Ingurumeneko Zuzendaritzak arduraz kontsumitzeko deia egin du Elikagaiak alferrik galtzeari Buruzko Nazioarteko Egunean

Nafarroan, 115.000 tona elikagai baino gehiago xahutzen dira urtero, eta horien % 42 etxeetan galtzen dira zuzenean

Gaur, irailak 29, Elikagaiak alferrik galtzeari buruzko Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Ingurumeneko Zuzendaritzak arduraz kontsumitzeko deia egin die hiritarrei. Izan ere, Nafarroan, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren kalkuluen arabera, urtean 115.000 tona elikagai baino gehiago amaitzen dira zaborretan, eta horien % 42 etxeetan alferrik galtzen dira zuzenean.

Aurten, Nazio Batuen Batzar Nagusiak ezarritako efemerideak ondoko paradoxa hau du izpide: munduan gosea pasatzen duten pertsonak egotea elikagaiak alferrik galtzen diren bitartean.

Izan ere, NBEren arabera, goseak jotako pertsonen kopuruak gora egin du 2014tik. Egunetik egunera, milioika tona elikagai alferrik galtzen dira. Hortaz, funtsezkoa da galerak murriztea. Egun honen helburua da elikagaien xahutzeari buruzko gogoeta sustatzea, enpresei, administrazioei zein agintariei eta partikularrei egoeraren larriaz dei eginez.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 2022-2027 aldirako Nafarroan Elikagaien alferrik galtzea murrizteko Agenda egin du, azaroaren hasieran onartuko dena. Honelako ezaugarria duen lehen plana da Nafarroan, eta hurrengo sei urteetan elikagaiak alferrik galtzearen aurkako ibilbide-orria ezarriko du.

Gainera, ikuspegi etikoaz eta sozialaz landara, elikagaien alferrikako galerak ingurumenari kalte handia egioten dio. Lurra, ura eta energia bezalako baliabide urriak alferrik erabiltzeak klima-aldaketan eragin zuzena dauka. NBEk 2021ean emandako datuen arabera, berotegi-efektuko gasen munduko isurketen % 8-10 kontsumitzen ez diren elikagaiekin lotuta daude.

29-sep-2022 10:09:00