Ingurumenak, AEMET Nafarroak eta Tuterako UNEDek klima-aldaketari buruz antolatutako ikastaroak 37 hitzaldi hartu ditu

Guztira 12.350 bistaratze izan dituzte prestakuntza osatzen zuten hamaika saioek

"Larrialdi klimatikoa: klima-aldaketari aurre egiteko tresna eraginkor gisa egokitzea" izeneko unibertsitate-hedapeneko ikastaroa 2022ko irailaren 21etik aurtengo apirilaren 18ra bitartean egin da. Hogeita hamazazpi hitzaldi eman dituzte klima-aldaketaren arloko berrogeita hiru adituk (gehienak Nafarroako erakundeetan lan egiten dutenak) eta mila eta berrehun bistaratze baino gehiago izan dituzte hitzaldiok.


Ikastaro hau ondoko erakunde eta eragile hauek sinatutako hitzarmenari esker egin da: Nafarroako egoitzaren Meteorologiako Estatu Agentzia (AEMET Nafarroa), Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia LIFE NAdapta proiektuaren bidez eta Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalak (UNED) Tuteran duen zentroa.

Ikastaroaren ezaugarriak eta datuak
Ikastaroak hamaika saio izan ditu telematikoki, bi modalitatetan: zuzeneko jarraipena eta jarraipen diferitua, ikasleei klima-aldaketaren arloko oinarrizko ezagutzak emateko, Nafarroan eta Estatuko beste leku batzuetan hainbat gairen inguruan ezarritako kasu errealen bidez, hala nola: 

  • Tokiko ingurunea Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkatetzen Itunaren bidez (PACES).
  • Uraren kudeaketa egokitzailea.
  • Nekazaritzako jardunbide egokiak.
  • Paisaia, hiri-inguruneko lurralde-plangintza.
  • Basozaintza, baso-suteen prebentzioa, baso-kudeaketa eta -antolamendua.
  • Inpaktuak eta erronka berriak giza osasunean.
  • Gobernantza klimatikoa.
  • Gaur egun dauden aplikazio informatikoak eta app-ak.
  • Sarrera-saio bat ere izan zen, oinarrizko kontzeptuak finkatzeko eta problematika ikasturtearen hasieran testuinguruan kokatzeko.

 

Guztira, 1.286 pertsonak eman dute izena, eta horietatik % 18k Madrildik egin dute ikastaroa; ondoren, Andaluziatik ( % 15) eta Nafarroako Foru Erkidegotik ( % 12,6). Nabarmentzekoa da izena eman duten ikasleen ia % 3k atzerritik egin dutela, batez ere Europako eta Amerikako hainbat herrialdetatik, baina baita Txina edo Maurizio bezalako leku urrunetatik ere.


Jarraipenari dagokionez, zuzeneko 1.123 ikustaldi erregistratu dira guztira, eta saio bakoitzeko 229 pertsona izan dira batez beste. Emakumeak % 60 izan dira eta gainerako % 40 gizonak, ia lanaldi guztietan. Ikasleek diferituan egindako bisitak ere kontuan hartzen badira, zifra 12.350 bistaratzeraino igotzen da, saio bakoitzeko 2.521, batez beste. Arrakastarik handiena izan duen saioa klima-aldaketari eta kontzeptu orokorrei buruzkoa izan da, eta, gaien artean, paisaiari buruzkoa.


Prestakuntza berri baten eskaera
Azkenik, adierazi behar da, jasotako eskaerak direla eta, lanean ari direla klima-aldaketaren arloko prestakuntza-ikastaro berri bat egiteko uda ondoren, aurrekoaren antzekoa, profesionalei, irakasleei, ikasleei eta interesa duen edonori zuzendua, beste erakunde batekin lankidetzan: Iruñeko Planetarioa.
Prestakuntza berri horretarako, bertaratze presentzialaren aukera eskainiko da, telematikoaz gain. Gainera, herritarrei oro har irekitako jarduera osagarri batzuk izatea aurreikusten da, doan.


 

13-jul-2023 8:03:00