Nafarroak nazioarteko sareak ehuntzen jarraitzen du klima-aldaketarekin konpromiso handiena duten eskualdeekin - NaGreen

Nafarroak nazioarteko sareak ehuntzen jarraitzen du klima-aldaketarekin konpromiso handiena duten eskualdeekin

New Yorkeko Klimaren Astearen barruan, Gómez kontseilaria Kaliforniako eta Queretaro estatuko (Mexiko) gobernuekin bildu da, eta Foru Erkidegoak nazioarteko lankidetzaren Future Fund proiektuan parte hartu duela azpimarratu du

New Yorkeko Klimaren Astearen barruan – Clymate Week NY 2022 –, Nafarroak nazioarteko sareak ehuntzen jarraitu du klima-aldaketarekin konpromiso handiena agertu duten eskualdeekin. Itziar Gómez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak hainbat bilera egin ditu Kaliforniako Gobernuarekin eta Querétaroko (Mexiko) estatuarekin, eta azpimarratu du Foru Erkidegoaren parte hartzea Future Fund nazioarteko kooperazio-proiektuan.

Zehazki, Gomezek alde biko bilera egin du Mexikoko Querétaro estatuko Garapen Iraunkorreko idazkari Marco A. del Preterekin, bi eskualdeek ekonomia zirkularraren arloan egiten dituzten politika aktiboak trukatzeko. Nafarroaren kasuan, Ekonomia Zirkularraren Agenda, Hondakinen eta haren Fiskalitatearen Legea eta, bereziki, Hondakinen Funtsa, bai eta S4 Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategia ere, izan ditu mintzagai Gomezek.

Era berean, Gomez kontseilariak eta Wade Crowfoot Kaliforniako Gobernuko baliabide naturalen idazkariak beren esperientziak trukatu dituzte bi eskualdeek amankomunean duten proiektu baten inguruan: beren ubide nagusiak plaka fotovoltaikoz estaltzea, hain zuzen ere. Honako hau, lehen kontaktua izan da bi administrazioen artean aurrerantzean bilera teknikoak burutzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, mundu osoko 60 eskualde baino gehiagoren artean 9 panelistetako bat izan da eta eskualdeek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten zeregin garrantzitsua nabarmendu du. Bidenabar, premiazko erronka klimatikoei aurre egiteko ahaleginak batzeko beharra azpimarratu du. Eta gaineratu du New Yorkekoa bezalako hitzorduek aukera ematen dutela ezagutza, jardunbide egokiak eta esperientziak trukatzeko.

Gomezek adierazi duenez, “Under2 nazioarteko koalizioak 'Anbizio klimatikoa handituz’ izeneko panelean parte hartzera gonbidatu gaitu, bai murrizteari dagokionez, bai egokitzeari dagokionez. Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legeaz, 2030erako Energia Planaz eta KLINA ibilbide-orriaz edo LIFE Nadapta proiektu aitzindariaz minzatu gara”.

 

Nazioarteko lankidetza

Gomezek aukera aprobetxatu du Under2 nazioarteko koalizioaren esparruan Future Fund nazioarteko lankidetzarako hitzarmena sinatu duela iragartzeko. Hitzarmen honen bidez, Foru Komunitateak 25.000 euro bideratuko ditu garatzen ari diren ekonomiak dituzten eskualdeak laguntzeko. Zehazki, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuek eman dituzte laguntzak, ondoko lekuetara bideratu direnak: Mexikoko Campeche estatura, Hegoafrikako Gauteng probintziara, Gambiako North Bank eskualdera eta Brasilgo Rio de Janeiro estatura. Eskualdeok, Ingurumen-inpaktuarekin, hondakinen kudeaketarekin, klima-aldaketaren aurrean gizartearen parte-hartzearekin edo nekazaritza-praktikekin zerikusia duten proiektuak garatuko dituzte.

Nafarroaz gain, Baden-Wüttenberg, Quebec, Eskozia eta Galesko gobernuek parte hartzen dute Future Funden.

Tim Ash Under2Coalition Climate Groupeko zuzendari exekutiboak eskerrak eman dizkio Nafarroari Furutur Fund nazioarteko lankidetzarako funtsean parte hartzeagatik, Climate Weeke New York-en esparruan egindako Batzar Nagusiaren hasieran.

 

Nafarroak Fit For 55 adierazpena izenpetu du

Honekin batera, nazioarteko esparruan, Nafarroak berriki sinatu du Europako Batzordeak Fit for 55 programan egindako proposamenei laguntzeko dokumentua. Europako Kontseiluari eta Europako Parlamentuari eskatzen die Batzordearen proposamenak babes ditzatela, erregai fosilekiko Europak duen mendekotasuna amaitzeko eta Europa 2050erako batere isurketarik ez izateko bidean jartzeko.

 

Klimaren Astea

New Yorkeko klimaren astea 2022ko irailaren 19tik 25era egin da, Climate Group irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakundeak antolatuta, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren eta New York Hiriaren laguntzarekin. 2003an sortua, Climate Group erakundeak bulegoak ditu Londresen, New Yorken, New Delhin, Amsterdamen eta Beijingen.

28-sep-2022 11:13:00