Europako INERTWASTE eta WEEEWaste proiektuak martxan jarri dira Nafarroaren parte hartzearekin ekonomia zirkularra bultzatzeko - NaGreen
Europako INERTWASTE eta WEEEWaste proiektuak martxan jarri dira Nafarroaren parte hartzearekin ekonomia zirkularra bultzatzeko
Bi programak 2027ra arte luzatuko dira, hondakin geldo eta ez-organikoen eta tresna elektriko eta elektronikoen kudeaketa hobetzeko, hurrenez hurren
Nafarroa, Europako beste eskualde bazkide batzuekin batera, berriki martxan jarri diren INERTWASTE eta WEEEwaste izeneko Interreg Europe proiektuetan parte hartzen ari da, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakin geldo eta ez-organikoen eta tresna elektriko eta elektronikoen kudeaketa hobetzearen inguruko prozesuak eta jardunbide egokiak ikasi eta trukatzeko, hurrenez hurren.
Bi proiektuak 2023ko martxoan hasi ziren eta 2027ko maiatzera arte luzatuko dira.
INERTWASTE, Nafarroaren zuzendaritzapean
Zehazki, Nafarroa buru duen INERTwaste proiektuaren bidez, hondakin geldo eta ez-organikoen kudeaketa hobetu nahi da, eta eraikuntzarako eta industria-prozesuetarako baliabideen zirkulartasuna sustatu. Hondakin horiek lehengai gisa erabiltzeko eta enpresen artean sinergia industrialak sortzeko irtenbideak aurkitu nahi dira proiektu honen bidez.
INERTwaste proiektua Nafarroako Gobernuak koordinatzen du, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren bitartez, eta honako hauek hartzen dute parte bazkide gisa: Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari lotutako GAN-NIk sozietate publikoak; Hondakinen Kudeaketa Iraunkorrerako Hiri eta Eskualdeen Elkarteak (Belgika); Podravje-Maribor Garapenerako Eskualde Agentziak (Eslovenia); Provenza-Alpes-Kosta Urdineko Eskualde Kontseiluak (Frantzia) eta Guldborgsund Udalerriak (Danimarka).
Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak 1.231.155 euroko laguntza eman du guztira, proiektuaren %80. Nafarroako Gobernuaren urrekontua 277.537 € da eta GAN-NIKek 143.505 €-ko ekarpena egin du.
Aurtengo azaroaren 14tik 15era bitartean, ezagutzak trukatzeko bi eguneko ekitaldi bat egingo da Nafarroan, eta beste lau kide europarrek parte hartuko dute. Era berean, Nafarroako eragile interesdunek ere parte hartu ahal izango dute.
- WEEEwaste, tresna elektriko eta elektronikoak berreskuratzea
Bestalde, WEEEwasteren helburua da tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko eta berrerabiltzeko politikak hobetzea. Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen balio-kate osoan jardunbide egokiak bilatzea aztertuko da: lehengaiak, diseinu iraunkorra, ekoizpena, banaketa, kontsumoa-berrerabiltzea-konponketa, bilketa, birziklapena eta, berriro ere, diseinu iraunkorra, balio-katearen zirkulu osoa itxi ahal izateko.
Pragan dagoen Txekiako Unibertsitate Teknologikoa da proiektuaren burua. Nafarroako Gobernuak bazkide gisa parte hartzen du Bucharest-Ilfov Eskualdeko Garapen Agentziarekin (Errumania), Campobassoko Udalarekin (Italia), Leipzigeko eskualdearekin (Alemania), Hajdu-Biharko Gobernu Kontseiluarekin (Hungaria), Gdanskeko Udalarekin (Polonia), Ingurumena Ikertzeko Institutuarekin (Eslovenia) eta Hanzeko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatearekin (Herbehereak) batera.
Eskualdeen Garapeneko Europako Funtsak % 80ko laguntza eman du (1.987.000 €) eta Nafarroako Gobernuaren ekarpena 202.500 € da.
Ekainaren 23an, ostirala, bilera bat egingo da 11:30etik 13: 00etara, interesa duten eragileei proiektua aurkezteko. Esteka honetan izena eman daiteke.