Gobernuak bultzatu du Aspacek Orreagako INTIAren finkan egindako esneki ekologikoen merkaturatzea - NaGreen
Gobernuak bultzatu du Aspacek Orreagako INTIAren finkan egindako esneki ekologikoen merkaturatzea
Artzaintza-sistema berritzaile baten bidez lortutako lehengaietatik abiatuta desgaitasuna duten pertsonek egindako produktu horiek eskainiko ditu Eroskik Nafarroan
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómezek ekologikoen lerro berri bat aurkeztu du gaur goizean, Aspace Biointegra proiektuaren barruan.
Zehazki, INTIA (Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Institutua) sozietate publikoaren Orreagako finkan egindako produktuak dira eta Eroski supermerkatu kateak jarriko ditu salgai: bi jogurt formatu eta kefir bat.
Produktu hauek behien larratze ekologikotik datoz, eta ondoren esneki ekologiko bihurtzen dituzte. Orreagako landetxean desgaitasuna duten zazpi pertsonak lan egiten dute.
'Aspace Biointegra' proiektua
Aspace Biointegra proiektu ekologiko, inklusibo, jasangarri eta hurbilekoa da, INTIAren eskutik sortua, behien larratze ekologikorako sistema bat sustatzeko eta ondoren esneki ekologiko bihurtzeko. Hori INTIAk Orreagan duen finkan egiten da, eta landa-inguruneko pertsona desgaituen lan-beharrak asetzen ditu. Landetxea Aspace Nafarroak kudeatzen du 2010az geroztik, eta desgaitasuna duten 7 pertsonak egiten dute lan bertan.
Gaur egun, instalazio horietan esnetarako behiekin esperimentatzeko lan batzuk egiten dira, artzaintzarekin, jezteko sistemekin, elikadurarekin edo animalien ongizatearekin lotutako sistema berritzaile bat garatzeko, alderdi batzuk aipatzearren. Proiektuak abeltzaintza-sektorera eraman daitekeen ekoizpen-sistema bat testatu nahi du, errentagarrita sozioekonomikoki eta ingurumenarekiko errespetagarria.
Laborategiko ustiategi horrek 25 behi, 9 bigantxa eta 24 txahal ditu gaur egun, eta ia guztiak mendiko belardietatik jaten dituzte, urtean 220 egun baino gehiago bazkatzen baitute bertan.
Aurkezpenean, Gómez sailburuak proiektu honen interesa azpimarratu du: "Eroskik esneki horiek saltokietara eramanez, aukera emango die kontsumitzaileei kalitatezko produktu ekologiko, osasungarri eta 0 kilometrokoa eskuratzeko. Izan ere, tokiko lehengairik onenarekin eginak dira eta enplegu soziala sustatzen du. Hortaz, ingurumenaren iraunkortasuna eta gizarteratzea uztartzen ditu egitasmo honek". Eta gaineratu du: "Eredu-erreferentea da, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-iraunkortasuneko baldintza guztiak biltzen dituelako. Halaber, berrikuntzaren aldeko apustua egiten du, abeltzaintzako ustiategien errentagarritasunarekiko oreka bilatuz".