Ingurumenak Hondakinen Funtsetik tokiko erakundeei eta enpresei zuzendutako 3.130.000 euroko laguntzen deialdia egin du

Etxeko hondakinak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak eta hondeatutako material naturalak eta arriskutsuak ez diren beste hondakin batzuk kudeatzeko erabiliko dira, 2023 eta 2024 urteetarako

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Hondakinen Funtsetik 3.130.000 euroko laguntzak emateko deialdia egin du, toki erakundeei eta enpresei zuzenduta, hondakinen sorrerak eta kudeaketak giza osasunean eta ingurumenean eragin ditzakeen kalteak arintzeko neurriak finantzatzeko.
2023 eta 2024 urteetan garatu beharreko ekintzetarako lau deialdi dira. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 28an amaituko da, NAOn argitaratutako ebazpenetan jasotzen den bezala.

  • Zehazki, kopuru handieneko deialdia, 1.400.000 eurokoa, bestelako hondakin ez-arriskutsu batzuen fluxuari buruzkoa da. Bi jarduera-lerroetarako erabiliko da: Batetik, industria hondakinen prebentzio-proiektuetarako, eta industria-hondakinen berrerabilpenerako eta balorizaziorako prestatze-proiektuetarako eta, bestetik, industria-izaerako I+G+b proiektuetarako.
     
  • Etxeko handakinen urteko fluxuari dagokion deialdiaren zenbatekoa berriz, 1.050.000 eurokoa da. Etxeko hondakinen prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotutako jarduerak garatzeko erabiliko da.
     
  • Dirulaguntzen beste bi deialdiak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen eta hondeatutako materialen birziklatze- eta balorizazio-sistemak optimizatzera bideratuta daude. Laguntza horiek, batetik, enpresei zuzenduta daude, 430.000 euroko zenbatekoarekin; eta, bestetik, toki-erakundeei, 250.000 euroko zenbatekoarekin.

2023ko Hondakinen Funtsak 5.230.512 euro ditu, zabortegian ezabatzearen eta hondakinak erraustearen gaineko zergatik eratorriak, eta 62.579 euroko diru-sarrerak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hondakinen arloan ezarritako arau-hausteengatiko isunetatik eratorriak. Guztira, 5.293.091 euro dira, eta hondakinen tratamenduarekin eta kudeaketarekin lotutako hainbat deialdiren artean banatzen da.

 

Hondakinak karakterizatzeko laguntzak


Era berean, Ingurumeneko zuzendari nagusi Pablo Muñozek onartu du MITERD funtsekin finantzatutako hondakinen karakterizaziorako 80.832 euroko dirulaguntza-deialdia, urte anitzekoa (2022-2024).
NAOn jasotzen den bezala, deialdi hau udalentzat edo beste toki-erakunde batzuentzat da, edo toki-erakunde horiek eratutako partzuergoentzat, baldin eta etxeko hondakinak tratatzeko eskumena badute.

Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 28an amaituko da.
Laguntza honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko gainerako frakzioko eta paper eta kartoi frakzioko industrialdeen ibilbideetan bildutako hondakinen konposizioa ezagutzea, etxeko edo etxeko hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak jatorri industrialekoetatik bereizteko.

30-ene-2023 11:40:00