ikastaroren bidez.
 

03-jul-2023 11:12:00